247. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2974/2017 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontrataziorako.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak dituen langile beharrak ikusirik, deialdi bat onetsi behar da izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontrataziorako, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzuteko.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 42.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraituz onesten da deialdi hau; orobat, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan xedatzen denarekin bat.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdi bat onestea izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontrataziorako, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO DEIALDIA, SUHILTZAILE-GIDARI LAGUNTZAILEAREN LANPOSTUETAN ARITZEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzea suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuetan aritzeko, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Titulu hauetako bat izatea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketako Lehen Maila, edo horien baliokidea. Edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) C motako gidabaimena izatea.

e) Eginkizun horietan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea eta IV. eranskinean baztertuak izateko aipatzen diren egoeretan ez egotea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek I. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman, ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriko 2.1 c) eta d) ataletan eskatzen diren betebeharrak (titulazio akademikoa eta gidabaimena) agiri bidez frogatu beharko dira lanerako deia egiten denean, deialdiko hamabosgarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie deialdian parte hartzen dutenei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskabideen aurkezpena.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian ageri da: www.navarra.es), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabiltzen ahalko da.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa) eta web-orrian (www.navarra.es).

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, hura argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

6.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta web-orrian (www.navarra.es), deialdiko lehenbiziko proba egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

6.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Francisco Javier Bayona Iturrarte, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaiburua: Félix Esparza Fernández, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Parkeen, Kanpainen eta Taldeen Ataleko burua.

Mahaikidea: Carlos Orta González, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Aurreneurri, Ikuskapen eta Zabalkunde Ataleko burua.

Ordezko mahaikidea: José Aurelio Andueza Izquierdo, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.

Mahaikidea: Mikel Miren Oiaga Artajo, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-sarjentua.

Ordezko mahaikidea: Juan Carlos Cisneros Samper, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-sarjentua.

Mahaikidea: Mikel Aingeru Gurutziaga Tejerina, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko mahaikidea: Jesus Manuel Lostao Jauregui, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: Begoña Martínez Barrado, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Rosa Jiménez Marqués, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua.

7.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zortzigarrena.–Probak.

8.1. Hautapen prozesua honako honekin bat eginen da:

8.1.1. Proba teorikoa: idatziz 50 galdera erantzun beharko dira. Galdera bakoitzak lau erantzun aukera izanen ditu, baina bat bakarra izanen da egokia. Probak bi zati ditu:

a) Zati orokorra: II. eranskineko I. zatian dauden gaiei buruzkoa.

b) Zati berariazkoa: II. eranskineko II. zatian dauden gaiei buruzkoa.

Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Proba egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza.

Proba honek 40 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez: 32 puntu zati orokorrari dagozkio eta 8 puntu zati berariazkoari, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.navarra.es), deialdiaren aipamenean, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, eta alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu, deialdi bakoitzean proba gainditu duten izangaiak adierazita, eta hurrengo probak egiteko deia eginen die.

8.1.2. Proba fisikoak: ariketa hauek gainditu beharko dira:

a) Erresistentzia lasterketa (Cooper testa).

b) Indar proba: Baloia jaurtitzea.

Proba horiek deialdi honen III. eranskinean ezarritakoari jarraituz eginen dira, eta bazterturik geldituko dira bi probetan GAI kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

Proba fisikoak bukatu ondotik, epaimahaiak kalifikazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.navarra.es), deialdiaren aipamenean, eta bost egun balioduneko epea emanen du haiei buruzko alegazioak egiteko.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik eta horiek ebatzi ondotik, kalifikazio epaimahaiak argitara emanen ditu proba fisikoen behin betiko kalifikazioak eta hamar egun balioduneko epea ezarriko du probak gainditu dituzten izangaiek merezimenduak justifikatzeko dokumentazioa aurkez dezaten, bederatzigarren oinarrian ezarritakoari jarraituz.

8.2. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek hartara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

8.3. Probak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat eta eskabidean eskatu dutenentzat, beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira.

8.4. Proba komuna, suhiltzaile-gidari laguntzailearen eta suhiltzaile-peoi laguntzailearen deialdietarako.

Suhiltzaile-gidari laguntzailearen eta suhiltzaile-peoi laguntzailearen deialdietan egin beharreko proba fisikoak, arintasun eta eraginkortasunagatik, batera eginen dira proba komun bakarrean, eta bi lanpostuetarako proba fisikoak kalifikatzeko balioko du.

Bederatzigarrena.–Merezimenduen balorazioa.

9.1. Deialdiko lanpostu berean edo antzekoan egindako zerbitzuei gehienez ere 10 puntu emanen zaizkie, baremo honi jarraituz:

–Suhiltzaile-gidari laguntzailea: 0,011 puntu, kontratatutako egun bakoitzeko.

–Suhiltzaile-peoi laguntzailea: 0,009 puntu, kontratatutako egun bakoitzeko.

–Behatokiko peoi begiralea: 0,009 puntu, kontratatutako egun bakoitzeko.

9.2. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira soilik, betiere proba fisikoen behin betiko kalifikazioa argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epearen barnean frogatzen badira.

Merezimenduak frogatzeko dokumentazioa epaimahairi bidaliko zaio, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko egoitzara (Zaragozako errepidea, 29. km, Cordovilla), eta laugarren oinarrian adierazitako bitartekoetarik edozein erabiliz aurkeztuko da.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan egindako zerbitzuak zuzenean emanen dizkio organo dei-egileak epaimahaiari, eta ez da beharrezkoa izanen izangaiek horiek frogatzea.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik –salbu eta aurreko paragrafoan aipatutako zerbitzuak–, ez eta arau honetan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere. Hala ere, azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu ezarritako epean alegatutako eta frogatutako merezimenduen gainean.

Hamargarrena.–Emaitzak.

Probak gainditu dituzten izangaien merezimenduak baloratu ondotik, epaimahaiak merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta web-orrian (www.navarra.es), eta 5 egun balioduneko epea irekiko du puntuazioei buruzko alegazioak egiteko.

Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, eta alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda argitaratuko du, puntuazio ordenaren arabera, lehenbiziko probaren kalifikazioa eta merezimenduena batuta.

Kalifikazio epaimahaiak, izangaien puntuazioetan gertatzen diren berdinketak ebatziko ditu, lehenbiziko proban puntuazio handiena lortu duenaren alde eginez. Berdinketak jarraitzen badu, merezimenduen balorazioaren emaitza hartuko da kontuan.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean.

Hamaikagarrena.–Trebakuntza ikastaroa.

11.1. Hautapen prozesuaren barruan, trebakuntza ikastaro bat dago, baztergarria dena. Gai kalifikazioa lortu behar da ikastaroa gainditzeko eta, modu horretan, suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrendan kontratatzeko moduan egoteko. Baztertu eginen dira ez-gai kalifikazioa lortzen dutenak.

11.2. Probak gainditzen dituzten izangaiek beren borondatez parte hartzen ahalko dute trebakuntza ikastaroan. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak eman eta garatuko du, eskolak berak ezartzen duen moduan.

11.3. Hamargarren oinarrian ezarritako izapideak eginda, kalifikazio epaimahaiak trebakuntza ikastaroa egitera deitutako izangaien zerrenda argitaratuko du, eta hura zein egunetan hasiko den adieraziko.

Trebakuntza ikastarora deitutako pertsonen kopurua, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan aurreikuspenen arabera behar diren langileen arabera ezarriko da. Trebakuntza ikastarorako deia eginen zaie izangaiei zerrendan osotara lortutako puntuazio ordenari jarraituz, ezertan ukatu gabe batetik, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategineko zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. apartatuan, ezarritakoa, bertan arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak, eta, bestetik, aldi baterako kontratazioaren kudeaketari buruzko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoa.

11.4. Trebakuntza ikastaro hori egitetik salbuetsita daude Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ikastaroa egina eta gainditua duten izangaiak. Ondorio horietarako, epaimahaiak proba gainditu duten izangaien zerrenda bidaliko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, hark adieraz dezan zer izangaik gainditu duten trebakuntza ikastaroa.

11.5. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak epaimahairi igorriko dizkio ikastaroaren emaitzak, honek Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki oholean argitara ditzan.

11.6. Aldian behin, geroago, behar diren langileen arabera, trebakuntza ikastaro berrietarako deia eginen zaie izangaiei. Ikastarorako deia 11.3 puntuan adierazitako ordenari jarraituz eginen zaie izangaiei. Prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak baztertu eginen dira suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrendetatik.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ofizioz igorriko dio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari gai eta ez-gai kalifikazioa lortu duten izangaien zerrenda, kontratazio zerrendan sartzeko edo bertatik kentzeko.

Hamabigarrena.–Suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda.

Trebakuntza ikastaroa amaituta, epaimahaiak izangaien zerrendak bidaliko dizkio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, hark onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, adierazita trebakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiak eta hori egitetik salbuetsita daudenak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai eta web-orrian ere (www.navarra.es).

Hamahirugarrena.–Deia.

Kanpaina bakoitzaren hasiera baino lehen, eskaintzen diren lanpostuen zerrenda iragarriko da Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2an) eta Nafarroako Atarian (www.navarra.es), eta izangaiei dei eginen zaie jendaurreko ekitaldi batean.

Lehenbizi, aldizkako lan-kontratudun finkoei eskatuko zaie destinoa aukeratzeko; gero, aldizka lan premia egoten den lanpostuetan aldi baterako kontratu administratiboa sinatua duten langileei deituko zaie, eta, azkenik, bete gabe gelditzen diren lanpostuak eskainiko zaizkie aldi baterako kontrataziorako izangaiei.

Ez zaie inoiz deituko, zerrendan kontratatzeko moduan egon arren, hurrenkerari dagokionez trebakuntza ikastarora deitu ez zaien izangaien atzetik dauden izangaiei.

Araudi indardunari jarraikiz, ez zaie kontrataziorako deituko hemezortzi urtetik beherakoei, lanpostu horiek arrisku berezikotzat hartuak baitaude.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. apartatuan, ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

Hamalaugarrena.–Osasun azterketa.

Kontratua sinatu baino lehen, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak ezartzen duen moduan, osasun azterketa bat eginen zaie hautaturiko izangaiei, zehazteko ez daudela hautatu direneko lanpostutik baztertuak izateko IV. eranskinean aipatzen diren egoeretan.

Osasun azterketaren emaitzak balioduntzat hartuko dira azterketa egiten den egunetik bi urte igaro arte. Dena dela, Administrazioak osasun azterketa gehiago egiten ahalko dizkie izangaiei, nabarmen ikusten bada izangaiaren baldintza fisikoak aldatu egin direla, betiere epe horretan lanpostua betetzeko gai ote den egiaztatzeko.

Hamabosgarrena.–Betebeharrak frogatzea.

Deia jasotzen dutenek bete beharko dituzte bigarren oinarriko 2.1 c) eta d) ataletan eskatutako beharkizunak, agiri hauek aurkeztuz:

a) Titulu hauetako baten kopia: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketako Lehen Maila, edo horien baliokidea. Edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulu hori eskuratzeko moduan egotearen ziurtagiria.

b) C motako gidabaimenaren kopia.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, salbu kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2017ko abenduaren 11n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. zatia, orokorra.

1. Nafarroako antolaketa, baso-suteen aurrean.

2. Sua.

3. Baso-sutea: teoria.

4. Baso-sutea: itzaltzeko estrategiak.

5. Baso-sutea: itzaltzeko bitartekoak.

6. Baso-sutea: segurtasuna.

7. Nafarroako lurraldearen ezagutza:

7.1. Errepide sarea: autobideak, autobiak, bide bikoiztuak, prestazio handiko errepideak, interes orokorreko sarea eta Foru Komunitatearen intereseko sarea.

7.2. Hidrologia: ibaiak, aintzirak, idoiak eta urtegiak.

7.3. Udal-mugarteen mapa.

II. zatia, berariazkoa.

1. Zirkulazio arloko araudia lehentasunezko ibilgailuei buruz.

2. Mekanika.

3. Gidatzeko teknikak.

Erreferentzia bibliografikoak:

Zati orokorra:

1. “Manual de Incendios Forestales de Navarra”. Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratua.

2. Nafarroako mapa topografikoa 1:100.000. 2015eko edizioa. Nafarroako Gobernuaren web-orrian dago eskura, pdf formatuan http://www.navarra.es/appsext/tiendacartografia/seleccion.aspx?idp=5

3. Nafarroako herrien izendegia 2017-1-1. NEI-Nafarroako Estatistikaren Institutuak argitaratua. NEIren web-orrian dago eskuragai: http://www.navarra.es/AppsExt/GN.InstitutoEstadistica.Web/informacionestadistica.aspx?R=1&E=2

Zati berariazkoa:

“Manual de equipos operativos y herramientas de intervención” (Manual 6), Guadalajarako CEISen webgunean argitaratua: http://www.ceisguadalajara.es/category/documentacion/

Agiri guztiek Creative Commons lizentzia batekin babestuak daude, BY NC SA motakoa. Hortaz, zilegi da eskuliburu horiek kopiatzea, banatzea, komunikatzea eta eraldatzea, betiere egilea aipatzen bada (Guadalajarako CEIS eta laguntzaileak), helburu komertzialetarako erabiltzen ez badira eta testuak edo horren eraldaketak konpartitzen badira lizentzia hori bezal-bezalako baten bidez.

III. ERANSKINA

Proba fisikoak egitea

Erresistentzia lasterketa (Cooper testa).

Hasierako posizioa: zutik, abiatze lerrotik atzera, bi oinak atzean direla (ez da zilegi izanen iltzedun oinetakoak erabiltzea).

Gauzatzeko modua: zutik daudela hasiz, lasterka, oinez nahiz bi moduak tartekatuz, 12 minutuan albait tarterik luzeena egitea. Saio bakarra eginen da.

Izangaiak bere adinari eta sexuari dagokion tartea gainditzen badu emanen zaio “gai” kalifikazioa, betiere taula honi jarraikiz:

ADINA

EGIN BEHARREKO MARKA

GIZONEZKOAK

EGIN BEHARREKO MARKA

EMAKUMEZKOAK

KALIFIKAZIOA

30 edo gutxiago

2800 m

2600 m

GAI

31 eta 35 artean

2600 m

2400 m

GAI

36 eta 40 artean

2400 m

2200 m

GAI

41 eta 45 artean

2200 m

2000 m

GAI

46 edo gehiago

2000 m

1800 m

GAI

Baloi medizinala jaurtitzeko testa (5 kg gizonezkoek eta 3 kg emakumezkoek).

Abiatzeko jarrera: zutik, hankak irekita eta oinak simetrikoki jarrita marraren atzean, baloia buruaren atzean, bi eskuekin helduta.

Gauzatzeko modua: baloia ahalik eta urrutien jaurtitzen da. Jaurtiketak simetrikoa behar du izan. Jaurtitzeko prozesuan, jaurtitzetik baloiak lurra ukitu bitarte, izangaiak ezin du oreka galdu, eta ezin dira oinak lurretik altxatu, nahiz eta orpoak altxatzen ahal diren.

Distantzia neurtuko da jaurtitzeko marratik baloiak lurrean lehen aldiz erortzean utzitako arrastoetatik marratik hurbilen dagoeneraino.

Bi saio egin daitezke; lehenbizikoa balioduna bada ez da bigarrenik eginen.

Izangaiak bere adinari dagokion tartea gainditzen badu emanen zaio “gai” kalifikazioa, betiere taula honi jarraikiz:

ADINA

EGIN BEHARREKO MARKA

KALIFIKAZIOA

30 edo gutxiago

6,50 m

GAI

31 eta 35 artean

6,25 m

GAI

36 eta 40 artean

6 m

GAI

41 eta 45 artean

5,75 m

GAI

46 edo gehiago

5,50 m

GAI

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Begien sistema.

–Urrutiko gutxieneko begi-zorroztasuna zuzendu gabe (begien barreneko lenteak ez dira zuzenketa-lentetzat hartuko): gutxienez 5/10 okerreko begian, eta gutxienez 8/10 onenean.

–Ikuspegi binokular normala eduki behar da.

–Diplopiak.

–Nistagmus-a, eragin funtzionalaren arabera.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Erretinopatiak.

–Afakiak eta pseudoafakiak.

–Edozein patologia edo akats palpebral, begia aire zabalean babesturik egotea galarazten duena.

–Begien sistemaren prozesu kronikoak, haren eragin funtzionalaren arabera.

–Begien beste edozein gaitz, modu nabarmenean begien zorroztasuna edo gaitasuna apaltzen duena edo suhiltzaile-gidari laguntzailearen funtsezko lanak segurtasunez egitea galarazten duena.

2.–Entzuteko sistema.

–Ez da onartuko audifonorik.

–Hipoakusia, 35 dB-ko edo hortik gorako galera monoaurala ekartzen duena 500, 1.000, 2.000, 3.000 eta 4000 Hz-ko edozein frekuentziatan.

–Bertigoak eta orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

–Beste edozein prozesu otorrinolaringologiko, modu nabarmenean entzuteko zorroztasuna edo gaitasuna apaltzen duena edo suhiltzaile-gidari laguntzailearen funtsezko lanak segurtasunez egitea galarazten duena.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, disfemiak (toteltasuna), eta suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanetan ahozko komunikazioa modu nabarmenean galarazten edo oztopatzen duten beste patologia batzuk.

4.–Sistema osteomuskularra.

–Prozesu artikularrak eta/edo kirurgia artikularren sekuelak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–20º-tik gorako eskoliosiak eta haurtzaroko kirurgia zuzentzailea izan dutenak.

–30º-tik gorako zifosia.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Bizkarrezurrean ekintza inbaditzaileen ondorioak: blokeoak/kirurgia, huts egindako bizkarraren sindromea, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Espondiloartropatia inflamatorioak.

–Artritis erreumatoidea.

–Paget-en gaixotasuna, eginkizunetan eragina duen neurrian.

–Min erregional konplexuaren sindromearen ondorioak.

–Fibromialgia/Neke kronikoaren sindromea.

–Galera eta/edo deformazio anatomikoak edo goiko nahiz beheko gorputz adarretako edozein muga, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Goiko nahiz beheko gorputz adarretako herniak, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Lokadura errekurrenteak sorbaldan edo belaunean, desoreka kronikoa ekartzen dutenean.

5.–Digestio sistema.

–Hesteetako gaixotasun inflamatorio kronikoak: Crohn-en eritasuna, kolitis ultzeraduna, etab.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gutxiegitasun hepatikoa.

–Zirrosiak eta zirrosi aurreko egoerak.

–Pankreatitis kronikoa.

–Pankreako fibrosi kistikoa.

–Wilson-en gaixotasuna.

–Hepatopatia alkoholikoak, maila desberdinetan.

–Ondorio entzimatiko nabarmenak dituzten beste hepatopatia batzuk eta hipertransaminasemia idiopatikoak, balio arrunta halako hiru edo gehiago dutenak.

–Sindrome diarreiko kronikoak.

–Hesteetako buxadura.

–Zöllinger Ellison-en sindromea edo digestioaren lesio neuroendokrinoak.

–Esplenektomia.

–Abdomen paretako herniak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Erresekzioak eta digestio hodiko beste kirurgia batzuk, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Errefluxu gastroesofagiko sintomatikoa (asma, arnas infekzioen errekurrentzia, min kronikoa eta ultzera kronikoak).

6.–Kardiologia.

–Edozein mailako bihotz gutxiegitasuna.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazioaren egoerak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, lehen mailako aurikula-bentrikuloaren blokeoa, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarreko hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, edozein mailatan.

–Balbulopatiak, protesi balbularrak barne.

–Estenosi subaortiko hipertrofiko idiopatikoa.

–Miokardiopatiak.

–Sinkope errepikaria, etiologia edozein delarik ere.

–Perikarditis kronikoak, endokarditisa eta miokarditisa.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Desfibrilatzailea edo taupada-markagailua izatea txertaturik.

–Sortzetiko kardiopatiak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

7.–Sistema baskularra.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Aneurisma aortikoak, toraziko abdominalak eta/edo beste odol-hodi handi batzuetakoak.

–Estenosi karotidea, %50ekoa edo handiagoa.

–Raynaud fenomenoa, lehen eta/edo bigarren mailakoa.

–Zainetako gutxiegitasuna, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Linfedema kronikoa, lehen mailakoa eta/edo bigarren mailakoa.

–Arterietako hipertentsioa.

–Arterietako hipotentsioa.

–Operatutako patologia baskularra, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Aortako eta odol-hodi handietako lesioak, sortzetikoak izan edo bereganatuak.

8.–Arnas sistema.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak: BGBK (bronkitis buxatzaile kronikoa, enfisema); asma eta/edo bronkioetako hiperrerreaktibotasuna; bronkiektasia; edo FEV1/FVC < %0.75 eta/edo FVC < %0.80 gisako arnas patroia.

–Hipoxemia O2ren saturazio basala < %90.

–Pleurako isuri errekurrentea.

–Pneumotorax espontaneoa eta/edo errekurrentea.

–Arnas sistemako kirurgiaren ondorioak, eginkizunetan dituen ondorioen arabera.

–Diafragmaren anomaliak eta/edo horma torazikoaren deformazioak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Loaren apnearen sindromea eta/edo hipobentilazio zentrala.

–Biriketako tronboenblismoa eta biriketako malformazio baskularrak.

9.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Siringomielia, sintomatologia badu edo eginkizunetan eragina badu.

–Hidrozefalia.

–Muskulu-distrofiak eta bestelako miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Anosmia.

–Loaren nahasmenduak, jatorria arnas aparatuan ez dutenak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

10.–Psikiatria.

–Nahasmendu mental organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak edo arintzen ari direnak kenduta.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne). –Substantzia psikotropikoen kontsumoa atzemateko probetan, edozein emaitza positibok bazterketa ekarriko du.

–Eskizofrenia, nahasmendu eskizotipikoa eta ideien delirio-nahasmendua.

–Aldartearen nahasmenduak (afektiboak), eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Hersturaren nahasmenduak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Nahasmendu neurotikoak.

–Ohituren nahasmendua eta bulkadak kontrolatzekoa, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Nortasunaren nahasmendua eta portaerarena, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

11.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurruneko gutxiegitasuna.

–Giltzurrun-polikistosia.

–Edometriosia, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

12.–Sistema endokrinologikoa.

–Mellitus diabetesa.

–Hipotalamo-hipofisario ardatzaren nahasmenduak, hiper edo hipotiroidismoa, gaixotasun adrenalak, adenomatosi endokrino anizkoitza, hiper eta hipoparatiroidismoa, betiere eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Kontrolatu gabeko nahasmendu metabolikoak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

13.–Dermatologia.

–Orbainak, mentaketak eta beste gaitz dermatologiko batzuk, haien zabalera, eginkizunetan duten eragina eta/edo kokapena dela-eta suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuko norbera babesteko ekipamendua erabiltzea eta/edo lanak egitea oztopatzen dutenean.

14.–Hematologia.

–Muineko aplasia idiopatikoa eta gaueko hemoglobinuria paroxistikoa.

–Anemia hemolitiko kronikoak.

–Drepanozitosia (zelula faltziformeen anemia).

–Hemoglobina < 10g/dL duten anemiak.

–Tronbopeniak, eginkizunetan duten eraginaren arabera (ez dira inola ere onartuko 100.000 plaketatik beherako zenbatekoak).

–Hemofiliak eta koagulazioaren bestelako nahasmenduak.

–Immunoeskasiak.

–Koagulazioaren kontrako tratamendua.

15.–Neoplasiak.

–Tumoreak eta gaixotasun gaiztoak, diagnosi berrikoak edo egun tratatzen ari direnak.

–Gaixotasun neoplasikoen aurrekariak ebaluatzeko, egungo egoera fisikoari, patologiaren pronostikoari eta eginkizunetan duten eraginari erreparatuko zaie.

16.–Gaixotasun sistemikoak eta beste batzuk.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Kolagenoaren gaixotasunak. –amiloidosiak, kolagenosiak, lupus eritematoso sistemikoa, Sjögren sindromea, esklerodermia, basculitisa eta beste batzuk.

17.–Azalpen orokorrak.

–Tumore onberak, edonon daudela ere, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Edozein organoren transplantea.

–Obesitatea (GMI > 30 eta abdomenaren perimetroa 102 cm-tik gora gizonen artean eta 88 cm-tik gora emakumeen artean).

–Muturreko mehetasuna (GMI < 20).

–Edozein patologia eta/edo deformazio, suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuko norbera babesteko ekipamendua edo ohiko ekipamendua behar bezala erabiltzea galarazten duena.

–Beste edozein patologia, ondorio edo ezaugarri somatiko, edozein aparatutan edo sistematan, eginkizunetan duen eragina dela-eta galarazten edo modu nabarmenean oztopatzen badu suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuaren eginkizunak egitea, edo horretan arituta larriagotzen ahal bada.

–Edonola ere, osasun azterketan, ez da eduki behar gidabaimena ukatzeko arrazoia izan daitekeen gaixotasunik edo urritasunik (2. taldea), Gidarien Orotariko Erregelamenduaren IV. eranskinak (Beharrezko gaitasun psikofisikoak gidabaimena eskuratzeko edo haren indarraldia luzatzeko) egun duen idazketako aurreikuspenekin bat.

–Sendagaiak eta beste substantzia batzuk kontsumitzea, ibilgailuak gidatzeko edo makina edo lanabes arriskutsuak erabiltzeko gomendagarriak ez direnean edo suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasuna modu nabarmenean nahasten dutenean.

Iragarkiaren kodea: F1714385