1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
538/2017 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “AM273185e Olaibarko (Olaitz, Olabe eta Enderitz) eta Ezkabarteko hornidura (Eusa)” izeneko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren abuztuaren 16ko 324/2017 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren aipatu proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hamabost egunez.
Epe hori iraganik, alegazioak aurkeztu direla ikusita, proiektua erredaktatu duen Iruñerriko Mankomunitateak txosten bat eman du erantzuteko, espedientean sartu dena eta hauxe adierazten duena, laburrean:
1.–Laureano Yaben Elizaga jaunak, bere izenean eta bere senideenean, Ezkabarteko 13. poligonoko 385. lurzatiaren (EZ-27) jabeak diren aldetik, honakoa alegatzen du,
Trazadura bere finkaren erditik pasatzen da; finkan ureztatzeko sarea eta berotegiak daude, eta zati bat hesiturik dago. Hesitzeko asmoa du, eta jakin nahi du ur kondukzioaren trazadurak nolako ukipenak izanen lituzkeen. Trazadura aldatzea proposatzen dute, finketara sartzeko bidean barna eramateko edo, hori posible ez bada, bidetik ahalik eta hurbilen.
Trazadura aldatzea onartzen da, baina N-121 errepidearen ukipen eremuak eta auzo-bidearen zortasun eremuak mugatuko dute.
2.–Carlos Manuel Cordeiro Rodrigues eta Lisdalia Meirinho Claro jaun-andreek, Ezkabarteko 13. poligonoko 384. lurzatiaren (EZ-28) jabeak diren aldetik, honakoa alegatzen dute,
Hodia haien lurzatiaren erditik pasatuko litzatekeela, eta proposatzen dute bidetik ahalik eta hurbilen eramatea, edo bidean barna joatea, errepidearekin paralelo.
Trazadura aldatzea onartzen da, baina N-121 errepidearen ukipen eremuak eta auzo-bidearen zortasun eremuak mugatuko dute.
3.–M.ª Rosario Gurbindo Mariñelarena andreak eta Daniel Paternain Cadena jaunak, hurrenez hurren Olaibarko 3. poligonoko 328. lurzatiaren (OL-03) jabea eta laboraria diren aldetik, alegatzen dute, V07T02 kutxetaren kokapena aldatu eta 327. lurzatiarekiko mugaren ondoan jartzea eskatzen dute, edo kontrako aldean, 329. lurzatiarekiko mugan, oraingo kokapena traba handia delako nekazaritza lanetarako.
Aipatutako kutxeta tokiz aldatzea onartzen da, baina Olaibarko 3. poligonoko 328. lurzatiaren barruan jarriko da.
Bestetik, proiektua erredaktatu duen Iruñerriko Mankomunitateak adierazi duenez, hobekuntza tekniko bat egin behar da proiektuan: presio-erreduktore bat eramatea OL-34 finkatik (Olaibarko 3. poligonoko 2. lurzatia) OL-48 finkara (Olaibarko 2. poligonoko 187. lurzatia). Hori dela eta, OL-34 finkan 5,52 m²-ko kutxeta bat jarriko litzateke, eta OL-48 finkan, berriz, 2 kutxeta, guztira 31,47 m²-ko okupazioarekin. Finka horien jabeek adierazi dute ados daudela aldaketa horiekin.
Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. “AM273185e Olaibarko (Olaitz, Olabe eta Enderitz) eta Ezkabarteko hornidura (Eusa)” izeneko proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea, eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Olaibarko eta Ezkabarteko herriko etxeetako iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.
3. Ebazpen hau Olaibarko eta Ezkabarteko udalei, alegatzaileei eta aldaketak izan dituzten finken titularrei jakinaraztea. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2017ko abenduaren 15ean.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.
Iragarkiaren kodea: F1714659