249. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 30a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

19/2017 FORU LEGEA, abenduaren 27koa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO TOKI OGASUNEI BURUZKO MARTXOAREN 10EKO 2/1995 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

HITZAURREA

Foru lege honen xedea Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzea da, Konstituzio Auzitegiak 2017ko ekainaren 5ean onetsi eta aurtengo uztailaren 15eko “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu zen 72/2017 Epaia betetzeko. Horrenbestez, xedea da erantzun normatibo azkar bat ematea, epai horrek hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren kudeaketan eta aplikazioan dituen ondorioak argitze aldera.

Aipatutako epaiak 686-2017 zenbakiko konstituziokontrakotasuneko gaia baiesten du, eta, beraz, deklaratzen du Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 175.2, 175.3 eta 178.4 artikuluak, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergari buruzkoak, Konstituzioaren kontrakoak eta baliogabeak direla, betiere, balio gehikuntzarik gabeko egoerak zergapetzen dituzten aldetik.

Hori kontuan harturik, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean behar diren aldaketak egiten dira, hiri-lurren eskualdaketan balio-gehikuntzarik gertatzen ez denean eragiketa horiek zerga horren menpe egon ez daitezen, baina Konstituzio Auzitegiaren irizpideak aplikatuz, hau da: batetik, auzitegiak dio guztiz egokia dela balio-gehikuntzak zergapetzeko helburua duen politika legegile bat aukeratzea, balizko ahalmen ekonomikoen zenbatespen objektiborako sistema batean oinarritzen dena, eta ez egiazko ahalmen ekonomikoan; bestetik, Auzitegiaren iritziz, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga hori, egun legeetan jasota dagoen moduan, Konstituzioaren araberakoa da eragiketan lurren balio-gehikuntza dagoenean.

Horrez gain, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean beste aldaketa txikiago batzuk egiten dira, edukia hobetzeko eta eguneroko esperientziak atzemandako disfuntzio batzuk zuzentzeko.

Foru lege honek, halaber, irizpide berriak ezartzen ditu trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan.

Foru lege hau hiru artikuluz, xedapen iragankor batez eta bi azken xedapenez osatuta dago.

Lehenbiziko artikuluak 4. apartatua gehitzen dio Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 172. artikuluari, eta 2017ko uztailaren 15etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetan izanen ditu ondorioak.

Lehen artikulu horretan xedatutakoari jarraikiz, 2017ko uztailaren 15etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateei aplikatuko zaie 172. artikuluko 4. apartatu berrian arautzen den kasua, zergaren menpe ez egotea alegia, eta horrela, subjektu pasiboak frogatzen ahalko du balio-gehikuntzarik ez dela sortu eskualdaketaren balio errealen eta lurren eskurapen balio errealen arteko diferentziagatik. Balio-gehikuntzarik ez dagoela frogatzen bada, eragiketa ez da zerga horren menpe egonen, eta, beraz, lurraren eskualdaketagatik ez da hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren tribututaziorik izanen.

Eskualdaketa zergaren menpe ez dagoela frogatzen ez bada (hau da, eskualdaketan balio-gehikuntza dagoela egiaztatzen bada), ordea, zerga-egitate horiei unean-unean indarra duen zerga araudia aplikatuko zaie gainerako guztian. Eta esan dezakegu jada 2017ko abenduaren 31 arteko araudia eta data horretatik aurrerakoa ez direla berdinak izanen.

Horrenbestez, lurren balio-gehikuntzarik izan ez den kasuan kargarik ez denez ezarriko, zergatik kanpo geldituko dira, eta kasu horietan ez da beharrezkoa izanen zerga-oinarriaren kalkulua egitea. Horrela, 2017ko uztailaren 15etik 2017ko abenduaren 31 bitarte gertatutako zerga-egitateei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 175.2, 175.3 eta 178.4 artikuluak (Konstituzioaren aurkakotzat jo direnak) lurren balio-gehikuntza gertatzen denean aplikatuko dira soilik, hau da, eduki hori konstituzioaren araberakoa denean, eta, horrela, epaia beteko da. Horrek esan nahi du 2017ko uztailaren 15etik 2017ko abenduaren 31 bitarte gertatutako zerga-egitateei, behin frogatu ondoren eskualdaketan balio-gehikuntza gertatu zela, data horietan indarra zuen araudia aplikatuko zaiela osotara (egungo 175.2 artikuluko taulak eta arauak barne). 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateei, ordea, behin frogatu ondoren eskualdaketan balio-gehikuntza gertatu zela, data horretatik aurrera indarra izanen duen araudia aplikatuko zaie (beste koefiziente eta erregela batzuekin, horiek 175.2 artikulu berrian jasota egonen badira ere).

Kostu bidezko eskualdaketen kasuan, zehazki, ezartzen da ezen, balio-gehikuntza ez dagoela frogatzeko, lurraren eskualdaketaren eta eskurapenaren balio errealak, hurrenez hurren, higiezinaren eskualdaketan eta eskurapenean ordaindutakoak, izanen direla eragiketa horiek jasotzen diren agiri eta tituluetan ageri direnak, edo, bestela, udalak edo higiezinaren eskualdaketa kargatzen duten zergen kudeaketaz arduratzen den Zerga Administrazioak egiaztatutakoak, haiek baino handiagoak badira.

Irabazizko eskurapen edo eskualdaketak direnean, xedatzen da balio horien zenbateko erreala oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren aitorpenean ageri dena izanen dela, edo udalak edo eskualdaketa kargatzen duten zergen kudeaketa egiten duen tributu Administrazioak administratiboki egiaztatutakoak, hura baino handiagoa bada.

Ikusten denez, eragiketa zergaren menpe dagoen edo ez frogatzeko aukeratu den bidea erraza da, hasiera batean balio errealtzat hartuko baitira higiezinaren eskualdaketan eta eskurapenean ordaindutakoak, hurrenez hurren, eskualdaketa agiri bidez jasotzen dituen tituluetan ageri direnak alegia. Irabazizko eskurapen edo eskualdaketen kasuan, balioen zenbateko erreala, hurrenez hurren, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren aitorpenean ageri dena izanen da.

Alabaina, foru lege honek zehazten du hasierako aitorpena, zergaren menpe ez egoteari buruzkoa eta balioa egiaztatu aurretik egindakoa, behin-behinekoa izanen dela. Hori dela medio, ondoren egiaztatzen den balioaren arabera frogatzen bada balio-gehikuntza izan dela, lurraren eskualdaketa zergaren menpe geldituko da. Kasu horretan, udalek behar den tributu likidazioa eginen dute.

Likidazioa egina bada ordurako, ordea, zergadunak eskubidea izanen du bidegabeki egindako sarrerak itzul dakizkion, ondoren egiaztatutako balioaren arabera frogatzen bada ez dela balio-gehikuntzarik izan.

Foru legearen bigarren artikuluak ere zenbait aldaketa egiten ditu Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, baina 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetan izanen dituzte ondorioak.

Bigarren artikulu horren bigarren apartatuan, testu berria ematen zaio Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 175. artikuluari, zergaren zerga-oinarria arautzen duenari.

175. artikuluko 1. apartatuan, aldaketa hauek egiten dira:

1.–“Erreala” hitza kentzen da zerga-oinarriaren kontzeptua definitzen denean. Honela xedatzen da: zerga-oinarria “hiri-lurren balio-gehikuntza da, sortzapenaren unean dagoena, gehienez ere hogei urteko epean izandakoa”.

2.–Aginduari tarte bat gehitzen zaio amaieran, zerga-oinarria zehazteko moduari dagokiona. Zerga-oinarria zehazteko, bi hauen biderketa eginen da: sortzapenaren unean lurrak zuen balioa eta 2. apartatuan aurreikusitakoaren arabera sortzealdiari dagokion koefizientea.

Beraz, 175. artikuluko 1. apartatuan zehazten dira zerga-oinarria ezartzeko moduan egiten diren aldaketa garrantzitsuak: lurraren balioa balio-gehikuntzaren sortzealdiarekin lotuta egonen den koefiziente batez biderkatuko da. Finean, egungo 175.2 artikuluak ezarritako taula eta erregeletako portzentajeen ordez, koefiziente batzuk ezartzen dira, artikulu horren 2. apartatu berrian jasotakoak, balio-gehikuntzaren sortzealdiaren araberakoak.

Horrez gain, 2. apartatu horretan berean beste berritasun bat ezartzen da: sortzealdia urtebetetik beherako denean ere kargatuko da eragiketa. Kasu horretan, urteko koefizientea hainbanatuko da, kontuan hartuta soilik hilabete osoak, hilabete zatikiak alde batera utzita.

Foru legean jasotako koefiziente horiek gehienekoak dira, eta udalak txikiagoak ezartzen ahalko ditu; urtero eguneratuko dira 58.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Koefiziente horiek zehazteko, urte bakoitzeko batez besteko balioak hartu dira oinarritzat, Nafarroan dauden higiezinenak; katastroko baloraziorako onetsitako eraikuntza kostuaren modulua kendu zaie.

Bestetik, udalek onets dezaketen gehieneko karga-tasaren zenbatekoa handitzen da. Orain arte, karga-tasa 100eko 8ko gutxienekotik 100eko 20ko gehienekora bitartekoa izan da. Eta aurrerantzean, gehieneko muga ehuneko 20tik ehuneko 25era igotzen da.

Ondoren, foru legeak araubide iragankor bat ezartzen du Konstituzio Auzitegiak 2017ko ekainaren 5ean emandako epai horrek denborari dagokionez dituen ondorioak zehazteko. Zehazki, foru legearen xedapen iragankor bakarrak arautzen du zein den hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren likidazio batzuei aplikatu beharreko araubide iragankorra.

Xedapen iragankor horren lehen apartatu 2017ko uztailaren 15a baino lehen gertatutako zerga-egitateei dagozkien likidazio irmoei buruzkoa da. Beraz, helburua da irizpideak finkatzea Konstituzio Auzitegiaren epaiak denboran izan beharreko ondorioei dagokienez, 2017ko uztailaren 15a baino lehen gertatutako zerga-egitateei dagozkien tributu likidazioak irmo izateak dakartzan mugak berariaz aipatuz.

Gai honi dagokionez, Konstituzio Auzitegiaren doktrina kontsolidatutzat har daiteke (denak ordezkatuz, Konstituzio Auzitegiaren 2015eko martxoaren 18ko 60/2015 Epaia) segurtasun juridikoaren printzipioak (EKaren 9.3 artikulua) egoera juridiko kontsolidatuen ukiezintasun osoa edo ia osoa eskatzen duela; ez soilik gauza epaituaren indarrez erabakitakoena, baita administrazio egoera irmoena ere.

Doktrina konstituzional horrekin bat, xedapen iragankor horren lehen atala 2017ko uztailaren 15a baino lehen gertatutako zerga-egitateei dagozkien likidazio irmoei buruzkoa da.

Arauak erregela hauek ezartzen ditu:

Lehena.–Ez da aplikatuko foru lege honetan xedatutakoa.

Bigarrena.–Ez da eginen sarrera bidegabeen itzulketarik.

Hirugarrena.–Aipatutako likidazioetatik eratorritako diru-bilketarako prozedurek aurrera jarraituko dute, guztiz burutu arte, eta geroratutako edo zatikatutako tributu zorrak osorik ordaintzea eskatuko da.

Bestalde, xedapen iragankor bakarraren bigarren atala 2017ko uztailaren 15etik 2017ko abenduaren 31ra bitarte gertatutako zerga-egitateei dagozkien likidazio irmoei buruzko da.

Ikusten denez, arautzen den egoera ez da xedapen iragankor bakarraren lehen apartatuan arautzen den berbera: 2017ko uztailaren 15etik aurrera eta 2017ko abenduaren 31 bitarte gertatutako zerga-egitateak, bi egunak barne. Hau da, Konstituzio Auzitegiaren epaitza argitaratuta zegoen data. Epaitza argitaratu ondotik ere, litekeena da udalen batek zerga likidazioak eginik izatea 2017ko uztailaren 15etik 2017ko abenduaren 31 bitarte gertatutako zerga-egitateen gainean, eta likidazio horiek irmo izatea.

Likidazio irmo horiei 172.4 artikuluan aurreikusitako kasu berria aplikatuko zaie, zergaren menpe ez egotea alegia. Baina kasua zergaren menpe dagoela frogatzen bada, egun indarra duen zergaren araudia aplikatuko da, hau da, 175.2 artikuluko erregela eta taulekin.

Beraz, kasua hau da: tributu likidazio irmo bat dago, baina, kontuan hartuta zergaren zerga-egitatea Konstituzio Auzitegiaren 72/2017 Epaia EAOn argitaratu ondoren gertatu zela, foru lege proiektuak ezartzen du 172.4 artikuluan aurreikusitako abantaila aplikatuko dela, zergaren menpe ez egotea alegia. Kasua zergaren menpe ez dagoela egiaztatzen bada, sarrera bidegabeak itzuliko dira.

Kasua zergaren menpe dagoela frogatzen bada, 2017ko abenduaren 31 arte indarra izandako zerga aplikatuko da (egungo taula eta erregelekin).

Xedapen iragankorraren hirugarren atalak, berriz, irmo bihurtu ez diren tributu likidazioen kasuak arautzen ditu, 2017ko abenduaren 31 arte gertatutako zerga-egitateei dagozkienak, egun hori barne. Ikusten denez, hirugarren atal hau irmo bihurtu ez diren likidazioei buruzkoa da, 2017ko uztailaren 15a baino lehen nahiz ondoren baina 2017ko abenduaren 31 arte gertatutako zerga-egitateei dagokienez.

Irmo bihurtu ez diren likidazio horiei dagokienez, erregela hauek aplikatuko dira:

Lehena.–Foru lege proiektuaren lehen artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Aurreko erregelan xedatutakoarekin bat, eragiketa zergaren menpe dagoela frogatzen bada, sortzapenaren unean indarra zuen araudia aplikatuko da.

Azkenik, xedapen iragankorraren laugarren apartatuak irizpideak ezartzen ditu, ebatzi gabe dauden errekurtso administratibo edo judizialak ebazteko, xedapen iragankor hau aplikatzen ahal zaien tributu likidazioei buruzkoak badira.

Hirugarren artikuluak trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu beharreko tarifa berriak dakartza. Tarifa horiek eguneratzeko aintzat hartu den irizpidea da Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtserako urtero finkatzen den igoera aplikatzea. Alde horretatik, Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2018 eta 2019 urteetarako ezartzen dituen Foru Legearen aurreproiektuan aurreikusten denez, Nafarroako Foru Komunitatean KPIren igoera, ekainetik ekainera hartuta, ehuneko 2koa izanen da 2018. urtean. Kontuan hartuta 2016ko ekainetik 2017ko ekainera bitarte KPIn gertatu den aldaketa ehuneko 1,1ekoa izan dela, transferentzia arrunten funtsaren zenbatekorako aurreikusitako aldaketa orokor garbia ehuneko 3,1ekoa da, eta beraz, ehuneko hori proposatuko da zergaren tarifei aplikatzeko 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Azken xedapenetako lehenean, arau gaikuntza jasotzen da, Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko baimena ematen diona.

Azken xedapenetako bigarrenean xedatzen da foru legeak noiz hartuko duen indarra bertan jasotako ondorioak izateko, hau da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikuluan, eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren Testu Bateginaren 152. eta 153. artikuluetan ezarritakoarekin bat, foru lege hau gehiengo osoz onetsi da.

Lehen artikulua.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketa. 2017ko uztailaren 15etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetan izanen ditu ondorioak.

Apartatu bakarra. 172. artikuluari 4. apartatua gehitzen zaio.

“4. Hiri-lurren eskualdaketak ez dira zergaren menpe egonen baldin eta subjektu pasiboak frogatzen badu horietan ez dela balio-gehikuntzarik izan lurren eskualdaketaren eta eskurapenaren balio errealen arteko diferentziak eraginda.

Ondorio horietarako, subjektu pasiboak balio-gehikuntzarik ez dela izan ziurtatzen duten frogak aurkeztu beharko ditu.

Balio-gehikuntzarik ez dela izan frogatzeko, lurraren eskualdaketaren eta eskurapenaren balio errealak izanen dira, hurrenez hurren, ondasun higiezinaren eskualdaketan eta eskurapenean ordaindutakoak, eragiketa horiek agiri bidez jasotzen dituzten tituluetan ageri direnak, edo, bestela, udalak edo higiezinaren eskualdaketa kargatzen duten zergen kudeaketaz arduratzen den Zerga Administrazioak egiaztatutakoak, haiek baino handiagoak badira.

Irabazizko eskurapena edo eskualdaketa denean, aurreko paragrafoetako erregelak aplikatuko dira, eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren aitorpenean ageri dena izanen da balio horien zenbateko erreala, edo udalak edo eskualdaketa kargatzen duten zergen kudeaketaz arduratzen den Zerga Administrazioak administratiboki egiaztatutakoa, hura baino handiagoa bada.

Apartatu honetan xedatutakoarekin bat egindako deklarazioa, eragiketa zergaren menpean ez dagoela dioena, balioa egiaztatu aurrekoa, behin-behinekoa izanen da. Hori dela medio, ondoren egiaztatzen den balioaren arabera frogatzen bada balio-gehikuntza izan dela, lurraren eskualdaketa zergaren menpe geldituko da. Kasu horretan, udalek behar den tributu likidazioa eginen dute.

Likidazioa egina badago ordurako, ordea, ondoren egiaztatutako balioaren arabera frogatzen bada ez dela balio-gehikuntzarik izan, zergadunak eskubidea izanen du dagokion itzulketa egin dakion.

Aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko da baldin eta, kasu horietako bakoitzean, preskribitu ez badu udalen eskubideak tributu zorra zehazteko, edo zergadunen eskubideak bidegabeko sarreren itzulketarako.

Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Foru Komunitateko Zerga Administrazioak udalei jakinaraziko die zein diren berak egiaztatutako balioak, haien udalerrietan dauden higiezinenak.

Lurzoruaren balioa bereizirik ageri ez bada, honela kalkulatuko da: eskualdaketaren datan lurraren balio katastralak ondasun higiezinaren balio katastral osoarekiko egiten duen proportzioa aplikatuko da. Proportzio hori higiezinaren eskualdaketarako nahiz eskurapenerako aplikatuko da.

Apartatu honetan adierazitakoarekin bat lurren balio-gehikuntzarik ez dagoenean, 178. artikuluan araututako deklarazioa aurkezteko betebeharra mantenduko da betiere.

Apartatu honetan adierazitakoarekin bat lurren balio-gehikuntzarik ez dagoenean, higiezinen ondorengo eskualdaketan ez da kontuan hartuko eskuratu aurreko aldia lurren balio-gehikuntza gertatu den urte kopurua kontatzearen ondorioetarako. Paragrafo honetan xedatutakoa ez da aplikatuko higiezinen ekarpenak edo eskualdaketak zergaren menpe ez badaude Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaz baliatuz.”

Bigarren artikulua.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketa. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetan izanen ditu ondorioak.

Bat. 173. artikulua.

“1. Zerga honetatik salbuetsirik daude ondoko egintza hauen ondorioz gertatzen diren balio-gehikuntzak:

a) Ezkontideek ezkontza-sozietateari egindako ondasun eta eskubide ekarpenak, haren alde eta haiek ordaintzeko egindako esleipenak, eta ezkontideei haien bien aktiboen ordainetan egiten zaizkienak.

b) Herentziaz, legatuz, ezkonsariz, dohaintzaz edo doako beste edozein titulu bidez aurrekoen, ondorengoen eta ezkontideen artean egiten diren eskualdaketak, mota guztietako ondasunenak.

c) Ezkontideen arteko edo seme-alaben aldeko ondasun eskualdaketak, deuseztasun, banaketa edo dibortzio kasuetan epaiak betetzearen ondoriozkoak, ezkontza araubide ekonomikoa edozein dela ere.

d) Zortasun eskubide ororen eraketa eta eskualdaketa.

Nolanahi ere, aurreko a), b) eta c) letretan aipatzen diren negozio juridikoak gertatzen direnean, ez dute etenik eraginen 175. artikuluan aurreikusitako hogei urteko epean. Higiezin horiek gero eskualdatzen direnean, ulertuko da lurren balio-gehikuntza gertatu den urteen kopuruan ez dela etenik izan letra horietan aurreikusitako negozio juridikoak direla eta.

e) Ondasun eskualdaketak edo jabaria mugatzen duten gozamen eskubide errealen eraketa edo eskualdaketa irabazizkoa, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusitako zerga araubidea aplikatzekoa zaien entitateen alde, edo maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 4. artikuluan aipatzen den kultur mezenasgoaren onuradunak diren pertsonen eta entitateen alde (foru lege horrek Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen ditu).

Letra honetan araututako salbuespenerako eskubidea izateko, beharrezkoa izanen da ondasun edo eskubide horiek 10/1996 Foru Legean jasotako entitateen berariazko xedea diren jarduerei atxikitzea, edo 8/2014 Foru Legean jasotako pertsonek edo entitateek egindako proiektuei edo jarduerei, baldin eta interes sozialaren deklarazioa badute, Nafarroako Gobernuan kulturaren eskumena duen departamentuak emana.

2. Era berean, kasuan kasuko balio-gehikuntzak zergatik salbuetsirik daude zerga hori ordaintzeko betebeharra pertsona edo entitate hauei dagokienean:

a) Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua, autonomia erkidegoak, bai eta haien erakunde autonomo administratiboak ere.

b) Zergapetzearen udalerria eta udalerri horretan sartutako gainerako toki entitateak, edo udalerria kide dutenak, bai eta haien erakunde autonomo administratiboak ere.

c) Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak eta gizarte-aurreikuspeneko mutualitateak, Aseguru eta Berraseguru Entitateen Antolamenduari, Gainbegiratzeari eta Kaudimenari buruzko uztailaren 14ko 20/2015 Legean araututakoak.

d) Nazioarteko tratatu edo hitzarmenetan salbuespena aitortua duten pertsonak edo entitateak.

e) Emakida administratibo errebertigarrien titularrak, horiek atxikiak dituzten lurrei dagokienez.”

Bi. 174.3. artikulua.

“3. Hipotekaren betearazpen judizial edo ez-judizial bat egiten ari den bitartean hipoteka-zordunek ohiko etxebizitzaz beste ondasunak direla-eta egindako eskualdaketetan, konkurtso-prozedura baten esparruan, higiezina eskuratzen duen pertsona edo entitatea zergadunaren ordezkotzat joko da, eta hari jasanarazten ahalko dio kargaren zenbatekoa”.

Hiru. 175. artikulua.

“1. Zerga honen zerga-oinarria hiri-lurren balio-gehikuntza da, sortzapenaren unean dagoena eta gehienez ere hogei urteko epean izandakoa; haren zenbatekoa kalkulatzeko, sortzapenaren unean lurrak zuen balioa, artikulu honen 3., 4., 5. eta 6. apartatuetan xedatutakoaren arabera kalkulatuta, sortzealdiari 2. apartatuan aurreikusitakoaren arabera dagokion koefizienteaz biderkatuko da.

2. Balio-gehikuntzaren sortzealdia hau izanen da:

a) Lurraren jabetza eskualdatzen denean, eskualdaketa kostu bidezkoa nahiz irabazizkoa izan, lurraren eskurapenaren egunetik eskualdatu arte igarotako urte kopurua.

b) Jabaria mugatzen duen eskubide erreal bat eratzen denean, lurraren eskurapenaren egunetik eskubide erreala eratu arte igarotako urte kopurua.

c) Jabaria mugatzen duen eskubide erreal bat eskualdatzen denean, eskubidearen eskurapenaren egunetik eskualdaketa egin arte igarotako urte kopurua.

Igarotako urteen kopurua kontatzean urte osoak hartuko dira, urte zatikiak kontuan hartu gabe. Sortzealdia urtebetetik beherakoa denean, urteko koefizientea hainbanatuko da, soilik hilabete osoak kontuan hartuta, eta ez hilabete zatikiak.

Sortzapenaren unean lurrak duen balioaren gainean aplikatu beharreko koefizientea, artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz kalkulatua, udalak onetsitakoetatik dagokiona izanen da, balio-gehikuntzaren sortzealdiaren arabera, baina muga hauek gainditu gabe betiere:

Sortzealdia:

• 0,63 20 urtekoa edo hortik gorakoa.

• 0,58 19 urte.

• 0,51 18 urte.

• 0,36 17 urte.

• 0,21 16 urte.

• 0,06 15 urte.

• 0,06 14 urte.

• 0,06 13 urte.

• 0,06 12 urte.

• 0,06 11 urte.

• 0,06 10 urte.

• 0,06 9 urte.

• 0,06 8 urte.

• 0,06 7 urte.

• 0,06 6 urte.

• 0,06 5 urte.

• 0,06 4 urte.

• 0,11 3 urte.

• 0,13 2 urte.

• 0,13 Urtebete.

• 0,06 Urtebetetik behera.

Gehieneko koefiziente hauek urtero eguneratuko dira, 58.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Lurren eskualdaketetan, zergaren sortzapenean lurrek duten balioa izanen da indarra duen balorazio txostena aplikatzearen ondoriozkoa, ondasun berezitzat harturiko zati badira ere edo eskualdatutako ondasun higiezinaren banako balioa zehaztu gabe badago ere.

Aurrekoa gorabehera, lurraren eskualdaketa egiten den unean indarreko balorazio txostenean azaltzen ez bada lurrak zerga honen ondorioetarako duen hiri-lur izaera, edo lurraren hirigintzako ezaugarriak aldatu badira eta balorazio txostenean azaltzen direnak bezalakoak ez badira, behin-behineko likidazioa eginen da balorazio txosten horretan azaltzen den baliotik abiatuta. Zergaren sortzapenaren unean lurrak duen hirigintzako errealitate berriaren araberako balioa finkatzen duen balorazio txosten berria onetsi ondoren, zergaren sortzapen egunari dagokion behin betiko likidazioa igorriko da, eta, bidezkoa bada, ordaindutako soberakina itzuliko.

Ondorio horietarako, balorazio txosten berrian agertzen den balioa zuzenduko da, honela: sortzapenaren unean indarra zuen txostenaren arabera hiri-lur gisa sailkaturiko lur guztietako metro koadroaren batez besteko balio ponderatua zati txosten berriak lur horiexei emandako metro koadroaren batez besteko balio ponderatua, eta zatiketa horretatik ateratzen den koefizientea txosten berrian agertzen den balioaz biderkatuko da.

4. Jabaria mugatzen duten gozameneko eskubide errealen eraketan eta eskualdaketan, 2. apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz sortzealdiari dagokion koefizientea aurreko apartatuan zehaztutako balioaren gainean aplikatuko da, eskubide horien balioak egiten duen zatiaren gainean zehazki; eskubideen balioa kalkulatzeko, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren ondorioetarako ezarritako arauak aplikatuko dira.

5. Eraikin batean edo lursail batean solairu bat edo gehiago jasotzeko eskubidea eratu edo eskualdatzen denean, edo eraikina lur azpian egiteko eskubidea (azalerako eskubide errealik atxikita izan gabe), 2. apartatuan aurreikusitakoarekin bat sortzealdiari dagokion koefizientea aplikatuko da 3. apartatuan zehaztutako balioaren zati batean, hau da, balio horretan eskualdaketaren eskrituran ezarritako proportzionaltasun modulua ordezkatzen duen zatian, edo, halakorik ezean, lur gainean edo lur azpian eraiki beharreko solairuen azaleraren edo bolumenaren eta, horiek eraiki ondoren, azalera edo bolumen eraiki osoaren arteko proportzioaren emaitza.

6. Nahitaezko desjabetzeen kasuan, 2. apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz sortzealdiari dagokion koefizientea aplikatuko da prezio-justuaren barruan lurraren balioari dagokion zatiaren gainean.”

Lau. 176.2. artikulua.

“2. Karga-eskala udalak ezarriko du, eta gutxieneko karga-tasa ez da izanen 100eko 8tik beherakoa, eta gehienekoa, berriz, ez da izanen 100eko 25etik gorakoa”.

Bost. 178. artikuluko 4. apartatua kentzen da.

Sei. 178.5 artikulua.

“5. Zergaren likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie osorik, adierazita sarrera egiteko epea eta zein errekurtso diren bidezkoak”.

Zazpi. Hamahirugarren xedapen gehigarria gehitzea.

“Hamahirugarren xedapen gehigarria. Udalek onestea hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergan aplikatu beharreko koefizienteak eta karga-tasak.

1. Udalek 175. artikuluan aurreikusitako koefizienteak onetsi bitartean artikulu horretan jasotakoak aplikatuko dira.

2. 64. artikuluan xedatutakoa gorabehera, 2018. urterako, udalek urte horretako urtarrilaren 1etik aurrera onesten ahalko dituzte koefizienteak eta karga-tasak, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen dituzte ondorioak”.

Hirugarren artikulua.–Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzea.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162.1. artikuluak testu hau izanen du:

“1. Zerga eskatuko da tarifa hauei jarraikiz:

Kuotak:

a) Turismoak:

–8 zaldi fiskal baino gutxiago: 20,02 euro.

–8 zaldi fiskaletik 12ra bitartekoak: 56,30 euro.

–12 zaldi fiskal baino gehiago eta gehienez 16: 120,09 euro.

–16 zaldi fiskal baino gehiagokoak: 150,17 euro.

b) Autobusak:

–21 leku baino gutxiagokoak: 140,10 euro.

–21 lekutik 50era bitartekoak: 200,18 euro.

–50 plaza baino gehiagokoak: 250,23 euro.

c) Kamioiak:

–1.000 kg baino gutxiagoko karga erabilgarria dutenak: 70,13 euro.

–1.000 kg-tik 2.999 kg-ra bitarteko karga erabilgarria dutenak: 140,10 euro.

–2.999 kg-tik gora 9.999 kg bitarteko karga erabilgarria 200,18 euro.

–9.999 kg baino gehiagoko karga erabilgarria dutenak: 250,23 euro.

d) Traktoreak:

–16 zaldi fiskal baino gutxiagokoak: 34,39 euro.

–16 zaldi fiskaletik 25era bitartekoak: 68,76 euro.

–25 zaldi fiskal baino gehiagokoak: 137,36 euro.

e) Atoiak eta erdi-atoiak:

–1.000 kg baino gutxiagoko karga erabilgarria dutenak: 35,10 euro.

–1.000 kg-tik 2.999 kg-ra bitarteko karga erabilgarria dutenak: 70,13 euro.

–2.999 kg baino gehiagoko karga erabilgarria dutenak: 140,10 euro.

f) Bestelako ibilgailuak:

–Ziklomotorrak: 5,04 euro.

–125 cc-ra bitarteko motozikletak: 7,57 euro.

–125 cc baino gehiagoko motozikletak, 250 cc-ra bitarte: 12,55 euro.

–250 cc baino gehiagoko motozikletak, 500 cc-ra bitarte: 24,74 euro.

–500 cc baino gehiagoko motozikletak, 1.000 cc-ra bitarte: 49,51 euro.

–1.000 cc baino gehiagoko motozikletak: 99,01 euro.

Xedapen iragankor bakarra.–Hirilurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren zenbait likidaziotan aplikatu beharreko araubide iragankorra.

Bat. 2017ko uztailaren 15a baino lehen gertatutako zerga-egitateei dagozkien likidazio irmoak.

Hirilurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren likidazioen kasuan, 2017ko uztailaren 15a baino lehen gertatutako zerga-egitateei dagozkienean, egun hori baino lehenago irmoak badira, erregela hauek aplikatuko dira:

Lehena.–Ez da aplikatuko foru lege honetan xedatutakoa.

Bigarrena.–Ez da eginen sarrera bidegabeen itzulketarik.

Hirugarrena.–Aipatutako likidazioetatik eratorritako diru-bilketarako prozedurek aurrera jarraituko dute, guztiz burutu arte, eta geroratutako edo zatikatutako tributu zorrak osorik ordaintzea eskatuko da.

Hirilurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren likidazioen kasuan, 2017ko uztailaren 15a baino lehen gertatutako zerga-egitateei dagozkienean, egun hori baino beranduago izan badira irmoak, xedapen honen bigarren apartatuaren erregelak aplikatuko dira.

Bi. 2017ko uztailaren 15etik 2017ko abenduaren 31 arte, biak barne, gertatutako zerga-egitateei dagozkien likidazio irmoak.

Hirilurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren likidazioen kasuan, 2017ko uztailaren 15etik 2017ko abenduaren 31 arte, biak barne, gertatutako zerga-egitateei dagozkienean, irmoak badira, erregela hauek aplikatuko dira:

Lehena.–Foru lege honen lehen artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Aurreko erregelan xedatutakoarekin bat, eragiketa zergaren menpe dagoela frogatzen bada, sortzapenaren unean indarra zuen araudia aplikatuko da.

Hiru. Irmo bihurtu ez diren tributu likidazioak, 2017ko abenduaren 31 arte, egun hori barne, gertatutako zerga-egitateei dagozkienak.

Hirilurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren likidazioen kasuan, 2017ko abenduaren 31 arte, egun hori barne, gertatutako zerga-egitateei dagozkienean, irmoak ez badira, erregela hauek aplikatuko dira:

Lehena.–Foru lege honen lehen artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Aurreko erregelan xedatutakoarekin bat, eragiketa zergaren menpe dagoela frogatzen bada, sortzapenaren unean indarra zuen araudia aplikatuko da.

Lau. Errekurritutako likidazioak, ebatzi gabe daudenak.

1. Xedapen iragankor hau aplikatzekoa zaien likidazioen kontrako berraztertzeko errekurtsoak, ebatzi gabe daudenak, xedapen honi jarraikiz ebatziko dira.

2. Xedapen iragankor hau aplikatzekoa zaien likidazioen kontrako errekurtsoak, Nafarroako Administrazio Auzitegian edo organo jurisdikzionaletan ebatzi gabe daudenak, xedapen honi jarraikiz ebatziko dira.

Ondorio horietarako, bidezkoa denean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak eta organo jurisdikzionalek udalei bidaliko dizkiete ebatzi gabe dauden espedienteak, kasuan kasuko udalek egin ditzaten likidazio berriak, xedapen iragankor honetan xedatutakoaren arabera bidezkoak direnak. Kasu horietan amaitutzat deklaratuko dituzte prozedurak, interesdunek udalek emandako likidazioen kontra aurkez ditzaketen errekurtso berriak galarazi gabe.

Azken xedapenetan lehenbizikoa.–Arauak emateko ahalmena.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean bertan aurreikusitako ondorioak izateko.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1715199