1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
277E/2017 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita Buñuelgo industrialdeko hondakin uren hustubidea berritzeko proiekturako. Buñuelgo, Ribaforadako eta Fustiñanako udal-mugarteetan gauzatzekoa da, eta sustatzailea Navarra de Infraestructuras Locales SA da.
2017ko maiatzaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektuan bi hustubide eraikitzea aurreikusten da. Lehenbiziko hustubidea Buñuelgo industrialdetik abiatuko da (erregistroko 53. putzua), ipar-mendebaldera; Noria parajean Aragoiko Ubide inperiala gurutzatuko du, iparraldetik segituko du, Quebrado parajean barna, eta Fustiñanako hondakin uren araztegian bukatuko da. Bigarren hustubidea Buñueldik hurbil dagoen hirigunetik abiatuko da, NA-5200 errepidearen parez pare jarraituko du, eta Oliver izeneko eraldaketarako nekazaritza-sozietatean bukatuko da.
Kolektorearen bide zortasuna 4.077 bat metro luze da 1. hustubidean, eta 413 bat metro luze 2. hustubidean; denera, 4.490 metro luze. Hustubideetarako zanga Buñuelgo, Ribaforadako eta Fustiñanako finketan barna joanen da. Gainera, 1. hustubideak erregistroko 57 putzu izanen ditu, eta bakoitzak 2 metro koadroko okupazioa izanen du. Ukitutako finka gehienak landa finkak dira, salbu 2. poligonoko 923., 909., 928. eta 926. finka katastralak eta 3. poligonoko 628. eta 629. lurzatiak –denak ere Buñuelgo udalerrian–, hirikoak baitira.
Hirigintzako bateragarritasunari buruzko txostena eskatu zaie proiektuak ukitutako udalei, baina ez da erantzunik jaso. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, lurzoru urbanizaezineko jarduerari lurralde baimena emateko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan araututako prozedurarekin bat, baina, betiere, ebazpen honetako determinazioak bete beharko dira.
Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostenaren arabera, proposamena bateragarria da lurraldea garatzeko ereduarekin eta aplikatzekoa den Lurralde Antolamenduko Planarekin (LAP 5: Ebroko Ardatza –47/2011 Foru Dekretua, 2011-07-21eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala–), baita haren determinazioekin ere. Gainera, atal horren txostenak dio azpiegiturak gurutzatzen dituela Arrisku naturaletatik babesteko lurzoruak, Urak har dezakeen eremua, 25 urteko birgertatze aldia duena, eta, oinarri harturik mota agrologikoen mapa, azpiegiturak gurutzatzen dituela natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzoru izateagatik lurzoru urbanizaezin diren lurrak, nekazaritzarako emankortasun handiko lurzoruen azpikategoria dutenak (SNUPrtEN: SECA). Azpikategoria horiei dagozkien araubideetan, ezartzen da azpiegiturak baimendu daitezkeela.
Buñuelen, Fustiñanan eta Ribaforadan indarrean diren udal planeamenduetan, proposatutako azpiegitura bateragarria da trazadurak ukitutako lurzoru urbanizaezinetako babes araubideekin.
Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, baldintzekin, behin egiaztatuta ingurumenaren aldetik bateragarria dela. Jarduketa eremua azterturik eta proiektuarekin batera aurkeztutako ukipenen azterlana kontuan hartuz, uste da ingurumen ukipen nagusiak honako hauek direla, proiektua gauzatzeko fasean: Ubide Inperiala aire zabalean gurutzatzea eta 1. hustubiderako lan eremua irekitzea, erreten baten ondoko zatian, ubidearen ondoko legartegi batetik, eta NA-5200 errepidea gurutzatzea, sasiak, elorriak eta lezkak dauden tokian. Ingurumen ukipenen azterlanean eta ebazpen honetan proposatu diren ingurumen ukipeneko prebentzio, zuzenketa eta lehengoratze neurriak aplikatuta, adierazitako inpaktuak onargarri jotzen dira.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Buñuelgo industrialdeko hondakin uren hustubidea berritzeko proiekturako. Buñuelgo, Ribaforadako eta Fustiñanako udal-mugarteetan gauzatzekoa da, eta sustatzailea Navarra de Infraestructuras Locales SA da.
2. Baimenak honako neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
- Lanek, ahal den neurrian, ubideko bi bazterretako landaredia errespetatuko dute, eta landaredi gutxien dagoen tokia bilatuko da gurutzatzeko. Lan eremuan, landaredi naturala eta laboreak dauden lurrak ukitzen direnean, behin obrak bukaturik, lurra lehengoratuko da, eta aldez aurretik kendutako eta behar bezala eta bereiz gordetako landare-lurra berriz jarriko da.
- Landaredi naturala dagoen tokietan, lan eremuko alde baterako okupazio-zerrenda balizatu eginen da, eta, betiere, ahalik txikiena izanen da. Helburua da landarediaren aztarna hauek kontserbatzea hain antropizazio handiko tokian, nitxo bakarrak baitira biodibertsitaterako eta faunaren babeslekurako.
- Obrak hasi baino 5 egun lehenago Tutera eremuko Basozaintzari abisatu beharko zaio (tel: 948 847 033 edo 609 904 957, ogfotude12@cfnavarra.e), obrak gainbegira ditzan.
- Obra egin aurretik, basozainek egin beharreko laginketak eginen dituzte mehatxupean diren bibalbioak babesteko. Orobat, aldez aurretik tokia ikuskatuko da, egiaztatzeko eta segurtatzeko ez direla ukituko kontuan hartu beharreko faunako espezieak.
- Ez da jarduketarik hasiko harik eta prospekzioa bukatu eta egoki diren neurriak hartzen diren arte kontuan hartu beharreko faunako espezieak babesteko.
- Proiektuak ukitutako erretenetan bisoi europarra eta apoarmatu istilzalea izan daitezkeenez, bi espezie horientzat kritikoa ez den alditik kanpo eginen dira sasi garbiketa eta lur mugimenduak, hots, apirilaren 1etik abuztuaren 30erako alditik kanpo. Lanak aldi horretan egin nahi izanez gero, erabaki horren berri emanen zaio Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, eta justifikatuko, hark oniritzia eman dezan, egoki bada.
- Ukitutako tartean, Ingurumen ukipenen azterlanean proposatutako landaketak eta ereiteak eginen dira landaredi naturalarekin eta zurezko laboreekin, eta segurtatuko da, gainera, ezarri eta 2 urtez gutxienez mantenduko direla.
- Ubideko ohatzetik ateratzen diren lohiak eta lurrak eta ukitutako tarteko eraispen-hondakinak eta obrek eragindako bestelako hondakinak behar bezala kudeatu eta kenduko ditu hondakin kudeatzaile baimendu batek.
–Hirigintza arlokoak.
- Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak saneamendu sarera lotzea.
- Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren 2017ko abuztuaren 3ko txostenarekin bat, lurzoruak nekazaritzarako duen gaitasunari ahalik eta gehien eusteko, baimena jasotzeko, beharrezkoa izanen da eskatzaileak konpromisoa hartzea lurzorua berriz ere egokitzeko, behin zanga bete ondoan. Horrenbestez, udalak, lizentzia eman aurretik, sustatzaileari eskatuko dio konpromiso hori adierazten duen aitorpena egin dezala.
- Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (hots, errepideak, bide publikoak, ibilgu publikoak eta beste), sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik; bereziki behar da Ebroko Konfederazio Hidrografikoari dagokion baimena.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Buñuelgo, Ribaforadako eta Fustiñanako udalei, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko azaroaren 2an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1712650