247. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

278E/2017 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita telefonia mugikorraren oinarri-estazio bat paratzeko proiekturako, Senosiaingo 8. poligonoko 138. lurzatian, Ollarango udal-mugartean. Sustatzailea Telxius Torres España SLU da.

2017ko martxoaren 24an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu da azpiegitura eraikitzea telefonia mugikorraren oinarri-estazio bat paratzeko, Senosiainerako (Ollaran) ur biltegiaren parean dagoen eremu mugatu batean. 18 metroko masta izanen du, eta hartan ezarriko dira antenak, baita ekipo erradioelektrikoetarako lauzak eta euskarriak ere, eskualde hark telefonia mugikorreko estaldura izan dezan. Oinarri-estazioak elektrizitatea izateko, 200 bat metroko hodi lurperatua izanen da, jada baden bide batean barna joanen dena, Ollarango Iraganbidean.

Espedientean jasota daude Ollarango Udalaren, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Natur Ingurunearen Plangintza Estrategikorako Atalaren txostenak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea telefonia mugikorraren oinarri-estazio bat paratzeko proiekturako, Senosiaingo 8. poligonoko 138. lurzatian, Ollarango udal-mugartean. Sustatzailea Telxius Torres España SLU da.

2. Baimenak honako neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Proiektuaren inguruetako zuhaitzak ez dira ukituko.
  • Lurraren baldintzetara eta lurreko isurketa-uretara egokituko da instalaziora iristeko sarbide berria, eta arekek hartzen duten zabalera murriztu eginen da ahal den neurrian, okupazioa gutxitzeko.
  • Ollarango Iraganbidean eroanbide elektriko lurperatua gauzatzeari dagokionez, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalaren 2017ko urriaren 3ko txostenean zehaztutako baldintzak bete beharko dira; txostena ebazpen honen eranskinean agertzen da.
  • Obrek aldatzen dituzten eremu guztiak lehengoratu beharko dira. Obrak hasten direnean, landare-lurra aterako da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra), eta bereiz pilatuko da, gero ezpondetan eta bukaerako azaleretan ezartzeko.
  • Lanak bukatutakoan obra hondakinak eta hondeaketetako soberako lurrak hondakindegi baimendu batera eramanen dira, edo kudeatzaile baten esku utziko, izaeraren arabera egoki dena, eta tokia guztiz garbituko da.
  • Obrak hasi aurretik, sustatzailea Iruñeko barrutiko basozainekin harremanetan jarriko da, ikus dezaten baimen honetako baldintzak aplikatzen direla. Horretarako, 48 lehenago abisatu eginen du posta elektroniko bidez, helbide hau erabiliz: ogfopamp7@navarra.es.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek babesa ematen die telefono mugikorreko oinarri-estazioa ezartzeari eta instalazio horretarako hargune elektrikoa jartzeari, aurkeztutako dokumentazio teknikoa oinarri harturik.
  • Herri-lurren Atalaren 2017ko uztailaren 21eko txostenarekin bat, Telxius Torres España SLU enpresak gauzatu asmo duen jarduketak Senosiaingo Kontzejuaren herri-lurrak ukituko dituenez, kontzejuak, obra-lizentzia jaso baino lehen –Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren bidez–, lursail horien desafektazioaren onespena lortu beharko du, gero proiektuaren erabilera sustatzaileari lagatzeko. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikulua eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikulua.
  • Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren 2017ko abuztuaren 31ko txostenarekin bat, okupazio espediente bat tramitatu behar da, 13/1990 Foru Legearen 29. artikuluan ezarritakoarekin bat (Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko Foru Legea), baita 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa Mendien Erregelamenduaren 50. artikuluarekin bat ere.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta. Nola antenak hala oinarrizko estazioaren itxiturek zortasun-eremu hori errespetatu beharko dute.
  • Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Ingurumenari egokitzeko betebeharra errespetatzearren, aurreikusia baitago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan, Ollarango Udalak begiratuko du eraikuntzak kanpoaldeko paramentu guztiak eta estalkia erabat bukatuak dituen, ahalik eta eragin txikiena sortzen duten formak eta materialak erabili diren, baita inguru horretan ohikoak diren koloreak ere, edo, nolanahi ere, inguru hurbilean eta paisaian hobekien integratzen laguntzen dutenak.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen babespean eginen diren jardueretarako bi urteko gehieneko epea ezartzen da horiek egin edo martxan jartzeko baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Baimendutako jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 7.500 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ollarango Udalari, Basozaintzari (Iruñeko barrutia), Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko azaroaren 3an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1712786