236. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

513/2017 EBAZPENA, urriaren 3koa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Kazetarien Elkargoaren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzen duena.

Maiatzaren 9ko 4/2017 Foru Legearen bitartez, “Colegio Navarro de Periodistas/Nafarroako Kazetarien Elkargoa” sortu zen. Haren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, elkargoaren estatutuak, behin onetsita, elkargoa eratzeko batzarraren ziurtagiriarekin batera, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentura igorriko dira, legezkoak direla ziurtaturik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

2017ko uztailaren 13an, arestian aipatutako elkargoa eratzeko batzarraren akta igorri zen. Hartan, elkargoaren estatutuak onetsi ziren, eta, haren testua aurkezturik, argitara daitezela eskatu zen.

Legezkoak direla ziurtaturik, zuzendu beharrekoak zuzenduta, frogatu da 2017ko irailaren 21eko Batzar Nagusi Berezian onetsitako behin betiko estatutuek zintzo betetzen dutela arau hauetan ezarritako betebeharrak: Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, hura garatzeko Erregelamendua, abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak onetsia, eta Nafarroako Kazetarien Elkargoaren sorrerari buruzko maiatzaren 9ko 4/2017 Foru Legearen bigarren xedapen iragankorra. Beraz, bidezko da aipatu estatutuak argitaratzea.

Orain artekoak esanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak baliatuz.

EBATZI DUT:

1. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila ebazpen hau, Nafarroako Kazetarien Elkargoaren estatutuak biltzen dituen eranskinarekin batera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

2. Ebazpen hau Nafarroako Kazetarien Elkargoari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

Iruñean, 2017ko urriaren 3an.–Edurne Eginoa Antxo, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia.

Nafarroako Kazetarien Elkargoaren estatutuak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1711485