245. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

765E/2017 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren urbanizazio proiektua, eremuko Konpentsazio Batzordeak sustatua, Baztango udal mugartean.

Esparrua zuzentzen du Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialak, Palacio de Arozteguia SL merkataritzako enpresak sustatua. Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 20ko Erabakiaren bidez onetsi zuen behin betiko, eta hura 2015eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 5ean. Horri buruzko araudia Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren uztailaren 8ko 616/2015 Ebazpenaren bidez argitaratu zen (2015eko 138. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 17koa).

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 26an emandako 1257E/2016 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren urbanizazio proiektua, eremuko Konpentsazio Batzordeak sustatua, Baztango udal mugartean, honako determinazio honekin:

a. Sustatzaileak txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko du, baita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2016ko irailaren 14ko txostenaren E atalean ezarritakoa ere. Txosten horiek ebazpen honekin batera igortzen dira.

Ebazpen hori prentsan argitaratu zen 2016ko abenduaren 9an, bai eta 2016ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, azaroaren 28koan. Espedientea hogei egunez egon zen jendaurrean, eta, aldi berean, ukitutako udalei entzutea eman zitzaien.

Honako alegazio idazki hauek aurkeztu dira, eta horietarako erantzunak ebazpen honen eranskin gisa gehitu dira:

1. alegazioa. Baztango Udaleko alkate Joseba X. Otondo Bikondoak aurkeztua.

2. alegazioa. Etxalarko Udalak aurkeztua.

3. alegazioa. Ultzamako Udalak aurkeztua.

Sustatzaileak aurkeztu du urbanizazio proiektua osatzen duen dokumentazioa 2017ko martxoaren 6an, ekainaren 7an, abuztuaren 31n eta irailaren 27an.

Urbanizazio proiektua bat dator uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren araudian eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoarekin.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagozkio urbanizazio proiektuaren tramitazioa eta onespena, harena baita eskumena lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko gaietan, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat, Udalez gaindiko Plan Sektorial bat gauzatzeko tresna delako.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren urbanizazio proiektuari aurkeztutako alegazioak tramitaziorako onartzea eta ebaztea, ebazpen honen eranskinean azaldutako terminoetan.

2. Behin betiko onestea Lekarozko Aroztegiko jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatu eta gauzatzen duen urbanizazio proiektua, 1. sektoreko Konpentsazio Batzordeak Baztango udal mugartean sustatua.

3. Adieraztea obrak hasteko eta bukatzeko egunak garaiz emanen zaizkiela aditzera Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Baztango Udalari, azken erakunde hori arduratuko baita urbanizazio obren jarraipena egiteaz eta horiek amaitutakoan hartzeaz.

4. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Bereziki, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoak, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak eta Nilsak 2016ko apirilaren 22an, maiatzaren 23an eta maiatzaren 3an, hurrenez hurren, emandako txostenetan horretarako xedatu dutenari jarraituko zaio.

5. Adieraztea, obrak gauzatzean hondar arkeologikorik agertuz gero, haien berri eman beharko zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

6. Adieraztea ezen UMH-01 unitate morfologikoko eraikinen oinarrizko proiektuek eta exekuzio proiektuek justifikatu beharko dutela Eraikingintzaren Kode Teknikoko suteetarako Oinarrizko Segurtasun Dokumentuaren (DB-SI 5) 5. atalean jasotzen diren ingurune eta hurbilketa baldintzak betetzen dituztela.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Babes Zibilerako Zerbitzuari, NILSAri, Baztango Udalari, alegatzaileei eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko azaroaren 28an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Horretarako gaitutako epearen barnean eta 2016ko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 28koan, hasiera batean onesteko ebazpena argitaratu ondoren, bi alegazio idazki jaso ziren.

2017ko urtarrilaren 16an, hau da, jendaurreko alditik kanpo, beste alegazio idazki bat jaso zen. Administrazioak eraginkortasunez eta herritarrei zerbitzua emateko jardun behar duenez, egokia da idazki hori baloratu eta erantzuna ematea.

Ondoren, Salvador Urbistondo Arotzarena jaunak, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren Konpentsazio Batzordearen izenean, alegazio txostena aurkeztu zuen, 2017ko martxoaren 6ko eskabide-orriaren bidez (dok. zk.: 141413). 2017ko ekainaren 7an, sustatzaileak “2017/04/21eko txosten teknikorako erantzuna” izeneko dokumentua aurkeztu zuen, alegazioei buruzko justifikazioak biltzen dituena, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2017ko apirilaren 7an egindako errekerimenduari erantzuteko.

Bai aurkeztu diren alegazioak bai sustatzaileak horiei emandako erantzuna aztertu ondoren, aurkeztutako hiru alegazioak laburbildu eta horiei erantzuten zaie jarraian:

1. alegazioa.–Baztango Udaleko alkate Joseba Otondo Bikondoak 2016/12/01ean aurkeztua.

Ulermena errazteko asmoz, aurkeztutako alegazio idazkiaren egiturari eutsi zaio, jatorrizko hiru atalak bereizita eta horietako bakoitzaren zenbakia errespetatuta.

I. atala.–Hitzaurrea.

Edukia: Hasteko, alegatzaileak adierazi du bere ustez zein diren urbanizazio proiektuak bildu behar dituen dokumentuak eta horiek bete behar dituzten ezaugarriak, eta oraingo proiektuak horri buruzko hutsuneak dituela esan du.

Gainera, pertsona askok irakurri eta interpretatu behar dutela esan du, eta idazleei leporatu die zirkunstantzia horren gaineko kontzientziarik eza. Horren harira, honako hau adierazi du: proiektua “batzuetan anbiguoa, zalantzagarria eta nahasia da, eta omisio larriak agertzen ditu”.

Amaitzeko, alegatu du “egileek Baztango udalerriko gehiengo euskaldunarekin agertzen duten enpatiarik eza, bertan euskara hizkuntza koofiziala dela 1986tik”.

Erantzuna: Aurkeztutako urbanizazio proiektuan honako hauek jasotzen dira: “obren ezaugarriak deskribatzen dituen memoria bat, hiriaren barrenean duten kokapen planoa, xehetasun nahiz proiektu planoak, neurketak, prezioen taulak, aurrekontua, eta obra eta zerbitzuetako baldintza-agiria”.

Beraz, idazkiak alegatzen diren dokumentuen hutsuneen inguruan zehaztasunik ematen ez duenez, edukia nahikotzat jotzen dae, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 134.3 artikuluarekin bat etorrita.

Proiektuaren anbiguotasunari eta argitasunik ezari dagokienez, sustatzaileak honako hau alegatu du: “hura onestean eta exekutatzean esku hartzen duten eragile guztiek (administrazio jardulea-Nafarroako Gobernua, obren zuzendari diren teknikariak eta enpresa urbanizazitzailea/urbanizazitzaileak) ongi ulertu eta interpreta dezakete, dokumentazioa irakurri eta interpretatzeko gai baitira.”

Proiektua idazteko aukeratutako hizkuntzari dagokionez, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 6. artikuluak hau dio: “Aitortu egiten da herritar guztiek administrazio publikoekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela, ondoko kapituluetan ezarritako eran”.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II. atala.–Dokumentuen hutsuneak.

II.1. atala.–“4 dokumentu nagusietako 3ren izenak okerrak dira, eta horietako bakar batek ere ez du zenbakirik. ‘Urbanizazioaren memoria’, ‘Baldintza-agiria’ eta ‘Neurketak eta aurrekontua’ tituluen ordez, hitzaurrean aipatutako izenak erabili beharko lirateke, dagokien zenbakia ere adierazita.”

Erantzuna: Sustatzaileak alegatutakoari aurka egiten dio, eta defendatu du “erabilitako izenak zuzenak eta ohikoak direla mota horretako proiektuetan, eta ez dagoela zertan ordeztu edo nolabait zenbakitu.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II.2. atala.–“Deskripzio-memoriak ez du biltzen ez obren aurrekontua ez horiek gauzatu behar dituen kontratistari eskatzen zaion sailkapena. Irisgarritasunaren arloan indarra duen legedia betetzeari buruzko justifikazioa gehiegizkoa da, argi eta garbi, eta ez da egokia. Eranskin batean adieraziz gero, hobeto legoke. 11. atalak 3 urteko exekuzio epe jarraia aipatzen du, eta tarte zabalagoa egonen da, urbanizazioa faseka egiten bada, horri buruzko informazio gehiago eman gabe. Obra isolatuak egiteko faseen epeak adierazi beharko lirateke, gutxienez. 12. atalak ez ditu planoak jotzen proiektuaren dokumentutzat, eta hori harrigarria da, benetan.”

Erantzuna: Haren hedadura ikusita, urbanizazio proiektua hainbat dokumentu eta eranskinetan banatzen da, hura irakurtzen eta interpretatzen laguntzeko, baina horiek guztiak batera hausnartu behar dira. Horren ondorioz, legez eska daitekeen dokumentazioa egon badagoela frogatzen bada, ez da garrantzitsua hura non dagoen. Hizpide dugun kasuan, proiektuak “Neurketak eta aurrekontua” izeneko dokumentua biltzen du. Hori dela eta, ez da beharrezkoa memorian hori errepikatzea.

Kontratistaren sailkapenari dagokionez, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 165.6 artikuluak honako hau xedatzen du: “Konpentsazio eta birzatiketa batzordeak, administrazio publikoaren entitate laguntzaileak diren aldetik, botere adjudikazio-emaile gisa hartzen dira kontratazio publikoari buruzko araudiaren ondorioetarako, urbanizazio obra publikoa exekutatzen duten neurrian”.

Horri dagokionez, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza araudiaren 19.7 atalaren arabera, urbanizazioa “jabari eta erabilera publikokoa da, nahiz eta kontserbazio pribatukoa izan”.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroan ezin da eskatu Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 65. artikuluan ezarritako enpresa sailkapena; beraz, enpresen kaudimenari dagokionez, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak ezarritakoari jarraituko zaio.

Horrenbestez, nahiz eta ezin daitekeen eskatu urbanizazio proiektuak kontratistaren sailkapenik biltzea, kontuan hartu behar da Konpentsazio Batzordeak, kontratazio publikoaren arloan indarra duen araudiaren pean dagoenez, bidezko adjudikazio prozesuan jaso beharko dituela baliabide batzuk, urbanizazio obren adjudikazio-hartzailearen kaudimena frogatzeko eskatuko direnak.

Irisgarritasunaren arloko legedia betetzeari buruzko justifikazioa eskatzen dute bai Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 134.4 artikuluak bai Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza araudiaren 19. atalak.

Faseen denbora programazioaren harira, memoriaren 12. atala aldatu da, eta denbora balioespen orientagarriak gehitu dira horietako bakoitzerako.

Amaitzeko, akats baten ondorioz memoriaren 14. atalak planoak agertzen ez zituela ikusita, behin betiko onesteko aurkeztu den proiektuak omisio hori zuzendu du.

Proposamena: Alegazioa partez baiestea. Orientazio ondorioetarako, exekuzio aldia azpibanatzen da, eta 14. atala zuzentzen da, planoen aipamena gehituta.

II.3. atala.–“Ez dago geologia eta geotekniari buruzko eranskinik. Ez dago hori ulertzerik proiektatutako obren izaeragatik, horietako asko egiturak direlako.”

Erantzuna: Geologia eta geotekniari buruzko azterlana 2016/07/05ean gehitu zen, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2016/05/02an egindako errekerimenduari erantzuteko, espedientea hasiera batean onetsi baino lehen. Behin betiko onesteko aurkeztu den proiektuan, azterlan hori 13. eranskina da.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II.4. atala.–“Ez dago obrari buruzko planik, eranskin hori beti agertu behar bada ere. Bertan, ia beti Gantt-en diagrama baten bidez, obretarako aurreikusitako programazioari, kapitulu bakoitzaren iraupenei, fasekako exekuzio epeei (horiek baldin badaude) eta guztirakoari jarraitzen ahal zaie.”

Erantzuna: 2017/09/27an, sustatzaileak obrari buruzko plana aurkeztu du, kronograma eta Gantt-en diagrama biltzen dituena. Beraz, urbanizazio proiektuaren edukira gehitu da.

Proposamena: Alegazioa baiestea.

II.5. atala.–“Ez dago prezioen justifikazioari buruzko eranskinik. Ekimena pribatua eta ez publikoa den arren, proiektuaren garrantziak hori gomendatzen du, ia beharrezkoa dela. Gardentasunari jarraikiz, ongi legoke material, makina eta laneskurako hartutako prezioak jakitea, baita azken horiek indarreko hitzarmenean ezarritakoa betetzen dutela frogatzeko ere. Gainera, ondoren aurrekontuan agertuko diren prezioak kalkulatzeko, zuzeneko kostuei aplikatuko zaien zeharkako kostuen ehunekoa eranskin honetan kalkulatzen da.”

Erantzuna: Aurrekontuaren egitura birplanteatu da, honako hauek bereizita: “Prezioen 1. taula”, “Prezioen 2. taula” eta “Neurketak eta aurrekontua”.

Proposamena: Alegazioa baiestea.

II.6. atala.–“Ez dago azterlan hidraulikorik, proiektatutako obrek ibilgu publikoekin (Labadero eta Telleria errekak) legeen barnean elkarreragiten ote duten zehaztea ahalbidetzen duenik. Ez dakigu zubietako taulek derrigorrezko babeslekuak betetzen dituzten, haietako horma-bularrek lehentasunezko fluxu guneak libratzen dituzten edo 100 urteko birgertatze-aldia duten egungo orbanen barnean betelanik ote dagoen, hiru adibide aipatzeagatik. Gai horiek guztiak proiektuan falta den eranskin batean jaso beharko lirateke.”

Erantzuna: Konpentsazio Batzordeak defendatzen du “alegazioaren arabera ez dauden azterlan eta determinazio guztiak Udalez gaindiko Plan Sektoriala onesteko espedientearen zati direla.” Gainera, honako hau adierazten du: “uholde-arriskuaren eta birgertatze-aldien kalkuluetatik datozen determinazioak [...] hirigintza araudian jaso, eta urbanizazio proiektuan idatzi ziren hitzez hitz. Bereziki, errespetatutako determinazioen artean, hauxe aipatzen du: “eskatzen den eremuko lurraren profilen aldaezintasuna, hirigintza araudian jasotzen dena”.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II.7. atala.–“6. eranskinak 3 agiri ezberdin ditu: lehenbizikoa erdi eta goi tentsioko aireko linea elektrikoei buruzkoa da, bigarrena transformazio zentroei buruzkoa, eta hirugarrena, berriz, erdi eta behe tentsioko lur azpiko linea elektrikoei buruzkoa. Ez da egokia horiek eranskinean sartu izana, haien jatorrizko lekua proiektuaren baldintza tekniko partikularren agiria baita. Gauza bera esan daiteke 5. eranskinean gehitu den argi publikoei buruzko agiriari buruz.”

Erantzuna: 2. alegaziorako erantzunean edukiaren kokapenaren garrantzirik ezari buruz xedatutakoari lotu zaio. Are gehiago, sustatzaileak honako hau defendatzen du: “Proiektua eta haren osaera zuzenak dira, enpresa elektrikoak bakarrik ukitzen dituzten berariazko agiriak baitira, eta agiri orokorrean gehitzeak (legeak ez eskatzeaz gain) ez dakar inolako abantailarik. Izan ere, proiektuaren dokumentazio osoa ‘osotasun’ zatiezina da.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II.8. atala.–“Ingurumena zaintzeko planak edo 9. eranskinak ez du inolako aurrekonturik. Hori bildu beharko luke, baita exekuzio faseen zehaztapena ere.”

Erantzuna: Ingurumena zaintzeko planetik datozen kontrolerako esku-hartzeen kostua aurrekontu orokorrean agertzen da (20. kapituluan, hain zuzen).

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak 2017/03/31n emandako txostenetik ondorioztatzen da “ingurumena zaintzeko teknikari espezialista batek obrak kontrolatzeko egindako esku-hartzeak 6.600 euroko aurrekontua daukala. Lortzeko modua edozein dela ere, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak uste du aurrekontu horrek berma dezakeela bai Ingurumena Zaintzeko Plana, bai ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak betetzen direla eta obra gauzatzen den bitartean gerta daitezkeen ingurumen gorabeherei aurre egiten diela.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II.9. atala.–“Eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketari buruzko 10. eranskinak sortzen diren azpiproduktuen zenbaketa orokorra baino ez du ematen, baina, egia esan, faseen zehaztapena agertu beharko luke, aurrekontuan (4. dokumentua) ondoren berresten dena.”

Erantzuna: Horri erantzuteko, Konpentsazio Batzordeak hauxe adierazten du: “10. eranskinak behar bezala zehaztu du aurrekontuaren zehaztapena. Beraz, ez da beharrezkoa xehetasun guztiak aurrekontu orokorrean agertzea, asmoa datuak errepikatzea izan ezean.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II.10. atala.–“11. eranskinak jasotzen duen segurtasun eta osasun azterlanak ez du aurrekonturik, aurkibidean hori iragartzen bada ere. Aurreko kasuan bezala, fasetan banatuta agertu beharko litzateke, ondoren aurrekontuan (4. dokumentua) dagoen zifraren euskarri gisa.”

Erantzuna: Segurtasun eta osasun azterlanaren kostua aurrekontu orokorrean agertzen da (19. kapituluan, hain zuzen). Aurrekoa gorabehera, egia da 11. eranskinak jasotzen duen segurtasun eta osasun azterlanaren aurkibideak bertan agertzen ez den aurrekontu bat aipatzen duela 5. atalean, akats baten ondorioz.

Proposamena: Alegazioa partez baiestea, aurkibidetik aurrekontuaren aipamena kenduta.

II.11. atala.–“12. eranskinak jasotzen duen kalitate kontrolak ez du gutxi gorabeherako aurrekonturik. Halaber, ez du ikuskatu beharreko puntuei buruzko programarik, eta saiakuntzen plana neurri txikian garatu da. Aurkeztutako informazioa ikusita, ezinezkoa da jakitea zenbat proba beharko diren eta nola banatuko diren faseka.”

Erantzuna: Kalitate kontrolaren kostua aurrekontu orokorrean agertzen da (22. kapituluan, hain zuzen). Horrez gain, sustatzaileak adierazitakoaren arabera, “saiakuntzen plana eta haren balorazioa behin betiko onesteko aurkeztu den dokumentazioan gehitu dira dagoeneko, baina horiek ez zeuden alegatzailearen eskura zegoen dokumentazioaren barnean.” Gainera, azaltzen duenez, “beharrezko proben determinazioa memorian eta aurrekontuan zehaztu da.”

Ikuskatu beharreko puntuei buruzko programari dagokionez, Konpentsazio Batzordeak hau adierazten du: “obrako zuzendariaren ahala da, kontratistarekin zerikusirik ez duena eta, obraren eboluzioaren arabera, berme neurria izanen da, obra behar bezala egikaritzeko.”

Proposamena: Alegazioa partez baiestea. Behin betiko onesteko dokumentu teknikoak saiakuntzen plana eta horren balorazioa gehitzen ditu, eta beharrezko probak eta horien kostua zehazten ditu.

II.12. atala.–“Argindarraren, gasaren eta telefoniaren hornidura sareen ibilbideen eta konponbideen (baita fasekako egituraketa) balioa konpainia hornitzaileen komunikatu ofizialen edo ez-ofizialen bidez frogatu behar da. Proiektuan ez da horri buruzko ezer jasotzen.”

Erantzuna: Sustatzaileak honako hau azaltzen du: “Proiektuan jasotzen diren hornidura sareen ibilbideak eta konponbideak konpainia hornitzaileekin balioetsi behar dira, jakina. Baina, ez urbanizazio proiektu honetan ez antzekoetan ez da beharrezkoa konpainia horietako teknikari eta arduradunekin izandako kontsulten edukia eranstea (batzuetan ahozkoak eta beste batzuetan idatzizkoak, ohi den bezala), proiektuan errespetatu egiten badira horiek ezarritako irizpideak eta ibilbide eta konponbide horien inguruan horiekin zehaztutako konpromisoak.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II.13. atala.–“(Gaizki deitutako) baldintza-agirian hauxe adierazten da: ‘(...) materialen saiakuntzek eta analisiek sorrarazten dituzten gastu guztiak kontratistaren kargurakoak izanen dira, agiri honetan, memorian edo aurrekontuan berariaz aipatutakoak izan ezik, eta jabetzaren kontura ordaindu beharko dira’. Aipamen horiek ez daude edo kopuru oso txiki batean agertzen dira, ez baitira aurkitu. Horrenbestez, xedapena gehiegizkoa da. Normalean, obra gauzatzeko aurrekontuaren ehuneko bat da, %1 eta %2 artekoa, enpresa kontratistak bere gain hartu behar duena saiakuntza guztiak proiektuaren prezioetan jasanarazita egoteagatik. Kostu orokorra handiagoa bada, gainerakoa jabeak ordaindu beharko du. Beste kontu bat da saiakuntzen kostua txiki-txikia izatea, obren zenbateko orokorraren aldean, kasu honetan gerta daitekeen bezala, baina abiapuntuak drakoniarra izaten jarraitzen du.”

Erantzuna: Konpentsazio Batzordeak defendatzen duenez, “agirian jasotako irizpidea indarreko legediaren araberakoa da, eta hainbat entitate kontratatzailek aplikatzen dute.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II.14. atala.–“2. dokumentua osatzen duten planoetan inskripzio-laukiaren tituluak nahastea dakar, inskripzioa honako hau baita: Lekarozko ‘Aroztegiko jauregiaren inguruneko turismo, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala’. Egia esan, behealdeko eskuinean ‘proiektua’ hitza agertzen da, baina zaila da hori aurkitzea eta ez da nahikoa.”

Erantzuna: Sustatzaileak aitortzen du garrantzirik gabeko akats bat dela, eta behin betiko onesteko aurkeztu diren planoak zuzendu ditu.

Proposamena: Alegazioa baiestea, planoetako inskripzio-laukia zuzenduta, nahasteak saiheste aldera.

II.15. atala.–“Planoen zenbatzea korapilatsua da, letrak eta zifrak erabiltzearen ondorioz. Horrela, planoak desantolatzen dira fitxategiak karpeta informatiko batean iraultzen direnean, planoen ordenak ez baitio jarraitzen idazpuruan dituzten letren ordena alfabetikoari. Zenbatze klasikoagoa egokiagoa izanen litzateke: 1, 2.1, 3.1, 3.2, 4.1.1, 4.1.2.”

Erantzuna: Ez da hutsune legal edo teknikorik alegatzen, izaera subjektibo hutsa duen alderdi formal bat baizik. Horrela, proiektuak espedientean dauden planoen zerrenda biltzen du, identifikazio-kodearen eta planoaren tituluaren (edo edukiaren azalpen laburra) arteko elkarrekikotasuna ezarrita. Beraz, ez dago erabilitako identifikazioaren aurkako iritzirik.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

II.16. atala.–“Aurrekontuak ez du “Prezioen 1. taula”, ezta “Prezioen 2. taula” ere; biak hutsune larriak eta ulertezinak dira. Neurketa ildoak dituen aurrekontua baino ez dauka, baina hori okerra da, neurketak alde batetik agertu behar direlako dokumentuaren hasieran, eta neurketa ildorik gabeko aurrekontua, berriz, beste aldetik. Kalkulu osagarriak lekuz kanpo daude, eta eranskin batean agertu beharko lirateke. Hondakinen kudeaketari buruzko fasekako zenbatekoak eta ingurumenaren zainketari lotutakoak modu akastunean kalkulatu dira, kapitulu horietako zenbateko orokorren zatiki gisa adierazten baitira. Bi kasuetan, fase bakoitzak bere neurketa independenteak izan behar ditu, segurtasun eta osasun lanekin gertatzen den bezala, adibide ezagun bat jartzeagatik. Zentzugabea da –erredundantea da– hasieran aurrekontu orokorra eta gero fase bakoitzaren aurrekontu partikularrak gehitzea. Azken horiek nahikoa izanen lirateke.”

Erantzuna: Aurrekontuaren egitura birplanteatu da, honako hauek bereizita: “Prezioen 1. taula”, “Prezioen 2. taula” eta “Neurketak eta aurrekontua”.

Ingurumenaren zainketari lotutako zenbatekoen egokitzapenari dagokionez, aurreko 8. alegaziorako erantzunari lotu zaio. Hondakinen kudeaketari dagokionez, sustatzaileak 2017/06/07an aurkeztutako “2017/04/21eko txosten teknikorako erantzuna” izeneko dokumentuak hauxe azaltzen du: “ehunekotan adierazi gabeko lau fase independentetan bereizi dela, eta horrek fase bakoitzaren aurrekontuan aldaketa txiki bat egotea dakarrela berekin, zenbateko osoari eusten bazaio ere.”

Proposamena: Alegazioa partez baiestea, aurrekontuaren egitura birplanteatuta.

III. atala.–Hutsune teknikoak.

Edukia: “Lehenbiziko gauza deigarria da arkitekto batek eta industri ingeniari batek sinatzea proiektua. Askotan, indarreko legediak lanbide zehatz batzuen eremu zehatz batzuetako eskumen esklusiboak ezabatu ditu, eta bide eman du egin beharreko lanaren motarekin eta kategoriarekin bat datozen jakintza teknikoen maila bat babesten duen edozein titulu fakultatibo sartzeko. Proiektuaren barneko jarduketetako batzuen konplexutasuna (adibidez, sarbideak, erreken gaineko 3 zubi berriak eta edateko ura hartzeko eta hornitzeko sistema osoa, falta den ibaien azterlan hidraulikoa ez aipatzeagatik) dela eta, beharrezkoa da idazketa taldean bide ingeniari bat egotea, ziurtagirien bidez ez bada frogatzen egileek antzeko lanetan esperientzia badutela.”

Erantzuna: Sustatzaileak hau alegatu du: “proiektua idatzi duten teknikariek eta bereziki industri ingeniariak garrantzi handiko urbanizazio proiektu asko idatzi dituzte; hori dela eta, erabateko gaikuntza du hizpide dugun lana gauzatzeko, eta, gainera, bere lantalde teknikoaren barnean badaude bide ingeniari tekniko bat, agronomia-ingeniari bat, eta ingeniari eta arkitekto teknikoak.”

Gainera, honako hau esan du; “proiektuaren zubi eta sarbideei buruzko atalaren idazlea Joaquin Salanueva Etayo bide ingeniaria da, “VS ingeniería” bere enpresaren bidez”, eta haren sinadura ikusten ahal da dagokion eranskinean.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.1. atala.–“Errepideei buruzko Jarraibidearen bide-zoruko sekzioei buruzko 6.1-IC arauarekin bat, balizko zelaigune kategoriak E1, E2 eta E3 dira, eta ez “A”, deskripzio-memorian (26. eta 28. orrialdeak) oker esan den bezala. Bide-zoruko sekzio batek bi geruza bakarrik dituenean, horiek errodadura-geruza eta bitarteko geruza izanen dira, eta ez oinarrizko geruza. Horregatik, nahasketaren (AC22 mota, G oinarria) tipifikazioa okerra da, eta, horren ordez, AC22 mota, BIN S jarri behar da.”

Erantzuna: Nahiz eta Konpentsazio Batzordeak adierazi kasuari ez zaiola Errepideei buruzko Jarraibidea aplikatu behar, memorian aldez aurretik zehaztutako zelaigunearen kategoria okerra zela aitortu du. Horren ondorioz, hori zuzendu da, hartutako kategoria E-1 dela adierazita.

Nahasketa motari dagokionez, hauxe gogorarazi du: “proiektugileak erabakitzen du zein den aplikatu beharrekoa, eta trafikorako T 42 arauak nahasketa ofitikoko 5 cm onartuko lituzke bakarrik.”

Proposamena: Alegazioa partez baiestea, zelaigunearen kategoriari buruzko idazketa akatsa (memoriaren 8.9.1 atala) zuzenduta.

III.2. atala.–“4. eranskinarekin bat, edateko uraren hornidura sareko karga-galerak Hazen-Williams-en formulazioaren bidez (1905) kalkulatu omen dira. Kalkulu zerrendak berrikusita eta hodietarako erabilitako zimurtasun-koefizientea ikusita, ondorioztatzen da inolako zalantzarik gabe (egiaztatu egin baita) erabili den formulazioa Darcy-Weisbach-ena dela (1875), Colebrook-White-en bideari jarraituta (1939). Nahastea alde batera utzita, hori ez litzateke txarra izanen, erabateko zimurtasuna 0,3 mm-koa izanen ez balitz, oso txikia delako eta ez datorrelako bat sareko hodien eta ibilbidearen izaerarekin. 1-2 mm-ko balioa egokia izanen zatekeen. 0,3 mm-ko balio akastuna hartuta ere, zerrendetan agertzen diren abiadurak oso handiak dira, 2,0 m/seg-tik gora sobera egiten dutenak, eta gertaera horrek sareko diseinua baliogabetzen du berehala. Esanak esan dagoeneko garrantzitsua ez bada ere, eranskinak ez du argitzen hornidurak Eraikingintzaren Kode Teknikoak etxebizitzetarako ezarritako presio baldintzak (15 mca galdaretan eta 10 mca txorrotetan) betetzen dituen. Honako hau baino ez dio: ‘diametroak zuzentzen joan dira, halako moduan non (...) gehieneko emariko presioek 2 metrotik gora gainditzen baitute eremu bakoitzeko eraikinetako parte altuena’; hori ez da nahikoa, jakina.”

Erantzuna: Konpentsazio Batzordeak erabili den formula okerra zela aitortu du, eta “Benetan Darcy-Weisbach-en formula erabili da” adierazi du. Hala ere, alegatzaileak ez bezala, zehaztu du 0,3 mm-ko zimurtasuna zuzena dela eta “horixe dela erabilitako materialaren taula guztietan gomendatzen dena (are gehiago, Iruñerriko Mankomunitateko araudiak hori aplikatzen du).”

Halaber, alegatutako gainerako parametroen egokitasuna defendatzen du, honako hau justifikatuta: “2. hipotesian (hau da, kontsumo arrunta eta ohikoa duen funtzionamendua, eraikinetako eta ureztapeneko kontsumoa dena) kalkulatu diren abiadurak zuzenak eta 2 m/seg-tik beherakoak dira; hala ere, balio hori baino pixka bat handiagoa agertzen da 1. hipotesiko tarte txiki batzuetan. Horrek esan nahi du ur-hartuneak kontsumitzen ari direla, kalkulurako erabili diren ur-hartuneen kokapenaren arabera. Beraz, ez dirudi beharrezkoa sekzioak handitzea, noizean behin baino ez baitira erabiltzen (asko jota, ordu gutxi batzuetan urtean eta beharbada urte askotan, sutea egonez gero) eta tarte murriztu batzuk baino ez baititu ukitzen. Gauzak horrela, hodien higaduran duen eragina txiki-txikia da.”

Amaitzeko, sustatzaileak onartu du Eraikingintzaren Kode Teknikoaren inguruan alegatutako hutsunea, eta hornidurak ezarri diren presio baldintza horiek bete egiten dituela argitu du.

Proposamena: Alegazioa partez baiestea. 4. eranskinean (3. atalean, hain zuzen) aplikatu den formulari buruz atzemandako akatsa zuzendu da, eta, Hazen-Williams-en ordez, Darcy-Weisbach aipatu da. Era berean, Eraikingintzaren Kode Teknikoak ezarritako presio baldintzak (eskatzen direnak eta gomendagarriak direnak) betetzen direla justifikatu da.

III.3. atala.–“Berdeguneetarako aurreikusitako ureztapen sistema, ihinztagailuen ordez ur-hartuneak dituena, ez omen da egokiena. Proiektua inguruneko urteko plubiometria handiaz baliatzen da, baina bai udako hilabeteak bai Nafarroako iparraldean gero eta maizago dauden lehorteak ahazten ditu. Ur-hartuneak horiek erabiltzeko jendea behar da; ihinztagailuak, berriz, programatu egin daitezke ordu zehatz batean aktibatzeko edo berez aktiba daitezke, instalazioa adimenduna bada eta lurzoruan hezetasun maila txikia atzematen badu (Arduino motako mikrokontrolagailua edo antzekoa).”

Erantzuna: Urbanizazio proiektuaren memoriaren 8.8. atalarekin bat, “Ez da aspertsiozko ureztapen automatikoko sarerik erabiliko, ez baita soropilik landatuko. Izan ere, ingurumen eskakizunak direla eta, nahiago izan da bertako landareak izan, printzipioz ureztapenik behar ez dutenak. Beraz, planteatzen dena ohiz kanpoko une zehatzetan erabiltzeko izanen litzateke. Edateko uraren saretik hartuko da ura, ur-hartuneak elikatuko dituzten hartuneen bidez [...], eremuko plubiometria nahikoa ez den garai laburrean hori osatzeko asmoz.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.4. atala.–“4. eranskinak (bigarren zatia) ez du zehazten zein den euri-uren sarea diseinatzeko erabili den formulazio hidraulikoa. Hartutako zimurtasunak ikusita eta egiaztapen batzuk eginda, argi eta garbi ondorioztatzen da Mannning-en formulazioa dela (1890). Emariak kalkulatzeko orduan Iruñerriko Mankomunitatearen metodologiari jarraitu bazaio ere, gero, egiaztapen kalkuluak egitean, ez dira errespetatu betetzeko alturak eta gehieneko abiadurak, ezta Saneamendu sareetarako ordenantzan ezarritako zimurtasun bakarra ere. Eranskinak 0,011ko koefizientea agertzen du, eta balio hori ez da oso zuhurra PVCzko hodietarako (proiektuko guztiak dira PVCzkoak), adinaren eta metatutako zikinkeriaren eraginez beste edozein materialez (hormigoiaz ere bai) egindakoekin berdintzeko joera agertzen baitute. Horregatik, Mankomunitateak 0,014ko zenbakia ezartzen du guztietarako. Hutsegite (edo ezjakintasun) hori berez nahikoa izanen litzateke sarearen diseinua suntsitzeko, baina gehiago daude: zerrendek 5 m/seg-tik gorako abiadurak eta %80tik gorako betetze-ehunekoak dituzten hainbat tarte agertzen dituzte. Zalantzarik gabe, araudi hori ez da derrigor aplikatu behar Baztanen, baina ukaezina da Nafarroako Foru Komunitate osoan duen eragina, haren irizpideak oso zentzuzkoak baitira. PVCzko DN250 hodiek diametro txikia dute, eta haien mantentze-lanak (eta ez edukiera) direla eta, ezin dira onartu. Gutxienez ere, PVCzko DN315 hodiak izan beharko dira. Eranskinak ez du frogatzen kolektoreak gai diren berez garbitzeko, eta ez du inolako kalkulu mekanikorik agertzen.”

Erantzuna: Alegatzaileak onartzen duen bezala, Iruñerriko Mankomunitateko ordenantza ez da derrigor aplikatu behar Baztango udal mugartean. Hori dela eta, idazleen irizpidea gailentzen da.

Alde horretatik, Konpentsazio Batzordeak alegatutakoari erantzun dio honako hau azalduta: “Egia esan, adierazitakoa egia da: PVCrako zimurtasuna 0,009koa izan daiteke, baina, segurtasunari jarraituta, 0,011 aplikatu da, hori behar bezalako bermetzat jotzen dela. Iruñerriko Mankomunitateak batzuetan egiten duen bezala, jauzi putzurik ez erabiltzea gailendu zaio abiadurari (gure kasuan, tarte txiki batean gainditzen da eta abiadura txiki-txikian). Aplikatzen den gehieneko betetzea %90ekoa da, Iruñerriko Mankomunitatearen aurreko ordenantzan bezala eta Foru Komunitateko zein estatutako gainerako ia araudi guztietan bezala, ur garbiak izateagatik. Erabilitako hodien diametroak garbiketa ahalbidetzen du, eta benetako abiadurak 0,6 m/seg ingurukoak direla bermatzen du, hodiak buxatzen dituzten nahi gabeko metakinak saihesteko moduan.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.5. atala.–“Ur beltzen sarearekin antzeko zerbait gertatzen da, nahiz eta horren falta erabakitzailea ez izan. Hartutako Manning-en parametroa (0,011) ere ez da nahikoa, baina emariak txiki-txikiak direnez, horrek hodien betetzeak pixka bat handitzea baino ez du ekarriko, Iruñerriko Mankomunitateak gehieneko balio gisa ezarritako %70etik urrun. PVCzko DN250 hodiek diametro txikia dute, eta haien mantentze-lanak (eta ez edukiera) direla eta, ezin dira onartu. Gutxienez ere, PVCzko DN315 hodiak izan beharko dira. Eranskinak ez du frogatzen kolektoreak gai diren berez garbitzeko, eta ez du inolako kalkulu mekanikorik agertzen.”

Erantzuna: Berriro adierazi da erregelamendu hori ez dela aplikatu behar hizpide dugun eremuan. Hori dela eta, idazleen irizpidea gailentzen da.

Horrela, sustatzaileak saneamendu sarearen egokitzapena baiesten du, honako hau justifikatuta: “PVCrako zimurtasuna 0,009koa izan daiteke, baina, segurtasunari jarraituta, 0,011koa aplikatu da. Iruñerriko Mankomunitateak batzuetan egiten duen bezala, jauzi putzurik ez erabiltzea gailendu zaio abiadurari (gure kasuan, tarte txiki batean gainditzen da eta abiadura txiki-txikian). Aplikatzen den gehieneko betetzea %75ekoa da, eta, gainera, ez da inoiz betetzen, Iruñerriko Mankomunitatearen aurreko ordenantzan bezala eta estatutako gainerako ia araudi guztietan bezala. Erabilitako hodien diametroak garbiketa ahalbidetzen du, eta benetako abiadurak 0,6 m/seg ingurukoak direla bermatzen du, hodiak buxatzen dituzten nahi gabeko metakinak saihesteko moduan.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.6. atala.–“Proiektuak goi presioko sodio lanparak dituzten proiektagailu batzuk (gutxi) jasotzen ditu. Zentzugabea da, argi gehienak, LED teknologikoak izanda, askoz eraginkorragoak eta iraunkorragoak baitira.”

Erantzuna: Proiektuan Benito Light markako lanparak agertzen ziren, eta, horien ordez, Lumileds Luxeon TX izenekoak erabiliko dira, argi errendimendua oso handia eta 100.000 ordura arteko batez besteko balio-bizitza dituztenak.

Halaber, proposatutako lanpara horiek Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak 2017/03/31n egindako txostenean xedatutako baldintzak betetzen dituzte, 525 nm-tik behera dagoen emisio-ehunekoa %16,50 izanda.

Proposamena: Alegazioa baiestea.

III.7. atala.–“Eusteko harri-lubetetarako balioetsitako berariazko pisua (23 KN/m³) ausart samarra da. Haren bolumenaren %70 kareharria (25 KN/m³), %15 HM-20 hormigoia eta %15 hutsuneak direla suposatuta, itxurazko berariazko pisua 21 KN/m³ da. Gogorarazi behar da harri-lubeta hormigoitua eta hormigoi ziklopeoa ezberdinak direla eta haien arteko aldea eraikuntza prozeduran datzala. Definizioz, harri-lubetazko murruak ez dira kofratzen. Geologia eta geotekniari buruzko azterlanik gabe, ez dakigu zimendatutako lurrari eragindako tentsioak gehiegizkoak edo onargarriak diren, hau da, murruek mugako hondoratze-egoeraren baldintzak betetzen dituzten.”

Erantzuna: Sustatzaileak hauxe defendatzen du: “erabilitako irizpideak zuzenak dira”. Horrela, baieztapen hori argudiatzeko asmoz, “2017/04/21eko txosten teknikorako erantzuna” izeneko dokumentuak, 3.5 atalean, proiektuko mentsulako murruetan (gehienez 7 m-ko altuera izanen dute) onar daitekeen tentsioa egiaztatzeko kalkulu teknikoak gehitzen ditu. Hausnartutako lurraren ezaugarri nagusia geotekniari buruzko txostenaren S4 eta C2 puntuetako zundaketen eta hobi pedologikoen kanpaina da (urbanizazio proiektuaren barnean dago); horiek dagozkien barneratze saiakuntzetan interpretatu dira.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.8. atala.–“Hormigoizko murruek hegal-zatian pausagune-bultzada bati aurre eginen diotela uste izatea ez da batere zuhurra, ezta lurraren estradoseko berariazko pisua ere (18 KN/m³) (19 KN/m³ izan ohi da). Armadura pasiboetarako hartutako estaldura (3,0 cm) dela eta, ondorioztatzen da proiektuko mentsulako murruen balio-bizitza 50 urtekoa dela, nahiz eta 100 urteko balio-bizitza zentzuzkoagoa izan (eragin ekonomiko handia). Nolanahi ere, susmo hutsa da, proiektu osoan ez baita inon aipatzen. Geologia eta geotekniari buruzko azterlanik gabe, ez dakigu zimendatutako lurrari eragindako tentsioak gehiegizkoak edo onargarriak diren, hau da, murruek mugako hondoratze-egoeraren baldintzak betetzen dituzten.”

Erantzuna: Aurreko 7. alegaziorako erantzunari lotu zaio. Armadura pasiboetarako hartutako estaldurari dagokionez, hurrengo erantzunean (9. alegaziorako emandakoa) erantzunen zaio.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.9. atala.–“3.2 eranskinean HA-25 eta HA-30 aipatzen dira bereizi gabe, ur gordailua osatzen duen hormigoi gisa. Ondoren, dagozkien planoetan, bigarren motakoa, hots, HA-30 baino ez da agertzen. Halaber, kalkuluaren hipotesi ezberdinak ematen ditu, lurraren arabera andela non jartzen den kontuan hartuta (lurpean edo lur gainean), nahiz eta planoek argi adierazten duten hori lurpean dagoela. Eranskina zuzendu behar da, nahasterik ez sortzeko. Armadura pasiboetarako hartutako estaldura (3,0 cm) dela eta, ondorioztatzen da gordailuaren balio-bizitza 50 urtekoa dela, nahiz eta 100 urtekoa izan beharko litzatekeen (eragin ekonomiko handia). Nolanahi ere, susmo hutsa da, proiektu osoan ez baita inon aipatzen.”

Erantzuna: Sustatzaileak onartzen du hormigoi motaren zehaztugabetasunari buruz alegatutako hutsunea, eta azaldu du “kalkulu programak bi parametroak (HA-25 eta HA-30) biltzen dituela oker”. Beraz, 3.2 eranskina zuzendu da, HA-25 parametroari buruzko aipamen okerren ordez HA-30/P/25/4 jarrita. Hartutako estaldurari dagokionez, alegatutakoa ez bezala, eranskin horren 2.1.2 atalak 45 mm-koa dela dio.

Proposamena: Alegazioa partez baiestea, 3.2 eranskinean (1. eta 2.1.2 atalak) ur gordailuan erabilitako hormigoi motari buruz agertzen den okerra zuzenduta.

III.10. atala.–“V01 bidearen gaineko pasabide estalia Eraikingintzaren Kode Teknikoaren arabera kalkulatu da, nahiz eta logikoena izanen litzatekeen IAP-11ren (errepideko zubietako proiektuan kontuan hartu beharreko ekintzei buruzko jarraibidea) pean jartzea. Horrek adierazten du ‘oinezko, txirrindulari edo ziklomotorretarako pasabideen (...) proiektuari ere aplikatuko zaiola (...)’. Egia esan, egitura lotuago dago obra zibilari eraikuntza elementuari baino. 3.3 eranskinak ez du kalkulu zerrendarik, eta haren testua ez da oso zehatza (orokorregia da, eta topikoz beteta dago).”

Erantzuna: “Errepideko zubietako proiektuan kontuan hartu beharreko ekintzei buruzko jarraibide” horren 1. ataletik ondorioztatzen denez, hori estatuko errepide sareko zubiei eta beste egitura batzuei baino ez zaie aplikatzen.

Alde horretatik, urbanizazio proiektuan dauden bideak ez dira estatuaren eskumen esparrukoak. Hori dela eta, horiei ezin zaie jarraibidea aplikatu.

Egituraren izaerari eta haren kalkuluaren egokitasunari dagokienez, sustatzaileak justifikatzen du “plaza baten azpian aparkalekua duen edozein esku-hartzeren irizpideekin bat egiten duela... Kasu horietan, kalkulua Eraikingintzaren Kode Teknikoaren irizpideen arabera egiten da.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.11. atala.–“25 zenbakiko planoak ez ditu seinaleen tamainak zehazten; horrenbestez, ezberdinak izaten ahalko dira kokalekuaren arabera. Nahikoa izanen litzateke AC-11.2 zenbakiko planoko irudia kopiatzea.”

Erantzuna: Konpentsazio Batzordeak honako hau azaltzen du: “jatorrian gehituta zegoen, baina, oker baten ondorioz, alde batera utzi zen proiektua ukitzen ez zuten datu batzuk ezabatzearekin batera.”

Proposamena: Alegazioa baiestea, 25 zenbakiko planoan seinaleen tamainak agertzen dituen irudia gehituta, hau da, AC-11.2 zenbakiko planoa kopiatuta.

III.12. atala.–“AC.6 zenbakiko planoak akatsak agertzen ditu bide-zoruaren ereduzko sekzioan. Ez du zehazten bitarteko (ez oinarrizko) geruzaren lodiera, eta ez du ezartzen zagorra kokatzen den zelaigune mota.”

Erantzuna: (Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko) Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak eta Zainketa Zerbitzuak aldeko txostena eman diote proiektuari, horri buruz inolako zehaztapenik ezarri gabe, gauzatu aurreko derrigorrezko baimenari buruzkoak izan ezik.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.13. atala.–“Saiatzen bada ere, SI-5.1 zenbakiko planoak ez du frogatzen urbanizazioko bideek honako honetan zehazten diren muga geometrikoak betetzen dituztenik: Eraikingintzaren Kode Teknikoko suteetarako oinarrizko segurtasun dokumentuaren SI 5 atala, suhiltzaileen esku-hartzeari buruzkoa. Aitzitik, biraketa askotan pasabide zabalera 7,20 m-tik beherakoa dela adierazten du, eta horrek agerian uzten du ez dela egokia. Aurrekoaren ondorioz, bai hotelean bai etxebizitza komunaletan ebakuazio altuera 9,0 m-tik gorakoa izan daitekeela esan nahi du.”

Erantzuna: Nahiz eta egia den hoteleko unitate morfologikoan gauzatu beharreko eraikinetako ebakuazio altuera 9 m-tik gorakoa izan daitekeela, sustatzaileak justifikatzen du, DB-SIren aplikazio eremua oinarri hartuta, oinarrizko dokumentu horrek “eraikuntza proiektua osatzen duten elementuak eta lurzatiaren barneko urbanizazio elementuak baino ez dituela ukitzen, eraikinei atxikita egoten jarraitzen duten bakarrak baitira, eta inoiz ez urbanizazio proiektu honen xede den urbanizazio orokorra.”

Aurrekoa ikusita, oinarrizko eta exekuzio proiektuetan jaso beharko da suhiltzaileek behar bezala esku hartzeko eskatzen diren baldintzen betetzea.

Proposamena: Alegazioa partez baiestea, behin betiko onesteko ebazpenean determinazio bat gehituta, hoteleko eraikinen oinarrizko eta exekuzio proiektuek SI 5 sekzioko hurbilketa eta ingurune baldintzei men egiten dietela bermatzen duena.

III.14. atala.–“S-5.2 zenbakiko planoak txertaketen bidez hodien artean loturak egoteko aukera ematen du. Ezin da onartu, nahiz eta hartune baten eta haren kolektorearen arteko lotura izan; izan ere, lotura hori beti erregistro putzu bisitagarri baten laguntzaz egin beharko da.”

Erantzuna: Ur beltzen eta sare orokorraren arteko hartuneen loturari dagokionez, sustatzaileak hauxe baieztatzen du: “ez dago irizpide bakar bat, eta putzurako lotura nahiz kolektorearekiko zuzeneko minetakoa baliozkoak dira.” Are gehiago, honako hau adierazten da: “Izarbeibarko Ur Mankomunitateak erabilitako irizpidearen antzekoa aukeratu da [...], putzuak lotzen saiatuta, baina hartuneen kopurua horiek ugaritzera behartu gabe. Haien kokapena etxebizitza kolektiboen eraikinen kokalekuaren eta sare orokorra behar bezala mantentzeko gomendatzen diren distantzien araberakoa izanen da.”

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.15. atala.–“Oinplanoko plano guztiek fasekako balizko (eta gerta daitekeen) exekuzioa agertu beharko lukete. Horrela baino ez litzateke argi geratuko horien artean aldi baterako konponbiderik behar den ala ez, proiektuaren zehaztugabetasunak ez baitu laguntzen hori bereizten.”

Erantzuna: Behin betiko onesteko dokumentuak plano berriak gehitzen ditu, fasekako bereizketa agertzen dutenak euskarrietarako (murruak eta harri-lubetak) eta zerbitzu sareetarako (saneamendua, zundaketak, ureztapena, suteak, telekomunikazioak, gasa, elektrifikazioa eta argiteria). Gainerako lanak fase bakoitzari atxikitzen zaizkio 4 zenbakiko planoen multzoan eta “Neurketak eta aurrekontua” izeneko dokumentuan.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

III.16. atala.–“Aurrekontuan, putzu eta zangetako hondeaketa unitateek (03.02, 05.01, 06.01...) barnean dituzte hondakindegirainoko garraioa eta isurpen-kanonaren ordainketa, inkontsekuentea izanda. Zeregin horiek hondakinen kudeaketari buruzko kapituluan dagozkion ataletan jaso behar dira, baina ez dago horrelakorik.”

Erantzuna: Aurrekontua aldatu da, eta, egokia den tokietan, “hondakindegirainoko garraioa” eta “isurpen-kanonaren ordainketa” kontzeptuen ordez, “obrako bertako garraioa [...]” jarri da. Konpentsazio Batzordeak ordezpen hori arrazoitu du proiektuaren eta ingurumen eraginaren adierazpenaren baldintzetan oinarrituta, horiek Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eremuaren barnean lurrak konpentsatzera behartzen baitute.

Horrez gain, aurrekontuaren (hondakinen kudeaketari buruzko) 23. kapituluak obran sortutako eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketaren kostu osoa agertzen du, zeina hondakinen kudeaketari buruzko 10. eranskinean, 7.7 atalean, hain zuzen, zenbatesten baita. Hondeaketa-lurrak zenbatespen horretan sartu dira.

Proposamena: Alegazioa partez baiestea, egokia den tokietan, beren artean inkontsekuente gisa jo diren kontzeptuak (“hondakindegirainoko garraioa” eta “isurpen-kanonaren ordainketa”) kenduta.

2. alegazioa.–Etxalarko Udalak 2016/12/28an aurkeztua.

Edukia: Udal Idazkaritzak ziurtagiri bat bidali du, Udalaren osoko bilkurak, 2016/12/22ko bileran, aho batez mozio proposamen bat onesteari buruzkoa. Hona hemen haren itzulpena:

“Palacio de Arozteguia SL”k 228 etxebizitzatarako urbanizazio bat, hotel bat eta golf-zelai bat egin nahi ditu Baztango Lekarozko herrian. 2016ko ekainaren 5ean, Baztango Batzar Nagusiak herri kontsulta bat deitu zuen, eta herritarrek EZEZKO botoa eman zioten proiektuari (kontsultaren emaitzak I. eranskinean estekatu dira).

Herritarrek eskubidea dute beren herrien etorkizuna baldintzatuko duten proiektuen gainean daukaten iritzia adierazteko, eta administrazio publikoek herritarren hitza errespetatzeko betebeharra dute. Esparru horretan:

Gauzak horrela, Etxalarko Udalak herritarrek beren herrien etorkizuna baldintzatuko duten proiektuen gainean daukaten iritzia adierazteko eskubidea dutela aldarrikatzen du, eta, horregatik, Baztango Batzar Nagusiak antolatutako kontsultaren garrantzia hartzen du kontuan. Horrela, Etxalarko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio baztandarrek esandakoa bete dezan.”

Erantzuna: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 134. artikuluarekin bat, “Urbanizazio proiektuak planeamendua praktikara eramateko xedea duten obra proiektuak dira”.

Horrela, proiektu honek ez du hirigintza antolamenduko determinaziorik ezartzen, eta ez du lurzoruaren eta eraikuntzaren erregimena arautzen. Lekarozko “Aroztegiko jauregia”ren inguruneko urbanizazio obrak, azpiegiturak eta zerbitzu komunak zehaztu besterik ez du egiten, haren oinarri diren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aurreikuspenak aldatu gabe.

Alegatutako kontuek ez dute baloratzen proiektua legezkotasunera egokitzen den, eta ez dute inolako hutsunerik agertzen; Udalez gaindiko Plan Sektorialak legeztatzen duen hirigintza antolamendua aipatu baino ez dute egiten.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

3. alegazioa.–Ultzamako Udalak 2017/01/16an aurkeztua.

Edukia: Horretarako gaitutako epetik kanpo, Udal Idazkaritzak ziurtagiri bat bidali du, Udalaren osoko bilkurak, 2016/12/22ko bilera berezian, Aroztegiko jauregiaren inguruneko hirigintza jarduketari buruzko herri kontsultari lotutako mozioa onesteari buruzkoa.

Etxalarko Udalak aurkeztutako mozioaren moduan, herritarrek beren herrien etorkizuna baldintzatuko duten proiektuen gainean daukaten iritzia adierazteko eta erabakia hartzeko eskubidea dutela aldarrikatzen du, eta “Nafarroako Gobernuari eskatzen dio baztandarrek herri kontsultaren bidez hartutako erabakia errespetatu eta bete dezan.”

Erantzuna: Aurreko 2. alegaziorako erantzunari lotu zaio.

Proposamena: Alegazioa ezestea.

Iragarkiaren kodea: F1713832