247. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

280E/2017 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita zuntz optikoa goi tentsioko linea baten bidez eramateko proiekturako, Leire mendilerroan, Esako eta Irunberriko udal-mugarteetan. Nasertic-ek sustatu du.

2017ko uztailaren 24an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean dago sartua (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren xedea da zuntz optikoko linea bat diseinatzea, Arangoitiko telekomunikazioetako zentroa lot dadin A-21 autobiako Esako tuneletako kontrol zentroarekin, oraingo linea elektrikoaren euskarriak erabiliz.

A-21 autobiako Esako tuneletako kontrol zentroaren ondoko kutxeta batean hasiko dira proiektu honetako jarduketak, eta Arangoitiko gaineko etxola batean bukatuko (Nafarroako Gobernuarena da etxola hori). Proiektuan hiru tarte bereiz daude:

–1. tartea: hasierako lurpeko linea, 1.320 bat metrokoa, Esako udal-mugartean. Tarte honek lotura emanen dio A-21 autobiako Esako tuneletako kontrol zentroaren ondoko kanalizazioko kutxetari.

–2. tartea: aireko linea. 1.550 metro luze da, eta Esako eta Irunberriko udal-mugarteetan barna doa.

–3. tartea: bukaerako lurpeko linea, 651 metrokoa, oraingo kanalizazioaren bidez, Irunberriko udal-mugartean barna doa. Hirugarren tarteak bi hauek lotuko ditu: “DFN-Reemisor TVE” transformazio zentroa eta Arangoitiko gaineko komunikazioen zentroa.

Espedienteak aldeko txostenak jasotzen ditu, Irunberriko Udalak, Esako Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandakoak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea zuntz optikoa goi tentsioko linea baten bidez eramateko proiekturako, Leire mendilerroan, Esako eta Irunberriko udal-mugarteetan. Nasertic-ek sustatu du.

2. Baimenak honako neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Aurkeztutako agiriekin bat, linea elektrikoan aldatzen diren euskarrietan, lotzeko kateetarako erabiltzen diren isolagailuak U70YB20-AL+PECA-1000A modelokoak izanen dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretura egokitzeko. Dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren.
  • Aireko linearen zatian, hegaztiek zuntz optikoko kablearen kontra jotzeko arriskua txikitzeko, kablea balizatu eginen da: hegaztiak babesteko balizak ezarriko dira, baliza bat 15 metroko.
  • Obrak hasi aurretik, lan eremua, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak zehaztuko dira. Ahalik eta gutxien ukituko da berezko landaredia, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita. Gune horietan balizekin mugatuko da eremua.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan, bai eta ondoko lurretan ere. Obrek aldi baterako edo iraunkorki ukitutako gainazalak lur geruzaz estaliko dira; hura aldez aurretik kendu, eta behar bezala metatuko da irekitako zangen albo batean. Bertako belar hazi nahastuez ereinen dira azalera horiek.
  • Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko du zangak betetzeko erabiltzen ez den hondeaketa lurra, halakorik dagoenean.

–Hirigintza arlokoak:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

• Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari; zehazki hauei:

  • Herri-lurren Atalaren irailaren 20ko txostena. Hartan esaten da:
  • “Jarduketek herri-lurrak ukitzen dituztenez, Esako eta Irunberriko udalek lortu behar dute ukitutako lurrak okupatzeko Herri-lurren Atalaren baimena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.”
  • Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren txostenean ezarritakoa. Bere eskumenekin bat, honako determinazio hauek ezarri ditu:
  • Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian. Hartan, zehatz definituko dira NA-2113 Leire (Monasterioa) errepidea ukituko duten obrak, baimena eman dadin, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
  • Sustatzailearen kargura izanen dira lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei eta mantentze-lanei dagozkien gastuak.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar diola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Jakinarazten dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101 h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
  • Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Esako eta Irunberriko udalei, Basozaintzari (Agoizko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko azaroaren 7an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1712894