1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
274E/2017 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Agoitz-Nagore partikularra eta Ustaize-Zaraitzu Ibarra linea elektrikoak batzeko eta ebakitze zentro berria egiteko proiektuari, Jaurrietako eta Abaurregaineko udal mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola DESAU da.
Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Gaur egun, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk badu 20 kV-eko aireko linea bat, Ustaize-Zaraitzu Ibarra izenekoa, Zaraitzu Ibarrean elektrizitatea hornitzen duena. Bestalde, Electra Saltea SL enpresak badu 20 kV-eko aireko linea bat Aezkoan. Proiektuan jasotako jarduketaren helburua da zerbitzuaren kalitatea hobetzea inguru horretan, eta, horretarako, 20 kV-eko aireko linea bat eraiki gogo da, aipatu lineak lotuko dituena eta, beharrezkoa bada, erabiltzen ahalko dena inguru horretako hornidura elektrikoa gutxiagotan eten dadin.
Ebaluatu den proiektuak aireko linea trifasiko bat jasotzen du, zirkuitu bakunekoa eta 20 kV-ekoa, 6,55 km ingurukoa. Electra Saltea enpresak instalatuko duen zatia 20 kV-eko aireko linea trifasiko bat izanen da, 550 metroko luzerakoa. Iberdrolak instalatuko duen zatian, 20 kV-eko aireko linea trifasiko bat, 6 km-ko luzerakoa, 150 m-ko lurrazpiko linea bat eta 33 m² inguruko ebakitze zentro bat izanen dira.
Lineak zeharkatzen duen eremuan larreak daude batez ere, bai eta, tartean behin, zuhaixkak (hurriztiak-elordiak, elordiak ezpelarekin) eta arboladiak ere, batez ere pagadiak eta pinudiak (Pinus sylvestris), beste zuhaitz espezie batzuekin batera, hala nola astigarra eta ametz ilaunduna. Proiektuak bere osotasunean hartzen duen eremuari aplikatzekoa zaio abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baitira hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak.
2017ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 23koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunean. Epe horretan ez da alegaziorik jaso.
Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Agoitz-Nagore partikularra eta Ustaize-Zaraitzu Ibarra linea elektrikoak batzeko eta ebakitze zentro berria egiteko proiektuari, Jaurrietako eta Abaurregaineko udal mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola DESAU da.
2. Baimenak honako neurri hauek aplikatzera behartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Obrak uztail eta urri bitartean eginen dira, biak barne, hilabete horietan ugaltzen baitira eremu horretako zenbait animalia espezie.
–Ingurumen ukipenen azterlanean proposatutako tarteak ez ezik, 34. eta 36. baoen artekoa ere balizatu behar da. Hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu behar dira; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.
–Lokailu-euskarri guztietarako, U70YB20 AL modeloa + PECA 1000 elementua erabili behar da, eta ez U70YB20 AC modeloa + PECA 1000 elementua, proiektuan adierazi bezala.
–Angelu-euskarri metalikoetan (lokailua), linea nagusiko eroale zentraleko zubi lasaia isolatu behar da. Horrelako euskarrietan, halaber, lokailu-grapa isolatu behar da, bai eta kable eroalea ere, halako moldez non isolatu gabeko elementu eroalearen eta gurutzetaren arteko gutxieneko distantzia metro 1ekoa izanen baita.
–Proiektuan jasotako lerrokadura-euskarrietan, nola lokailu motakoetan hala suspentsio motakoetan, eroale zentraleko zubi lasaia isolatu behar da.
–Deribazio-euskarrietan, proiektuan jasotako deribazio-euskarriak ez ezik, linea nagusiko zubi lasaiak ere isolatu behar dira.
–Ingurumena zaindu eta kontrolatzeko plan bat beteko da, neurri zuzentzaileak aplikatzeko eta linea elektrikoak faunaren eta floraren gainean dituen eraginen jarraipena egiteko. Gorabehera berezirik agertu ezean, Ingurumena Zaindu eta Kontrolatzeko Planak hiru urteko iraupena izanen du, instalazioa martxan jartzen denetik hasita. Obra bukaerako txostena aurkeztu beharko da, non gorabehera aipagarri guztiak zehaztuko baitira obrak ingurumenean sortutako ukipenei eta obrak egiteari dagokienez, aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honen arabera (lotzeko isolagailuak, zubi lasaiak isolatzea, eta abar). Halaber, hiru hilean behin eginen dira ikuskapenak funtzionamenduaren lehenbiziko urtean, eta sei hilean behin, berriz, hurrengo bi urtean. Ikuskapen bakoitzaren ondoren, bi hilabeteko epean, txosten tekniko bat eginen da eta sustatzaileak Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari emanen dio. Bertan azalduko da nolako aplikazioa eta eraginkortasuna izan duten neurri zuzentzaileek, zein izan daitezkeen faunaren eta floraren gaineko eraginak eta zer neurri berri har daitekeen gelditu diren eragin txarrak gutxiagotzeko.
–Zuhaitzak moztu aurretik, beharrezkoa izanen da Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Pirinioaldea Kudeatzeko Atalaren baimena lortzea.
–Abelbideen gaineko ukipenari dagokionez, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalaren 2017ko maiatzaren 8ko txostenean zehaztutako baldintzak bete beharko dira; txostena ebazpen honen eranskinean agertzen da.
–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, abisua eman beharko zaio Aezkoa-Kintoa barrutiko Basozaintzari (Tel.: 686 502 927; e-maila: ogfoaequ2@cfnavarra.es) eta Erronkari-Zaraitzu barrutikoari (Tel.: 699 307 698; e-maila: ogforosa3@cfnavarra.es) eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es), lanen zuinketa eta obrak gainbegiratu ditzaten.
Hirigintza arlokoak:
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak sare elektrikora lotzea.
–Bat etorriz Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko martxoaren 2ko txostenean adierazitakoarekin:
a) Aireko lineari eusteko dorreak ukitutako errepidearen galtzada zedarritzeko kanpoko lerrotik bereiz egonen dira. Tarte hori, gutxienez, dorreen garaieraren parekoa izanen da. Foru Komunitatearen intereseko errepideetan (NA-140 halakoxea da), ezin da inola ere 25 metrotik beherako tarterik utzi, halako eran non eroriz gero ez baitu galtzada ukituko.
b) Errepideen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean geratu beharreko gutxieneko garaiera librea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eskatutakoa izanen da, eta ez da inola ere 7 metro baino gutxiagokoa izanen ukitutako errepidean.
c) Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar de eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, Nafarroako Errepide Sarean ukitzen dutena azalduz, eta goian ezarritako determinazioak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.
d) Sustatzailearen kargura izanen dira dokumentazio teknikoa prestatzeari, lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei dagozkien gastuak.
–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar diola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Jakinarazten dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101 h artikulua aplikatuz.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.
–Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua bost urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 20.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Jaurrietako eta Abaurregaineko udalei, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari, Basozaintzari (Aezkoa-Kintoa eta Erronkari-Zaraitzu barrutiak) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2017ko urriaren 25ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1712472