Iragarkia
239. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 15a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZANGOZA
Deialdia, udaltzain lanpostu bat (kopurua handitu ahalko da) oposizio bidez betetzeko
Zangozako Udaleko Gobernu Batzarrak 2017ko azaroaren 17an erabakita onetsi zen Zangozako Udalaren zerbitzuko udaltzain lanpostu 1 (kopurua handitu ahalko da) oposizio bidez betetzeko deialdia.
Hautapen prozesua arau hauen mende egongo da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
Argitara ematen da behar diren ondorioak izan ditzan.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Zangozako Udalean aritzeko udaltzain lanpostu bat oposizio bidez betetzea.
1.2. Deialdiaren xede diren lanpostuen kopurua hautapen prozesuan handitu ahalko da, betiere izangaia deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan sartu baino lehen. Lanpostu kopurua handitzen bada aplikatzekoa izango da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).
1.3. Izendatzen den izangaiak polizien eginkizunak beteko ditu, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko da sailkaturik.
2.–Aplikatu beharreko araudia.
Prozedura hau arau hauen mende egongo da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) Adinez nagusi izatea eta erretiroko adina ez gainditzea.
c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea.
Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.
d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.
e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.
g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen adierazpenaren bidez adieraziko da.
Plaza kopurua handituz gero, igoera txanda bidez plaza horietarako aukera izan nahi duten izangaiek baldintzak hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.
Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.f) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiko 7.4 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.
Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Zangozako Udalaren erregistro orokorrean (Nagusia, 35, behea) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izango da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Eskabideak deialdiaren I. eranskinean dagoen ereduari lotu beharko zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabidearen eredua Zangozako Udalaren erregistro orokorrean eskura daiteke.
Eskabidearen eredua (ez dokumentazio erantsia) behar bezala beteta aurkeztu beharko da, eta betiere bi ale.
4.2. Izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
1. Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.
2. Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.
3. Deialdian aipatutako proba fisikoak egiteko egoera onean dagoela ziurtatzen duen egiaztagiri mediko ofiziala.
4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu egingo da.
4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.
4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.
5.–Onartuen behin-behineko zerrendak, erreklamazioak eta behin betiko zerrendak.
5.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-oholean argitaratzeko aginduko du.
5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpenean oposizioko ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.
6.–Epaimahaia.
6.1. Osaera.
Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Ángel Navallas Echarte, Zangozako alkatea.
–Ordezkoa: Santiago Guallar Tiebas, Zangozako Udaleko lehen alkateordea.
–Mahaikidea: Enrique Extremado Antoñanzas, Zangozako udaltzaina.
–Ordezkoa: Javier Lizarraga Liberal, Zangozako udaltzaina.
–Mahaikidea: José Ángel Galera, Zangozako Foruzain Etxeko inspektorea.
–Ordezkoa: Manuel Fernández, Zangozako Foruzain Etxeko inspektoreordea.
–Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak izendatu beharrekoa.
–Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak izendatu beharrekoa.
–Mahaikidea: Langileen ordezkariek izendatutako pertsona bat.
–Ordezkoa: Langileen ordezkariek izendatutako pertsona bat.
–Idazkaria: Jose G. Ayesa Aristu, Zangozako Udaleko idazkaria.
–Ordezkoa: Raquel García Areso, Ledeako Udaleko idazkaria.
6.2. Eraketa eta jarduna.
Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.
Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.
Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.
7.–Oposizioa nola egingo den.
7.1. Oposizioak bi fase izango ditu:
–Lehen fasea: ezagutzei buruzko probak, proba fisikoak, proba psikoteknikoak eta osasun probak egingo dira.
–Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean lehen probaren tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.
7.2. Hautaketa faseko probetarako dei bakarra egingo da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo, epaimahaiaren iritziz, izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira iragarritako egunean eta orduan deitutako lekura agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
Hautaketa faseko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian, eta bost egun naturaleko epea emango du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki oholean eta Udalaren web orrian argitaratuko; proba gainditu duten izangaien eta baztertuen zerrenda azalduko dira, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.3. Lehen fasea: hautaketa prozesuaren lehen fasean proba hauek izango dira:
a) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa; 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati idatziz erantzun beharko zaio. Galdera guztiendako lau erantzun emango dira aukeran, baina bat bakarra izango da baliozkoa. Erantzun baliozko bakoitzak 1 puntuko balorazioa izango du, eta erantzun okerrek 0,50 puntuko balorazio negatiboa izango dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emango zaie. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere bi ordu izango dituzte. Proba honetan 100 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 50 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.
b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko. Epaimahaiak finkatuko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Ariketa bakoitzean “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emango da. “Ez gai” kalifikazioa emango zaie deialdiaren III. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei, bai eta dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei ere.
Izangai guztiak antidopin kontrola egitera behartuta egongo dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Kasuan kasuko organo espezializatuak egingo ditu debekatutako jarduerak atzeman edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kiroletako Kontseilu Gorenak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2013ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean, argitaratua), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segituko du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako Unescoren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian.
Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.
c) Proba psikoteknikoa: hainbat proba egingo dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Atalak edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek egingo dituzte, eta haren balorazioak lotesleak izango dira epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoko probak gehienez ere 50 puntuko balorazioa izango du. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 25 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.
Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek egingo dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.
d) Hizkuntzak jakitea:
Europako hizkuntzen maila egiaztatzeko proba. Proba hau egitea hautazkoa da eta ez da baztertzailea.
Puntuazioa horretarako berariaz prestatutako proba espezifikoak gainditzearen araberakoa izango da. Hizkuntzen Europako Esparru Bateratuko B1 mailaren pareko zailtasuna izango du. 3 puntu emango dira B1 maila frogatzen den hizkuntza bakoitzeko. Proba 6 puntuz baloratuko da guztira, gehienez ere. Aipatu jakite-mailatik beherakoak ez dira balioetsiko.
Hizkuntza batean B1 titulua edo haren baliokide den titulazio ofiziala edo maila handiagoko titulazioa daukatela frogatzen dutenek ez dute proba egin behar. Titulu ofizialak aurkeztu beharko dira. Ez dira balioetsiko eskatzen den mailatik goragoko tituluak.
e) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, dei egingo zaie osasun probak egitera, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 ataleko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Udalak kontratatzen duen prebentzio zerbitzuak egingo du osasun azterketa hori.
Proba medikoetan izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emango zaie. Bazterturik geldituko dira “Gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.
7.4. Lanpostuen adjudikazioa.
a) Adjudikazioaren egintza prestakuntza ikastaroaren aurretik egingo da, horrela zehazki jakingo baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.
b) Egintza horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.
c) Epaimahaiak zerrenda bat egingo du horretarako, guztirako puntuazio handienetik txikienera ordenatuta. Izangaiei dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lanpostu hutsak adjudikatzeko.
d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duen izangaia behin-behineko proposatuko da oinarrizko prestakuntza ikastarorako, eta epaimahaiak argitara emango du Udalaren iragarki-oholean eta web-orrian, haren kalifikazio orokorrak zehaztuta.
7.5. Bigarren fasea. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.
7.5.1. Epaimahaiak emaitzak baloratu ondotik, oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behineko onartutako izangaien zerrenda onetsiko du, betiere lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Zangozako Udaleko ediktuen oholean jendaurrean jarri eta handik hamar egun naturalean, izangaiak frogatu beharko du deialdiaren 3. oinarriko f) eta g) baldintzak betetzen dituela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du Zangozako Udalaren erregistro orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:
–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
–Justizia Ministerioaren menpeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.
–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.
–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.
Epaimahaiak, ikusirik aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, hautapen prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, betiere proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntzako ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki oholean.
Aurreko tramiteak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, argitaratuko du, zein diren oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutako izangaiak adierazita. Udaltzainerako oinarrizko prestakuntza ikastarora behin-behineko onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituen puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan.
7.5.2. Praktiketako funtzionarioaren izendapena.
Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia Zangozako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aurretik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.
7.5.3. Prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emango du, gainditu egin beharko da eta honako hauei jarraikiz egingo da: Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduak eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.
Martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, egin badu, aski izango da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliokidetzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetza frogatzen dituena, eta baliokidetutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliokidetzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago emanak direnean, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emango du.
Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.
Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emango zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta badaude, horrexetan segituko baitute.
Praktiketako funtzionario izateak ez du ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.
Ikastaroan baja emateak berarekin ekarriko du oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak egin beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.
Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, eta hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaio, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak aipatu ikastaroan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izango dira epaimahaiarentzat.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.
7.5.4. Azken kalifikazioa.
Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautaketa prozesu osoko puntuazioa eta oinarrizko prestakuntza ikastarokoa batuko dira.
8.–Lanpostu kopurua handitzea.
Zangozako Udalak deialdiaren xedeko lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, deialdia onetsi ondoren plantilla organikoko aldaketen ondorioz sortzen diren premiengatik eta aurrekontuan diru aski bada, 7.5 oinarrian aurreikusitako oinarrizko ikastaroa egin aurretik.
Lanpostu kopuruaren handitzean aplikatzekoa izango da abuztuaren 20ko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15-3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).
Lanpostuen kopurua handitzen bada, kopurua handitzen duen ebazpena Zangozako Udalaren iragarki-oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, ukitutako izangaiei jakinaraziko zaie.
9.–Izendapena eta jabetza hartzea.
9.1. Izendapena.
Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, udaleko organo eskudunak oposizioa gainditzen duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Jabetza hartzea.
Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.
Udaltzain lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.
Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiari Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emango zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea aukeratzen ahalko du.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Zangozan, 2017ko azaroaren 28an.–Alkatea, Angel Navallas Echarte.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Lehen probarako gai-zerrenda
1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.
2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Lehen titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea. III. titulua, I. kapitulua, 2. atala: udalen funtzionamendua. Zangozako Udala; antolakuntza, funtzionamendua, osaera eta ezagutza orokorra.
3.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: funtzionario publikoak. I. kapitulua: hautaketa. II. kapitulua: funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua: mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua: administrazio karrera. VI. kapitulua: egoera administratiboak.
4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun Indar eta Kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.
5.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.
6.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: I. titulua: salaketa. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: Defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea.
7.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Babesari buruzkoa. II. titulua, III. titulua eta IV. titulua, I. kapitulua “Onura publikoko fitxategiak”.
8.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua, xedapen orokorrak eta VII. titulua, Polizia arreta eta babes eraginkorra.
9.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, Habeas Corpus prozedura arautzen duena.
10.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.
11.–15/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Nafarroako Poliziari buruzkoa. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea eta ondotik egindako aldaketak. I. titulua, III. titulua eta IV. titulua.
12.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Hitzaurrea. I., II. eta III. kapituluak. V. kapitulua (30. artikulutik 37.era, 47. artikulutik 49.era, eta 52. artikulua, denak barne). Seigarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.
13.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea.
14.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.
15.–Etika eta deontologia poliziala:
–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).
–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.
16.–Udalaren ordenantza, Zangozako udal mugapean animaliak edukitzeari buruzkoa.
17.–Udal ordenantza, Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa.
18.–Ordenantza, ibilgailuak espaloietan barna sartu-ateratzeko eta eremu publikoa erreserbatzeko zamalanetarako aparkaleku esklusiborako.
19.–Ordenantza, Zangozako oinezkoen eremuetan ibilgailuen sarbide murriztua arautzen duena.
20.–Udal ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena.
21.–Zangozako geografia eta kale-izendegia.
22.–Zangozako ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, hiri ingurua, alderdiak, hidrologia eta hidrogeologia, landaretza, fauna, tradizioak eta usadio-ohiturak.
III. ERANSKINA
Proba fisikoari dagozkion ariketak
1. Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 36 kg gizonentzat eta 26 kg emakumeentzat.
Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 26 kiloko pisua goratu behar du, 60 segunduan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela egingo da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izango dute izangaiek.
Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egongo dira eta barrak bularra ukituko du.
Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.
Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.
Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emango da:
–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.
Gizonezkoak, 30 jasoaldi baino gutxiago, ez gai. 30 jasoaldi edo gehiago, gai.
Emakumezkoak, 25 jasoaldi baino gutxiago, ez gai. 25 jasoaldi edo gehiago, gai.
2. Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba (50 metro estilo librean).
Deskribapena: 25 metroko igerileku batean estilo librean igeri egitea, joan eta etorri.
Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 50 segundo gizonentzat eta 52 segundo emakumeentzat.
Ezin izango da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.
Saio bakarra egingo da.
Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.
Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izango da, baldin eta izangaiak:
–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.
–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.
–Kalez aldatzen bada.
Gizonezkoak, 50" baino gehiago, ez gai. 50" edo gutxiago, gai.
Emakumezkoak, 52" baino gehiago, ez gai. 52" edo gutxiago, gai.
3. Zalutasun proba (Barrow testa).
Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzetik.
Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emango zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.
Saio baliogabea izango da honako hau gertatzen denean:
a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.
b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.
Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.
b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.
Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean, eta gai edo ez gai kalifikatuko dira (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).
Gizonezkoak, 25.8" baino gehiago, ez gai. 25.8" edo gutxiago, gai.
Emakumezkoak, 27.0" baino gehiago, ez gai. 27.0" edo gutxiago, gai.
4. Erresistentzia proba (Cooperren testa).
Abiatzeko jarrera: zutik, irteera marraren gibelean.
Gauzatzeko modua: lasterka, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.
–Gizonezkoak, 2.400 metro baino gutxiago, ez gai; 2.400 metro edo gehiago, gai.
–Emakumezkoak, 2.200 metro baino gutxiago, ez gai; 2.200 metro edo gehiago, gai.
IV. ERANSKINA
Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak
1.–Ikusmena. Begien sistema.
–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:
• 4/10 bi begietan, edo
• 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
• 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.
–Ikus-eremu monokularra: ezin izango da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izango da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.
–Diplopia.
–Diskromatopsia larriak.
–Estereopsi falta.
–Keratotomia erradiala.
2.–Entzumena. Entzumen sistema.
–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-ko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.
–Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.
3.–Mintzamena.
–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.
4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.
–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eragin funtzionalaren arabera.
–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.
–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.
–Zifosiak, 30º baino handiagoak.
–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.
–Espondilitis ankilosantea.
–Paget-en eritasuna.
–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).
–Fibromialgia.
–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.
5.–Digestio aparatua.
–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.
–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.
–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Gibeleko zirrosia.
–Behazun-zirrosi primarioa.
–Pankreatitis kronikoa.
–Fibrosi kistikoa.
–Sabelaldeko paretako hernia, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.
6.–Bihotz-hodietako sistema.
–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.
–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.
–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.
–Balbulopatiak.
–Miokardiopatiak.
–Perikardiopatia kronikoak.
–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.
–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.
–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).
–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).
–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.
7.–Arnas aparatua.
–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, BGBK, enfisema, bronkiektasiak).
–Pleurako isuri berrituak.
–Berezko pneumotorax berrituak.
–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.
–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.
8.–Nerbio-sistema.
–Epilepsia.
–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.
–Neurona motorraren eritasunak.
–Ataxiak.
–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).
–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.
–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.
–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.
–Bertigoak.
–Siringomielia.
–Hidrozefalia.
–Miopatiak.
–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.
–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.
–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.
–Neke kronikoaren sindromea.
–Anosmia.
–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.
9.–Nahasmendu psikiatrikoak.
–Nahasmendu mental organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.
–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).
–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.
–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).
–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.
–Barne-bultzaden kontrolaren eta nortasunaren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.
10.–Sexu eta gernu-aparatua.
–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.
–Gernu-ihesa.
–Giltzurrun-polikistosia.
11.–Sistema endokrinologikoa.
–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.
–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinen bestelako nahasmenduak.
–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.
–Diabetes mellitus.
–Adenomatosi endokrino anizkoitza.
–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.
–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.
13.–Odola eta organo hematopoietikoak.
–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.
–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.
–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako nahasmenduak.
–Immunoeskasiak.
–Esplenektomia.
–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.
14.–Bestelakoak.
–GIB birusaren antigorputzen eramailea.
–Amiloidosia.
–Kolagenosia.
–Lupus eritematoso sistemikoa.
–Esklerodermia.
–Sjögren-en sindromea.
–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Obesitatea (GMI > 25).
15.–Azalpen orokorrak.
–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.
–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.
Iragarkiaren kodea: L1713876
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
