28. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOZAR

Deialdia, udaltzain laguntzaile izateko lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez eratzeko

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1.–Deialdi honen xedea da Berriozarko Udaleko udaltzain laguntzaile izateko lanpostua aldi baterako kontratuarekin eta sortzen diren beharren arabera betetzeko izangaien zerrenda eratzea.

Deialdi hau egiten da Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zeinak ezartzen baitu Udaltzaingoa duten Nafarroako toki entitateek (Berriozarko Udalaren kasuan bezala) zilegi izanen dutela administrazio araubidean aldi baterako langileak kontratatzea, udaltzain laguntzailearen izenarekin, udaltzainen eginkizunen eraginkortasuna helburu, plantilla organikoari udaltzainen absentismoak edo aldi baterako hutsik dauden lanpostuen kopuruak eragiten dionean, lanpostu hutsak betetzeko edo segurtasun publikoaren arloan gertatzen diren salbuespenezko edo behin-behineko beharrei kasu egiteko. Halaber, lege manu horren 4. atalak erabateko ahalmena ematen die Nafarroako toki entitateei, udaltzain laguntzaileen hautapen prozedura sustatzeko.

1.2.–Udaltzain laguntzaileen kontratazioei aplikatu beharreko araubidea: administrazio araubidean kontrataturiko langileei buruz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritakoa, eta irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituena, Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legean ezarritako salbuespenekin. Aipatu estatutuko D mailan sartuko da (8/2007 Foru Legearen 19.7 artikulua). Lanpostuaren soldatak osagarri hauek izanen ditu: lanpostuko %20ko osagarria, eta %23ko berariazko osagarria. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.3.–Kontrataziorako deia jasotzen duenari administrazio kontratua eginen zaio, eta bi hilabeteko probaldia izanen du. Kontratazioa irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren araberakoa izanen da. Dekretu horrek Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen ditu.

1.4.–Udaltzain laguntzailearen eginkizunak 8/2007 Foru Legearen 19.2 artikuluan aipatzen dira:

“Udaltzain laguntzaileek kidegoko funtzionarioei laguntzeko lanak beteko dituzte, eta haien zuzendaritzapean arituko dira. Langile horiek beteko dituzten eginkizunak soilik izanen dira ondasunen, zerbitzuen, instalazioen eta egoitza ofizialen zaintza, trafiko arauei jarraituz bide-trafikoa antolatzea, herritarren sorospen-eginkizunetan eta babes zibilaren arlokoetan parte hartzea eta administrazio izaera duten arauak bete daitezen zaintzea. Eginkizun horietarako, agintaritzaren agentetzat hartuko dira.

Halaber, lege manu horren 3. atalak ezartzen duenez, udaltzain laguntzaileek behar bezala identifikatzeko moduko ezaugarriak eramanen dituzte aldean eta behar den dokumentazioaren bidez frogatuko dute udaltzain izaera. Ez dute sekula eramanen su-armarik.

Deialdi honetatik ateratzen den zerrendak indarra izanen du harik eta beste deialdi bat egin arte edo Alkatetzak, ebazpen bidez, Nafarroako Gobernuak udaltzain laguntzaileei buruz egindako deialdia erabiltzea erabaki arte.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Hautapen probetarako onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hemezortzi urte izatea gutxienez.

c) Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokideren bat izatea.

d) Beren egitekoa betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea eta, arlo horretan eskuduna den kontseilariaren foru aginduaren arabera, deialditik baztertzeko arrazoi medikoen taulan ez egotea. Baldintza hau osasun azterketaren bidez frogatuko da, eta kontratazioaren aurretik eginen du Berriozarko Udaletik kanpokoa den prebentzio zerbitzu batek.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) B eta A2 motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

Baldintza hauek eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dira, f) letrako baldintza izan ezik; azken hau, prestakuntza ikastarorako onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitara ematen den egunean bete beharko da.

3.–Hautatzeko prozedura.

3.1.–Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legearen 19.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, udaltzain laguntzaileei aplikatu beharreko araubidea honako hau izanen da: administrazio araubidean kontrataturiko langileei buruz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritakoa, aipatu foru legean ezarritako salbuespenekin. Hortaz, hautapen prozedura Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, horrexetan arautzen baita langileak administrazio araubidean kontratatzeko prozedura.

113/1985 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ezartzen duenarekin bat, aldi baterako langileak deialdi publikoen bidez hautatuko dira, eta horietan berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate irizpideei jarraituko zaie. Ezartzen du, gainera, langileak hautatzeko prozedurak bide eman beharko duela arintasun handienaz kontratatzeko.

Indarra duen legediaren arabera, aldi baterako kontratatu nahi diren izangaien zerrendak eratzeko moduetako bat deialdi publikoa egitea izanen da, aldi baterako lanpostuak betetzeko hautapen probak egin daitezen eta, hala, hautapen probetan lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera bete daitezen lanpostuak (42.1.c artikulua).

Oposizio-lehiaketa bidez eginen da hautaketa; izan ere, deitutako lanpostuarengatik eta bete beharreko eginkizunengatik horixe da sistemarik egokiena, zeren, udaltzain laguntzaile lanpostua izanik, hobeki aplikatzen baitira izangaien merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak, ez baitira soilik kontuan hartuko haien ezagutza teorikoak, honako hauek ere baloratuko baitira: lan esperientzia, bete beharreko eginkizunekin lotutako berariazko prestakuntza eta bete beharreko lanpostuari buruzko berariazko ezagutzak.

Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia ondoren.

4.–Eskabideak aurkeztea: agiriak, epea eta tokia.

4.1.–I. eranskinarekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

Eskabideari (I. eranskina) honako agiri hauek erantsiko zaizkio, fotokopia konpultsatuen bidez:

a) Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea, indarrean.

b) Ikasketa tituluak.

c) Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak frogatzeko ziurtagiriak eta gainerako agiriak.

d Azterketa eskubideak ordaindu izanaren frogagiria, edo tasa ordaintzetik salbuetsia egotearena.

e) Erantzukizuneko aitorpena, IV. eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa.

f) B eta A2 motako ibilgailuak gidatzeko baimena.

g) Ziurtagiri ofiziala, halakorik izanez gero, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak udaltzain laguntzaileentzat ematen duen prestakuntza ikastaroa gainditu izana adierazten duena.

h) Euskararen ziurtagiri ofiziala, halakorik izanez gero.

i) Aitorpena, zer desgaitasun duen eta zer egokitzapen eskatzen duen azalduko duena, betiere desgaitasun horrek udaltzain laguntzaile lanpostuko eginkizunak betetzen uzten badu.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikulua betetzearen ondorioetarako, eskabidearen bidez lortutako datuak Berriozarko Udalak tratatuko ditu, hautapen prozesua garatzeko, eta horiek ematea nahitaezkoa izanen da oposizio-lehiaketan onartua izateko.

4.2.–Aurkezteko epea.

Eskatzaileek Berriozarko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dute eskabidea, edo bestela legez ezarritako erregistroetan, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean.

4.3.–Eskabideak aurkezteko tokia eta modua.

Eskabideak Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Euskal Herria plaza, zk.g., jendea hartzeko orduetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako gainerako bulego publikoetan. Azkeneko kasu horretan, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, oac@berriozar.es helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, adieraziz zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.

Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean (I. eranskina) adierazi beharko dute, beste orri batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

Azterketa eskubideak.–Azterketa eskubideetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (23. ordenantza) ezarritakoak izanen dira azterketa eskubideak; 10 euro ordaindu beharko dira.

Transferentzia agindua honako honen alde eginen da: “Berriozarko Udala. Hautaprobak, udaltzain laguntzaile izateko”, eta tasaren zenbatekoa kontu korronte honetara igorriko da: ES84 2100 5184 5422 0009 8217.

Azterketa eskubideetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean (23. ordenantza) ezarritakoarekin bat, honako hauek tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo handik goitiko desgaitasun maila aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Behar den tasa ez ordaintzea nahikoa arrazoi izanen da izangaia hautapen prozeduratik baztertzeko.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, esaterako beharkizunak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere berarekin ekarriko hautaproban parte hartzeko eskabidea behar den denboran eta forman aurkeztu behar ez izatea, eta hala egin ezean izangaia baztertuko da, nahiz eta azterketa eskubideak ordaindu.

5.–Izangaien onarpena eta epaimahaia.

5.1.–Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Berriozarko Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Berriozarko Udaleko iragarki oholean eta Udalaren web orrian (www.berriozar.es) argitara dadila. Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda behin betiko onetsiko da zuzenean.

5.2.–Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 3 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

5.3.–Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horiek ebatzitakoan, Berriozarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan azalduko dira, orobat, deialdiko lehen hautaproba egiteko eguna eta tokia eta epaimahaiko kideak. Alkateak aginduko du Berriozarko Udaleko iragarki oholean eta web orrian argitara dadila.

5.4.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda Udalaren web orrian (www.berriozar.es) argitaratzearekin ulertuko da egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.5.–Epaimahaia alkate udalburuak izendatuko du, oposizioa epaituko du eta kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Raúl Maiza González, Berriozarko Udaleko alkate udalburua edo hark izendatutakoa.

Ordezkoa: Alfontso Arnesto Berruezo, Berriozarko Udaleko lehen alkateordea edo hark izendatutakoa.

Mahaikideak:

1. mahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Nafarroako Gobernuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

Ordezkoa: zehaztu beharrekoa.

2. mahaikidea: Gorka Jiménez Juanto, Antsoaingo Udaleko udaltzainburua.

Ordezkoa: zehaztu beharrekoa.

3. mahaikidea: Mónica Bidegain Iriarte, Berriozarko Udaleko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Jacobo Valdés Fernández, Berriozarko Udaleko ordezkari sindikala.

Mahaikide idazkaria: Natalia Rodriguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.

Ordezko mahaikide idazkaria: titularrak izendatzen duena.

5.6.–Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko gutxienez ere kideen gehiengoa beharko da elkartu.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.7.–Epaimahaiak probak koordinatuko ditu. Epaimahaiko kide guztiek izanen dute hitza eta botoa.

5.8.–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.9.–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza. Hitza izanen dute baina botorik ez.

Oinarri hauek interpretatzean bilatuko da ahalik eta hobekien bermatzea berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak.

Hautapen prozesuaren garapena.

–Oposizio-lehiaketaren garapena.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen zaie izangaiei. Edozein ariketatan, deitzen zaion unean izangaia aurkezten ez bada, automatikoki galduko du ariketa horretan eta hurrengoetan parte hartzeko eskubidea eta, beraz, hautapen prozesutik baztertuta geldituko da.

Oposizioaldiko ariketen eguna, ordua eta tokia jendaurrean jarriko dira, Udaleko iragarki oholean eta egoitza elektronikoan (www.berriozar.es) argitaratuz Alkatetzaren ebazpena edo dagokion iragarkia. Ariketa guztiz bukatzen denetik hurrengoa hasi arte gutxienez ere hirurogeita hamabi ordu iraganen dira, eta gehienez ere berrogeita bost egun natural.

Probak egiteko iragarkiak eta proben emaitzenak, baita epaimahaiak deialdiari buruz egin beharreko beste edozein jakinarazpen ere, Udaleko iragarki oholean eta egoitza elektronikoan (www.berriozar.es) argitaratuko dira.

Epaimahaiak egiten duen bilkuraren edo egiten dituen bilkuren akta eginen du idazkariak, eta han jasoko dira izangai bakoitzaren ebaluazioa, gainditu dutenen notak, eta gertatzen diren gorabeherak.

Aktak, zerrendatuak eta sinatuak, izanen dira hautaproben espedientea.

Aktarekin batean, izangaiek egindako azterketa edo ariketen orriak erantsiko zaizkio espedienteari.

Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia ondoren.

6.–Lehiaketaldia.

6.1.–Deialdian parte hartzeko eskaera aurkezten dutenean agertuko dituzte izangaiek jatorrizko dokumentuak edo behar bezala konpultsatuak, epaimahaiak haien merezimenduak balora ditzan. Orduan aurkezten ez diren merezimenduak ez dira kontuan hartuko, ondorio guztiekin.

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 30 puntu lortu ahalko dira.

Epaimahaiak izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu ondotik aipatzen den merezimendu baremoari jarraikiz.

6.2.–Laneko esperientzia: gehienez ere 20 puntu.

–Administrazio publikoren batean udaltzain laguntzaile lanpostuan egindako urte oso bakoitzeko, 2 puntu, eta gehienez 20 puntu.

Urtebetetik beherako aldiak proportzioan puntuatuko dira, lan bizitzaren txostenari jarraituz. Sei hilabetetik gorako lan-kontratuak baloratuko dira soilik.

6.3.–Prestakuntza osagarria: gehienez ere 5 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin (Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legearen 19.2 artikuluan ageri direnekin) zuzenean lotutako ikastaroak, ofizialki onartutako erakundeek, zentro publikoek eta unibertsitateek antolatuak: puntu 1 emanen da prestakuntzan eginiko 100 orduko, gehienez ere 5 puntu, eta proportzionalki puntuatuko da bakoitza.

6.4.–Euskararen ezagutza. Gehienez ere 5 puntu.

Puntuazioak honela banatuko dira: A1 tituluak puntu 1 izanen du, A2 tituluak 2 puntu, B1 tituluak 3 puntu, B2 tituluak 4 puntu eta C1 tituluak 5 puntu. Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiriaren bidez edo baliokidetzat jotzen den titulu baten bidez frogatzen ahal da. Izangaiak ez badu entitate eskudun batek emandako agiri ofizialik, NAPIn proba egiten ahalko du; titulazioa badu eta hala ere mailaren proba egin nahi badu, ezin izanen du titulazioa aurkeztu, hau da, izangaiak hautatu beharko du ea euskara titulua aurkeztu nahi duen ala maila frogatzeko proba egin. Erakunde horrek 0 eta 10 punturen arteko puntuazioa emanen dio. Euskara maila zehazteko proba egin nahi duten izangaiek horixe adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean; bestela, ez dutela maila zehazteko proba egin nahi ulertuko da. Proba hori oposizioaldirako ezarritako probak burututa eginen da.

6.5.–Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu epaimahaiak, edozein unetan.

7.–Oposizioaldia.

Nafarroako Poliziei buruzko 8/2007 Foru Legearen 19.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, toki entitateak eginen duen hautapen prozeduran izangaiek gainditu egin beharko dute, betebehar gisa, gaitasun fisikoari eta ezagutza tekniko eta juridiko orokorrei buruzko azterketa eta, ezarriz gero, proba psikotekniko egokiak. Kasu honetan ez dira proba psikoteknikoak eginen.

7.1.–Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7.2.–Lehen ariketak bi proba izanen ditu:

1) Proba teorikoa, bete beharreko eginkizunekin lotuta dauden ezagutza tekniko eta juridikoen gaineko galderak bilduko dituena. Ariketa honetan idatziz erantzun beharko dira, gehienez ere ordubetean, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 80 galdera. Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Proba honek 20 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta gutxienez ere 10 puntu lortzen dituztenek gaindituko dute.

2) Proba praktikoa; lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten kasu praktiko batzuk ebatzi beharko dira.

Proba honek 20 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta gutxienez ere 10 puntu lortzen dituztenek gaindituko dute.

Lehen ariketa honen bi zatiak egun berean eginen dira, bata bestearen atzetik. Lehen ariketaren lehen zatia gainditzen ez dutenei ez zaie bigarren zatia zuzenduko.

7.3.–Bigarren ariketan, deialdiaren III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko eta puntuatzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba honetako ariketak. Ariketa honek 20 puntu izanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira III. eranskinean ezarritakoa lortzen ez duten izangaiak.

Proba teorikoaren emaitza onesten duen ebazpena Udalaren iragarki oholean eta egoitza elektronikoan argitaratuko da, eta horrexetan azalduko da proba fisikoak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

Proba hau hamar izangaik baino gehiagok gainditzen badute, hirugarren probara lehenengo hamarrak baino ez dira pasako. Hamargarren postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasako dira hurrengo probara. Gainerako izangaiak deialditik baztertuak izanen dira.

7.4.–Gaitasun psikoteknikoaren proba: hainbat proba eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek eginen dituzte, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoa 0tik 10 puntura bitarte kalifikatuko da, eta gutxienez ere 5 puntu lortzen dituztenek gaindituko dute.

8.–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako prestakuntza ikastaroa.

Hautaproben artean prestakuntza ikastaro bat izanen da, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emana, gaikuntzarik ez duten izangaientzat; ikastaro hori gainditzea ezinbesteko baldintza izanen da udaltzain laguntzaile gisa kontratatzeko. Hori badutenak zuzenean kontratatzen ahalko dira.

Oposizio-lehiaketako zerrendan puntuazio handiena duten eta gaikuntzarik ez duten lehenengo bi pertsonek soilik egiten ahalko dute prestakuntza ikastaroa. Pertsona horiek nahitaezkoa dute prestakuntza ikastarora joatea, bestela zuzenean kenduko baitira zerrendatik. Puntuazio berarekin bi pertsona baino gehiago izanez gero, honela hautsiko dira berdinketak: lehenik, gaitasun psikoteknikoaren proban puntuazio handiena lortu duena, bigarrenik, proba teorikoan puntuazio handiena lortu duena eta, azkenik, proba fisikoan puntuazio handiena lortu duena.

Aurreko atalean ezarritako ondorioetarako, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatutako ikastaroa jada gainditua duten izangaiak (dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuz frogatuko da) zuzenean kontratatzen ahalko dira, oposizio-lehiaketaren prozesua amaitutakoan, puntuazio hurrenkeraren eta beharren arabera.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1.–Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Berriozarko Udaleko iragarki oholean eta egoitza elektronikoan (www.berriozar.es), probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioak batuta.

Kontratazio beharrak sortzen direnean, Udalak dei eginen du guztira lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera; puntuazio hurrenkeran lehenengo pertsonak edo hurrengoek titulurik ez badute, Udalak dei egiten ahalko dio, kontrataziorako, zerrendan titulua duen lehen pertsonari. Kontratazio hau bukatuko da zerrendan aurretik dagoen pertsonak, gaikuntzarik gabeak, gaikuntza hori lortzen duen unean.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia edo egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Berriozarren, 2016ko abenduaren 30ean.–Alkate udalburua, Raúl Maiza González.

I. ERANSKINA

Instancia General / Eskaera Orokorra (PDFa).

II. ERANSKINA

Lanpostuarekin zerikusia duen gai zerrenda

1.–Ordenantza, Berriozarko udal mugapeko eremu publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duena.

2.–Udal ordenantza, diru zehapenen ordez komunitatearen aldeko zerbitzuak egiteko aukera arautzen duena.

3.–Ordenantza, etxeko animaliak edukitzea arautzen duena.

4.–Pasabideen gaineko ordenantza.

5.–Berriozarko udalerria: geografia, biztanleria.

6.–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua “Toki entitateen antolaketa eta administrazioa”: udalerrien eskumenak, eta III. titulua, Udalen funtzionamendua.

7.–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa: I. titulua “Nafarroako poliziak”: xedapen orokorrak, eta III. titulua “Udaltzaingoak”.

8.–8/2006 Foru Legea, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak

1.–Baloi medizinala jaurtitzea (5 kg gizonek eta 2 kg emakumeek).

–Probaren deskribapena:

Proba honetan baloi medizinal bat jaurti behar da aurrerantz, buruaren gainetik, ahalik eta urrutien, oinak lurretik mugitu gabe eta gorputza biratu gabe; horrela, mugimendu bakarra gorputz-enborraren, aldakaren eta sorbaldaren flexio-estentsioa izanen da, eta gorputzaren bi aldeek berdin eginen dute lan.

Abiatzeko jarrera: zutik jarriko gara marraren atzetik, aurrerantz begira, jaurtiketaren norabidean. Oinek simetrikoki egon behar dute, baina eroso bereizita. Besoak luzatuta eutsiko zaio baloiari, buruaren gainetik.

Gauzatzeko modua: jaurtiketarako prestatzeko, gorputz-enborra atzerantz kakotuta egonen da, baloiaren posizioa jaisteko eta atzerantz egiteko, eta hortik indarrez jaurtitzeko.

Oinak ezin dira mugitu eta ezin da urratsik egin aurrerantz. Bulkadarekin aurrerantz mugitu eta urrats bat egiten badugu, deuseztatu eginen da jaurtiketa.

Gorputzeko atal bakar batek ere ez du ukituko zorua mugako marraren aurretik, lurretik bereizita.

Jaurtiketa neurtuko da jaurtiketa marraren erditik baloia erortzen den punturaino.

2 saio egiten ahalko dira eta onena jasoko da.

Puntuazioak:

PUNTUAK

GIZONAK
(5 kg)

EMAKUMEAK
(2 kg)

Ez gai

5,50 m baino gutxiago

5,50 m baino gutxiago

5 puntu

5,50 m-tik 6,49 m-ra

5,50 m-tik 6,49 m-ra

6 puntu

6,50 m-tik 7,49 m-ra

6,50 m-tik 7,49 m-ra

7 puntu

7,50 m-tik 8,49 m-ra

7,50 m-tik 8,49 m-ra

8 puntu

8,50 m-tik 9,49 m-ra

8,50 m-tik 9,49 m-ra

9 puntu

9,50 m-tik 10,49 m-ra

9,50 m-tik 10,49 m-ra

10 puntu

10,50 edo gehiago

10,50 edo gehiago

2.–Erresistentzia aerobikoa (Cooperren testa).

Helburua: izangaiaren erresistentzia aerobikoa neurtzea.

Garapena: 12 minutuz lasterka egitea ahalik eta distantziarik handiena osatuz, eremu lau batean eta distantzia mugatu batean (atletismo pista). Izangaiak gehienez ere 10 laguneko taldeetan antolatuko dira. Pertsona bakoitza, kontrolatzaileak agindurik, irteera marraren atzean jarriko da. Kontrolatzaileak “listos... ya” esandakoan abiatu beharko da. Probaren hamabi minutuak bukatzeko minutu bat falta denean, probaren koordinatzaileak horri buruzko abisua emanen die parte-hartzaile guztiei, megafonia bidez edo aldez aurretik erabakitako seinale baten bidez.

Kontrolatzaileak modu berean adieraziko du probaren amaiera, eta hori gertatzean parte-hartzaileek geldirik egon beharko dute dauden tokian bertan, harik eta handik mugitu daitezkeela esaten dieten arte (soil-soilik ibiltzen edo mugitzen ahal dira bukatu duten distantzia beraren gainean, handitu gabe, pistaren barnealdetik azken kaleraino edo antzekoraino).

Balorazioa: izangaiek metrotan lortutako marka jasoko da, eta horretarako erabiliko dira aldez aurretik ezarri eta azaldutako markak edo neurri segmentuak. Azaldutako gutxieneko markak lortzen ez dituztenak edo proba egiteko baldintzetakoren batzuk betetzen ez dituztenak “ez gai” deklaratuko dira.

Oharrak edo zigorrak. Saio bakarra egiten ahalko da. Honako kasu hauetan baliogabetuko da proba:

a) Pista nahita uzten denean lasterketa unean; halakoetan ezin izanen da lasterka egiten jarraitu.

b) Izangai berak bi huts egiten dituenean irteeran.

c) Ezarritako gutxienekoa gainditzen ez denean.

d) Beste parte-hartzaile bati bultza egin, jo edo aurrerantz normal joatea galarazten zaionean.

Materiala: atletismo pista edo antzeko eremu laua, kronometroa eta neurketa-zinta edo distantzien neurgailua, eta osatu beharreko gutxieneko distantziak seinalatzeko erreferentzia balioa izanen duten konoak.

Puntuazioak:

PUNTUAK

GIZONAK

EMAKUMEAK

Ez gai

2.400 m baino gutxiago

2.000 m baino gutxiago

5 puntu

2.400 m-tik 2599 m-ra

2.000 m-tik 2199 m-ra

6 puntu

2.600 m-tik 2799 m-ra

2.200 m-tik 2399 m-ra

7 puntu

2.800 m-tik 2999 m-ra

2.400 m-tik 2599 m-ra

8 puntu

3.000 m-tik 3199 m-ra

2.600 m-tik 2799 m-ra

9 puntu

3.200 m-tik 3399 m-ra

2.800 m-tik 3000 m-ra

10 puntu

3.400 m edo gehiago

3.000 m edo gehiago

IV. ERANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1615025