244. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1202/2017 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zenbait eskumen Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuetako zuzendarien esku uzten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoen berezko eskumenak maila bereko edo baxuagoko beste organo bati eman dakizkioke eskuordetzan, hierarkian haren mende ez badago ere, besterik ezartzen ez bada.

Halaber, aipatu artikuluak ezartzen duenez, eskumenak eskuordetu eta errebokatzea noiznahi egin daiteke. Agindu horiek eskuordetza egiten duen organoak onetsiko ditu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Horrez gain, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio-egintza eta -ebazpenetan egoera hori azaldu beharko da berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak bailiran hartuko dira.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren jardueren garapenean beharrezkoak diren eraginkortasuna eta azkartasuna lortzeko, egokitzat jo da zerbitzu horretako zuzendarien esku uztea Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari dagozkion eskumenak diru-laguntzak ordaintzeari, kontratuei eta gainerako gastuei dagokienez.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuetako zuzendarien esku uztea, bakoitzaren zerbitzuari dagozkion arloetan, indarreko legeriak Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari esleitutako eskumenak diru-laguntzak ordaintzeari, kontratuei eta gainerako gastuei dagokienez.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, azaroaren 27an.–Izaskun Goñi Razquin, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia.

Iragarkiaren kodea: F1713918