Iragarkia
232. ALDIZKARIA - 2017ko abenduaren 1a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Aldaketa, diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileetan, ikastetxeetan jateko diru sariak eman beharrez. Onespena
Udalak, 2017ko maiatzaren 29an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:
Lehenbizikoa.–Aldaketa onestea Banakako ebaluazioaren bidez diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri iraunkorretan, Tuterako ikastetxeetan jateko diru sariak eman beharrez.
Bigarrena.–Oinarri arautzaile berriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.
Tuteran, 2017ko azaroaren 2an.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.
ERANSKINA
Banakako ebaluazioaren bidez diru-laguntzak emateko
deialdiaren oinarri iraunkorrak, Tuterako ikastetxeetan jateko
diru sariak eman beharrez
Deialdi publikoa onetsi da eskolako jantokirako laguntzak Tuterako Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez emateko deialdi publikoa onetsi da, arau hauek mugaturiko esparruan: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta gainerako lege aplikagarriak, baita aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa. Deialdiak zehaztasun hauek ditu:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Deialdi honen xedea gizarte zerbitzuen arloko diru-laguntzak ematea da, banakako ebaluazioaren bidez, Tuteran erroldaturik bertan bizi diren ikasleak eskolako jantokietara joateko, baldin eta ikasturte bakoitzean haur hezkuntzako bigarren zikloan, lehen hezkuntzan edo derrigorrezko bigarren hezkuntzan badaude.
Orobat, deialdi honen barnean sartzen dira ikastetxeetan eskola garaitik kanpo (oporretan) jateko eta jarduerak egiteko laguntzak.
Jantokirako diru-laguntza biztanleriaren halako sektore batendako da; ez da, beraz, biztanle guztiendako, baizik eta gizarte eta ekonomiaren aldetik egoera txarrean dauden familiendako.
2. artikulua. Deialdiaren finantzabidea.
Deialdia finantzatzeko aurrekontua izanen da eskolako jantokirako laguntzetarako (eskola garaian) 2310.48004 partidaren kargu eta gizarte arretarako laguntzetarako (oporrak) 2311.48003 partidaren kargu aurrekontuan urtero sartzen dena; zenbateko horiek baldintzapeturik egonen dira, aurrekontu bakoitzean onetsi behar baitira.
3. artikulua. Baldintzak eta betebeharrak.
3.1. Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira eskabideak aurkezteko epea bururatzean, eta bere horretan egon ikasturte osoan.
3.1.1. Ezinbesteko baldintzak izanen dira eskola garaian ikastetxean jateko laguntzak jaso ahal izateko:
a) Tuteran egiazko bizilekua izatea eta bertan erroldaturik egotea (adingabea, aita eta/edo ama, izatezko bikotekidea edo adingabearen tutoreak, adingabearekin bizi badira), laguntza jaso bitartean. Oinarrizko gizarte zerbitzuek egiaztatuko dute, udal erroldaren bidez, eskatzaileen eta onuradunen erroldatze eta bizikidetze egoera.
b) Bere ardurapean izatea eskolara doazen adingabeak, betiere 1. artikuluan aipatzen diren mailetariko batean eskolatuta badaude.
c) Eskolako jantokia erabiltzeko premia objektiboa izatea, betiere oinarri hauetan zehazten den egoera ekonomikoan egonez gero, arrazoi hauetariko batengatik:
–Adingabeek beren etxean bazkaltzeko ezintasuna, helduak bazkaltzeko ordutegian kanpoan daudelakoz, ordu horretan lanean aritzeagatik edo lana aurkitzeko aukerak hobetzeko prestakuntza jarduera batean aritzeagatik, salbu eta bizikidetza unitatean diru-sarrerak urteko LGSaren %130 edo tikiagoak direlarik.
–Adingabearen ardura duen laguna zaindaria izatea NMAk menpekotzat hartzen duen batena, baliaezintasun handiak jotako batena edo %65eko edo handiagoko desgaitasun maila duen batena. Lagun berak izan behar du helduen edo mendekotasuna duten adinekoen zaindaria eta aldi berean adingabeena, edo mendekotasuna izatea adingabea begiratzen duena, paragrafo honetan jasotzen den gisara, ezintasuna izanik etxe barrenean ardura horiek beste heldu batekin partekatzeko, bazkaltzeko tenorean.
–Gizarte eta familia egoerak beharrezkoa egitea haurra jantokira joatea prebentzioko baliabide gisa eta hura babesteko.
d) Familiaren diru-sarrerak, kontzeptu guztiengatik, oinarri hauetako erreferentziako taula ekonomikoetakoak baino apalagoak izatea, hau da, urteko LGSaren %190 edo tikiagoak, bizikidetzako familia unitatearen eta horiek kalkulatzeko aintzat hartutako kontzeptuen arabera.
e) Deialdi honetan eskatzen diren eskaera eta dokumentazioa ezarritako epeetan aurkeztu izana.
f) Familiaren ondarea gehienez ere 60.000 euro izatea, salbu eta ohiko etxebizitza eta lanean aritzeko ondasun higigarri eta higiezinak.
Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren e) letran eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikulua aldatzen duen apirilaren 14ko 7/2014 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, onuradunak salbuetsirik geldituko dira betebehar hauek eguneraturik izateko baldintzatik: tributu arlokoak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Tuterako Udalarekikoak; horrek Ur Batzordea izeneko erakunde autonomoarekikoak eta Castel Ruiz enpresa entitate publikoarekikoak ere erran nahi du.
Baldintza hauek 8. artikuluan xedatuaren arabera egiaztatu beharko dira, udal artxiboetan agertzen diren datuak izan ezik.
3.1.2. Ezinbesteko baldintza izanen da eskola garaitik kanpo (oporretan) ikastetxeetan jateko laguntzak jaso ahal izateko:
Ikasturte horretan eskola garaian ikastetxean jateko laguntza jaso izana.
3.2. Eginbehar hauek dituzte onuradunek:
a) Deialdian arautzen den xedea betetzea.
b) Organo emailearen aitzinean frogatzea baldintzak betetzen direla frogatzea eta haurra eskolako jantokira joaten dela.
c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.
d) Jantokira joateari dagokionez gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea Udalari eta jantokiko arduradunari (bajak, justifikatutako arrazoiak direla medio luzaroan ez joatea eta abar).
e) Hartutako dirua itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusten diren kasuetan.
3.3. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta osagarritasuna.
a) Deklaratzen da Tuterako Udalak eskolako jantokirako ikasturte bakoitzean ematen dituen laguntzen bateragarritasuna xede berdintsuaren beste administrazio publiko batzuetatik edo beste ente pribatu edo publikoetatik etortzen diren beste laguntza edo bekekin, guztira zenbatekoak egiten ez badu 7.3 artikuluan bildutako gastua baino gehiago.
b) Laguntza hauek osatu beharko dira beste administrazio publiko batzuetatik edo beste ente pribatu edo publikoetatik etortzen direnekin.
4. artikulua. Eskatzeko sistema, epeak eta dokumentazioa.
4.1. Eskatzeko sistema.
Aitzineko deialdian laguntza eskuraturik ere, eskatzaile guztiek ikasturte bakoitzerako eskaera berria egin behar dute, lehenago laguntzak eman izanak ez baitakar, berez, gerokorik, hau da, ez du inolako eskubiderik sortzen hurrengo ikasturteetan laguntzak biltzeari dagokionez.
Eskabideak inprimaki ofizialeko ereduaren arabera gauzatuko dira; hura eskatzaileak sinatu beharko du, eta deialdi honen eranskin gisa argitaratzen den ereduari, behar bezala eguneratua edo elektronikoki egokitua, lotuko zaio. Eredu horiek interesdunen eskura egonen dira Tuterako Udalaren webgunean: www.tudela.es, baita Udaleko HLZaren bulegoetan ere.
Familia bakoitzeko inprimaki bakarra bete beharko da; hura ikaslearen aitak eta/edo amak sinatu beharko dute edo, hala bada, legezko tutoreak. Harekin batera, deialdi honetako baldintzen frogagiriak aurkeztuko dira.
4.2. Epeak.
a) Hastekoa den ikasturterako jantokirako laguntzen eskaerak aurkeztuko dira urte horretako ekainean.
b) Eskola garaitik kanpo (oporretan), ikastetxean jateko eta jarduerak egiteko laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea izanen da Gizarte Ongizatearen eta Emakumearen eta Berdintasunaren Zinegotzigoak zerbitzuaren gaineko informazioa zabaltzeko gutunean ezarriko duena. Epe hori sekula ez da hasitako urteko ekainaren 10a baino haratago joanen (egun hori barne) .
c) Ohiko epetik kanpora laguntzak eskatzen ahalko dira, baldin eta 7.2.4 artikuluko kasuetan aipatzen diren salbuespeneko inguruabarrak gertatzen badira. Diru-laguntzak ematen diren datatik aitzina baizik ez dira eskuratzen ahalko; ez dute atzerako eraginik.
4.3. Agiriak.
4.3.1. Eskola garaitik kanpo (oporretan) ikastetxeetan jateko eta jarduerak egiteko laguntzei dagokienez, horretarako ezartzen den eskabidea besterik ez dute aurkeztu beharko.
4.3.2. Eskola garaian ikastetxeetan jateko laguntzetarako, eskatzaileek behar den inprimakia bete beharko dute, eredu ofizialaren arabera, betiere 1. artikuluan aipatzen diren irakaskuntza mailetan badaude eta 3. artikuluko baldintza eta betebeharrak betetzen badituzte.
Horretarako, ondotik ematen den dokumentazioaren fotokopia aurkeztu beharko dute, jatorrizkoarekin alderatua, herritarrarendako laguntza zerbitzuan (hemendik aitzina, HLZ).
4.3.2.1. Datu pertsonalak:
–NANa.
–AIZ.
–Aitzineko bi agirietarik, bakarrik ere izan ezean, indarra duen pasaportea aurkeztuko da.
4.3.2.2. Familiaren diru-sarrera guztien eta etxebizitzagatik kentzen ahal diren gastuen egiaztagiriak:
a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitzineko ekitaldiko aitorpenaren fotokopia, bizikidetza unitateko kideenarena (aita/amak, baita haien ezkontide berriak edo izatezko bikoteak). Egitera beharturik ez badaude, aurkeztu beharko dute beharturik ez egotearen ziurtagiria, Foru Ogasunak luzatua.
b) Eskatzaileak espresuki jaso beharko du, eskaerari erantsitako agirian, aitzineko urtean aitortutako diru-sarrerak larriki urritu badira, PFEZa aurkezteko egunean ez aurreikusteko maneran, familia unitatean errentak eskuratzen zituzten kideetariko bat hil delakoz edo lanerako ezindurik edo langabe bilakatu delakoz, edo bereizi edo dibortziatu delakoz eta/edo urritze hori sorrarazi duen beste edozein inguruabar sozioekonomiko larri gertatu delakoz. Egoera horren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.
c) Kasu guztietan, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Aitzineko urteko PFEZaren aitorpenaren kopia osoa.
–Azkeneko 3 nominak eta/edo SEPEaren diru sariak jasotzearen egiaztagiriak, beste sarienak, mantenu-pentsioarena, etab.
–Diru-sarreren zinpeko aitorpena.
–Etxebizitzagatik izandako gastuaren ziurtagiria, agiri ofizialen bidez egiaztatua: egindako ordainketa jasotzen duten bankuen gordekinak (ez ordaintzeko gaztigua) edo errentatzaileak edo kontratuaren titularrak sinaturiko frogagiria.
4.3.2.3. Familia eta lan egoera:
a) Familia liburuaren fotokopia, bere kide guztiekin, jatorrizkoarekin alderatua, edo halakorik izan ezean, familia unitateko kideak eta haien jaiotegunak frogatzeko dokumentazio ofiziala. Erroldako izen ematea ofizioz egiaztatuko da.
b) Banantzea edo dibortzioa. Honela egiaztatuko dira:
1.–Izatezko banantzean, aurkeztuko da banantzeko eskaera aurkeztu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, jatorrizkoekin alderatua, edo notario agiria zein egoera hori erakusten duten beste agiri batzuk.
2.–Banantzea legezkoa bada, edo dibortzioa, aurkeztu beharko dira hura xedatzen duten epai judizialen fotokopiak, jatorrizkoarekin alderatuak.
c) Ezkontzaz kanpoko seme-alabaren bat izanez gero, aurkeztu beharko da zaintza eta jagoletzari buruzko neurrien eta mantenu-pentsioaren fotokopia, jatorrizkoarekin alderatua. Halakorik izan ezean, demanda jarri izanaren ziurtagiria, edo egoera hori frogatzen duten beste agiri batzuk.
d) Lan bizitzaren ziurtagiri eguneratua.
4.3.2.4. Beste egoera batzuk:
a) Desgaitasuna, menpekotasuna eta baliaezintasun handia. Erakunde eskudunak luzaturiko kalifikazioa, %65eko maila edo handiagoa aitortzen duena.
b) Prestakuntza jardueraren batean ariz gero, egiten ari den jardueraren datak, ordutegiak eta izena.
c) Eskolatze berantaren eta haren dataren ziurtagiria, ikastetxearena edo Nafarroako Gobernuarena.
Aitzineko apartatuetan aipatzen den dokumentazioa izan ezean, eskatzaileek bidezko iruditzen zaizkien dokumentu eta ziurtagiriak ekartzen ahalko dituzte, ekonomia, gizarte edo familiaren aldetik bizi duten egoera frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusiari jarraikiz.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzenketa egin dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Betiere, aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak aurreikusiarekin bat.
Galdatutako agiriak Tuterako Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude jada, haien ordez indarraldiari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota, betiere bost urte baino gehiago pasatu ez badira kasuan kasuko prozedura bukatu zenetik.
4.3.3. Udaleko HLZk egin beharreko tramiteak.
a) Udaleko HLZk adingabe eskatzaileen gurasoek edo tutoreek epearen barnean aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa bilduko ditu, eta egiaztatuko du eskabideko atalak behar bezala beterik daudela eta erantsitako dokumentazioa behar dena dela.
b) Eskaerak jasotzeko unean, eskatzaileari kopia itzuliko zaio, hura aurkeztu izanaren frogatako balioko duena.
c) Eskatzaileek eskatzen den dokumentazioaren fotokopiak aurkezten dituztenean, HLZ hartzaileak zigilatuko du bildutako kopia, jatorrizkoarekin alderatu ondoan, aurkeztutako dokumentuaren benetakotasuna frogatu beharrez.
5. artikulua. Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.
5.1. Irizpideak betiere lotuko zaizkie Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 8.3 a) artikuluan eta Tuterako Udalaren urte bakoitzeko aurrekontu orokorrak betearazteko oinarrietan jasotako printzipioei.
5.2. Gai honetan eskumena duten teknikariek eginen dute deialdiaren kudeaketa, segimendua eta balorazioa, haren fase guztietan, baita aginduzko txostenak ere erreklamaziorik edo errekurtsorik izanez gero.
5.3. Eskola garaitik kanpo (oporretan) ikastetxeetan jateko eta jarduerak egiteko laguntzei dagokienez, eskaerak ez dira baloratuko, horien balorazioa jada eginda baitago, ikastetxeetan (eskola garaian) jateko diru-laguntzen deialdiaren barnean.
6. artikulua. Ebazteko eta jakinarazteko epea.
6.1. Organo eskuduna. Araudian arautzen den eskumen banaketaren arabera eta Alkatetzaren eskuordetzaren arabera, ebazteko ahalmena duen organoa alorreko Zinegotzigo Delegatua da.
6.2. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa da, eskaera erregistroan sartu denetik, kontuan harturik epe hori eteten ahal dela interesdunari eskatzen bazaio bere eskaerako akatsak zuzentzeko edo agiriak ekartzeko. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe iragan ondoan, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jo ahalko du, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 25.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Justifikatutako zergatiak medio, epe horretan ebazterik ez bada, arrazoiak eman beharko dira.
6.3. Emateari buruzko ebazpenak administrazio bidea amaituko du eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 40. eta 42. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz jakinaraziko zaio eskatzaileari. Orobat, ikastetxeko jantokia kudeatzen dutenei igorriko zaie.
7. artikulua. Laguntzen zenbatekoa eta ordainketa. Gastu kengarriak.
7.1. Familia unitatearen diru-sarrerak kontatzeko erreferentziako taula ekonomikoa. X zutabean biltzen diren ehunekoak ikasturtea hasten den urteko LGSaren araberakoak dira. Jaso beharreko sariaren ehunekoa:
LGSAREN EHUNEKOA, | FAMILIA UNITATEKO KIDE KOPURUA | |||||||||||
≤ 3 | = 4 | = 5 | ≥ 6 | |||||||||
Adingabeen kopurua eskolako jantokian | ||||||||||||
1 | 2 | 1 | 2 | 3 | 1 | 2 | 3 | 1 | 2 | 3 | ||
1. | ≤ 100% | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 |
2. | >%100 eta ≤%110 | 90 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 |
3. | >%110 eta ≤%120 | 80 | 90 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 |
4. | >%120 eta ≤%130 | 70 | 80 | 80 | 90 | 100 | 90 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 |
5. | >%130 eta ≤%140 | 60 | 70 | 70 | 80 | 90 | 90 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 |
6. | >%140 eta ≤%150 | 50 | 60 | 60 | 70 | 80 | 80 | 90 | 100 | 100 | 100 | 100 |
7. | >%150 eta ≤%160 | 25 | 50 | 50 | 60 | 70 | 70 | 80 | 90 | 90 | 100 | 100 |
8. | >%160 eta ≤%170 | 25 | 50 | 50 | 60 | 70 | 60 | 70 | 80 | 80 | 90 | 100 |
9. | >%170 eta ≤%180 | 25 | 25 | 25 | 50 | 60 | 50 | 60 | 70 | 70 | 80 | 90 |
10. | >%180 eta ≤%190 | - | 25 | 25 | 50 | 60 | 50 | 50 | 60 | 60 | 70 | 80 |
7.2. Familiaren errenta eta kasu bakoitzaren laguntza kalkulatzeko prozedura: familia unitatearen diru baliabideak ezartzeari dagokionez, halakotzat hartuko da hileko diru-sarrera guztien (urteko konputuan) eta haren ondarearen batura, 3.1.g) artikuluan adierazi dena kontuan harturik.
7.2.1. Diru-sarreren balorazioa:
7.2.1.1. Laneko etekinen bidezko diru-sarrerak. Laneko etekinak dira elkarrekin bizi den familiaren (aita-ama, bikotekidea, tutoreak, anai-arrebak) diru-sarrera guztiak, norberaren konturako edo besteren konturako lanetik heldu direnak gehi sari eta pentsio aitortuak, diru publiko nahiz pribatuen kargura finantzatzen diren gizarte aurreikuspeneko araubideetan sailkatuak, dena zati hamabi eginik.
Kontatuko dira:
a) Aldizkakoak ez diren diru-sarreren kasuan, diru-sarreren kontua egiteko batez besteko diru-sarrerak kalkulatuko dira azken hiru nominetatik, pentsioaren ziurtagiritik edo beste edozein diru sari edo diru iturritatik abiatuta.
b) Enplegu egonkorra izanez gero, lanaren aldetik urtebeteko edo gehiagorako egonkortasuna duena, PFEZaren azken aitorpena hartuko da kontuan. Dagokionean, familia unitateko edozein kideren pentsio, sari edo nominetatik heldu diren diru-sarrerak kontuan hartuko dira, PFEZaren azken aitorpenean sartu ez badira.
7.2.1.2. Etxebizitza gastuak. Diru-sarreretatik kenduko da etxebizitza gastua (alokairua edo hipoteka), gehienez ere egiazko kostuaren %50, kontzeptu hauengatik.
7.2.1.3. Bestelako kenkariak.
–LGSaren %10 kenduko da, 3tik 4 haur bitarteko familia ugariagatik eta %15, 5 seme-alabatik goiti.
–LGSaren %20 kenduko da bizikidetzako familia unitateko kideren baten minusbaliotasuna frogatzeagatik (≥ %65) .
Familiaren diru-sarrerak kalkulatzeko ondoko eragiketa erabiliko da, aipatu baldintzak beterik:
(Urteko diru-sarrerak/12) - gastu kengarriak = laguntza aplikatzeko erabiliko den zenbatekoa.
7.2.2. Ondareko etekinen bidezko diru-sarrerak. Ondareko etekintzat joko dira kapital higigarri nahiz higiezinetatik heldu direnak, 3.1.f) artikuluan jasotzen diren salbuespenekin.
7.2.3. Diru baliabideen kontaketatik diru-sarrera hauek salbuetsiko dira:
–Ardurapeko seme-alabak izateagatik Gizarte Segurantzak ematen dituen sarien diru-sarrerak.
–Helburu zehatz baterako laguntza ekonomikoak, halakotzat harturik larrialdietako laguntzak, etxebizitza erosteko direnak edo alokairu sozialekoak, ikasketetarako bekak eta beste edozein, eman bada familia unitatearen premia zehatz bati aurre egiteko.
7.2.4. Salbuespeneko egoerak. Oinarri hauetan ezartzen denetik kanpora, familiako beste kasu batzuk ere aztertzen ahalko dira, faktore soziosanitario larriengatik edo aparteko inguruabarrengatik (kasuan kasuko udal teknikariak baloratuak) adingabeek eskolako lantokia behar badute, familiak bere gain har dezakeen ehunekoa aplikaturik. Egoera horiek behar bezala frogatu eta baloratuta egon beharko dute.
7.3. Laguntzen zenbatekoa.
7.3.1. Ikastetxeetan eskola garaian jateko laguntzetarako:
Ikastetxe guztietako jantokiaren kostuaren %85eko diru-laguntza emanen da, aitzineko ikasturtea erreferentziatako hartuta. Bazkariaren kostua batez besteko kostua baino txikiagoa duten jantokietan, diru saria kostu errealean oinarriturik aplikatuko da.
Kontzeptu beragatik beste erakunde batzuengandik (Nafarroako Gobernua, enpresetako gizarte onurak, etab.) jasotakoaren osagarria izanen da arautzen den saria, gehienez ere ezarritako mugaraino.
7.3.2. Ikastetxeetan eskola garaitik kanpo (oporretan) jateko eta jarduerak egiteko laguntzetarako:
Ikastetxeetan jateko eta jarduerak egiteko emanen den laguntzaren zenbatekoa Tuterako Udalak hasita dagoen ikasturtean (eskola garaian) ikastetxeetan jateko laguntzetarako esleitua duen portzentaje berekoa izanen da.
Ikastetxeetan eskola garaitik kanpo (oporretan) jateko eta jarduerak egiteko laguntzak jasotzeko izena ematen duten familiek beherapen hauek izanen dituzte bigarren seme-alabatik hasita: bigarren semeagatik %25eko beherapena eginen da, hirugarrenagatik, %40koa eta laugarrenagatik edo hortik aurrerakoagatik %50ekoa.
7.4. Eskaeren ebazpena eta laguntzen ordainketa.
Laguntzen eskaerak Gizarte Zerbitzuetara igorriko dira, eta eskumena duen zinegotzigo delegatuak ebatziko ditu.
Adingabeek eskolako jantokian jaten dutela egiaztatzen duen agiria aurkeztu ondoan, laguntzak ordainduko dira jantokiko arduradunek adierazten duten kontu zenbakiaren bidez. Ziurtagiria aurkeztuko da, Udalak tramitatuko duena; ordainketa eginen da aurrekontua betearazteko oinarrietan eta aplikatzeko diren gainerako arauetan adierazten diren baldintza eta epeetan.
Eskaeren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie organo eskudunak onetsi ondoan. Laguntza ekonomikoek ebazpenean zehazten den datatik aitzina izanen dute indarra.
Ikasturtean zehar eta eskolako oporraldian, ikasleek jantokian baja emanez gero, jantokiko arduradunek baja egunaren berri emanen dute. Modu berean, diru-laguntza hartzen duten ikasleak maiztasunez ez agertuz gero, baja eman ahalko zaie jantokian eta emandako laguntza baliogabetu.
Laguntzak kendu eginen dira baldin eta eskola garaian eskolako jantokia ondoz ondoko bi astez edo aldizkako 15 egunez erabiltzen ez bada justifikaziorik gabe, eta baita ere eskola garaitik kanpo (oporretan) ondoz ondoko hiru egunetan edo aldizkako zazpi egunetan erabiltzen ez bada, justifikaziorik gabe.
Eskola garaian, aurreikuspenekin bat etorri ez bada laguntza hartzen duten adingabeak asteazkenetan eta ekain eta irailetan jantokira joatea, jantokiaren arduradunak ziurtagiri bat luzatu beharko du behar diren aldaketekin, eta halakorik bada, diru-laguntzaren zati bat itzuliko da. Halaber, jantokiaren arduradunak data horietan joatea baieztatzen duen dokumentazioa igorri beharko du.
Diru-laguntzak emanen dira baldin eta urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan krediturik eskura badago.
Jantokien arduradunek aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskolako jantokiaren fitxa teknikoan sartuko dena:
1.–Eskola egutegia.
2.–Bankuko kontuaren zenbakia.
3.–Jantokiko zerbitzura joateko egunak/hilabetea eta hilabeteak.
4.–Jantokiaren prezioa/k.
8. artikulua. Laguntzen kontrola eta aplikazioa.
8.1. Kontrolaren araubidea.
Diru-laguntzak baliogabetu ahalko dira baldin eta frogatzen bada:
a) Haien zenbatekoa ez dela erabili eman zirenerako.
b) Baldintzetariko bat edo batzuk betetzen ez dituzten ikasleei eman zaiela, edo ez dituztela behar bezala egiaztatu.
Hala behar badu, dirua itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen denarekin bat.
Tuterako Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek beretako hartuko dituzte eskaera espedienteen gainean laginketen bidez ikuskapena egiteko eginkizuna, nahiz eta, laguntzen lorpena, xedea edo justifikazioa modu okerrean egin delako zantzuak daudenean, legeria aplikagarrian aurreikusten diren neurriak hartzen ahalko diren.
Aplikatu beharko da finantza kontrolerako prozedura, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 49. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusia.
8.2. Justifikazioa.
Laguntzak justifikatzeko, eskolako jantokiaren arduradunek ziurtagiria eginen dute haien onura hartzen duten ikasleek jantoki zerbitzuak erabiltzearen gainean. Ziurtagiri hori baitezpadako baldintza izanen da ordaintzeko. Bere baitan jasoko du ikasleen hutsegiteen zerrenda eta bertan espresuki zehaztuko da zein diren eskola garaian eskolako jantokia ondoz ondoko bi astez edo aldizkako 15 egunez edo gehiagoz, eta justifikaziorik gabe, erabili ez duten ikasleak eta baita ere eskola garaitik kanpo (oporretan), ondoz ondoko hiru egunetan eta aldizkako zazpi egunetan erabili ez dutenak.
8.3. Onuradunek bete beharrekoak.
Onuradunen eta entitate laguntzaileen betebeharrak Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 15. artikuluetan ezarrita daude. Tuterako Udalak, legezko prozedura bidezkoen bidez, behar diren egiaztapenak egiten ahalko ditu emandako laguntzen xedeari eta aplikazioari buruz.
9. artikulua. Indarraldia eta xedapen osagarriak.
Oinarri hauek indarra izanen dute harik eta organo eskudunak, legeak ezarritako prozedurarekin bat, aldatu edo indargabetu arte. Urtero, Udalak ofizioz eginen du ikasturtea hasten den urteko LGSaren datuen erreferentziako taula ekonomikoaren transposizioa, behar diren datu ekonomikoak erdietsi beharrez.
Urtero, Tokiko Gobernu Batzarrak behar den erabakia hartuko du, ikasturte bakoitzeko deialdiaren hasiera onesteko eta, gisa hartara, eskolako jantokirako ikasturte bakoitzean onartzen den gehieneko prezioa finkatzeko.
10. artikulua. Errekurtsoen araubidea.
Deialdi honen kontra, baita hura betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen kontra ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina. Aitzinetik, eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Edo bestela, beste edozein, interesdunei bidezko iruditzen bazaie hura jartzea.
11. artikulua. Xedapen indargabetzailea.
Indarrik gabe utzi dira Tuterako (Nafarroa) Udalaren eskolako jantokietan bazkaltzeko laguntza ekonomikoen oinarriak, Tuterako Udaleko Gobernu Batzordeak 2003ko martxoaren 21ean egin bilkuran onetsi zituenak.
12. artikulua. Onarpena eta interpretazioa.
1. Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar haren arauak onartzea.
2. Udalari dagokio deialdi honen oinarrien interpretazioa.
3. Onuradunek ez badituzte betetzen deialdiaren arau partikular hauetan ezarritako betebehar edo baldintzak, diru-laguntzari uko egin diotela ulertuko da eta diru-laguntza ofizioz baliogabetu ahal izanen da.
13. artikulua. Publizitatea.
Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Oinarri hauei behar bezalako publizitatea emanen zaie, izan litezkeen onuradunek haren berri izateko biderik egokiena erabiliz. Publizitatea egiteko baliabide osagarriak erabiltzen ahalko dira, hala nola Udalaren web-orria, baita oinarrizko gizarte zerbitzuen eta Tuterako Udalaren iragarki oholak ere.
14. artikulua. Datuen babesa.
1. DBLOren 5. artikuluaren arabera, eskatzaileak jakinaren gainean daude eskaeran erregistratu datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Tuterako Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira diru-laguntza eskaerari erantzuteko, eta deialdira aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko. Tuterako Udalari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.
2. Bestalde, Tuterako Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.
ERANSKINA
Eskaera (PDF).
Iragarkiaren kodea: L1712642
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
