2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR NAGUSIA
Aldaketa, Eremu publikoko eta herri-lurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena
Zizur Nagusiko Udalak, 2017ko irailaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea eta, ondotik, erregelamendu bidez tramitatzea Eremu publikoko eta herri-lurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala aldatzen duen espedientea.
Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2017ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 13an, eta Udalaren iragarki-oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da.
Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.
Zizur Nagusian, 2017ko azaroaren 27an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.
ALDAKETA, EREMU PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEKO APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALEAN
1. artikulua. Ordenantza honako arau hauetan xedatuaren babespean ezarri da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikuluan; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 93. artikuluan eta hurrengoetan; eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan.
2. artikulua. Eremu publikoko eta herri-lurretako zoru, hegalkin eta zorupean aprobetxamendu berezi edo erabilera pribatibo hauetarik edozein egitea da zerga-egitate:
1) Erabilera publikoko lurren zorupea okupatzea.
2) Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo gisako muntaduren bidez okupatzea.
3) Soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo gaien sarrera eman ahal izateko eremu publikoko zoladura edo espaloietan kokatutako lukana, arnasbide, ate, karga-aho edo gisako elementuak, baita argi-sare publikotik egindako hargunea ere.
4) Eremu publikoaren gainean edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren markesina, eguzki-oihala edo gisako muntadurak, eraikinaren berezko egituraren elementuak ez direnean.
5) Eremu publikoaren gainean edo haren hegalkinean kokatuta dauden burdina-barra, aldamio eta gisakoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, baskulak, salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.
6) Irabazteko xedearekin mahaiak, aulkiak, beladoreak, upelak, eguzki-babesak edo haien gisako bestelako elementuak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.
7) Eremu publikoan kioskoak jartzea.
8) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak, kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa.
9) Erakusleiho eta bitrinak.
10) Balkoiak eta terrazak kristalez ixtea.
11) Beste hainbat aprobetxamendu, baldin eta horietan inguruabar berezi batzuk badira, hala nola, arriskugarritasuna, erabilera-maiztasuna, errentagarritasun berezia edo horien antzeko beste zenbait, eta, bereziki, eremu publikora ematen duten fatxadetan kutxazain automatikoak, edota edariak, jatekoak, higiene produktuak eta beste edozer saltzeko makinak paratzeak dakarten aprobetxamendua edo beste aprobetxamendu ekonomiko batzuk.
Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamenduen tasak dagokien ordenantzak arautuko ditu, edo haiek arautzen dituzten udal-erabakiek. Ez dira, beraz, ordainarazpen honetakoak.
3. artikulua. Honako hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera:
a) Udal lizentzien edo kontzesioen titularrak eta aprobetxamenduaren onurak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.
b) Lizentzia edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduetakoren bat egiten dutenak.
c) Aprobetxamendua utzi arren Udalean baja aurkezten ez dutenak.
d) Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titular edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.
4. artikulua. Ordenantza honetako tasen zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantzaren xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko da kontuan, honen eranskinean xedatzen denari jarraikiz.
5. artikulua. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira tasen ordainarazpenetik.
6. artikulua. 1. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean tokiko jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.
2. Kalteak konponezinak badira, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen zaio ordainetan Udalari.
Udalak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.
7. artikulua. Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua onartzen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.
8. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua hasten bada, behar den tasa pagatzeak ez ditu egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.
9. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute, ohikoak eta etengabeak badira.
2. Erabilera publikoko lurrak, irabazi asmoz, mahai eta aulkiekin okupatzeari dagokionez, udal administrazioak balio gabe utz dezake baimena edo aldi baterako kendu, bidezko arrazoiak, obrak, konponketak eta abar badaude, eta kobratutako tasaren zati proportzionala itzultzea beste beharkizunik ez du izanen.
3. Lizentzia ematen den unean ordainduko da balkoiak edo terrazak kristalen bidez ixteko tasa.
10. artikulua. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.
2. Bestelako arau-hausteei dagokienez eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, ordenantza fiskal orokorrak xedatuari jarraituko zaio. Udalak, betearazpen bidez, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta instalazio hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den beste edozergatik sortutako gastuak jabearen kargu geldituko dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei beren egintza edo erabakiak deuseztatzeko errekerimendu ahalmena erabiltzeko epea iragandakoan.
ERANSKINA, EREMU PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO LURZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIETAKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALAREN TARIFENA
I. epigrafea.–Lurzoruko aprobetxamendu bereziak.
I.1. Mahaiak, aulkiak, itxitura egonkorrik gabeko terraza beladoredunak, metro karratuko:
–Urtean: 20,00 euro.
–Herriko festetan. Aprobetxamendu berriengatik edo jadanik dauden aprobetxamenduak handitzeagatik, iraileko festetan zehar soil-soilik: 7,00 euro.
I.2. Itxitura egonkorreko terraza beladoreduna, metro karratuko:
–Urtean: 40,00 euro.
I.3. Tabernetako barrak herriko festetan, ostalaritzarekin lotutako irekitzeko lizentziak dituzten establezimenduei lotutakoak, metro karratuko: 20,00 euro.
I.4. Instalazioak eremu publikora jotzen duten fatxadetan, unitate bakoitzeko urtean:
–Banku entitateen kutxazainak: 120,00 euro.
–Makina saltzaileak: 65,00 euro.
I.5. Merkatu txikiak, saltoki bakoitzeko.
–Egunean: 11,77 euro.
–Denboraldian: 613,18 euro.
I.6. Jarduera ekonomikoetarako bestelako erabilera edo aprobetxamendua, metro karratu edo horren zatiki bakoitzeko, egunean: 0,16 euro.
I.7. Jarduera ekonomikoetarako ez den beste edozein aprobetxamendutarako, metro karratuko edo horren zatiki bakoitzeko.
–Egunean: 0,98 euro.
–Hilabetean: 14,53 euro.
–Urtean: 144,91 euro.
II. epigrafea.–Hegalkineko aprobetxamendu bereziak.
–Metro karratu edo zatiki bakoitzeko, egunean: 0,40 euro.
–Metro karratu edo zatiki bakoitzeko, hilabetean: 8,10 euro.
–Metro karratu edo zatiki bakoitzeko, urtean: 81,15 euro.
III. epigrafea.–Zorupeko aprobetxamendu bereziak.
–Jarritako biltontzi bakoitzeko, urtean: 289,72 euro.
–Okupatutako zorupeko metro karratu bakoitzeko, urtean: 8,66 euro.
IV. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak.
Aurreko epigrafeetan azaldutakoengatik ordaindu beharreko zenbatekoak jarraian adierazten diren kopuruetara iristen ez direnean, gutxieneko zenbateko hauek ordainduko dira:
–Aldamioak: 24,17 euro.
–Hesiturak: 24,17 euro.
–Jarduera ekonomikoetarako ez den beste edozein aprobetxamendutarako: 14,50 euro.
–Jarduera ekonomikoko beste aprobetxamendu batzuetarako: 48,35 euro.
Iragarkiaren kodea: L1713717