Iragarkia
240. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 18a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ALTSASU
Deialdia, Berdintasun, Kirol eta Gazteria alorretan administrari laguntzaile lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko
Tokiko Gobernu Batzarrak, 2017ko azaroaren 8an egin bilkura arruntean, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:
OINARRIAK
Deialdiaren oinarriak, Altsasuko Udalaren Berdintasun, Kirol eta Gazteria alorretan administrari laguntzaile bat aldi baterako kontratatzeko
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1 Deialdi honen xedea da Altsasuko Udalaren Berdintasun, Kirol eta Gazteria alorretan administrari laguntzaile lanpostu bat, administrazio araubidekoa, aldi baterako betetzea.
Lan poltsa sortuko da hautapen prozesu hau gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izango da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean.
1.2. Hautapen probak 5. oinarrian ezarritakoak izango dira eta lehiaketaldia ere baloratuko da, baldintza hauen 6. oinarrian ezarri bezala.
1.3. Kontratuak lanpostua behin betiko bete arte iraungo du. Hala ere, kontratua hurrengo arrazoietako batengatik desegingo litzateke:
–Erregelamenduz ezarritako probaldian kontratatuak betebeharren bat ez-betetzeagatik edo egokitzapen faltagatik.
–Aldi baterako bete nahi den lanpostua behin betiko betetzeagatik.
–Lanpostua amortizatzeagatik.
–Lanpostu horri atxikitzea langile funtzionario edo lan-kontratudun finko bat.
–Irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan jasotako beste zenbait.
1.4. Lanaldi erdiz aritu beharko du. Ordutegia eta lantokia administrazio dei-egileak ezartzen dituenak izango dira; betiere zerbitzuaren beharren araberakoak. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko da.
1.5. Lanpostuak D mailari dagokion oinarrizko lansaria izango du, Ordainsarien behin-behineko erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, eta onesten diren osagarriak, eta halakorik ezean, administrazio dei-egilearen plantilla organikoan ezarritakoak.
1.6. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, honako hauek barne:
A) Kudeaketa administratiboa:
–Laguntza administratiboa ematea Kirol, Berdintasun eta Gazteria Batzordeekin loturiko lanetan: Batzordeetako deialdiak eta dokumentazioa bidaltzea batzordekideei.
–Laguntza administratiboa ematea Kirol, Berdintasun eta Gazteria alorretako jardueren antolaketan.
B) Barneko informazioaren kudeaketa.
–Alor bakoitzean behar den informazioa jasotzeko tresna elektronikoak sortu eta kudeatzea eta haietaz baliatzea.
–Alor horietan prestatzen diren agiriak maketatzea.
C) Kanpoko informazioaren kudeaketa.
–Kanpoko komunikazioa gauzatzea Altsasuko entitateekin eta herritarrekin, Udalaren web-orriaren, sare sozialen eta banaketa zerrenden bidez.
Oro har, lanpostuarekin eta mailarekin loturik, agintzen ahal den beste edozein eginkizun.
2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, aurkezten diren izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea izatea, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.
b) Hamasei urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola graduatuen titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat izatea, edo izateko maneran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) Euskaraz jakitea, C-1 mailaren titulua, EGA edo baliokidea den Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun Agiria aurkeztuz egiaztatua, edo eskatutako hizkuntza eskakizuna duela egiaztatzen duen berariazko probaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (jatorrizkoa eta kopia) aurkeztu beharko da Altsasuko Udaleko erregistro orokorrean (Garcia Ximénez kalea, 36, 31800), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.
Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.
Agiriak aurkezten badira Administrazio Prozeduraren Legeak baimendutako gainerako bideetakoren bat erabiliz, administrazio kontratatzaileari eskabidea igorri dela jakinaraziko zaio fax bidez (948 136 563855 zenbakia), telegramaz edo posta elektronikoz (altsasu@altsasu.net), eskabideak aurkezteko epearen azken eguna eta ordua baino lehen.
Bi betekizun horiek gabe dokumentazioa ez da onartuko, kontratazio organoak jasotzen badu oinarri hauetan adierazitako epea amaitzeko eguna eta ordua pasatu eta gero.
Dena den, aipatutako epea iragan eta bost (5) eguneko epean dokumentazioa jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.
3.2. Eskabideari (jatorrizkoa eta kopia, deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoak) agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.
b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.
c) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izango dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, Altsasuko Udaleko alkateak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
5. oinarria.–Epaimahaia.
5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Javier Ollo Martínez, Altsasuko alkatea.
–Ordezkoa: Manuel Bergera Ijurco, Altsasuko Udaleko Antolaketa eta Giza Baliabideen batzordeko burua.
–Mahaikide-idazkaria: Isaac Valencia Alzueta, Altsasuko Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: Silvia Gonzalo Etxarri, Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.
–Mahaikidea: Idoia Goikoetxea Gómez, Altsasuko Udaleko Berdintasunerako teknikaria.
–Ordezkoa: Blanki Torres Iglesias, Altsasuko Udaleko Gazteriako teknikaria.
–Mahaikidea: Ana Laborda Cano, NUKFeko administrari-ofiziala.
–Ordezkoa: M.ª Jesús Eugui Iraizoz, NUKFeko administrari-ofiziala.
–Mahaikidea: Amaia San Miguel Andonegi, Altsasuko Udaleko ordezkari sindikala.
–Ordezkoa: M.ª Victoria Mesanza Zufiaurre de Ocio, Altsasuko Udaleko ordezkari sindikala.
5.2. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak egingo ditu eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.
5.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izango da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.
6. artikulua.–Probak.
6.1. Oposizioaldia hasi baino lehen euskararen proba egingo dute deialdi honen 2.1.E oinarrian eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez eta proba egiteko nahia adierazten dutenek. Proba horretan idatzizko bi ariketa egingo dira eta ahozko bat, eta horiekin zehaztuko da izangaia gai edo ez-gai den, C-1 hizkuntza mailari, EGAri edo baliokidea den tituluari dagokionez. Proba horiek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek egingo dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak. Garaiz jakinaraziko da probak egiteko eguna.
6.2. Oposizioaldian hiru proba egin beharko dira, bat teorikoa, beste bat praktikoa, eta beste bat informatikari buruzkoa. Bi lehenak egun berean egingo dira, batera. Proba teorikoa egiteko ordu 1 izango da, gehienez ere; proba praktikoa 3 ordukoa izango da. Hona proben edukia:
1.–Proba teorikoa.–Proba horretan galderak erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera emango dira, baina bakarra izango da zuzena. Galdera guztiek balio bera izango dute. Erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren laurden bateko zigorra izango dute. Ariketaren balorazioak 25 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.
2.–Idatzizko proba praktikoa.–Deialdi honen eranskineko gaiei buruzko kasu praktikoak azaldu beharko dira idatziz. Proba honen balorazioak 25 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia eskuratzen ez duten izangaiak.
3.–Proba informatikoa.–Ofimatikako ariketa praktikoak egin beharko dira Windows ingurunean (Word, Excel eta Access 2007-2010 eta Outlook). Proba honen balorazioak 20 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia eskuratzen ez duten izangaiak.
6.3. Probak egiteko dei bakarra egingo da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo horren legezko baliokidea aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertuak geldituko dira, edozein arrazoia dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunean agertzen ez diren izangaiak.
6.4. Hautaproban, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izango dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
6.5. Ariketak plika sistemaren bidez egingo dira.
6.6. Ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emango du izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin, Udalaren iragarki oholean. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.alsasua.net helbidean.
7. oinarria–Lehiaketaldiko balorazioa.
Lehiaketaldia oposizioa gainditu duten izangaiei soilik baloratuko zaie, eta 30 puntu izango ditu gehienez, baremo honen arabera:
A) Esperientzia.
A.1) Nafarroako toki entitate batendako, administrari laguntzailearen lanetan zerbitzu emateagatik: 1,5 puntu, urte bakoitzeko.
A.2) Nafarroako toki entitate batendako, administrari-ofizialaren lanetan zerbitzu emateagatik: puntu 1, urte bakoitzeko.
A.3) Bestelako administrazio publikoetan administrari laguntzailearen lanpostuan zerbitzu emateagatik: 0,5 puntu, urte bakoitzeko.
A.4) Bestelako administrazio publikoetan administrari-ofizialaren lanpostuan zerbitzu emateagatik: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.
Aurreko ataletan aurreikusi merezimenduak lehiatzaileak lan egin duen administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira bai lan araubidean (finkoan edo aldi baterakoan), bai administrazio araubidean (bitarteko gisa edo jabetzapeko lanpostuan) egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.
Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteko osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, hileko oso bat gutxienez beharko da.
Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.
Zerbitzuak bete izana frogatzen duten dokumentuetan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ote ziren, eta lanaldi murritza bazen, zenbatekoa.
Aurreko apartatuen batura ez da 20 puntu baino handiagoa izango.
B) Prestakuntza ikastaroak.
Kontuan hartuko dira lanpostuarekin ikusteko duten gaien gaineko prestakuntza ikastaroak, hala nola informatikakoak (2000. urtearen ondoren egindakoak): Office paketea, sare sozialak, Internet, posta elektronikoa, Windows ingurunea, web-orriak sortzea, ordenagailu bidezko edizioa eta diseinua; administrazio prozedurari buruzkoak eta bestelakoak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, eta behar bezala frogatuak jatorrizko tituluaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez. Puntuazioa honela egingo da:
–10 orduko edo gehiagoko baina 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,10 puntu.
–20 ordu baino gehiagoko eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,30 puntu.
–50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 0,40 puntu.
Ez dira baloratuko 10 ordu baino gutxiagoko ikastaroak.
Ikastaro guztien batura ez da 10 puntu baino handiagoa izango.
8. oinarria–Epaimahaiaren proposamena.
8.1. Azken proba bukatuta, epaimahaiak proposamena egingo dio administrazio dei-egileari puntu gehien lortu dituen izangaia kontratatzeko.
8.2. Proposamena loteslea izango da deialdia egin duen administrazioarendako.
8.3. Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen administrazioaren proposamena onartzen denetik eta jakinarazpena egiten zaionetik aitzina. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, deialdia egiten duen administrazioaren organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei kontratua egiten ahalko die hurrenez hurren, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz, eta horrela, behar den guztietan.
9. oinarria–Kontratazio zerrenden kudeaketa.
9.1. Kontratazio zerrendek bost urteko iraunaldia izango dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.
9.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.
A) Deia:
Kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik egingo da.
Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.
Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei egingo zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian ezarritakoa (administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).
Lanerako kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, egingo zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra egingo da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.
Deitutako izangaiarekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.
Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukatu gabe, izangai bat, aldi baterako kontratu bat dela bide, lanean ari edo aritu denean eta, kontratua bukatu eta hurrengo 12 hilabetean, udalean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.
Lan-kontratudun batek muzin egiten ahalko dio kontratuari iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.
B) Uko egiteak:
1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:
a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo haurra izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.
c) 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea.
d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.
e) Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorren Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aitzineko hamabost egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.
Aitzineko atalean adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek hilabeteko epea izango dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Artikulu honetako lehenengo apartatuan aipatutako kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egin arte, ez zaie lanposturik eskainiko.
C) Baztertzeak:
Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea.
c) Deia eginda lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
9.3. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko da; beraz, haren kontu izango da dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
10.1. Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Altsasun, 2017ko azaroaren 22an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.
I. ERANSKINA
Gai zerrenda
1.–Administrazio agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, erabakien igorpena, jakinarazpenak.
2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: udalerria. V. titulua: toki entitateen funtzionamenduaren araubidea.
5.–6/1990 Foru Legea, ekainaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: udalerria, Nafarroako toki entitate gisa. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. titulua. Nafarroako toki entitateen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola. Zehazki, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.
6.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua onesten duena. I. titulua. Udalbatzetako kideen estatutua. II. titulua: toki entitateen beharrezko antolaketa. III. titulua: toki entitateen beharrezko organoen funtzionamendua. IV. titulua: toki entitateen antolaketa osagarria. VI. titulua: prozedura eta araubide juridikoa.
7.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
8.–Aukera berdintasuna (gaitegia eskuragarri dago http://www.alsasua.net/es/ayuntamiento/proyectosmunicipales helbidean).
9.–Kirolaren Alorreko lan-lerro eta programa nagusiak.
10.–Emakumearen eta Berdintasunaren Alorreko lan-lerro eta programa nagusiak.
11.–Gazteriaren Alorreko lan-lerro eta programa nagusiak.
Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deiladia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.
II. ERANSKINA
Eskabide-orria (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1713908
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
