241. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAINTZAR

Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza.
Behin betiko onespena

Larraintzarko Kontzejuak, 2017ko abuztuaren 14an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2017ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 28an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Larraintzarren, 2017ko abenduaren 7an.–Kontzejuko burua, Jesus Espelosin Larrayoz.

ORDENANTZA, LARRAINTZARKO (ULTZAMA) KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Larraintzarko kontzeju-mugarteko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua.

Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua.

Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua.

Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua ezertan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta erabilerak

5. artikulua.

Herri-lurretako ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Larraintzarko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Larraintzarko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri Ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Larraintzarko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izango baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Larraintzarko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua.

Larraintzarko Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra egingo die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua.

Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Larraintzarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuaren Batzarrak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozein tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina emango da edo ez, Zuzenbideak ezartzen duena.

12. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu egingo ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Larraintzarko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortu diren gastuak.

IV. TITULUA

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua.Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Herri-lurretako larreen aprobetxamenduak.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez bi urteko antzinatasunez.

c) Larraintzarren urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian egiazki bizitzea.

d) Onuraduna zer toki entitateri dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

II. KAPITULUA

Herri-lurretako larreen aprobetxamendua

16. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak herri-lurretako bazkalekuak diren 14 lurzati edo belardi dauzka kontzeju-mugartean, eta horien aprobetxamendua honela egingo da:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkantean esleituz.

17. artikulua.

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa, ohi bezala, 15. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskatzaileei egingo zaie; gainera, Larraintzarren erroldatutako ustiategiaren abeltzain-kartilla aurkeztu beharko dute, gutxienez bi urteko antzinatasuna duena. Honako adjudikazio irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Eskatzaileek beren eskaeran azaldu beharko dute zein belardi nahi duten adjudikatzea haiei.

b) Belardi bererako eskatzaile bi edo gehiago baldin badaude, egungo adjudikazio-hartzaileak lehentasunerako eskubidea edukiko du.

c) Lehen adjudikazio horren ondoren, jakinaraziko da zein belardi dauden adjudikatu gabe, eta bigarren txanda irekiko da eskatzaileen artean zozketa egiteko.

d) Behin betiko adjudikazioa egin aurretik, behin-behineko adjudikazio-hartzaileek beren artean egokitzat dituzten aldaketak egin ahalko dituzte, eta aldaketa horien berri emango zaio kontzejuko batzarrari, behin betiko adjudikazioa egin dezan.

e) Prozesu hori bukatu ondoren, adjudikatu gabe gelditu diren belardiak enkante publikoan adjudikatuko dira.

18. artikulua.

Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izango da.

19. artikulua.

Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

LOTE ZENBAKIA

PREZIOA ERREGUKO

ERREGU KP.

PREZIOA BELARDIKO

1.a

21,00 euro

38,8

814,80 euro

2.a

21,00 euro

38,8

814,80 euro

3.a

21,00 euro

38,8

814,80 euro

4.a

19,83 euro

38,8

769,53 euro

5.a

17,50 euro

38,8

679,00 euro

6.a

18,08 euro

38,8

701,63 euro

7.a

15,75 euro

38,4

604,80 euro

8.a

13,42 euro

38,8

520,57 euro

9.a

13,42 euro

38,8

520,57 euro

10.a

12,83 euro

50

641,67 euro

11.a

12,83 euro

50

641,67 euro

12.a

12,83 euro

55,3

709,68 euro

13.a

21,00 euro

33

693,00 euro

14.a

10,00 euro

6,5

65,00 euro

20. artikulua.

Adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

21. artikulua.

Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Horri dagokionez, Larraintzarko Kontzejuak ondoko kasu hauetan ulertuko du larreak ez dituela onuradunak zuzenean aprobetxatzen:

a) Azienda erregistrotik kentzen denean, edo bere jarduera abeltzaintzaren erregistrotik.

b) Larreen jabe izanik, haiek hirugarrenei errentan ematen dizkietenak.

c) Kontzejuaren Batzarraren txostenaren arabera, adjudikatutako larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ez dituztenak.

22. artikulua.

Beren larreak apartzerian eman edo lagatzen dituzten onuradunei herri-lurretako lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek apartzeria edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren Gordailuzaintzan.

23. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari direla ziurtatzeko.

24. artikulua.

Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa urtea amaitutakoan egingo da.

25. artikulua.

Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

26. artikulua.

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Erroldatzearen ziurtagiria, alta noiz hartu zen agertuko duena.

b) Zinpeko aitorpena, urtean gutxienez bederatzi hilabetez erroldatuta dagoen helbidean bizi dela dioena.

c) Larraintzarko Kontzejuak emandako ziurtagiria, zerga betebeharrak eguneratuak dituela dioena.

d) Aziendaren zerrenda zehatza: espeziea, abelburuak eta abar.

e) Larraintzarko ustiategi batekoa dela frogatzen duen abeltzain-kartilla.

27. artikulua.

Prozedura: Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 30 egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

28. artikulua.

Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

29. artikulua.

Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 8 urterako, indarra duen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

30. artikulua.

8 urte horiek bete gabe herri-lurretako aprobetxamenduaren kontratua deuseztatu nahi dutenek Kontzejuari eman beharko diote horren berri, gutxienez sei hilabete lehenagotik.

31. artikulua.

Herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunek garbi eduki behar dituzte lurzatiak, hau da, sasitzarik gabe, ongi ongarrituak eta, oro har, egoki nekazaritzarako.

32. artikulua.

Belardi bat libre gelditzen bada adjudikazioaren 8 urte horiek bete gabe, adjudikazioa ohi bezala egingo da kontuetako afarian. Belardia belardirik ez duen eskatzaile bati adjudikatuko zaio. Eskatzaile bat baino gehiago badago haien artean zozketa egingo da.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

33. artikulua.

Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Larraintzarko Kontzejuak etxerako egur epaitzak banatuko ditu denen artean, betiere herrian bertan erabiltzekoak badira.

34. artikulua.

Larraintzarko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten egingo da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

35. artikulua.

Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izango ditu saldu.

36. artikulua.Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izango dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei kasu egingo zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

37. artikulua.

Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Larraintzarko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza orriei lotuko zaizkie. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

38. artikulua.

1. Larraintzarko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake lurretako aprobetxamenduen adjudikazioak honako xedea duenean:

a) Herri-lurren gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Kontzejuak nahiz herritar interesdunek berek sustatzen ahal dituzte.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

39. artikulua.

Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

40. artikulua.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek.

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herri-lurretako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea Kontzejuaren adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

g) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herri-larreetan Bazkatzen duen Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Herri-lurretako zuhaitzak botatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

m) Herri-lurretako aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zainduak ez egotea.

41. artikulua.

Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izango dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezarri ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

g) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bostetik hamar bitarte ordaintzea izango da zehapena. Balio hori zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L1714186