236. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1190/2017 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, laguntzen onuradun izan litezkeen entitateen interes-adierazpenetatik abiatuta eragiketak hautatzeko deialdia onesten duena, Nafarroako Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren 2014-2020 Programa Eragilearen esparruan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduak xedapen komunak ezarri zituen Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua indarrik gabe utzita.

Aipatu erregelamenduaren 125. artikuluan, Kudeaketaren Agintaritzaren eginkizunak deskribatzen dira. Eginkizun horien artean, hautatzeko prozedura eta irizpide egokiak aukeratzea dago, eta baita, behin onartuta, haiek aplikatzea ere.

Bestalde, 123.6 artikuluak xedatzen duenez, kudeaketa eta ziurtapen agintaritzek bitarteko erakundeak hautatzen ahalko dituzte zenbait eginkizun egiteko.

Ildo horretatik, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintaritzak hainbat eginkizun esleitu dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari bitarteko erakunde gisa, “Nafarroako Gobernua bitarteko erakundearen eginkizunen eta prozeduren deskribapena” dokumentuaren balorazio positiboaren ondoren.

Deskribapen horrek, 2.2.3.4 atalean, eragiketak hautatzeko prozeduren artean honako hau aurreikusten du: “Eragiketak hautatzea laguntzen onuradun izan litezkeen entitateen interes-adierazpenen deialdietatik abiatuta”.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eragiketak hautatzeko deialdia onestea, laguntzen onuradun izan litezkeen entitateen interes-adierazpenetatik abiatuta, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen esparruan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, azaroaren 24an.–Izaskun Goñi Razquin, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia.

ERAGIKETAK HAUTATZEKO DEIALDIA, LAGUNTZEN ONURADUN IZAN LITEZKEEN ENTITATEEN INTERES-ADIERAZPENETATIK ABIATUTA, NAFARROAKO EGEF 2014-2020 PROGRAMA ERAGILEAREN ESPARRUAN

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bitarteko erakunde gisa izendatua izan zen 2016ko abenduaren 22an.

Programa Eragilea kudeatzeko agintaritzak (Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren EGEFen Kudeaketaren Zuzendariordetza Orokorrak) “Nafarroako Gobernua bitarteko erakundearen eginkizunen eta prozeduren deskribapena” dokumentua ontzat hartu eta gero egin zen izendapen hori.

Deskribapen horrek, 2.2.3.4 atalean, eragiketak hautatzeko prozeduren artean honako hau aurreikusten du: “Eragiketak hautatzea laguntzen onuradun izan litezkeen entitateen interes-adierazpenen deialdietatik abiatuta”.

Hautatzeko prozedura hori aurreikusita dago entitate publikoek berariaz esleiturik dauzkaten beren eskumenak erabiliz garatutako eragiketetarako bakarrik, salbu Europar Batasunetik kanpoko laguntza publiko nazionala zehazteko laguntzen deialdien prozedura jarraitu behar bada.

1.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen bidez Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak entitate publikoek garatutako eragiketak hautatu gogo ditu Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragileak kofinantza ditzan, 2.3.1. “Zerbitzu publiko digitalak, alfabetizazio digitala, e-ikaskuntza, e-gizarteratzea eta e-osasuna” eta 4.3.1. “Eraikuntzan eta azpiegitura eta zerbitzu publikoetan energia-eraginkortasuna hobetzea” berariazko helburuen barruan.

2.–Diruz lagungarriak diren eragiketak.

Entitate publikoek egiten dituzten eginkizun eta inbertsioak, honako baldintza hauek betetzen badituzte, diruz lagungarriak izanen dira:

–Eskaera aurkezten den egunean eragiketak materialki edo oso-osorik gauzatuta ez egotea.

–Nafarroan gauzatzea.

–Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilean (CCI2014ES16RFOP020) dauden berariazko helburuak lortzen laguntzea. Aipatu programa Batzordearen (C) 10220 azkena Erabakiaren bidez onetsi zen, 2014ko abenduaren18an.

–Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean aurreikusitako prozeduretako baten bidez kontratatuta gauzatu dadila eragiketa.

–Entitate eskatzailearen funts propioen bidez finantzatuta egotea.

–Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren 2014-2020 aldirako programa eragileetan diruz laguntzen ahal diren gastuei buruzko arauak onesten dituen abenduaren 29ko OFP/1979/2016 Aginduan ezarritakoa betetzea.

3.–Zenbatekoa.

Berariazko helburuetarako bide finantzarioan dauden zenbateko erabilgarriak hauek dira:

ARDATZA

BERARIAZKO HELBURUA

AURREKONTUA, GUZTIRA (PE)

2

2.3.1

3.430.990 euro

4

4.3.1

8.347.178 euro

4.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

a) Deialdi honetako laguntzen onuradunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Departamentuak izan daitezke, betiere beren eskumenak erabiliz gauzatzen dituzten eragiketen kontratazioa honela egiten badute: Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak arautzen dituen prozeduretako baten bidez edo Nafarroako Foru Komunitateko erakundeetako entitateei egindako enkarguen bidez, aipatu 6/2006 Foru Legearen 8. artikuluak xedatutakoaren arabera.

b) Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde autonomoak, sozietate publikoak eta fundazio publikoak ere entitate onuradun izan daitezke, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluan emandako definizioaren arabera, betiere Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeari lotutako kontratazioa duten eragiketak egiten badituzte, berariaz esleiturik dauzkaten beren eskumenak erabiliz eta funts propioen bidez.

5.–Betebeharrak frogatzeko modua.

4. atalean eskatutako baldintzak eskaera-inprimakian egonen den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

6.–Eskatzeko epeak.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (nafarroa.eus) argitaratzen denetik hasita.

7.–Eskaerak tramitatzeko prozedurak eta eragiketak hautatzea.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez. Eskaerak inprimaki bat izanen du, eta www.nafarroa.eus web-orritik deskargatzen ahalko da.

Inprimaki horrekin batera eragiketaren deskripzio-memoria aurkeztuko da.

Aurkeztutako eskaerak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Programen Atalak baloratuko ditu, eta hurrenkera ordena ezarriko du, kontuan hartuta 8. atalean ezarritako balorazio irizpideei noraino egokitzen diren.

Dagokion berariazko helburura bideratutako gehienezko aurrekontura iritsi arte onartuko dira kofinantzaketarako eskaerak, betiere ezarritako hurrenkera ordenaren arabera.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren (hura baita Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bitarteko erakundearen koordinatzailea) eta eragiketen entitate kudeatzaileen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez aukeratuko dira eragiketak.

Hitzarmenak laguntzaren oinarriak ezartzen dituen dokumentuaren (LOED) zehaztapenak bilduko ditu.

Ezetsitako eragiketei idatziz emanen zaie horren berri.

8.–Balorazio irizpideak.

Eragiketak hautatzeko baloratu beharreko irizpideak hauek dira:

a) 2.3.1. berariazko helburuarekin loturiko eragiketak.

I. Eskaera guztiek bete beharreko irizpideak:

1. Eragiketa emaitzak lortzera bideratuta egotea.

2. Eragiketak herritarren bizi-kalitatean eragina izatea.

3. Eragiketak Administrazioak ematen dituen osasun zerbitzuen eraginkortasunean eta efizientzian laguntzea.

II. Eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Helburu hauetariko bat edo gehiago lortzen laguntzea:

a. Eskualde mailako osasun zerbitzu digitalek babesten duten biztanleriaren portzentajea.

b. Bere historia kliniko digitalean internet bidez sartzeko aukera duen biztanleriaren portzentajea.

c. Osasun zerbitzuetarako zitazio-sistema integrala erabiltzeko aukera duen biztanleriaren portzentajea.

d. Osasuneko web atarian karpeta pertsonala duen biztanleriaren portzentajea.

e. Patologia kronikoak kudeatzeko zerbitzu digitalen edo e-osasun arloko bestelako berariazko zerbitzuen onuradun den biztanleria.

b) 4.3.1. berariazko helburuarekin loturiko eragiketak.

I. Eskaera guztiek bete beharreko irizpideak:

1. Efizientzia energetikoa, energiaren kudeaketa adimentsua eta azpiegitura publikoetan –eraikin publikoak barne– eta etxebizitzetan energia berriztagarrien erabilera sustatzea.

II. Eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Helburu hauetariko bat edo gehiago lortzen laguntzea:

a. Etxebizitzen kalifikazio energetikoko eskalan ahalik eta hobekuntza gehien lortzea letra batean gutxienez.

b. Kontsumo energetikoaren murrizketari dagokionez, emaitzak lortzeko xedea izatea.

c. Bi etxebizitza edo gehiago dituzten eraikinetan esku hartzea.

9.–Eragiketen justifikazioa.

Eragiketak aurkeztutako memorian aurreikusitako epeetan eginen dituzte entitate onuradunek.

Behin eragiketak bukatuta eta F1420 aplikazioan egiaztapen zerrendak beteta, ordaintzeko eskaera-proposamena F1420 aplikazioan eginen dute, dagokion ekitaldiko egiaztatze-planean aurreikusitako egunetan.

Europako Funtsen Kontrolerako Atalak egiaztapen administratiboak eta tokian bertakoak eginen ditu kudeatzeko eta kontrolatzeko prozesuen eta prozeduren eskuliburuak aurreikusitakoaren arabera. Eskuliburua Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak maiatzaren 24an emandako 571/2017 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Dagokion kofinantzaketaren ordainketa Europako Batzordeak gastu ziurtatua baliozkotzen duenean eta dagokion zenbatekoa ordaintzen duenean eginen da.

10.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Hautatutako eragiketak laguntzaren oinarriak ezartzen dituen dokumentuan (LOED) ezarritakoarekin bat gauzatzea. Dokumentua entitate bakoitzarekin sinatuko den hitzarmeneko zati izanen da.

b) F1420 aplikazioan aukeratutako eragiketari dagozkion egiaztapen zerrendak betetzea.

c) Kofinantzatu nahi den eragiketa hautatzeko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari lehenbailehen jakinaraztea.

d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea kofinantzaketaren xedeko eragiketetarako. Entitate onuraduna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bat bada, betebehar hau dagokion PEP elementua sortuz beteko da, Nafarroako Gobernuak 2008ko urriaren 20an hartutako Erabakian adierazitakoarekin bat. Erabaki horren bidez, nazioarteko finantzaketaren bitartez kofinantzaturiko gastuen espedienteen edukia eta araubide finantzarioa eta aurrekontu araubidea ezarri ziren.

e) Hautatutako eragiketaren barnean azpiegituretarako inbertsiorik edo ekoizpen-inbertsiorik badago, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 71. artikuluak xedatzen duena bete beharko du.

f) Diru-laguntza hartzeak berekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

g) Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera.

h) EGEFen ekarpenaren berri eman beharko dute, horretarako emanen den logotipoa sartuz bai kofinantzatutako eragiketari buruzko dokumentazioan, bai hari publizitatea emateko egindako kartel eta eskuorrietan.

i) Finantzaketak Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintaritzak argitaratutako eragiketen zerrendan sartua izatea onartzea dakar.

11.–Laguntzen bateraezintasuna.

Interes-adierazpenen deialdi honen bidez hautatutako eragiketengatik jasotzen diren laguntzak bateraezinak dira ekintza berberetarako jasotzen den beste edozein laguntzarekin.

12.–Argitaratzeko betebeharrak.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eragiketari lotutako informazio- eta komunikazio-betebeharrak laguntzaren oinarriak ezartzen dituen dokumentuan (LOED) zehaztuko ditu, Programa Eragilearen komunikaziorako estrategian aurreikusitakoaren arabera.

13.–Aldatzea ekar dezaketen inguruabarrak.

Aldaketak, deialdi honetako 10. ataleko c) letran adierazi bezala jakinarazia, konprometituta dauden funtsak askatzerainoko garrantzia izanen balu, hurrengo eragiketa hautatuko da, ezarritako hurrenkera ordenaren arabera.

14.–Hautatutako diru-laguntzak argitaratzea.

Hautatutako eragiketak www.nafarroa.eus web-orrian argitaratuko dira.

Era berean, behin ziurtatu ondoren, eragiketak Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintaritzak argitaratutako eragiketen zerrendan agertuko dira.

15.–Diru-sarreren tratamendua.

Hautatutako eragiketak diru-sarrerarik sortzen badu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 65.8 artikuluak xedatzen duena hartuko da kontuan.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Aukeratutako eragiketei araudi hau aplikatuko zaie:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua. Haren bidez, xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua.

–Europako Parlamentuarena eta Batzordearen 2013ko abenduaren 17ko 1301/2013 (EB) Erregelamendua, Eskualde Garapenerako Europako Funtsari eta hazkundean eta enpleguan inbertitzeko helburuarekin loturiko berariazko xedapenei buruzkoa. Haren bidez indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1080/2006 (EB) Erregelamendua.

–OFP/1979/2016 Agindua, abenduaren 29koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren programa eragileetan diruz laguntzen ahal diren gastuei buruzko arauak onesten dituena 2014-2020 aldirako.

–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak maiatzaren 24an emandako 571/2017 Ebazpena. Haren bidez, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak 2014-2020 aldirako kofinantzaturiko jarduerak kudeatzeko eta exekutatzeko xedapenak ezarri ziren eta behar diren tresnak onetsi ziren.

Finantzaketa eskaera. Interes-adierazpenen deialdia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1713758