236. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Araua, nbici-biziz zerbitzuko aparkaleku publikoan bizikletak aparkatzeko bizilagunek toki bakoitzeko ordaindu behar duten prezio publikoa erregulatzen duena. Behin betiko onespena

Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak, 2017ko irailaren 7an, hasiera batez onetsi zuen Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkaleku publikoan bizikletak aparkatzeko bizilagunek toki bakoitzeko ordaindu behar duten prezio publikoa erregulatzen duen araua.

Behin onespen-erabakiaren iragarkia jendaurrean paraturik 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2017ko urriaren 3koan, eta Iruñeko Udalaren iragarki-taulan, eta jendaurreko hogeita hamar egun balioduneko epea erreklamaziorik aurkeztu gabe igaro eta gero, behin betiko gelditu da onetsirik.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, araua osorik ematen da argitara, behar diren ondorioetarako.

ARAUA, NBICI-BIZIZ ZERBITZUKO APARKALEKU PUBLIKOAN BIZIKLETAK APARKATZEKO BIZILAGUNEK TOKI BAKOITZEKO ORDAINDU BEHAR DUTEN PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

Oinarria

1. artikulua. –Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. saileko 2. azpisailean xedatutakoari jarraikiz eta haren 28. artikuluan ageri den baimenaren babesean ezarri da.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Iruñeko Udaleko Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkaleku publikoetan bizilagunei esleitutako aparkatze-tokien erabilera.

3. artikulua. Arau honetan urteko tarifatzat ezarritako prezio publikoen sortzapena urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean gauzatuko da, eta zergaldiak urte naturala hartuko du, aparkatzeko tokiaren esleipendunak tarifa hori hautatu badu.

Zerbitzuaren erabiltzaile gisara hartutako alta edo bajen kasuan, zergaldia horren araberakoa izanen da, halako moduz non kuota hilabete naturalen arabera hainbanatuko baita, betiere alta edo baja noiz hartu eta hilabete hori barne harturik.

4. artikulua. Arau honetan hilabeteko tarifa gisara ezarritako prezio publikoen sortzapena hilabete bakoitzeko lehen egunean gauzatuko da, eta zergaldia hilabete naturala izanen da, aparkatzeko tokiaren esleipendunak tarifa hori hautatu badu.

Zerbitzuaren erabiltzaile gisara hartutako alten kasuan, zergaldia horren araberakoa izanen da, halako moduz non kuota egun naturalen arabera hainbanatuko baita, betiere alta noiz hartu eta egun hori barne harturik.

Zerbitzuaren erabiltzaile gisara hartutako bajen kasuan, hori noiz gertatu eta hilabete horri dagokion tarifa ordainaraziko da, betiere baja hilabeteko zein egunetan hartu eta hilabetea osatzeko falta diren egunetako kuota hainbanatu gabe.

Nork ordaindu behar

5. artikulua. Prezio publikoak ordaintzera beharturik daude, zergadun gisara, Iruñeko Udaleko Nbici-BIZIZ zerbitzuko bizikleta-aparkaleku publikoetan bizilagunendako aparkatze-tokien erabilera-lizentzia duten pertsona fisiko titularrak.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Aplikatu beharreko prezio publikoak Arau honen eranskinean daude jasota, eta barne hartuko dute, behar izanez gero, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kuota.

7. artikulua. A tarifa murriztua Errenta Bermatua jasotzen ari diren pertsonei aplikatuko zaie, betiere horren gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu badute.

8. artikulua. B tarifa murriztua, bestalde, honako hauei aplikatuko zaie: A tarifa murriztua aplikatzeko eskubiderik eduki ez eta Arau honi atxikitako taulan adierazitako urteko diru-sarrerak gainditzen ez dituzten familia- edo bizikidetza-unitateetan bizi direnei. Urteko Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) erabili da erreferentzia gisara.

Diru-sarrerak zehazteko, PFEZaren gaineko aitorpena edo likidazioa egiteko betebeharra duten pertsonen azken aitorpena edo likidazioa hartu, eskaera noiz egin eta data horretan jada aurkezteko epea amaiturik duen ekitaldiari dagokiona, eta haren zerga-oinarriaren zati orokorra eta aurrezkiaren likidazio-oinarri berezia batuko dira, eta emaitzari salbuetsitako prestazioen edo errenten zenbatekoa gehituko zaio. Ez dira salbuetsitako prestazio edo errentatzat hartuko Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak familian mendekotasun egoeran bizi diren pertsonak zaintzeko emandako laguntzak. Erabiltzaileek PFEZaren gaineko aitorpena egin behar ez izatera, datu fiskaletan jasotako diru-sarrera gordin eguneratuenak hartuko dira kontuan.

9. artikulua. Haurrendako tarifa aplikatuko zaie 14 urtetik beherakoek haur-bizikletak aparkatzeko erabilitako tokien esleipendunak diren gurasoei edo legezko tutoreei.

Kudeaketa-arauak

10. artikulua. Lizentziak ematea, zerbitzuan alta eta baja hartzea eta aparkatze-tokien zein aparkalekuen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak Nbici-BIZIZ aparkaleku publikoko zerbitzuaren gaineko Ordenantzak xedatutakoarekin bat arautuko dira.

11. artikulua. Bizilagunendako aparkatze-tokien erabilera-lizentzien titularrek, hala urteko tarifa nola hilabetekoa dutela, zerbitzuan baja hartzen badute, derrigorrean eman beharko dute horren berri behin baimendutako erabilera noiz agortu eta orduan. Bestela, ulertuko da aparkatze-tokia erabiltzen segitzen duela Nbici-BIZIZ zerbitzuaren eskura baja iritsi bitarte.

12. artikulua. Urteko tarifari dagokion prezio publikoa banku batean helbideratutako kontuaren bidez ordainduko da, banku-igorpena urteko lehen hogei egun naturaletan zehar eginen delarik. Alta urteko tarifa-modalitatean hartuz gero, altaren data ez badator bat urteko lehen egunarekin, Arau honen 3. artikuluan zehaztutako zergaldiari dagokion ordainagiria igorriko da, betiere alta noiz hartu eta hurrengo hilabetearen lehen hogei egun naturalen barruan.

13. artikulua. Hilabeteko tarifari dagokion prezio publikoa banku batean helbideratutako kontuaren bidez ordainduko da, banku-igorpena hilabeteko lehen hogei egun naturaletan zehar eginen delarik. Alta hilabeteko tarifa-modalitatean hartuz gero, altaren data ez badator bat hilabeteko lehen egunarekin, Arau honen 4. artikuluan zehaztutako zergaldiari dagokion ordainagiria igorriko da, betiere alta noiz hartu eta hurrengo hilabetearen lehen hogei egun naturalen barruan.

14. artikulua. Zerbitzuaren erabiltzaile gisara baja hartuz gero, Arau honen 3. eta 4. artikuluekin bat egoki diren diru-itzulketak zerbitzuan baja hartu izanaren berri noiz eman eta hurrengo hilabetean eginen dira.

TARIFA-ERANSKINA

HILABETEKOA

URTEKOA

Helduak

Haurrak

Helduak

Haurrak

Arrunta

10,00 euro

5,00 euro

60,00 euro

30,00 euro

Murriztua (A)

5,00 euro

2,50 euro

30,00 euro

15,00 euro

Murriztua (B)

7,50 euro

3,75 euro

45,00 euro

22,50 euro

GEHIENEKO DIRU-SARREREN TAULA,
B TARIFA MURRIZTUARI HELTZEKO

FAMILIA- EDO BIZIKIDETZA-UNITATEAREN KIDE-KOPURUA

GEHIENEKO DIRU-SARRERAK URTEAN, IPREMAREN ARABERA

Kide bat

IPREMa halako 2,20

2 kide

IPREMa halako 2,50

3 kide

IPREMa halako 2,75

4 kide

IPREMa halako 3,00

5 kide edo gehiago

IPREMa halako 3,25

Iruñean, 2017ko azaroaren 20an.–Alkate Udalburua, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L1713890