244. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

601/2017 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programaren deialdia egiten duena, ikastetxe publiko gehiago sar daitezen, eta programa horiek 2018-2019 ikasturtean emateko oinarriak ezartzen dituena.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumak arautzen dituzten indarreko arauek (abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuak) ezartzen dute curriculumeko hizkuntza guztien ikaskuntza era bateratu eta koordinatuan eginen dela, ikaskuntza hori optimizatzeko. Halaber, curriculum arlo batzuk atzerriko hizkuntzetan irakasteko aukera aurreikusten dute, baina curriculumeko oinarrizko alderdietan aldaketarik sartu gabe.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, non proposatzen baitu atal elebidunen programaren deialdia egitea, ikastetxe gehiago sar daitezen, eta oinarriak ezartzea 2018-2019 ikasturtean programa hori emateko.

Hezkuntza Departamentuak, institutuetan atzerriko hizkuntzen ikaskuntza sustatu eta hobetzeko asmoz, Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunak eskaintzen ditu zenbait ikastetxetan, Haur eta Lehen Hezkuntzan atzerriko hizkuntzetan ikasteko dauden programen jarraipen gisara. Dena dela, egokia iruditzen zaio atal elebidunak ere mantentzea, Bigarren Hezkuntzako eskaintza zabalagoa izan dadin.

Atal elebiduna eskaini dezakete, orobat, programa eleaniztunik izan gabe ere, ikasleentzako hizkuntza arloko eskaintza zabaldu nahi duten ikastetxeek.

Atal elebidunen programan, hizkuntzaz kanpoko arlo baten edo gehiagoren curriculumeko eduki batzuk atzerriko hizkuntza batean ikasten dira, partez edo osorik. Curriculumeko hizkuntzen tratamendu integratua (HTI) eta curriculum edukien eta hizkuntzen arteko integrazioa dira ikaskuntza horren oinarri metodologikoak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programaren deialdia egitea, ikastetxe publiko gehiago sar daitezen, ebazpen honen 1. eranskinean ezarritako prozedurarekin bat.

2. Ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa emateko oinarriak onestea. Ebazpen honen 2. eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikaziorako egintza administratiboen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari eta Ikasketak Antolatzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko abenduaren 5ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Deialdia, Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako institutu publikoetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa ematea baimentzeko

Lehenbiziko oinarria.–Xedeko ikastetxeak eta baldintzak.

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko BHI eta DBHI guztiek eskatzen ahal dute baimena atal elebidunen programa emateko, deialdi honetan parte hartzea eskatzen badute eta baldintza guztiak betetzen badituzte.

2. Atal elebidunen programa eman nahi duten ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Honako hauek berariazko onespena ematea programari:

–Programa ezarri eta lehen urtean atal elebidunean jardun behar duten departamentu didaktikoak (5. eranskina)

–Eskola Kontseilua (6. eranskina)

2.2. Bere irakasgaia atzerriko hizkuntzan emateko behar den hizkuntza-ziurtagiria –eranskin honetako bigarren oinarrian ezartzen dena– daukan irakasle batek gutxienez, ikastetxeko behin betiko plantillakoak, berariazko konpromisoa adierazi beharko du.

2.3. Atal elebidunerako proiektu bat egitea (4. eranskina), atal hori irakasteko aurreikusitako programazioa jasoko duena. Honako atal hauek garatuko dira:

2.3.1. Atal elebiduna ezartzeko lehenbiziko ikasturtea (2018-2019):

–Zer irakasgai emanen den/diren dagokion atzerriko hizkuntzan, eta zer neurritan, lehenbiziko ikasturtean.

–Atzerriko hizkuntzako berariazko edukien proposamena, hizkuntza horretan emanen diren irakasgaiekin loturik.

–Atal elebidunean irakatsiko duten irakasleen zerrenda, eta Atzerriko Hizkuntza ez beste irakasgaietako irakasleen hizkuntza-ziurtagiriak.

–Atalaren antolaketaren datuak: aurreikusten den ikasle kopurua, taldekatzeko modua, ordutegia eta irakasleen koordinazio bileretarako aurreikusitako egutegia.

–Programa emanen duten irakasleentzako prestakuntza beharrak, hizkuntzaren eta metodologiaren aldetik.

–Ikasturteko koordinatzailearen izena eta posta elektronikoaren helbidea.

2.3.2. Atal elebiduna etapako hurrengo ikasturteetan ezartzeko aurreikuspena:

–Aurreikuspenen arabera, zer irakasgai emanen d(ir)en atzerriko hizkuntzan.

–Aurreikuspenen arabera, zer plantilla izanen den ataleko programa emateko.

–Ziurtagiririk izan gabe etorkizunean atzerriko hizkuntzan irakatsiko duten ikastetxeko irakasleen egiaztapenerako proposamena, behar denean.

3. Atal elebidunen programak dituzten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua (IHP) (ikusi 8. eranskina) prestatuko dituzte, ikastetxeko hizkuntzen tratamenduari koherentzia emateko eta hizkuntzen erabilerari, irakaskuntzari eta ikaskuntzari buruz hartutako erabakiak biltzeko. Proiektuaren helburua izanen da ikasleen hizkuntza-gaitasuna, esku-hartze didaktikoa eta ikastetxeko bizikidetza hobetzea. Ikastetxeek beren Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan sartuko dituzte programari buruzko erabaki eta jarduketak.

Bigarren oinarria.–Irakasleak.

Atalean irakasteko ordutegia daukaten lanpostuak, ahal delarik, atalaren xede den atzerriko hizkuntzan gutxienez C1 maila frogatzen duten irakasle espezialistek beteko dituzte. Horretarako, martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduko hizkuntza-eskakizunetako bat eduki beharko dute.

Baldin eta proposatu diren irakasleak dagokien ziurtagiria lortzeko bidean badaude, horren berri eman beharko da eskaera egiten denean. Nolanahi ere, ziurtagiri hori ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

Hirugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

1. Baimena lortzeko eskaera (3. eranskina), ikastetxeko zuzendaritzak egina, eta hurrengo atalean aipatzen diren agiri guztiak Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira 2018ko urtarrilaren 26aren aurretik.

2. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Atal elebidunaren proiektua, 2.3 puntuan aipatzen dena. (4. eranskina)

b) Parte hartuko duten irakasleen datuak eta konpromisoa (7. eranskina).

c) Programa ezartzeari emandako onespena (lehenbiziko oinarriaren 2.1 puntuan aipatua) agertzen duten aktak.

Laugarren oinarria.–Hautapen Batzordea eta deialdiaren ebazpena.

1. Baimena lortzeko, Hezkuntza Departamentuak kide hauek izanen dituen Hautapen Batzordea eratuko du:

Batzordeburua: Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena.

Batzordekideak: Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua eta Hezkuntza Departamentuko atal horretako bi teknikari.

2. Atalari baimena emateko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren koherentzia eta justifikazioa.

b) Programak duen bideragarritasuna, irakasleen aldetik eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzearen aldetik.

3. Irakasle gaituekin eta, ahal dela, behin betiko destinoa ikastetxean bertan dutenekin programari etapa osoan eustea berma dezaketen ikastetxeei soilik emanen zaie atal elebiduna irekitzeko baimena.

4. Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebatziko du deialdi hau, eta dagokion ebazpena emanen du.

Bosgarren oinarria.–Laguntza neurriak.

Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu Atal Elebidunen programa batean parte hartzen duten irakasleek prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten.

Seigarren oinarria.–Programan gehiago ez parte hartzea.

1. Baimena izanda ere, atal elebidunean parte hartzen segitu nahi ez duten ikastetxeek idatziz adierazi beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, programan parte hartzeari uzten dioten urteko apirilaren 30a baino lehen.

Edozein kasutan ere, ikastetxeak bermatuko du programan hasitako ikasleek bertan jarraitzea etapa bukatu arte.

2. Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak bertan behera utz dezake ikastetxe batek atal elebidunen programan duen parte-hartzea, haren funtzionamendua ikusita, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostena baloratu ondoren.

Orobat, ikastetxeko zuzendariak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari eskatzen ahalko dio ikasleren bati baja eman diezaiotela programan, gurasoek edo legezko tutoreek eskatuta, betiere gerora sortutako arrazoi objektiboak badaude.

2. ERANSKINA

2018-2019 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa emateko oinarriak

Lehenbiziko oinarria.–Atal elebidunen ezaugarriak.

1. Definizioa.

Atal elebidunen programan, curriculumeko eduki batzuk atzerriko hizkuntza batean ikasten dira. Hizkuntzen integrazioa eta edukien eta hizkuntzaren arteko integrazioa dira ikaskuntza horren oinarri metodologikoak.

Atal elebidunek, beren xedeko atzerriko hizkuntzaz gain, linguistikoa ez den irakasgai bat, gutxienez ere, hizkuntza horretan osorik edo partez ematea bermatzen dute.

Atal elebiduneko taldeek gutxienez ere 15 ikasle izanen dituzte. Salbuespenez, talde txikiagoak ere baimendu daitezke, inguruabarrengatik komeni bada.

2. Ikaslea atalean sartzea eta ikasketa espedientea.

2.1. Atal elebidun batean sartzeko, ikasleek DBHko lehenengo mailan matrikulaturik egon beharko dute, atalaren xedeko atzerriko hizkuntza ikasten, eta gurasoen edo legezko tutoreen idatzizko baimena eduki beharko dute.

2.2. Ikastetxeek hasierako proba bat egin dezakete hizkuntzaren ezagutza maila neurtzeko, ikasleei orientazio akademiko egokia emateko.

2.3. Honako kasuotan, ikastetxeak behar diren hautatze neurriak hartuko ditu, betiere Eskola Kontseiluak onetsiz gero:

–Eskaera gehiago badaude plazak baino.

–DBHko lehen maila ez den batera sartu nahi izanez gero.

–Atal elebidunean sartu nahi duen ikaslea Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztun batetik badator (atal elebidunaren xedeko hizkuntza berekoa).

Neurri horien artean, ikastetxeek, nahi izanez gero, hizkuntza maila neurtzeko probak egin ditzakete (oinarri honetako 2. puntuan aipatuak), edo elkarrizketak, edo egoki iruditzen zaizkien beste batzuk.

2.4. Atal elebiduneko ikasleek etapa osoan gelditu beharko dute programa horretan. Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendaritzak, irakasle taldearen txostena ikusita eta Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren oniritzia izanik, ikasleari programan baja ematea proposatzen ahalko die gurasoei edo legezko tutoreei.

2.5. Atal elebidunean parte hartu izana ikasle bakoitzaren espedientean eta ikasketen historian jasoko da. Horretarako, ezinbestekoa da dagokion ereduan eta programan egitea EDUCAren bidezko matrikula.

3. Egitura.

3.1. Atal elebidunaren programa DBHko lehenbiziko mailan hasi eta etapa osoan emanen da.

3.2. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak etapan zehar aldatzen ahalko dira.

3.3. Programa Batxilergoan ere ematea ikastetxearen antolaketa-aukeren araberakoa izanen da. Batxilergoan, autonomia erkidegoen konfigurazio askeko irakasgaien ordutegia erabiltzen ahalko da atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaien eskaintza zabaltzeko.

Bigarren oinarria.–Atal elebidunaren xedeko irakaskuntzak.

1. Irakasgaiak.

1.1. Irakasgaiak emateko orduan, indarreko araudiak Nafarroako Foru Komunitaterako ezartzen duen curriculuma erabiliko da. Ikasleak, beraz, horren arabera ebaluatuko dira. Ikasleek atal elebidun batean parte hartzeak ez du eraginik izanen, inola ere, ohiko curriculumaren arabera eman beharreko kalifikazioetan.

Oso-osorik atzerriko hizkuntzan irakasten ez diren irakasgaien kasuan, irakasgaiaren alderdirik praktikoena izanen da egokiena atzerriko hizkuntzan lantzeko. Horretarako, Atzerriko Hizkuntza irakasgaian sartutako berariazko hizkera praktikatzeko bidea emanen duten eginkizunak edo egoerak landuko dira.

1.2. Atzerriko hizkuntza.

Atzerriko hizkuntzako irakasle espezialistek emanen dute Atzerriko Hizkuntza irakasgaia, eta horretan lehentasuna izanen dute ikastetxean behin betiko destinoa duten irakasle funtzionarioek.

Atzerriko Hizkuntza irakasgaia nahitaezkoa izanen da atal elebiduneko ikasle guztientzat, eta atalari dagokion hizkuntzan ematen diren gainerako irakasgaiak indartzeko edukiak ere jasotzen ahalko ditu. Hala, ikuspegi holistikoz landuko da hizkuntza, ez deskriptiboki eta formalki bakarrik. Hizkuntza eta edukia integratuko dituen metodologia erabiltzera joko da.

Erabili beharreko metodologiari, materialak aukeratzeari eta prestatzeari eta ikasgelan jorratu beharreko gaiei buruzko erabakiak ekintzara bideratutako ikuspegitik hartuko dira, ikasleen beharrei kasu eginez. Horrela, komunikazio egoera adierazgarriak bultzatuko dira, hizkuntz gaitasuna ezin hobeki garatzeko esparruak sortuz, non, gramatika edukiez gainera, semantika nozioek eta eginkizun sozialek ere tokia izanen duten.

1.3. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak.

Curriculumeko edozein irakasgai ematen ahalko da atalaren xede den atzerriko hizkuntzan, Gaztelania eta Literatura, Euskal Hizkuntza eta Literatura edo atzerriko beste hizkuntzak izan ezik.

Kontuan harturik atal elebidunean ikasten ari diren ikasleen ezaugarriak eta atalak ikastetxean duen ezarpen maila, irakasgaiak osoki edo partez ematen ahal dira atalaren xedeko atzerriko hizkuntzan, baina, betiere, bermatuko da ordutegiaren %50 gutxienez atzerriko hizkuntzan izatea. Alde horretatik, atal elebiduneko irakasle taldeak erabakiko du atzerriko hizkuntzan emanen den programak zer eduki eta portzentaje izanen dituen.

Oso-osorik atzerriko hizkuntzan irakasten ez diren irakasgaien kasuan, irakasgaiaren alderdirik praktikoena izanen da egokiena atzerriko hizkuntzan lantzeko. Horretarako, Atzerriko Hizkuntza irakasgaian sartutako berariazko hizkera praktikatzeko bidea emanen duten eginkizunak edo egoerak landuko dira.

2. Irakasleak.

Berez hizkuntzaren esparrukoak ez diren irakasgaiak, ahal dela, martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduko hizkuntza-eskakizunetako baten bidez atzerriko hizkuntzan gutxienez C1 maila egiaztatzen duten irakasle espezialistek emanen dituzte.

Egokitasuna duten irakasleek ere eman ditzakete irakasgaiak, baldin eta departamentu didaktikoen ordutegi-antolaketak horretarako bidea ematen badu.

3. Ordutegia.

Atal elebiduneko irakasgaien ordutegia orokorrean ezarri dena bezalakoa izanen da, inolako gehikuntzarik gabe.

4. Ebaluazioa.

Atzerriko Hizkuntza irakasgaian, batez ere, eraginkortasun eta gaitasun linguistikoari lotutako alderdiak ebaluatuko dira; beste arloetan, berriz, lortzen diren edukiei eta gaitasunari erreparatuko zaie, baita kasuan kasuko arloko helburuak zein neurritan lortzen diren ere.

Hirugarren oinarria.–Irakasleen ordu-dedikazioa eta koordinazioa.

1. Irakastordu bat esleituko zaio hizkuntzetakoak ez diren arloetako irakasle bakoitzari, programaren barnean arlo bat gutxienez irakas-hizkuntzan ematen badu, bere irakasgaia prestatzeko eta egokitzeko. Konpentsazio hori bateraezina izanen da programa eleaniztunetan parte-hartzeagatik aldi berean ematen diren beste ordu murrizketa batzuekin.

2. Programan parte hartzen duten irakasle guztiek, hizkuntzetako irakasgaiak zein hizkuntzetakoak ez diren irakasgaiak eman, ordu osagarri bat izanen dute beren ordutegian koordinazio lanetarako: bilerak, txostenak eta memoriak idaztea, edo bestelako eginkizunak.

3. Programaren koordinatzailea programan parte hartzen duen Atzerriko Hizkuntzako irakasle bat izanen da, ahal izanez gero, eta, ahal bada, behin betiko destinoa ikastetxean bertan duen irakasle bat. Irakasle koordinatzaileak irakastordu bateko murrizketa izanen du koordinazio lanaren ondoriozko eginkizunetarako. Konpentsazio hori bateraezina izanen da programa eleaniztunetan parte-hartzeagatik edo horiek koordinatzeagatik aldi berean ematen diren beste ordu murrizketa batzuekin.

4. Koordinazioko irakaslearen eginkizunak hauek izanen dira:

–Atalaren ikasturte osoko lan programa proposatzea: bileren egutegia eta landuko diren gai nagusiak (edukiak, ebaluazioa, materialen egokitzapena eta laguntzarako baliabideak).

–Asteko bileren edukia eta eguneko gai zerrenda ezartzea. Bilerak ataleko irakasle guztientzat interesgarriak diren gaien arabera antolatuko dira, edo mailaren arabera, edo irakasgaien arabera.

–Bilera bakoitzeko gaien arabera behar diren ataleko irakasleei dei egitea, bilerak gidatzea eta akta egitea.

–Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzea, ataleko berariazko prestakuntza edo lan taldeak proposatzeko.

Zuzendaritza taldearekin egin beharreko bilerak finkatzea eta txostena egitea Urteko Plangintza Orokorrean, Bizikidetza Planean eta Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan sartu beharreko programaren alderdiei buruz.

5. Bestalde, atal elebidunean inplikatutako irakasleek betebehar hauek izanen dituzte:

–Ataleko programazioaren eta bukaerako memoriaren prestaketan laguntzea.

–Bere arloari dagozkion curriculum material berariazkoak prestatu edo egokitzea.

–Koordinatzaileari laguntzea programa garatzen, eta deitzen zaion bilera guztietara joatea.

–Ikastetxeen artean programatzen diren koordinazio eta prestakuntza saioetan parte hartzea.

6. Koordinazio bilerak honelakoak izanen dira:

–Irakasle talde osoaren bilerak: gutxienez, hasierako bilera bat eginen da irailean, eta bukaerako beste bat ekainean.

–Departamentuen edo intereseko arloen araberako bilerak, eraginkorragoak izateko. Edukiaren arabera zehaztuko da nork parte hartuko duen bileretan eta zenbatean behin eginen diren.

Nolanahi ere, koordinazioaren bidez honako gai hauek landuko dira:

–Helburuak eta atzerriko hizkuntzan eman beharreko edukiak.

–Metodologia.

–Ebaluazio irizpideak.

–Prestakuntza beharrak.

–Beharrezkotzat jotzen diren beste gai batzuk.

Zuzendaritzak erraztasunak emanen ditu, ikastetxeko ordutegian, atal elebiduneko taldearen bilerak bermatzeko behar den denbora eta lekua izan dadin.

Laugarren oinarria.–Irakasleen prestakuntza eta ziurtapena.

1. Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu Atal Elebidunen programa batean parte hartzen duten irakasleek prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten.

2. Behar denean antolatzen den berariazko prestakuntzaren barnean, Hezkuntza Departamentuak beretzat gordetzen du atal elebidunaren programa garatzen duten ikastetxeek egindako lan eta esperientziak erabiltzeko eta zabaltzeko eskubidea.

3. Ikasturtearen bukaeran, atal elebidunen programan irakasten duten irakasleek ziurtagiri bat jasoko dute, hezkuntza berrikuntzako 50 orduren baliokidea, Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emana.

Oinarri hauek aplikatuko zaizkie bai aurreko deialdi eta ikasturteetan atal elebidunen programa emateko baimena zuten institutuei, bai 2018-2019 ikasturtetik aurrera emateko baimena lortzen dutenei.

3. ERANSKINA

Atal elebiduna baimentzeko eskaera.

4. ERANSKINA

Eskaeraren xedeko proiektua.

5. ERANSKINA

Atalean inplikatutako departamentu didaktikoetako irakasleek programa onesteko akta.

6. ERANSKINA

Eskola Kontseiluak proiektuari emandako onespenaren akta.

7. ERANSKINA

Irakasleen datuen eta konpromisoaren fitxa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude

8. ERANSKINA

Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren edukiak

1. Hitzaurrea.

Labur azalduko da Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua (IHP) prestatu edo berrikusi beharra: nondik sortzen den eta zertarako den beharrezkoa.

2. Egoeraren analisia.

Ikastetxearen egoera deskribatuko da. Ikasleen eta ikastetxeko hizkuntza egoera deskribatzeko, ikasleen hizkuntza inguruneari, ikastetxeko hizkuntza egoerari eta ikastetxean hizkuntzak irakatsi eta ikasteari lotutako datuak bildu beharko dira. Analisi hori hurrengo puntuetan islatuko da:

2.1. Ikastetxearen eta bere ingurunearen ezaugarriak.

2.2. Ikastetxearen hizkuntza ibilbidea.

2.3. Hizkuntzak ikastetxean: hizkuntzak, zenbat eskola ordu eta zenbat ordu eskolaz kanpo, bai eta hizkuntza bakoitzean ematen diren curriculumeko arloak eta edukiak ere.

2.4. Barreneko eta/edo kanpoko ebaluazio emaitzen analisia eta programa hobetzeko proposamenak.

3. Ikastetxeko hizkuntza helburuak.

IHPren bidez ikastetxean lortu gogo diren helburuak zehaztuko dira, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari begira.

3.1. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren printzipioak hizkuntzei dagokienez.

3.2. Hizkuntza bakoitzerako helburuak antolaketa eta didaktika eta metodologia aldetik: aipatu plan estrategikoa abian jartzen denetik lortu gogo diren helburuak.

3.3. Ikasleen hizkuntza aniztasunarekiko erantzuna.

4. Ikastetxeko hizkuntza planteamendua

4.1. Antolaketa: hizkuntzen eta arloen ordu banaketa astean zehar, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak, laguntzak eta gela banaketak, arloko eta koordinazioko arduradunak, lankidetzen zerrenda.

4.2. Eremu didaktiko-metodologikoa:

4.2.1. Ikastetxeak etapa eta/edo ikasmaila bakoitzean jarraituko duen metodologia, markatutako helburuak lortzeko.

4.2.2. Hizkuntzekiko sentsibilizazio eta errespetu jarrerak garatzea.

4.2.3. Irakasleen prestakuntza.

5. Epe ertaineko jarduketa plana

Planteatutako helburuak lortzeko, 4 urteko epean eginen den jarduketa multzoa jasotzen du planak, bai eta denboran nola banatzen diren eta haien arduradunak ere.

6. Hizkuntza proiektuaren ebaluazioa

Ebaluazioaren bidez, ikastetxeko hizkuntza helburuak eta hizkuntza planteamenduaren jarduketak neurtuko dira. Barreneko ebaluazioa beharko da, kanpoko ebaluazioekin alderatu beharko dena, halakorik bada.

Ebaluazio tresnak, denbora banaketa eta ebaluazio hori egiteko arduradunak deskribatuko dira.

Ebaluazio horren emaitzak hurrengo IHPrako abiaburua izanen dira, eta egoeraren analisian aipatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1714181