1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
847E/2017 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean saltokiak irekitzeko eta merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak ezartzen dituena 2018. urterako.
Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak 33. artikuluan dioenez, merkataritzaren arloan eskumenak dituen departamentuak, Nafarroako Merkataritzaren Kontseiluari entzutea eman ondoren, hurrengo urteko egutegia ezarriko du, horren barne direla Nafarroako Foru Komunitatean merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak.
Gaur egun, Garapen Ekonomikorako Departamentua da merkataritzaren barne sektorea Nafarroan antolatu eta sustatzeko ardura duena, hala ezarrita baitago Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2007 Foru Dekretuaren 1. artikuluan.
Departamentu horrek saltokiak jaiegunetan eta igandeetan irekitzeko 2018ko egutegiaren proposamen bat aurkeztu du, Nafarroako Merkataritza Kontseiluak 2017ko abenduaren 1ean egindako bilkuran aztertu duena.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2018. urtean, igande eta jaiegun hauek egun balioduntzat hartuko dira Nafarroako Foru Komunitatean merkataritzan aritzeko, eta, hortaz, egun horietan saltokiak irekitzen ahalko dira:
–Urtarrilaren 7a.
–Martxoaren 29a.
–Apirilaren 2a.
–Abuztuaren 15a.
–Urriaren 12a.
–Azaroaren 1a.
–Abenduaren 8a.
–Abenduaren 23a.
–Herriko festa eguna; betiere, otsailean, maiatzean, ekainean, uztailean edo irailean izan beharko du, eta ez da igandea izanen.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2017ko abenduaren 13an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
Iragarkiaren kodea: F1714383