1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko azaroaren 28an hartua, Artaxoko Kontzejuak sustatutako “Artaxoko HUAra eta haren ondoko finketara doan bidea egokitzea Longidan” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.
Artaxoko Kontzejuak 2017ko ekainaren 14ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez (2017ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 12an), jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Jendaurreko aldia bukatutakoan, Artaxoko Kontzejuak, 2017ko irailaren 19an egindako bilkuran, alegazio bakarra ebatzi zuen, eta behin betiko onespena eman zion aipatu proiektuari, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendari ere.
Longidako Udalak 2017ko urriaren 4an egindako bilkuran berretsi zuen Artaxoko Kontzejuaren irailaren 29ko bilkuran hartutako erabakia.
Artaxoko Kontzejuak aipatu proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazteko eskaera-orria aurkeztu zuen (2017ko urriaren 9an sartu zen Nafarroako Gobernuaren Erregistroan). Proiektu horren baitan, bide bat egokituko da gaur egun Irati ibaiaren ertzean dagoenari jarraipena emateko, Artaxoko (Longida) 11. poligonoko 88. lurzatiak eten egiten baitu, eta, horrela, Artaxoko Asunción kalearekin lotzeko. Bestalde, okupazioa presakoa da hondakin uren araztegira iristea ezinezkoa denez gero, bidea hesi batek ixten baitu Artaxoko 11. poligonoko 88. lurzatira iristean. Hori dela eta, 2017an ezin izan dira normaltasunez egin aipatu instalazioaren jarduna eta mantentze-lanak, eta premiazkoa da instalaziora sartzea hura garbitzeko eta, hartara, izan litezkeen osasungarritasun arazoak eragozteko. Horrez gain, HUAren ondoko finken lur-jabeek ez dute finketara sartzeko behar den segurtasun bermerik.
Nafarroako Gobernuak, Artaxoko Kontzejuak eman dituen arrazoiak ikusita, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.
Horrenbestez, dagokion txosten juridikoa ikusita, balio justua pagatzeko behar adina kreditu atxiki dagoela egiaztatuta, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57. b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. Artaxoko Kontzejuak sustatutako “Artaxoko HUAra eta haren ondoko finketara doan bidea egokitzea Longidan” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko, bat etorriz Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak ezarritakoarekin.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Artaxoko Kontzejuari jakinaraztea.
Iruñean, 2017ko azaroaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1713924