1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
534/2017 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” eta “zoladurak sareekin” ataletan sar daitezkeen inbertsioen behin betiko zerrenda.
2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana osatzen dute arau horretan aurreikusitako jarduketek, Toki Programazioaren atalean jasotakoek, besteak beste. Zehazki, 11. artikuluko A) eta B) apartatuetan ezartzen duenez, atal horretan sartuko dira, beste inbertsio batzuekin batera, hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareetan egin beharrekoak eta zoladurak sareekin egiteari dagozkionak.
2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 15. artikuluak, II. kapituluko Toki Programazioa izeneko bigarren atalaren barnekoak, prozedura ezartzen du Toki Programazioaren atalari dagozkion inbertsioak onartzeko eta horietarako gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatzeko.
Lehen atalean xedatzen duenez, Toki Inbertsioen Planeko Toki Programazioaren atalean sartzeko eskaerak bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira foru lege horrek indarra hartzen duen egunetik. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, inbertsioak hautatu eta lehenetsi ondoren, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren abuztuaren 28ko 347/2017 Ebazpenaren bidez (2017ko 175. NAO, irailaren 11koa) onetsi zen Toki Programazioaren atalean sartuta dauden eta aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzen ahal diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareei dagokiena eta zoladurak sareekin egiteari dagokiona; halaber, ebazpen horren bidez, erreserbako inbertsio eskaeren behin-behineko zerrenda eta foru lege horren beharkizunak ez betetzeagatik onartu ezin diren eskaeren behin-behineko zerrenda onetsi, eta alegazioetarako hamabost egun balioduneko epea ireki zen, argitalpenaren egunetik hasita, 2017ko urriaren 2an amaitu zena.
Guztira 70 alegazio aurkeztu dira (bat epez kanpo), eta espedientean jasota dago Toki Azpiegituren Zerbitzuaren txostena, 2017ko azaroaren 23koa; hartan, toki entitateek ebazpen honen 4. eranskinari jarraituz aurkeztutako alegazioak aztertu egiten dira.
Txosten horretan proposatzen da 1.288.516,78 euroko behin betiko erreserba egitea aurrekontuan, hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareei dagokien atalaren barnean, eta 1.644.045,14 euroko behin betiko erreserba egitea, berriz, zoladurak sareekin egiteari dagokion atalaren barnean; horrela, behin-behineko erreserba, behin Toki Programazioari dagozkion inbertsio guztiak behin betiko ebatzitakoan, 5.568.297,00 eurokoa izanen da; diru horrekin larrialdietako eskaerei eta haien inbertsio osagarriei erantzunen zaie, Inbertsio Programetako eta Toki Programazioko inbertsioen salbuespeneko araubidea finantzatuko da, eta, Toki Programazioko inbertsioetarako gehieneko diru ekarpena ezartzeko unean izan dezakeen igoera ordainduko da, ehuneko 10ekoa gehienez ere; hori guztia 18/2016 Foru Legearen 4.2 eta 4.3 artikuluetan, Toki Programazioaren atalean aurreikusitakoarekin bat.
18/2016 Foru Legearen V. eranskineko 1. A) eta B) ataletan jasotako baldintzei egokitzen zaie proposamena. Bertan arautzen da zer oinarri erabili zenbateko lagungarria kalkulatzeko, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” eta “zoladurak sareekin” kontzeptuengatik. Foru lege horren 12. A) eta B) artikuluan araututako jarduketak hartuko dira lagungarritzat.
18/2016 Foru Legearen 14. artikuluan ezartzen denez, hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareei eta zoladurak sareekin egiteari dagozkien jarduketetan, zenbateko lagungarrirako gehieneko ekarpen ekonomikoaren ehunekoa, BEZa kanpo, %85 izanen da BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen ez duten inbertsioetan, eta %70, berriz, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten inbertsioetan.
Espedientean Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren eta Toki Antolamendurako Zerbitzuaren txostenak daude, 2017ko azaroaren 28koak, Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamena berresten dutenak.
Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritakoarekin bat, bidezkoa da 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren barrenean, “hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak” eta “zoladurak sareekin” ataletan sar daitezkeen inbertsioen behin betiko zerrenda eta urtez urteko banaketa onestea.
Horregatik guztiagatik, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Onestea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren atalean, hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareei dagokienez sartuta dauden eta aurrekontuko kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren 64 inbertsioren behin betiko zerrenda, eta, horrekin batera, urtez urteko banaketa. Inbertsioa, guztira, 15.410.689,04 eurokoa da (BEZa kanpo). Zerrenda eta urtez urteko banaketa 1.1. eranskinean jaso dira.
2. Onestea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren atalean, zoladurak sareekin egiteari dagokienez sartuta dauden eta aurrekontuko kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren 52 inbertsioren behin betiko zerrenda, eta, horrekin batera, urtez urteko banaketa. Inbertsioa, guztira, 14.813.201,79 eurokoa da (BEZa kanpo). Zerrenda eta urtez urteko banaketa 1.2. eranskinean jaso dira.
3. Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareei dagokienez erreserban dauden 267 inbertsio eskaeraren behin betiko zerrenda onartzea. Puntuazioaren arabera ordenatu dira 2.1. eranskinean.
4. Zoladurak sareekin egiteari dagokionez erreserban dauden 144 inbertsio eskaeraren behin betiko zerrenda onartzea. Puntuazioaren arabera ordenatu dira 2.2. eranskinean.
5. Hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareei dagokienez onartu ezin diren 16 inbertsio eskaeraren behin betiko zerrenda onestea, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik. 3.1. eranskinean jasotzen da.
6. Zoladurak sareekin egiteari dagokionez onartu ezin diren 44 inbertsio eskaeraren behin betiko zerrenda onestea, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik. 3.2. eranskinean jasotzen da.
7. Behin betiko 5.568.297,00 euro erreserbatzea, Toki Programazioaren atalean, 4.3 artikuluan Inbertsioen Planetako jarduketetarako eta Toki Programaziorako adierazitako erreserbei eta 4.2 artikuluan Toki Programaziorako adierazitakoei erantzuteko helburuarekin.
8. 2017rako eta 2018rako aurreikuspenen arabera aurrekontuko kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren inbertsioen zerrendako toki entitateek, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean, abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen IV. eranskineko 4. atalean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute. 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen du foru lege horrek. 2019an egin beharreko inbertsioen kasuan, dokumentazio hori 2018ko lehen hiruhilekoan aurkeztu beharko da.
9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
10. Halaber, ebazpen honen aurka toki entitate interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2017ko abenduaren 5ean.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.
1. ERANSKINA
1.–Aurrekontuan dagoen kredituaren kargura finantzagarriak diren inbertsioen behin betiko zerrenda, sareen atalekoa, eta horien urtez urteko banaketa.
2.–Aurrekontuan dagoen kredituaren kargura finantzagarriak diren inbertsioen behin betiko zerrenda, zoladuren atalekoa, eta horien urtez urteko banaketa.
2. ERANSKINA
1.–Erreserbako inbertsioen behin betiko zerrenda, sareen atalekoa, puntuazio-ordenaren arabera.
2.–Erreserbako inbertsioen behin betiko zerrenda, zoladuren atalekoa, puntuazio-ordenaren arabera.
3. ERANSKINA
1.–18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen behin betiko zerrenda, sareen atalekoa.
2.–18/2016 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik onartu ezin diren inbertsioen behin betiko zerrenda, zoladuren atalekoa.
4. ERANSKINA
Alegazioen balorazioa.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1714077