1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
536/2017 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Buñuelgo (Nafarroa) industrialdeko hondakin uren hustubidea berritzea” izeneko proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onesten dituena.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren irailaren 15eko 39/2017 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hamabost egunez bai aipatutako proiektua bai ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Epe hori iraganik, Ribaforadako 6. poligonoko 910. lurzatiaren jabeek aurkeztutako alegazio bat jaso da; haren bidez, hustubidearen trazadura aldatzea eskatu dute, eta proposatu 6. poligonoko 915. lurzatia inguratzen duten bideetan barna eramatea. Bestela, trazaduraren aldaketa onartzen ez bada, finka osorik desjabetzea eskatzen dute.
Alegazio horri erantzunez, ondokoa adierazi behar da:
Proposatutako aldaketa eginez gero trazaduran, 90 graduko saihesteak egin beharko dira erregistro putzuetan, jauzi hidraulikorako aukerarik gabe, eta horrek arazoak ekar ditzake, norabide aldaketa oso bat-batekoak egin beharko liratekeelako, eta horren ondorioz urak gainez egin dezake estalkietan. Saneamendurako hustubide orokorren diseinuan trazadura ahalik eta zuzenenak bilatu behar dira. Trazadurak aldiro-aldiro lurzatien mugei jarraituz eginez gero amaierako emaitza ez litzateke bideragarria izanen.
Jabeek diotenez, proposatutako alternatibak obraren kostu osoa merkatuko luke. Proposatutako desbideratzeak, ordea, nabarmen handituko lituzke kostuak, hustubidea luzeagoa izateaz gainera, bide horietan eraikitzea garestiagoa delako.
Lurzatia osorik desjabetzeko eskaerari dagokionez, esan beharra dago ez dela Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 24. artikuluan eskatzen den baldintza betetzen, lurzatiak egun duen erabilera mantendu daitekeelako. Kasu honetan, lur azpiko kolektore batek sortzen duen bide zortasuna ezartzen da, eta hortaz ez da hondarreko lur-eremu baliaezinik sortzen, legeak eskatzen duena, alegia. Zortasun horren mugak balio justua ezartzeko fasean baloratuko dira, baina berriz adierazi behar da finkaren egungo aprobetxamendua mantentzen ahalko dela.
Horregatik, badirudi ez dela proportziozkoa finka osorik desjabetzea grabitate bidezko hustubide bat eraikitzeagatik bertan, are gehiago kontuan hartzen bada lurzatia landa finka bat dela, eta, behin hustubidea eraiki ondoren, orain arte bezala erabiltzen ahalko dela aurrerantzean ere. Era berean, zaila da lurzatiko erabilera aldatzea, urak har dezakeen finka bat delako.
Kondukzio mota honen kasuetan dagoen esperientziari esker aurreikus daiteke mantentze-lanen maiztasuna oso txikia izanen dela. Adibidez, finka honetatik hurbil dauden beste batzuk (906., 908. eta 909. finkak, kasu) Ribaforadatik araztegira doan hustubidea eraikitzeko lanek ukitu zituzten 2005ean, eta urte hauetan ez da bertara joan beharrik izan mantentze-lanik egiteko.
Horregatik guztiagatik, aurkeztutako alegazioa ezetsi, eta proiektua behin betiko onestea bidezkoa da.
Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. “Buñuelgo (Nafarroa) industrialdeko hondakin uren hustubidea berritzea” izeneko proiektua eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onestea, eta aurkeztutako alegazioa ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Moncayoko Ur Mankomunitateko eta Buñuelgo, Ribaforadako eta Fustiñanako udaletxeetako iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.
3. Ebazpen hau Moncayoko Mankomunitateari eta Buñuelgo, Ribaforadako eta Fustiñanako udalei eta alegatzaileari jakinaraztea. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2017ko abenduaren 7an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.
Iragarkiaren kodea: F1714183