241. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aldaketa, Publizitatearen udal ordenantzan.
Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2017ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta, ondotik, erregelamendu bidez tramitatzea Publizitatearen udal ordenantza aldatzen duen espedientea.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2017ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 13an, eta Udalaren iragarki-oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Zizur Nagusian, 2017ko azaroaren 27an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ALDAKETA, PUBLIZITATEAREN UDAL ORDENANTZAN

Aldaketak Publizitatearen udal ordenantzaren 2. eta 4. artikuluei eragiten die.

Artikulu bakarra.

2. eta 4. artikuluetan honako aldaketa hauek sartu dira, honelaxe:

2. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

2. artikulua. Ordenantzaren ondorioetarako, publizitatetzat hartzen da jendearen artean jarduera sozial, politiko, sindikal, kultural, profesional, kirol arloko edo ekonomikoren bat edo kontsumorako produktu edo zerbitzuren bat ezagutarazteko egiten den ekintza oro.

Ordenantzatik kanpo gelditzen da jendearen artean irabazi-asmorik gabeko jarduera sozial, politiko, sindikal, kultural edo kirol arloko bat ezagutarazteko Zizur Nagusian egiten den ekintza oro edo Zizur Nagusiko Udalean erregistratutako kolektiboek zabaltzen duten ekintza oro; halakoetan, publizitatea egin duen pertsona edo kolektiboaren erantzukizuna izanen da informazioa zabaltzeko erabilitako elementuak kentzea, bai eta behar bezala uztea ere xede horretarako erabilitako bideak, euskarriak, hiri-altzariak, etab.

4. artikulua. Idazketa berria eman zaio.

Laugarren artikulua.–Ez da publizitateko hesirik paratzeko baimenik emanen jarraian adierazten diren toki eta baldintzetan.

1. Debeku da publizitateko hesiak paratzea lehen eta bigarren babes mailarekin katalogaturik dauden eraikinetan, bai eta haien ondoan ere, baldin eta babespeko eraikina behar bezala begiesterik ez bada.

2. Debeku da hesiak paratzea zuhaitz edo lorategi bezala katalogatutako ondarean, bai eta katalogatutako elementu berezi edo hiri-altzarietan ere.

3. Hiriko plaza, parke eta berdegune guztietan.

4. Higiezinetako jabeei argirako edo ikuspegirako eskubidea mugatzen dieten tokietan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioko 403 Legeak horri buruz xedatuarekin bat.

5. Errodadura-galtzadetan eta espaloietan, eta errepideetako zirkulazioa zein oinezkoena galaraz dezakeen beste edozein tokitan. Ez da baimenik emanen publizitateko hesirik paratzeko espaloirik ez dagoen tokietan; hiru metroko babesgunea gorde beharko da galtzadaren bi aldeetan. Hori guztia, galarazi gabe Nafarroako Errepideen Foru Legeak ezartzen dituen mugak udal-mugarteak hartzen dituzten errepideetarako.

6. Hesiek ezin izanen dute inola ere gainditu gertuen dagoen eraikineko beheko solairuaren altuera. Halere, eraikuntzarik ez bada, bost metroko altuera gainditzen ahalko dute, sestratik neurtuta. Eraikinik gabeko tokietan dauden hesien gutxieneko altuera –sestratik hesiaren beheko ertzeraino– ezin izanen da bi metrotik beheitikoa izan.

7. Obra-itxituretan publizitateko hesiak paratzeko baimena emanen da, baldin eta hesiok nahitaez atxikitzen bazaizkio itxiturari.

8. Hutsik dauden merkataritzako lokaletako edo beheko solairuetako itxituretan paratzen diren hesiak eraikuntza-proiektuan zehaztutako lokaleko hutsuneen mugen barnean kokatu beharko dira guztiz.

9. Lurgaineko erabilera publikorako zortasunaren karga ezarrita duten ondasun pribatuetan, ez da baimenik emanen publizitateko hesirik paratzeko, baldin eta oztopatzen badute zortasuna ezartzea justifikatu zuen erabilera publikoa.

10. Baimena emanen da Udalaren publizitateko hesiak paratzeko.

XEDAPEN BAKARRA

Ordenantzaren aldaketa honek indarra hartuko du, behin testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L1713719