241. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aldaketa, Ibilgailuak ibilgetu, eremu publikotik kendu eta ondoren altxatzeko zerbitzua emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2017ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta, ondotik, erregelamendu bidez tramitatzea Ibilgailuak ibilgetu, eremu publikotik kendu eta ondoren altxatzeko zerbitzua emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala aldatzen duen espedientea.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2017ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 13an, eta Udalaren iragarki-oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Zizur Nagusian, 2017ko azaroaren 27an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ALDAKETA, IBILGAILUAK IBILGETU, EREMU PUBLIKOTIK KENDU ETA ONDOREN ALTXATZEKO ZERBITZUA EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN

Oinarriak

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuaren arabera, lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz, eta honako hauek udal-administrazioari aitortzen dizkioten eskudantziak erabiliz: 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna, martxoaren 24ko 5/1997 Legearen bidez aldatua) eta apirilaren 21eko 11/1999 Legea.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da Udalaren zerbitzuek ibilgailuak ibilgetzeko edo kentzeko zerbitzua egitean (ekintza hasia izan ala bukatua), eta ondotik, interesdunari itzuli bitartean zaintzean.

Zerga-egitatea sortzen ez duten prestazioak

3. artikulua. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

1) Behar den baimena duten kabalkada, desfile, prozesio, kirol-saio edo beste jarduera nabarmenen bat eginen den ibilbidean aparkaturik egoteagatik kentzen diren ibilgailuak.

2) Aparkaturik egonik, eremu publikoa konpontzea edo garbitzea eragozten dutelako kentzen diren ibilgailuak.

3) Jabeei ebatsirik eremu publikotik kentzen diren ibilgailuak.

Jabeak, horretarako, lapurreta salaketaren kopia aurkeztu beharko du.

Udaltzaingoak ibilgailua altxatua dela jakinarazten duen unetik sortuko dira “Gordailu zerbitzuko kuotetan” ezarritako kuota arruntak.

Zerga ordaindu beharra
eta ibilgailua kentzeko tasaren sortzapena

4. artikulua. Zerga ordaindu beharra zerbitzu osoa egitean edo egiten hastean sorraraziko da, eta une berean ere izanen du sortzapena ibilgailua kentzeko tasak.

Zerga ordaindu beharra
eta ibilgailua altxatzeko tasaren sortzapena

5. artikulua. Ibilgailua kendu eta 24 ordu iraganik izanen du sortzapena ibilgailua altxatzeko tasak.

Subjektu pasiboa

6. artikulua. Indarra duen legezko araudian xedatuari jarraikiz, ibilgailuaren gidariak ordaindu beharko du tasa, eta subsidiarioki ibilgailuaren titularrak.

Karga-oinarria

7. artikulua. Ibilgetu, kendu edo altxatu den ibilgailu bakoitza da karga-oinarria.

Salbuespenak

8. artikulua. Lege nahiz erregelamenduetako xedapenek hala aginduta nahitaez aplikatu beharreko salbuespenak baizik ez dira onartuko.

Tarifak

9. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzeagatik, kentzeagatik (ekintza hasia izan ala bukatua) eta altxatzegatik aplikatu beharreko tarifak ordenantza honen eranskinean daude ezarrita.

Tributuaren kudeaketa

10. artikulua. Ordainarazpen honen diru-bilketarako arau berezitako, zerbitzu honek sortuko dituen tasak Udaltzaingoaren diru-bilketa zerbitzuetan ordainduko direla ezarri da. Udaltzainek, ordainketa frogatzeko, behar diren ordainagiriak edo tributu efektuak luzatuko dituzte.

Ibilgailua itzultzea

11. artikulua. Kendutako ibilgailua ez zaio jabeari itzuliko hura kendu eta altxatzeak sortu dituen eskubideak ordaindu arte.

Zehapenak

12. artikulua. Tasa honen likidazioa ordaintzeak ez du kentzen inolaz ere zirkulazio arauak hausteagatik izan daitezkeen zehapen edo isunak pagatu beharrik.

Gordailura eramandako ibilgailuak

13. artikulua. Udalak bere gordailuetan dauzkan ibilgailuak esleituko ditu, eremu publikoan abandonatutako nahiz aparkatutako ibilgailuei buruzko 1965eko ekainaren 15eko eta 1967ko martxoaren 8ko Aginduetan ezarritakoari jarraikiz, baita ibilgailu abandonatuak eremu publikotik kendu eta altxatzeari buruzko 1974ko otsailaren 14ko Aginduan ere.

ERANSKINA, IBILGAILUAK IBILGETU, EREMU PUBLIKOTIK KENDU ETA ONDOREN ALTXATZEKO ZERBITZUA EMATEKO TARIFENA

A) Ibilgailuak kentzeko zerbitzuaren kuotak.

Kendutako ibilgailuen titularrei eskatuko zaizkien eskubideak honako zenbateko hauetakoak izanen dira:

1) 2.500 kg bitarteko ibilgailuak: 80,00 euro.

2) 2500-5.000 kg bitarteko ibilgailuak: 130,00 euro.

3) 5.000 kg-tik goitiko ibilgailuak: 230,00 euro.

Ziklomotorrak kentzen direnean, Udalaren beraren bitartekoak erabiliz egiten bada, tarifa hau izanen da: 50,00 euro.

Zerbitzua egitera etorri eta ibilgailua udal gordailuetara eramateko lanak hasiak direlarik, lan hori burutzen ahal ez bada, gidaria edo pertsona baimendua agertu eta erregelamenduaren araberako neurri zuzentzaileak hartzen dituelako, aipatutako tarifak %50 murriztuko dira.

B) Ibilgailuak altxatzeko zerbitzuaren kuotak.

Ibilgailua gordailura eraman eta jakinarazi ondotik inork eraman gabe 24 ordu pasatzen direnean, tarifa hauek aplikatuko dira zaintzeagatik, egun edo zati bakoitzeko, hura norbaitek bildu arte:

1) Ziklomotorrak eta motozikletak: 2 euro.

2) 2.500 kg bitarteko ibilgailuak: 5 euro.

3) 2.500 kg-tik goitiko ibilgailuak: 15 euro.

C) Ibilgailuak ibilgetzeko zerbitzuaren kuotak.

Ibilgetutako ibilgailuen titularrei eskatzen ahal zaizkien eskubideek zenbateko hauek izanen dituzte:

1) 3.500 kg bitarteko ibilgailuak: 75,00 euro.

2) 3.500 kg-tik goitiko ibilgailuak: 100,00 euro.

3) Ibilgetzearen berri ematen denetik iragaten den egun natural bakoitzeko, lehen 24 orduak kenduta: 10,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1713718