1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
117/2017 FORU DEKRETUA, abenduaren 20koa, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari atxikitako langileen egiturazko orduak arautzen dituen uztailaren 27ko 51/2016 Foru Dekretua aldatzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak, zuzenean Barne Zuzendaritza Nagusiaren menpe dagoen zerbitzuak, du Nafarroako larrialdiei erantzuteko sistemaren ardura. Zerbitzu integrala da eta gure erkidegoaren geografia osora hedatzen da.
Administrazio publikoek beren lurraldean gertatzen den edozein larrialdiri ematen dioten erantzunak balio du gizarte moderno baten ongizatea zenbaterainokoa den neurtzeko. Nafarroako Foru Komunitatea baliabide publikoez hornitu da gure lurraldean gertatzen diren larrialdi gehienei erantzun egokia emateko. Dena dela, larrialdi zerbitzuen arduradunek eta kudeatzaile publikoek jarraitu beharreko premisetako bat da erantzuteko tresna horiek etengabe hobetzea, horretarako formulak bilatuz, hain zuzen ere arinago jarduteko, hobekuntzak egiteko eta baliabide publikoak modu ezin hobean arrazionaliza daitezen bermatzeko.
Ongi jakina da Nafarroako Suhiltzaileen operatiboan zerbitzuak ematen dituzten langile guztiak funtzionarioak direla (kanpainako peoien eta gidarien laguntza dute zeregin lagungarrietan aritzeko); hortaz, langile horiek, beste inork ez, bete behar dute edozein gorabehera. Berezitasun horrek eta ordutegi sistema berezitua izateak zaildu egiten dute egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez lan egiten duen zerbitzu baten egutegiak eta txandak kudeatzea.
Adierazitakoaren ondorioz, eta Zerbitzuko langileen kopuru urria handitzeko beste neurri batzuez gain, 2016an 354 langilerekin ezinezkoa baitzen parke bakoitzeko langileen gutxienekora iristea, beharrezkotzat jo zen kudeaketa sistema malguago bat antolatzea, bermatuak izan zitezen parke bakoitzerako ezarrita ziren segurtasunaren gutxienekoak, plantilla nahikoa ez denean gutxieneko horietara iristeko. Horretarako, uztailaren 27ko 51/2016 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari atxikitako langileen egiturazko orduak arautu ziren. Arau hori 2016ko 151. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen abuztuaren 5ean, eta haren indarraldia argitalpen horren biharamunetik hasita 2017ko abenduaren 31ra artekoa da.
Uztailaren 27ko 51/2006 Foru Dekretua onetsi zen garaian, plantilla organikoan 354 langile zeuden suhiltzaile eta kaboak batuta, eta aurreikusia zegoen 30 suhiltzailerekin osatutako promozio berri bat sartuko zela; hori hala gertatu da 2017ko lehenengo seihilekoan. Igarotako denboran izan diren jubilazioekin ordea, une honetako plantilla 372 langilek osatzen dute; Foru Dekretua onetsi zenean zeuden 354 langileak baino gehiago dira, baina 2009ko otsailaren 27an Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoaren ordezkaritzak eta langileen batzordeak sinatutako akordioan ezarritakoak baino gutxiago. Izan ere, akordio horretan ezarri zen 12 parkeetako bakoitzean gutxieneko langile batzuk egon behar zirela eta gutxieneko plantilla 388 langilek osatuko zutela. Horrek guztiak agerian uzten du langileak falta direla erabakitako gutxieneko langile kopurura heltzeko.
Bestalde, uztailaren 27ko 51/2016 Foru Dekretua onetsi zenetik, Oinarrizko Euskarri Aurreratuko Anbulantzia (ASVA) ezarri da, bi mila eta hamazazpiko urtarrilaren batetik eta egunez zerbitzua ematen ari dena Iruñeko Parkean, eta, halaber, 2018rako beste talde operatibo bat ezartzeko asmoa dago, hain zuzen ere Erreskate Teknikorako Taldea (GRT) eta beste anbulantzia bat (ASVA) 24x24 zerbitzua duena, Iruñerriko beharrei erantzuteko.
Langileen eskasia hori arintzeko eta arestian azaldutako zerbitzuak gehitzearen ondoriozko beharrei erantzutearren, aurtengo urtarrilaren 23an, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, 15 lanpostu betetzeko deialdia onetsi zen. Oposizioaldia bukatu da eta hurrengo fasea, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolak antolatutako “Suhiltzaileen oinarrizko prestakuntzarako 2017ko sarrera ikastaroa”, 2018ko irailean bukatuko da.
Horretaz gain, azaroaren 28ko 109/2017 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa aldatu da (2017ko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 5ean) eta bertan suhiltzaileen 17 lanpostu huts sortu dira, zeinak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2017ko lan publikoaren eskaintzan sartu baitira, Administrazio Erroko, Osasun Departamentuko eta unibertsitatez kanpoko irakasleen esparruetako 2016ko ordezkatze-tasari buruzkoan.
Bitartean, beharrezkoa da langileen gabezia hori arintzeko ezohiko neurrien indarraldia luzatzea, langileen beraien segurtasuna zaintzeko eta esku-hartze mota ezberdinei erantzuteko, bai eta larrialdi egoeretan herritarrei eman beharreko zerbitzuak hobetzeko ere.
Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hamazazpiko abenduaren hogeiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.–Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari atxikitako langileen egiturazko orduak arautzen dituen uztailaren 27ko 51/2016 Foru Dekretuaren azken xedapenetan bigarrena aldatzea.
Azken xedapenetan bigarrena aldatu da, eta honela idatzita geldituko da:
“Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea eta indarraldia.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra eta 2018ko abenduaren 31 arte egonen da indarrean”.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.
Iruñean, 2017ko abenduaren 20an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1714783