244. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

600/2017 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2018-2019 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunak emateko oinarriak ezartzen dituena.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumak Nafarroan arautzen dituzten dekretuek (abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuak) ezartzen dute curriculumeko hizkuntza guztien ikaskuntza era bateratu eta koordinatuan eginen dela, ikaskuntza hori optimizatzeko. Halaber, curriculum arlo batzuk atzerriko hizkuntzetan irakasteko aukera aurreikusten dute, baina curriculumeko oinarrizko alderdietan aldaketarik sartu gabe.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, non berariazko araudia diseinatzen baita Lehen Hezkuntzako programa eleaniztun bat (atzerriko hizkuntzan ikasteko programa edo HKKMaren eta British Councilen arteko hitzarmeneko British programa) egin duten ikasleak hartzen dituzten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen eskaerei erantzuteko.

Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunetan hizkuntzetakoak ez diren bi arlotako (edo arlo gehiagotako) curriculum edukiak atzerriko hizkuntza batean ikasten dira (1. eranskina). Curriculumeko hizkuntzen tratamendu integratua (HTI) eta curriculum edukien eta hizkuntzen arteko integrazioa dira ikaskuntza horren oinarri metodologikoak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2018-2019 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunak emateko oinarriak onestea.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikaziorako egintza administratiboen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari, Prestakuntza Atalari eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko abenduaren 5ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

2018-2019 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako
programa eleaniztunak emateko oinarriak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1.1. Bigarren Hezkuntza eleaniztunak jarraipena ematen die atzerriko hizkuntzetan ikasteko Lehen Hezkuntzako programei eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta British Councilen arteko hitzarmeneko British programari.

1.2. 2. eranskineko ikastetxeei zuzentzen zaie.

2.–Atzerriko hizkuntzan ematen diren Bigarren Hezkuntzako curriculum arloak.

2.1. Curriculumeko edozein irakasgai ematen ahalko da atzerriko hizkuntzan, Gaztelania eta Literatura, Euskal Hizkuntza eta Literatura edo atzerriko beste hizkuntzak izan ezik.

2.2. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak aldatzen ahal dira ikasturte batetik bestera.

2.3. Programan sartzen diren irakasgaiak osorik eman beharko dira atzerriko hizkuntzan.

2.4. Astero atzerriko hizkuntzan ematen diren saioak, Atzerriko Hizkuntza irakasgaikoak barne, 8 izanen dira gutxienez A/G ereduetarako eta 6, aldiz, D eta B ereduetarako.

2.5. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak, ahal izanez gero, hizkuntza eduki handiagokoak izanen dira.

2.6. Programa Batxilergoan ere ematea ikastetxearen antolaketa-aukeren araberakoa izanen da. Batxilergoan autonomia erkidegoen konfigurazio askeko irakasgaien orduetan eskaintzen ahalko dira atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak.

2.7. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaien curriculuma indarreko araudiak Nafarroako Foru Komunitaterako ezartzen duena izanen da. Ikasleak, beraz, horren arabera ebaluatuko dira. Ikasleek Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztun batean parte hartzeak ez du eraginik izanen, inola ere, curriculum arruntaren arabera eman beharreko kalifikazioetan.

3.–Atzerriko hizkuntza.

3.1. Atzerriko hizkuntzako irakasle espezialistek emanen dute Atzerriko Hizkuntza irakasgaia, eta horretan lehentasuna izanen dute ikastetxean behin betiko destinoa duten irakasle funtzionarioek.

3.2. Atzerriko Hizkuntza nahitaezkoa izanen da ikasle guztientzat, eta hizkuntza horretan irakasten diren gainerako irakasgaiak indartzeko edukiak izan ditzake.

3.3. Erabili beharreko metodologiari, materialak aukeratzeari eta prestatzeari eta ikasgelan jorratu beharreko gaiei buruzko erabakiak ekintzara bideratutako ikuspegitik hartuko dira, ikasleen behar eta interesei kasu eginez. Horrela, komunikazio egoera adierazgarriak bilatuko dira, hizkuntza gaitasuna ezin hobeki garatzeko esparruak sortuz. Beraz, gramatika edukiez gainera, semantika nozioek eta eginkizun sozialek ere tokia izanen dute. Hizkuntza eta edukia integratuko dituen metodologia erabiltzera joko da.

4.–Ikastetxeek bete beharreko baldintzak.

4.1. Lehen Hezkuntzan atzerriko hizkuntzan ikasteko programa bat duten ikastetxe atxikiak dituzten ikastetxeek Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuna eskainiko dute, atal elebidunak eta Bigarren Hezkuntza arrunta galarazi gabe. Aurrekoa gorabehera, Hezkuntza Departamentuaren atxikipenen plangintza gailenduko da.

4.2. Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunak dituzten ikastetxeetako zuzendaritza-taldeen ardura izanen da Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua (IHP) (ikusi 3. eranskina) prestatzea, ikastetxeko hizkuntzen tratamenduari koherentzia emateko eta hizkuntzen erabilerari, irakaskuntzari eta ikaskuntzari buruz hartutako erabakiak biltzeko. Proiektuaren helburua izanen da ikasleen hizkuntza gaitasuna, esku-hartze didaktikoa eta ikastetxeko bizikidetza hobetzea.

4.3. Ikastetxeek programari buruzko erabaki eta jarduketak sartuko dituzte beren Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan.

5.–Taldeen antolaketa.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunetan dauden ikasleak eta horrelako programetan ez daudenak ikastetxe berean baldin badaude, ikastetxeak, ahal izanez gero, talde heterogeneotan bilduko ditu ikasleak, hau da, programa horietan dauden ikasleak eta programetan ez daudenak batera bilduko ditu. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaietan talde ezberdinetan arituko dira ikasleak (Bigarren Hezkuntza eleaniztuna, British programa eta atal elebidunak salbu, non atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak konpartitzen ahalko baitituzte), eta eredu bakoitzeko (A/G, B edo D) komunikazio-hizkuntzan ematen diren irakasgaietan, berriz, elkarrekin.

6.–Ikasleen betebeharrak.

6.1. Probarik gabeko sarbidea: Lehen Hezkuntza atzerriko hizkuntzan ikasteko programaren batean egin duten ikasleak, hala jarraitu nahi izanez gero. Lehen Hezkuntzako ikastetxeak etapa bukaeran baloratuko du ikasleek programan jarraitzea egokia den ala ez.

6.2. Probaren bidezko sarbidea: atzerriko hizkuntzan ikasteko Lehen Hezkuntzako programarik egin ez duten ikasleek eskatzen ahalko dute programan sartzeko, irakasle taldeak onartu ondoren, betiere programan ikaspostu hutsik badaude.

6.2.1. Proba honetan ikasleek hizkuntzaren lau trebetasunetan duten gaitasun maila neurtuko da, hain zuzen, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A2 mailari dagokiona.

6.2.2. Eskaerak Hezkuntza Departamentuak ezarritako ikaspostu kopurua baino gehiago badira, ikastetxeak hautapena egiteko behar diren neurriak hartuko ditu, Eskola Kontseiluak onetsita.

6.3. Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunean sartzen diren ikasleek etapa osoa egin beharko dute programa horren barrenean. Dena den, ikasturte bakoitza bukatutakoan, gurasoek edo legezko tutoreek zilegi dute eskatzea ikasle bati baja eman diezaiotela programan. Ikastetxeko zuzendariak eskaera onartu edo ukatu eginen du, irakasle taldearen txostena eta orientazio departamentuaren aholkuak kontuan harturik. Orobat, ikaslearen tutoreak, irakasle taldearen gomendioekin bat, ikasleak programa uzteko aholkua ematen ahalko dio familiari.

6.4. Bigarren Hezkuntza Eleaniztunean parte hartu izana ikasle bakoitzaren espedientean eta ikasketen historian jasoko da.

7.–Irakasleak eta koordinazioa.

Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunetan irakasteko ordutegia daukaten lanpostuak, ahal delarik, atzerriko hizkuntzaren HEEEBaren C1 maila frogatzen duten irakasle espezialistek beteko dituzte. Horretarako, martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduko hizkuntza-eskakizunetako bat eduki beharko dute.

7.1. Hizkuntzen tratamendu integraturako baliabideak-Hizkuntza koordinazioa.

7.1.1. Irakastordu bat esleituko zaio hizkuntzetakoak ez diren arloetako irakasle bakoitzari, programaren barnean arlo bat gutxienez irakas-hizkuntzan ematen badu, bere irakasgaia prestatzeko eta egokitzeko. Konpentsazio hori bateraezina izanen da programa eleaniztunetan parte-hartzeagatik aldi berean ematen diren beste ordu murrizketa batzuekin.

7.1.2. Programan parte hartzen duten irakasle guztiek, hizkuntzetako irakasgaiak zein hizkuntzetakoak ez diren irakasgaiak eman, ordu osagarri bat izanen dute beren ordutegian koordinazio lanetarako: bilerak, txostenak eta memoriak idaztea, edo bestelako eginkizunak.

7.1.3. Programaren koordinatzailea programan parte hartzen duen Atzerriko Hizkuntzako irakasle bat izanen da, ahal izanez gero, eta, ahal bada, behin betiko destinoa ikastetxean bertan duen irakasle bat. Irakasle koordinatzaileak irakastordu bateko murrizketa izanen du koordinazio lanaren ondoriozko eginkizunetarako. Konpentsazio hori bateraezina izanen da beste programa eleaniztun batzuetan parte-hartzeagatik edo horiek koordinatzeagatik aldi berean ematen diren beste ordu murrizketa batzuekin.

7.1.4. Zuzendaritzak erraztasunak emanen ditu, ikastetxeko ordutegian, Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuneko taldearen bilerak bermatzeko behar den denbora eta lekua izan dadin.

7.2. Irakasle koordinatzailearen eginkizunak.

7.2.1. Ikasturteko lan programa proposatzea: bileren egutegia eta landuko diren gai nagusiak (adibidez: edukiak, ebaluazioa, materialen egokitzapena eta laguntzarako baliabideak).

7.2.2. Asteko bileren edukia eta eguneko gai zerrenda ezartzea. Bilerak programako irakasle guztientzat interesgarriak diren gaien arabera antolatuko dira.

7.2.3. Programako irakasleei deia egitea eta bilerak zuzentzea, bilera bakoitzeko gaiak ikusita, eta akta egitea.

7.2.4. Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzea, programarako berariazko prestakuntza edo lantaldeak proposatuz.

7.2.5. Zuzendaritza taldearekin egin beharreko bilerak finkatzea eta txostena egitea Urteko Plangintza Orokorrean, Bizikidetza Planean eta Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan sartu beharreko programaren alderdiei buruz.

7.2.6. Programarako interesa duten jarduerei buruzko informazioa (prestakuntza, nazioarteko programak...) programako gainerako irakasleei jakinaraztea.

7.3. Irakasleen eginkizunak.

7.3.1. Programako programazioaren eta bukaerako memoriaren prestaketan laguntzea.

7.3.2. Bere arloari dagozkion curriculum material berariazkoak prestatu edo egokitzea.

7.3.3. Koordinatzaileari laguntzea programa garatzen, eta deitzen zaion bilera guztietara joatea.

7.3.4. Ikastetxeen artean programatzen diren koordinazio eta prestakuntza saioetan parte hartzea.

7.4. Koordinazio bilerak.

7.4.1. Programako irakasle talde osoarenak. Gutxienez hasierako bilera bat eginen da irailean, eta bukaerako beste bat ekainean.

7.4.2. Departamentu edo intereseko arlo bakoitzarenak. Edukiaren arabera erabakiko da nork parte hartuko duen bileretan eta zenbatean behin eginen diren.

7.4.3. Atxikitako Lehen Hezkuntzako ikastetxe(ar)ekin.

7.5. Koordinazio bileretan jorratu beharreko gaiak.

7.5.1. Helburuak eta atzerriko hizkuntzan eman beharreko edukiak.

7.5.2. Metodologia.

7.5.3. Ebaluazio irizpideak.

7.5.4. Prestakuntza beharrak.

7.5.5. Arloetako baliabideen biltegia.

7.5.6. Beharrezkotzat jotzen diren beste gai batzuk.

8.–Irakasleen prestakuntza eta partaidetza.

8.1. Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztun batean parte hartzen duten irakasleek prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten.

8.2. Antolatzen den berariazko prestakuntzaren barnean, Hezkuntza Departamentuak eskubidea du Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunak ezartzen dituzten ikastetxeen lan eta esperientziak erabiltzeko eta zabaltzeko.

8.3. Ikasturtearen bukaeran, Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuna irakasten duten irakasleek ziurtagiri bat jasoko dute, hezkuntza berrikuntzako 50 orduren baliokidea, Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emana.

9.–HKKMaren eta British Councilen arteko hitzarmen espainiar-britainiarraren programa eta eremua.

Hezkuntza Ministerioaren eta British Councilen arteko hitzarmenaren programaren zehaztasunak galarazi gabe, oinarri hauek British programan ere aplikatuko dira.

2. ERANSKINA

2018-2019 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuna emanen duten ikastetxeen zerrenda

IKASTETXEA

2018-2019 IKASTURTEA

BURLATA - Ibaialde BHI

DBHko 1. eta 2. mailak

CINTRUÉNIGO - La Paz DBHI

DBHko 1. eta 2. mailak

ELIZONDO - Lekaroz-Elizondo BHI

DBHko 1. maila

LIZARRA - Tierra Estella BHI

DBHko 1. eta 2. mailak

NOAIN - Elortzibar DBHI

DBHko 1. eta 2. mailak

IRUÑA - Basoko BHI*

DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak

IRUÑA - Iñaki Ochoa de Olza DBHI

DBHko 1., 2. eta 3. mailak

IRUÑA - Julio Caro Baroja-La Granja BHI

DBHko 1. maila

IRUÑA - Mendillorri BHI

DBHko 1. eta 2. mailak

IRUÑA - Padre Moret-Irubide BHI*

DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak

ZANGOZA - Sierra de Leyre BHI

DBHko 1. maila

TUTERA - Benjamín de Tudela BHI*

DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak

ATARRABIA - Pedro de Atarrabia DBHI*

DBHko 1., 2. eta 3. mailak

ZIZUR NAGUSIA - Zizur BHI

DBHko 1., 2. eta 3. mailak

(*) British programa duten ikastetxeak (HKKM-BC).

Iruñeko iparraldean eraiki beharreko ikastetxe berri bat sartuko da zerrenda horretan, Buztintxuri HLHIPtik datozen ikasleak hartuko dituena eta Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuna izanen duena DBHko 1. mailan.

3. ERANSKINA

Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuaren edukiak

1.–Hitzaurrea.

Labur azalduko da Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua (IHP) prestatu edo berrikusi beharra: nondik sortzen den eta zertarako den beharrezkoa.

2.–Egoeraren analisia.

Ikastetxearen egoera deskribatuko da. Ikasleen eta ikastetxeko hizkuntza egoera deskribatzeko, ikasleen hizkuntza inguruneari, ikastetxeko hizkuntza egoerari eta ikastetxean hizkuntzak irakatsi eta ikasteari lotutako datuak bildu beharko dira. Analisi hori hurrengo puntuetan islatuko da:

2.1. Ikastetxearen eta bere ingurunearen ezaugarriak.

2.2. Ikastetxearen hizkuntza ibilbidea.

2.3. Hizkuntzak ikastetxean: hizkuntzak, zenbat eskola ordu eta zenbat ordu eskolaz kanpo, bai eta hizkuntza bakoitzean ematen diren curriculumeko arloak eta edukiak ere.

2.4. Barreneko eta/edo kanpoko ebaluazio emaitzen analisia eta programa hobetzeko proposamenak.

3.–Ikastetxeko hizkuntza helburuak.

IHPren bidez ikastetxean lortu gogo diren helburuak zehaztuko dira, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari begira.

3.1. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren printzipioak hizkuntzei dagokienez.

3.2. Hizkuntza bakoitzerako helburuak antolaketa eta didaktika eta metodologia aldetik: aipatu plan estrategikoa abian jartzen denetik lortu gogo diren helburuak.

3.3. Ikasleen hizkuntza aniztasunarekiko erantzuna.

4.–Ikastetxeko hizkuntza planteamendua.

4.1. Antolaketa: hizkuntzen eta arloen ordu banaketa astean zehar, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak, laguntzak eta gela banaketak, arloko eta koordinazioko arduradunak, lankidetzen zerrenda.

4.2. Eremu didaktiko-metodologikoa:

4.2.1. Ikastetxeak etapa eta/edo ikasmaila bakoitzean jarraituko duen metodologia, markatutako helburuak lortzeko.

4.2.2. Hizkuntzekiko sentsibilizazio eta errespetu jarrerak garatzea.

4.2.3. Irakasleen prestakuntza.

5.–Epe ertaineko jarduketa plana.

Planteatutako helburuak lortzeko, 4 urteko epean eginen den jarduketa multzoa jasotzen du planak, bai eta denboran nola banatzen diren eta haien arduradunak ere.

6.–Hizkuntza proiektuaren ebaluazioa.

Ebaluazioaren bidez, ikastetxeko hizkuntza helburuak eta hizkuntza planteamenduaren jarduketak neurtuko dira. Barreneko ebaluazioa beharko da, kanpoko ebaluazioekin alderatu beharko dena, halakorik bada.

Ebaluazio tresnak, denbora banaketa eta ebaluazio hori egiteko arduradunak deskribatuko dira.

Ebaluazio horren emaitzak hurrengo IHPrako abiaburua izanen dira, eta egoeraren analisian aipatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1714180