Iragarkia
236. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 12a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Nbici-BIZIZ zerbitzuko bizikletendako aparkaleku publikoaren erabilerak arautzen dituen Udal Ordenantza. Behin betiko onespena
Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak, 2017ko irailaren 7an, hasiera batez onetsi zuen Nbici-BIZIZ zerbitzuko bizikletendako aparkaleku publikoaren erabilerak arautzen dituen Udal Ordenantza.
Behin onespen-erabakiaren iragarkia jendaurrean paraturik 191. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2017ko urriaren 3koan, eta Iruñeko Udalaren iragarki-taulan, eta jendaurreko hogeita hamar egun balioduneko epea erreklamaziorik aurkeztu gabe igaro eta gero, behin betiko gelditu da onetsirik.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, ordenantza osorik ematen da argitara, behar diren ondorioetarako.
UDAL-ORDENANTZA, NBICI-BIZIZ BIZIKLETA-APARKALEKU PUBLIKOKO ZERBITZUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
ZIOEN AZALPENA
Iruñeko Udalak, Mugikortasun Jasangarriaren Itunaren bitartez, bestelako mugikortasun-eredu baten diseinua sustatzen du, honako hauek oinarri hartuta: sistemaren jasangarritasuna, irisgarritasuna, segurtasuna eta eraginkortasuna, bizi-kalitatearen eta dinamismo ekonomikoaren bermea, eta, azkenik, kolektibo eta pertsona ororen gizarteratzea.
Agiri honek jarduteko modu orokorra zedarritzen du Iruñeko mugikortasun-gaietan, eta xede dauka, besteak beste, bizikleta sustatzea garraiobide alternatibo gisara. 2005ean onetsitako Bidegorrien Planarekin bat etorrita, honako hau dauka helburu: “bizikleta benetako hiri-garraiobide bilakatzea, halakoa ezen alternatiba izanen baita jadanik garatuta dauden beste garraiobideetarako, zehazkiago, garraiobide motordunetarako”.
Hirietan bizikletaz mugitzeko oztoporik nagusienetako bat dugu, hain zuzen, eroso, seguru eta hurbil aparkatzeko tokien falta, joan-etorrietako abiapuntuaren edo helmugaren ondoan.
Iruña ez da horretan salbuespen. Lapurretei, kontrako klimatologiari eta bizikleta eroso aparkatzeko toki-faltari gehitu behar zaio, baita ere, auzo batzuetako eraikin gehienetan ez dagoela igogailurik, eta horrek izugarri zailtzen die bertan bizi direnei bizikletak haien etxeetan aparkatzea.
Gabezia horiei aurre egite aldera, Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzua lanean ari da aparkaleku publikoen sare bat osatzeko. Aparkalekuen sareak bi modalitate ezberdin edukiko ditu: batetik, bizilagunendako aparkalekuak joan-etorrietarako abiapuntuetan, betiere lehentasuna emanen zaielarik igogailurik gabeko etxe asko dituzten auzoei. Bestetik, bidaia askoren helmuga diren tokietan txandakako aparkalekuak eraikiko dira, bertan aparka dezaten, aldi laburrerako, horra joaten diren herritarrek.
Aparkalekuak moduluek osatuak egonen dira, halako moduz non beti bermatuko baita erabiltzaile guztien erosotasuna eta irisgarritasuna. Halaber, lokaletan sarrera kontrolatzeko sistemak instalatuko dira, bai eta barneko aldea babesteko bideo-zaintza ere, seguru aparkatzea bermatze aldera.
Bizikleten aparkaleku-sare hau Iruñeko Nbici-BIZIZ zerbitzuan txertatuko da, non aparkalekuez gain bizikleta publikoak alokatzeko udal-sistema ere eskaintzen baita.
Ordenantza honi bide eman dio Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1. artikuluan Tokiko Entitateei aitortzen zaien arautzeko eta beren buruak antolatzeko ahalak, betiere xede harturik Nbici-BIZIZ bizikleten zerbitzu publikoaren aparkaleku publikoetara sartzeko eta horiek erabiltzeko prozedurak ezartzea eta horien gaineko kontrola zehaztea, aparkalekuok Iruñeko auzotarrek erabil ditzaten.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek honako hauei buruzko baldintzak arautzea dauka xede: Iruñeko bizikletendako Aparkalekuaren zerbitzurako (aurrerantzean Nbici-BIZIZ) eskaerak, esleipenak, altak, bajak eta aparkalekuen erabilera. Zerbitzuan bi erabilera-modalitate egonen dira: aparkatzeko toki izendunak, aparkaleku publikoa non egon eta auzo horretako bizilagunen bizikletetarako, eta bizikletak txandaka aparkatzeko tokiak. Bi modalitate horiek batera egon daitezke aparkaleku berean.
2. artikulua. Zerbitzuaren esparrua.
Honako hauek osatzen dute Nbici-BIZIZ zerbitzuaren jardute-esparrua: bizikletendako aparkaleku publikoetarako Iruñeko udal-mugartean erabiltzen diren ekipamendu publikoen sarea, Nbici-BIZIZ zerbitzua erabiltzeko sarrera-sistema (aplikazio informatikoa, sarrera-gakoak..) eta aparkalekuetan dauden baliabide osagarriak (nork bere bizikleta konpontzeko lantegia eta gurpilak puzteko sistema).
II. TITULUA
Zerbitzuaren antolaketa, funtzionamendua eta modalitateak
3. artikulua. Bete beharreko baldintzak, Nbici-BIZIZ aparkaleku-zerbitzuan erabiltzaile gisara alta eskatzeko.
Adinez nagusi diren pertsona fisikoek orok eskatzen ahal dute alta erabiltzaile gisara Nbici-BIZIZ aparkaleku-zerbitzuan, betiere Ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako prozedura betetzen badute eta egunean baldin badituzte Iruñeko Udalarekiko zerga-betebeharrak edo bestelakoak.
Pertsona fisiko bakoitzak alta bat soilik eskatzen ahalko du, hala Bizilagunendako modalitatean nola Txandakakoan. Salbuespen bakarra hartuko da kontuan 14 urtetik beherakoen kasuan:
–Txandakakoen kasuan, gurasoek edo legezko tutoreek baimena ematen ahalko diete beren kargura dituzten 14 urtetik beherakoei aparkalekua erabiltzeko. Halakoetan, zenbat pertsonak aparkalekua erabili behar eta horrenbeste alta eginen dituzte. Nolanahi ere, aparkalekura sartzearen gaineko ardura gurasoei edo tutoreei dagokie.
–Bizilagunen modalitatean, 14 urtetik beherakoen gurasoek edo legezko tutoreek toki bat baino gehiago eskatzen ahalko dute Nbici-BIZIZ aparkaleku-zerbitzuan, bai eta toki baten baino gehiagoren esleipendun izan ere. Horiek horrela, aitak/amak edo legezko tutoreak, bere aparkatze-lizentziaren esleipenduna izateaz gain, bere kargura dituen adingabe bakoitzarentzako tokiaren esleipena ere edukiko du, betiere aparkalekura sartzearen gaineko ardura aita/amari edo tutoreari dagokiolarik.
18 urtetik behera baina 14tik gora dutenek alta eskatzen ahalko dute, erabiltzaile gisara, Nbici-BIZIZ aparkaleku-zerbitzuan, baldin eta behar bezala beterik aurkezten badute gurasoen edo legezko tutoreen baimena, non erantzukizuna onartzen baitute adingabearen mesedetan.
Bizilagunendako aparkatze-toki izendunen modalitatean, baldintza gisara eskatuko da altaren eskatzailea Iruñean erroldaturik egotea eta benetan bizi izatea bizikletendako aparkaleku publiko bakoitzari dagokion eremuko etxebizitza batean. Erabiltzaileak baldintza hori bete beharko du altan zenbat denbora egon eta denbora horretan guztian, betiere esleipendun suertatuz gero. Eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena egin beharko du alta eskatzen duen unean Iruñean erroldaturik egotearen gainean, bai eta Udalari baimena eman ere, datu hori ofizioz egiazta dezan, betiere zerbitzuan baja emateko arrazoi nahikoa izanen delarik kasuan kasuko aparkalekuari dagokion esparruko etxebizitzan bizitzeari uztea. Interesdunak ez badio baimenik ematen Iruñeko Udalari erroldatze-datua ofizioz egiaztatzeko, erroldatze-agiria aurkeztu beharko du.
Zerbitzuaren kudeatzaileak zehaztuko du zer esparru fisiko dagokion aparkaleku bakoitzari. Etxebizitza batean pertsona fisiko bat baino gehiago biziz gero, horietako bakoitzak izanen du eskubidea, zeinek bere kabuz, bizilagunendako aparkatze-toki bat erabiltzeko lizentzia eskatzeko.
4. artikulua. Zerbitzuan alta-eskaera egiteko eta hura esleitzeko prozedura.
Aipatu baldintzak bete eta zerbitzuan alta hartu nahi duten pertsona fisikoek puntu honetan zehaztutako prozedurari heldu beharko diote.
a) Alta-eskaera Interneten egiteko prozedura.
Iruñeko Udalak gaitu eginen ditu hala www.pamplona.es webgunea nola zenbait euskarri telematiko, bertan alta-eskaerak egin ahal izateko.
b) Alta-eskaera aurrez aurre egiteko prozedura.
Alta-eskaerak aurrez aurre ere egiten ahalko dira, Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzuko bulegoetan edo Udalaren edozein erregistrotan, betiere dagokion eskabidea beterik aurkeztuta.
Eskabidean adieraziko da zein modalitatetan (batean ala gehiagotan) hartu nahi den alta. Bizilagunendako modalitatearen kasuan, eskabidean adierazi beharra dago Nbici-BIZIZ zerbitzuko bizilagunendako zein aparkalekutarako eskatzen diren aparkatze-tokien erabilera-lizentziak, eta zer lizentzia-mota eskatzen den, hilabetekoa ala urtekoa.
Bizilagunendako aparkatze-tokia erabiltzeko lizentzia eskatuz gero, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute aparkalekuaren esparruko etxebizitza batean erroldaturik egon eta bertan bizi izatearen gainean, betiere aurreko artikuluarekin adierazitakoarekin bat. Eskatzailea adingabea eta 14 urtetik gorakoa izanez gero, aita/amaren edo legezko tutorearen baimena gehitu beharko dio eskabideari.
Halaber, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du Errenta Bermatua jasotzen ari bada, eta Udalari baimena eman ofizioz egiazta dezan datu hori, hari aplikatze aldera Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkaleku publikoan bizikletak aparkatzeko toki bakoitzeko prezio publikoa erregulatzen duen arauan jasota dagoen tarifa murriztuaren araberako prezio publikoaren ordainketa. Era berean, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du familia- edo bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak Arauan jasota dauden errenta-tarteetako batekoak badira, eta Udalari baimena eman ofizioz egiazta dezan datu hori, horren araberako tarifa murriztuari dagokion prezio publikoa ordaintzeko eskatze aldera. Tarifa murriztuetako baten onuradun izan daitekeen eskatzaileak ez badio baimenik ematen Iruñeko Udalari ofizioz egiazta ditzan Errenta Bermatuaren hartzailea izateari dagozkion datuak, edo familia- zein bizikidetza-unitatearen diru-sarreren mailari dagozkionak, eskatzaileak Errenta Bermatua jasotzen duela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, lehen kasuan, eta aurreko urteko Errenta Aitorpenaren fotokopia, bigarrenean, non eskatzailearen edo, halakorik izanez gero, bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak islaturik eta justifikaturik agertuko baitira, eta autonomoen kasuan, urte osoko hiruhileko BEZaren eta urteko diru-sarreren gaineko zinpeko aitorpena, hilabeteka xehakaturik.
Halaber, eskaera 14 urtetik beherako adingabe batentzat eskatuz gero, bizilagunendako aparkaleku batean haur-bizikleta baterako aparkatze-tokia betetzeko, horren erabilera-lizentzia eskatzen duen aita/ama edo legezko tutorearen datuak eta tokiaren onuradunarenak adierazi behar dira.
Zalantzarik edukiz gero, zerbitzuan alta eskatzeko prozedurari buruz, deitu 010 edo 948420974 telefonoetara.
c) Bizilagunendako aparkatze-tokiak erabiltzeko lizentziaren esleipena.
–Iruñeko Udalak berariazko baldintza-agiri batean erredaktatuko ditu sarea osatuko duten aparkalekuetako tokiak erabiltzeko lizentziak esleitzeko oinarriak, esleipen-baremoak barne harturik, betiere atal honetan jasotako irizpideekin bat etorrita.
–Nafarroako Kontratazioaren Atarian eta Iruñeko Udalaren ohiko komunikazio-bitartekoetan iragarriko dira hala aparkaleku bakoitzeko tokiak esleitzeko prozedura –dela aparkalekua erabiltzen hasteko unean dela tokien ehuneko hogei bete gabe edo behin-behineko lizentziapean dagoenean– nola dagokion baldintza-plegua.
Pertsona fisiko batek Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkaleku batean bizilagunendako toki bat erabiltzeko eskatu eta deialdi batean hari halako tokia erabiltzeko lizentziarik esleitu ezean, itxaron-zerrendara igaroko da. Zerrenda horretan, geroan tokia eskatuko duten eskatzaileak ere sartuko dira.
Iruñeko Udalak kudeatuko du itxaron-zerrenda, Nafarroako Kontratazioaren Atarian iragarritako deialdian adierazitako irizpideekin bat, eta behinik behin esleituko ditu hutsik geratzen diren aparkatze-tokiak erabiltzeko lizentziak.
Pertsona batek eskatuz gero aparkaleku jakin bateko tokia bizilagun gisara erabiltzeko lizentzia, eta toki guztiak esleituta badaude, Udalak erredaktatutako oinarrietan jasotako esleipen-baremoak aplikatuko ditu. Eskatzaile berria eskuratutako puntuazioaren arabera sartuko da itxarote-zerrendan, eta eskubidea edukiko du toki huts bat behin-behinean betetzeko, harik eta Nafarroako Kontratazioaren Atarian toki hutsen esleipena iragartzen den arte.
Behin-behineko erabilera-lizentzia guztiek iraungiko dira Iruñeko Udalak toki hutsak esleitzeko egiten duen deialdi berri bakoitzarekin batera.
Iruñeko Udalak honako irizpide hauekin bat esleituko ditu aparkatze-tokiak erabiltzeko lizentziak:
–Lehentasuna edukiko dute, tokia erabiltzeko lizentzien esleipendun izateko, urteko tarifan alta eskatu dutenek hilabeteko tarifan eskatu dutenen aurretik.
–Aparkatze-tokiak erabiltzeko lizentziak esleitzeari begira, eskaera guztiak barematuko dira, honako irizpide hauekin bat: hurbiltasuna, errenta eta eskatzaileak egoitza non eduki eta eraikin horretan oztopo fisikoak izatea.
–Esleitzekoak diren aparkatze-tokien artean balitz 14 urtetik beherako erabiltzaileen haur-bizikletetarako aparkatze-tokirik, lehenengo eta behin adingabearen mesederako alta eskatu duten gurasoei edo legezko tutoreei esleituko zaizkie horiek. Haur-bizikletak aparkatzeko tokien eskaerak gutxiago badira benetan dauden aparkatze-tokiak baino, bete gabe geratu direnak gainerako eskatzaileen artean banatuko dira.
Aurreko irizpideak aplikatutakoan berdinketarik izanez gero, zozketa bidez esleituko dira toki hutsak.
d) Txandakako modalitatearen esleipenak eta erabiltzaileek alta hartzeko mugak.
Iruñeko Udalak baiezkoa emanen die Txandakako modalitatean aurkeztutako eskaera guztiei, eta horren arabera tramitatuko ditu. Salbuespenez, Udalak mugatzen ahalko du zerbitzu honetan ematen dituen alten kopurua, txandakako tokien kopuruaren arabera.
e) Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkalekuetara sartu eta horiek erabiltzeko eskubidea norberarena eta besterenezina da.
Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkalekuetara sartu eta horiek erabiltzeko eskubidea norberarena eta besterenezina da.
5. artikulua. Kontratua eta erantzukizunpeko adierazpena.
Bizilagunendako modalitatean aparkatze-toki bat erabiltzeko lizentzia jasotzen duen esleipendunak, edo Txandakako modalitatean alta hartutakoak dagokion kontratua sinatu beharko du Iruñeko Udalarekin, hamabost egun balioduneko epean, esleipenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aitzina kontatuta. Kontratuari erantzukizunpeko adierazpen bat gehituko zaio, non interesdunak onartuko baititu Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkalekuetara sartzeko eta horiek erabiltzeko bete beharreko baldintzak.
Kontratuarekin batera, adieraziko du adinez nagusia dela eta ezagutu eta onartzen dituela honako hauen gainean indarra duten arauak: ibilgailuen zirkulazioa eta gidatzea zein bizikletak erabili eta oinezkoekiko eta gainerako ibilgailuekiko bizikidetza, betiere Iruñeko Mugikortasunari buruzko Ordenantzarekin bat. Halaber, erabiltzaileak tarifak ordaintzeko banku-korronte bat aurkeztuko du eta adieraziko du horren titularra dela, bai eta erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu ere, Iruñeko Udalarekiko zerga-betebeharrak edo bestelakoak egunean dituela adierazita.
14 urtetik gorako adingabeek aita/amaren edo legezko tutorearen berariazko baimena eta aitorpena aurkeztu beharko dute, non horiek erantzukizuna bere gain hartzen dutela adieraziko baitute.
Bizilagunendako modalitatean tarifa murriztuak ordaintzeko eskubiderik edukiz gero, zeinak Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkaleku publikoan bizikletak aparkatzeko toki bakoitzeko prezio publikoa erregulatzen duen arauan jaso baitira, esleipendunak erantzukizunez aitortu beharko du Arauan zehaztutako errenta-baldintzak betetzen dituela, betiere horren gaineko dokumentaziorik aurkeztu beharrik ez dagoelarik, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat adierazten badu baimena ematen diola Iruñeko Udalari beste administrazio publikoetan jasota dauden agiriak kontsultatu eta horren gaineko informazioa biltzeko. Eskatzaileak ez badio horretarako baimenik ematen Iruñeko Udalari, aurreko artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Nolanahi ere, kontratua sinatzen duenean, Bizilagunendako modalitatean zerbitzua baliatu behar duen pertsonak bizikletaren edo bizikleten datuak eman beharko ditu (marka, modeloa, antzinatasuna, gutxi gorabeherako erosketa-balioa eta argazkia), betiere esleitu dioten tokian zer bizikleta aparkatu behar duen eta horrenak. Iruñeko Udalak beretzat gordetzen du bizikletak itsasgarri edo beste osagai baten bidez identifikatzeko eskubidea, egiaztatze aldera bizikleta hori dela esleitutako tokian benetan aparkatzen dena.
6. artikulua. Bizilagunendako modalitatean Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkalekuetako tokiak erabiltzeko baldintzak.
Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkalekuetarako sarrera, Bizilagunendako modalitatean, kontrolaturik eta arauturik egonen da.
Urteko 365 egunetako 24 orduetan sar daiteke aparkalekuetara.
Erabiltzaileak, aparkalekura sartu eta gero, begiz egiaztatu beharko du atea automatikoki itxi dela.
Bizilagun erabiltzaileari bere izenean esleituko zaio bizikleta aparkatzeko toki bat, eta hura identifikatzeko zenbaki bat emanen zaio tokiari aparkatze-moduluan berean. Erabiltzaileak esleitu dioten tokia baino ezin izanen du erabili, eta bakarrik erabiltzen ahalko du bizikleta aparkatzeko, denbora-mugarik gabe. Ezin izanen da bertan gorde bizikleta edo atoia ez den ezein objekturik, betiere aparkalekuan atoiak aparkatzeko tokirik dagoelarik.
Bizilagun erabiltzaileak eskura edukiko ditu, erabiltzeko, Nbici-BIZIZ zerbitzuak eskaintzen dizkion zerbitzu osagarriak, hala nola gurpilak puztekoa eta nork bere bizikletak konpontzeko lantegiaz baliatzekoa.
Erabiltzaileak bizikleta utzi edo hartzeko beharrezkoa den denbora bakarrik eman beharko du aparkaleku barruan; baldin eta erabiltzaileak zerbitzu osagarriak erabiltzen baditu (gurpilak puztekoa eta auto-konponketa lantegia), egonaldia horren arabera luzatuko da.
Ezin zaio bizilagun bati esleitutako aparkatze-tokia hirugarren bati alokatu edo laga, eta erabiltzaile gisara alta hartu ez duten pertsonak ezin izanen dira aparkalekura sartu. Aparkalekuan ezin izanen da egin aurreko paragrafoetan jasotako jarduerez besterik.
Aparkalekutik ateratzeko ateak mekanikoki irekiko dira, horretarako gaitutako botoi bat sakatuta, eta erabiltzaileak begiz egiaztatu beharko du atea automatikoki itxi dela.
7. artikulua. Txandakako modalitatean Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkalekuetako tokiak erabiltzeko baldintzak.
Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkalekuetarako sarrera, Txandakako modalitatean, kontrolaturik eta arauturik egonen da.
Urteko 365 egunetako 24 orduetan sar daiteke aparkalekuetara. Txandakako toki bateko bizikleta baten egonaldia ez dago mugaturik denboraz bezainbatean, baina tarifen erregulazioaren bidez txandaka aparkatzea sustatuko da egonaldi luzeen kaltetan, betiere Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkaleku publikoan bizikletak aparkatzeko toki bakoitzeko prezio publikoa erregulatzen duen arauan zehaztutakoarekin bat. Txandakako modalitatean aparkatze-tokiak eskaintzen dituzten aparkalekuetan, erabiltzaileei jakitera emanen zaie toki librerik dagoen.
Erabiltzaileak, aparkalekura sartu eta gero, begiz egiaztatu beharko du atea automatikoki itxi dela.
Txandakako aparkalekuaren erabiltzaileak horretarako prestaturik dagoen toki batean aparkatzen ahalko du. Txandakako tokiak identifikaturik egonen dira, ikusteko moduan, eta argi eta garbi bereiziko dira bizilagunendako tokietatik. Debeku da bizikleta ez den beste ezer bertan uztea, eta aparkalekuan bizikletetako atoiak txandaka aparkatzeko tokirik izanez gero, atoiak ere utz daitezke.
Txandakako aparkaleku baten erabiltzaileak eskura edukiko ditu, erabiltzeko, Nbici-BIZIZ zerbitzuak eskaintzen dizkion zerbitzu osagarriak, hala nola gurpilak puztekoa eta nork bere bizikletak konpontzeko lantegiaz baliatzekoa.
Erabiltzaileak bizikleta utzi edo hartzeko beharrezkoa den denbora bakarrik eman beharko du aparkaleku barruan; baldin eta erabiltzaileak zerbitzu osagarriak erabiltzen baditu (gurpilak puztekoa eta auto-konponketa lantegia), egonaldia horren arabera luzatuko da.
Aparkalekura ezin izanen dira sartu erabiltzaile gisara alta hartu ez duten pertsonak. Aparkalekuan ezin izanen da egin aurreko paragrafoetan jasotako jarduerez besterik.
Aparkalekutik ateratzeko ateak mekanikoki irekiko dira, horretarako gaitutako botoi bat sakatuta, bizikletarik gabe ateraz gero, edo sarreretarako kontrol-mekanismoen bidez, bizikletaz ateraz gero, eta erabiltzaileak begiz egiaztatu beharko du atea automatikoki itxi dela.
8. artikulua. Nbici-BIZIZ zerbitzuan hartutako altaren jarraipena.
Bizilagun gisara tokia erabiltzeko lizentziaren esleipendunei automatikoki berrituko zaie alta zerbitzuan, hala hilabeteko tarifarekin nola urteko tarifarekin toki batean aparkatzeko lizentzia esleiturik duten kasuan; baldin eta, zerbitzuaz baliatzeko epea amaitutakoan ez badute bajarik hartu edo tarifa mota aldatu ez badute.
Aparkalekuen erabiltzaileek Nbici-BIZIZ zerbitzuari jakitera eman beharko diote, hilabeteko epean beranduenez eman ere, aparkatze-tokia esleitzeko eta ordaindu beharreko prezioa zedarritzeko kontuan hartu diren baldintzetan gerta daitekeen edozein aldaketa, eta horren ondorioz bizilagun-izaera galdu badu, aparkatze-toki hutsa uzteko edo ordaindu beharreko prezioa egokitzeko.
9. artikulua. Baja zerbitzuan.
Erabiltzaileak baja hartzen ahalko du Nbici-BIZIZ aparkalekuko zerbitzuan, eta horretarako, alta hartzeko edo erabilera-lizentzia eskatzeko ezarritako prozedura berari jarraitu beharko dio. Ulertuko da erabiltzailea baja hartuta dagoela zerbitzuan, berak halakorik eskatzeagatik, edo, bestela, ordenantza honetan aurreikusitako arrazoiengatik.
Nbici-BIZIZ zerbitzuak automatikoki eman ahalko dio baja erabiltzaile bati, aurkeztutako alegazioak kontuan harturik, eta kontratu honetan jasotako neurriak hartu, behin arau-hauste astun bati dagokion prozesua tramitatu eta gero. Nbici-BIZIZ zerbitzuak hamar eguneko epea emanen dio erabiltzaileari, egoki jotako alegazioak egin ditzan. Epe hori igarota, eta alegazioen edukiak ikusirik, zerbitzuak erabakiko du baja automatikoa tramitatzen den ala ez.
Nbici-BIZIZ zerbitzuak baja emanen dio, hamabost eguneko epean, abonamenduaren indarraldia amaituta dagoela ezarritako eran zein epean baja hartzeko asmoa jakinarazi ez eta kuotaren ordainagiria ordaindu gabe itzultzen duen erabiltzaileari. Aipatu epea zenbatuko da Nbici-BIZIZ zerbitzuak ordainagiria itzuli dutela jakin eta hortik aurrera. Kasu horretan, Nbici-BIZIZ zerbitzua ez dago beharturik ezein izapidetze-prozesurik abiatzera araua ez betetzeagatik, eta baja modu automatikoan ematea erabaki dezake; halaber, epe horretan sortu diren kalteen ordaina jaso dezake.
Kontratuaren amaierara iritsi eta hori automatikoki berritzen bada erabiltzaileak ez duelako berariazko adierazpenik egin baja hartzeko adierazitako epean eta baldintzetan, eta, gauzak horrela, erabiltzaileak itzultzen badu urteko edo hilabeteko kuotaren ordainagiria, ulertuko da kontratuak indarra duela zerbitzuaren titularrak jakin arte aipatu ordainagiria itzulia izan dela.
Kasu horretan, eta gorabehera hori egiaztaturik, Nbici-BIZIZ zerbitzuak erabakiko du arau-hauste oso astunen kasuetarako aurreikusitako neurriak hartzea, halako moduz non erabiltzaileari behin betiko baja emanen zaion zerbitzuan eta kontratuari dagokionez aldi horretan eragindako kalte-galera guztien ordaina berdindu beharko dion Nbici-BIZIZ zerbitzuari.
10. artikulua. Zerbitzuaren ikuskapena eta mantentze-lanak.
Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzuak edukiko du Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkalekuetan ikuskapenak egiteko ardura.
Erabiltzaileek eskuragarri edukiko dute larrialdietarako telefono-zenbaki bat, sarrera-kontrolerako sisteman gerta daitezkeen gorabeheren berri eman dezaten. Telefono-zenbaki horretan harrera emanen diete urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduetan.
Erabiltzaileek, bestalde, beste telefono batera ere deitzen ahalko dute, laneko ordutegian, aparkalekuko gainerako elementuetan gertatutako gorabeheren eta matxuren berri emateko.
Erabiltzaileek kontsultak, kexak eta iradokizunak helarazten ahalko dizkiote Nbici-BIZIZ zerbitzuari edo Mugikortasun Zerbitzuari, dela horra bertaratuz dela telefonoz edo horretarako prestatu den webgunera joz.
Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkalekuetan 24 orduko bideozaintza-zerbitzua erabiltzen da, eta sistema horrek Datuak Babesteari buruzko Legean eta Bideozaintzari buruzkoan jasotako baldintzak betetzen ditu.
III. TITULUA
Bizikletak aparkatzeko prezioak
11. artikulua. Nbici-BIZIZ zerbitzuko bizikleta-aparkalekuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak eta horiek ordaintzeko erak.
Prezio publiko horiek eta ordaintzeko erak jasota egonen dira Nbici-BIZIZ zerbitzuko aparkaleku publikoan bizikletak aparkatzeko toki bakoitzeko prezio publikoa erregulatzen duen arauan.
IV. TITULUA
Erabilera-baldintza orokorrak: eskubideak, betebeharrak eta debekuak
12. artikulua. –Erabiltzailearen eskubideak.
Erabiltzaileak, Nbici-BIZIZ zerbitzuaren kontratazioaren bidez, eskubidea hartzen du zerbitzu horri atxikitako aparkalekuak erabiltzeko, kontratuan ezarritako baldintzekin eta mugekin bat, eta zer modalitateri heldu dion (bizilagunena edo txandakakoa) eta horren arabera.
Erabiltzaileak aparkatze-toki egokiak edukiko ditu eskura, erabiltzeko.
Zerbitzua emateko baldintza eta inguruabarretan eragina duen ezein erreklamaziorik aurkezteko, erabiltzaileak Nbici-BIZIZ zerbitzura jotzen ahalko du Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzuaren bitartez, 948420974 telefonora deituta, horretarako prestaturiko webgunera joz, edo aurrez aurre Mugikortasun Zerbitzuko bulegoetan. Halaber, erabiltzaileak eskubidea dauka zerbitzuaren gaineko informazioa eskatzeko eta jasotzeko, bai eta aurkeztutako iradokizunen, erreklamazioen eta kexen erantzuna jasotzeko ere, posta elektronikoz, posta arruntaz edo aurrez aurre. Nbici-BIZIZ zerbitzuaren emaileak ahalik eta epe laburrenean erantzunen du kontsulta edota erreklamazioaren gainean, eta, edozein kasutan, horiek noiz jaso eta hurrengo 15 egun naturaleko epean.
Erabiltzaileak eskubidea dauka argibideak jasotzeko, dela webgunean dela beste euskarri batean, zerbitzuan izandako gorabeherei buruz, tarifei eta har daitezken neurriei buruz, eta, azkenik, egoki jotako alegazioak aurkezteko.
Nbici-BIZIZ zerbitzuaren oker batengatik behar ez den ordainketa erabiltzaile bati kobratuz gero, hark eskubidea dauka diru-kopuru hori bueltan jasotzeko hilabeteko epean, behin Nbici-BIZIZ zerbitzuak kobrantza ez-egokitzat jo eta hortik aurrera kontaturik.
Sistemak aseguru bat dauka lapurretaren, sutearen, bandalismo-ekintzen edo bestelako kalteen arriskua estaltzeko, bizikletek horiek aparkalekuaren barruan pairatzen badituzte, salbu eta ezinbesteko kasuetan. Kasu horien estaldura sistema zuzen erabiltzeari lotzen zaio. Aseguruak gehienez ere 1.000 euro-ko estaldura dauka bizikleta bakoitzeko (bizikleta bakoitzaren erosketa-balioa sinatutako kontratuan adierazi behar da, Ordenantza honen 5. artikuluan jasota dagoenarekin bat. Iruñeko Udalak beretzat gordetzen du diru-balioespena zuzena den egiaztatzeko eta dagokion balioespena finkatzeko aukera).
Hurrengo puntuan ezarritakoa ezertan galarazi gabe, erabiltzaileak polizaz baliatu daiteke ezbeharrik gertatuz gero, betiere honako inguruabar hauekin bat: (i) egunean edukitzea abonamenduari dagozkion ordainketak; (ii) zuzen erabiltzea sistema, agiri honetan jasotakoarekin bat; (iii) agiri honen arabera erabiltzaileak bete behar dituen eginbehar guztiak bete izana.
Ezbeharrik gertatuz gero, erabiltzaileak Nbici-BIZIZ zerbitzura jotzen ahalko du, kexa eta iradokizunen kasuan bezala.
13. artikulua. Erabiltzailearen betebeharrak.
Erabiltzaileak honako konpromiso hauek hartzen ditu zerbitzua erabiltzen duen bakoitzean:
a) Zerbitzua bera eta hori osatzen duten osagaiak ahalik eta prestasun handienaz erabiltzea.
b) Ez lagatzea, inongo kasutan ere, ez hirugarrenei ez familiakoei zerbitzuaren erabilera.
c) Sareko aparkalekuetan edozein matxura edo kalterik gertatuz gero, horren berri ematea, jakitera emanez non gertatu den eta zein den oraingo egoera.
d) Erabiltzailearen ardura izanen da aparkalekua zuzen erabiltzea eta kontserbatzea, hori zabaltzen denetik eta itxi arte, bizikleta gordetzen edo eskuratzen ari den bitartean.
e) Erabiltzaileak egiaztatu beharko du aparkalekua erabiltzen duenean sarrerako ateak ongi itxi direla.
f) Bizilagunendako modalitateko zerbitzuaren erabiltzaileak benetan dagokion aparkatze-moduluan aparkatu beharko du, zeinak identifikazio-zenbaki bat edukiko duen. Haurrendako bizikletei gordetako tokietan, aurreko gurpiletik atzekoraino kanpoaldetik gehienez 165 cm luze direnak bakarrik aparkatu daitezke, salbu Nbici-BIZIZ zerbitzuak berariaz baimendutako kasuetan.
g) Zuzen eta behar den denboraz erabiltzea aparkalekuko elementu osagarriak (gurpilak puztekoa eta nork bere bizikleta konpontzeko lantegia).
h) Jakitera ematea hala abonamenduaz bezainbatean gertatzen diren aldaketak, nola ordainagiriak zein banku-korrontetan kobratzen diren eta horretan gerta daitezkeenak.
i) Bermatzea Nbici-BIZIZ zerbitzuari emandako datu guztiak benetakoak direla eta bere horretan dirautela erabiltzailea zerbitzuan alta hartuta dagoen bitartean.
j) Sisteman sartzeko gakoak eta kodeak modu seguruan gordetzea.
14. artikulua. Debekuak.
Erabiltzaileak debeku dauka hirugarrenei aparkalekura sartu eta bere tokian aparkatzeko eskubidea uztea, alokatzea edo lagatzea, bai eta aparkalekuak kontratu honetan zein indarra duten legezko xedapenetan aurreikusitakoaren kontra erabiltzea ere. Erabiltzaileak ezin izanen ditu ez aparkalekuak ez horren elementu osagarriak modu desegokian erabili.
Ez dago baimenduta bizikletaz edo, halakorik balitz, horren atoiaz besteko objekturik uztea aparkatze-tokian. Debeku da aparkalekuak merkataritza-xedeetarako erabiltzea.
15. artikulua. Kalteak.
Nbici-BIZIZ zerbitzuak bere gain hartuko ditu zerbitzuaren emaileari zuzenean egotz dakizkiokeen eta kontratatutako aseguruak estaltzen dituen kalteen ordaina. Gainerako inguruabarretan, erabiltzailearen kontu eta ardurapekoa izanen da zerbitzuaren erabilera.
16. artikulua. Ez-betetzeek eragindako erantzukizuna.
Erabiltzaileak bere gain hartu eta arau erregulatzailean jasotako edozein eginbehar ez betetzeak eragiten ahalko du Nbici-BIZIZ zerbitzuak erabiltzaileari zerbitzuan eta horrenbestez kontratazio-sisteman baja ematea, aldi baterako edo betiko.
Aurrekoa ezertan galarazi gabe, erabiltzaileak aditzera ematen du badakiela eta bere gain hartzen duela eginbeharrak ez betetzeak berarekin dakarrela, baita ere, kontratu honen klausuletan indarra duten zehapenen eta errekarguen aplikazioa. Halaber, Nbici-BIZIZ zerbitzuak ohiko bide judizialetara jotzen ahalko du erabiltzaileak eragindako kalteen eta galeren gainean erreklamazioak aurkezteko.
Erabiltzaileak baimena ematen dio zerbitzuaren kudeatzaileari ezarritako ordainketa-sistemaren bitartez kobratzeko hala tarifaren ordainketak sortutako karguak nola zehapenek zein errekarguek eragindako zenbatekoak, betiere kontratu honen klausuletan ezarritakoarekin bat.
17 artikulua. Datuak isilpean gordetzea.
Nbici-BIZIZ zerbitzuaren datuak babesteko politika abenduren 13ko Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako lege-markoari heltzen dio.
Iruñeko Udalak konpromisoa hartzen du “Erabiltzaileen alta” eta “Erabiltzaileen baja” izeneko zerbitzuetan txertatutako datuak ez erabiltzeko zerbitzuak emateko eta Nbici-BIZIZ zerbitzuaren eta erabiltzaileen arteko hartu-emanak egiteko beharrezkoak diren erabilerez haratago.
Erabiltzaile orok eskatzen ahalko du, edozein unetan, artxiboetan jasota dauden datuak aldatzeko edo Nbici-BIZIZ zerbitzuan baja hartzeko.
Erabiltzaileak emandako izaera pertsonaleko datuak Iruñeko Udalaren “Udal Jarduerak eta Zentroak” izeneko fitxategian bilduko dira, Nbici-BIZIZ zerbitzua kudeatze aldera. Aukera dago datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubideak gauzatzeko, Erregistro Orokorrera joz (Kale Nagusia 2, 31001 Iruña), edo egoitza elektronikora, hemen: www.pamplona.es.
Erabiltzaileak adierazten du emandako datu guztiak zuzenak direla, Ordenantza honetan aurreikusitako baldintzak onartzen ditu, eta bera da erantzule bakarra emandako datuen egiazkotasun eta zuzentasunaren gainean.
V. TITULUA
Zehapen-araubidea
18. artikulua. Printzipio orokorrak.
Zehapen-prozedura Administrazio Publikoen zehatzeko ahala arautzen duen araudi orokorrarekin bat tramitatuko da.
19. artikulua. Erantzuleak.
Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteen erantzuleak izanen dira hurrengo artikuluetan arau-haustetzat tipifikatutako portaerak –egitearen edo edo ez-egitearen ondorioz– hartzen dituzten pertsonak.
20. artikulua. Arau-hausteak zerbitzua gaizki erabiltzeagatik.
Hona zerbitzuari egindako arau-haustetzat jotzen diren portaerak, diru-zehapenak ere ekartzen ahalko lituzketenak:
a) Arau-hauste arinak.
–60 euro bitarteko kalteak eragitea aparkatze-moduluetan eta bizikletak lotzeko sisteman.
–60 euro bitarteko kalteak eragitea aparkalekura sartzeko ateetan eta elementu osagarrietan.
–Aparkalekutik alde egitea sarrerako atea itxi den egiaztatu gabe.
b) Arau-hauste astunak.
–60 euro eta 200 euro bitarteko kalteak eragitea aparkatze-moduluetan eta bizikletak lotzeko sisteman.
–60 euro eta 200 euro bitarteko kalteak eragitea aparkalekura sartzeko ateetan eta elementu osagarrietan.
–Bizikleta uztea erabiltzaileari bizilagun gisara ez dagokion aparkatze-modulu batean, edo bizilagunendako modulu batean uztea erabiltzailea txandakakoa izaki.
–Bi arau-hauste arin egitea 6 hilabeteko epean.
–Ez jakinaraztea datu pertsonalak edo ordainketa egiteko banku-korronteari dagozkionak aldatu direla.
c) Arau-hauste oso astunak.
–Sartzeko eskubidea hirugarrenei lagatzea.
–Aparkatze-modulu bat osorik edo parte batean desmuntatzea.
–200 euro-tik gorako kalteak eragitea aparkatze-moduluetan eta bizikletak lotzeko sisteman.
–200 euro-tik gorako kalteak eragitea aparkalekura sartzeko ateetan eta elementu osagarrietan.
–Kuota, tarifa edo egokitu zaion zehapen bat ez ordaintzea.
–Tokia merkataritza-jomugetarako erabiltzea.
–Bizikleta edota atoia ez diren objektuak, pertsonak edo animaliak bertan uztea.
–Bi arau-hauste astun egitea 6 hilabeteko epean.
Erabiltzaileari informazioa emanen zaio arau-hausteak egiteagatik abiatutako prozesuen tramitazioaren gainean, eta hamar eguneko epea emanen zaio egoki jotako alegazioak aurkez ditzan.
21. artikulua. Zehapenak.
Hona hemen zehazturik 20. artikuluan aipatutako arau-hausteak egiteagatik ezarritako zehapenak:
a) Arau-hauste arinak.
–Arau-hauste arin bat egiteak 60 eta 100 euro bitarteko isuna ekarriko du berarekin.
b) Arau-hauste astunak.
–Arau-hauste astun bat egiteak 100 eta 300 euro bitarteko isuna ekarriko du berarekin, bai eta zerbitzuan aldi baterako baja hartzea ere, hilabete baterako.
c) Arau-hauste oso astunak.
–Arau-hauste astun bat egiteak 300 eta 1.000 euro bitarteko isuna ekarriko du berarekin, bai eta zerbitzuan behin betiko baja hartzea eta ordaindu gabeko kuotarik egonez gero, horiek berehala ordaintzeko betebeharra ere.
Kasu orotan, Nbici-BIZIZ zerbitzuak aipatu neurriak hartzeaz gain, erabiltzaileak eragindako kalte-galeren ordaina jaso ahalko du, eta dagokion jurisdikzioan egoki jotako erreklamazioak aurkezteko egintzak bideratu.
22. artikulua. Zigor arloaren lehentasuna eta beste arau sektorialen aplikazioa.
Ordenantza honetan tipifikatutako zehapenak aplikatuko dira ezertan galarazi gabe egindako egintzek beste arau sektorialekin bat sor ditzaketen bestelako erantzukizunak ere aplikatzea. Administrazioko zehapen-prozeduraren jomuga diren egintzak zigor arlokoak direnean administrazio-prozedura eten eginen da zigor-prozedura ebatzi arte.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENA
Ahalmena ematen zaio dagokion gobernu-alorreko zinegotzi arduradunari Ordenantza honetatik eratorritako zerbitzuen jardun egokirako beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA
Uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta toki-entitateei haien egintzak nahiz erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko ahalmena gauzatzeko ezarritako epea iragaten den arte.
Iruñean, 2017ko azaroaren 20an.–Alkate Udalburua, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L1713892
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
