1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
539/2017 EBAZPENA, azaroaren 10ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko jarraibideak ematen dituena.
Hezkuntza Departamentuak urtarrilaren 20ko 4/2017 Foru Agindua argitaratu zuen otsailaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Foru agindu horren bidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen da.
Foru agindu horretan, “Lehen xedapen gehigarria.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzea” atalaren bidez, Hezkuntza Departamentuari dei egiten zaio Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzeko prozedura arautzen duen beharrezko araudia gara dezan arlo horretako oinarrizko araudiak ezarritako baldintzak oinarri hartuta.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu eta Batxilerreko tituluak arautzen dituen ekainaren 2ko 562/2017 Errege Dekretuak zehaztu zituen baldintza horiek, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren ezarpen-egutegiaren luzapenerako neurri urgenteei buruzko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
Beraz, aipatutako xedapen gehigarrian eta 562/2017 Errege Dekretuan xedatutakoaren ondorioz, egokia da ebazpen honen bidez DBHko titulua eskuratzeko jarraibideak ematea; harik eta Hezkuntzarako Estatu Itun sozial eta politikotik ateratzen den araudiak indarra hartu arte egonen da indarrean ebazpen hori.
Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko jarraibideak emateko egin duen aldeko txostena ikusi da.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko jarraibideak onestea, honako oinarri hauei jarraikiz:
1) Hezkuntzarako Estatu Itun sozial eta politikotik ateratzen den araudiak indarra hartu arte, 4. ikasmailako ikasleek honako kasu hauetako edozeinetan lortuko dute Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua:
–Ikasmaila horretako bukaerako deialdi arruntean kalifikazio positiboa lortu badute etapako irakasgai guztietan.
–Bukaerako deialdi berezian kalifikazio negatiboa lortu badute bi irakasgaitan gehienez, betiere horiek ez badira Gaztelania eta Literatura eta Matematika, eredu linguistikoa edozein dela ere, eta Euskal Hizkuntza eta Literatura eta Matematika, D ereduan. Ikasleak irakasgai batean edo bitan kalifikazio negatiboa badu, titulua eskuratzeko beharrezkoa izanen da irakasle taldeak uste izatea ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lortu dituela eta horiei dagozkien gaitasunak eskuratu dituela.
Ondorio horietarako, irakasgai desberdintzat hartuko dira ikasmaila desberdinetan izen bera dutenak.
2) Batez besteko nota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan egindako irakasgaien, proiektuen eta eremuen batezbesteko aritmetikoa izanen da. Atzerrian egindako irakaskuntzen kalifikazioak ez dira kontuan hartuko.
3) Batezbestekoa hurbileneko ehunenera biribilduko da, eta goitik eta behetik distantzia bera baldin badago, goikora.
4) Batez besteko notaren kalkuluaren ondorioetarako, ikasleak deialdi arruntean lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan, deialdi berezian aurkezten ez bada (EA).
5) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluak bide ematen du maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.4 artikuluan jasotako derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzetara sartzeko, irakaskuntza bakoitzerako ezartzen diren baldintzekin bat.
2. Ebazpen hau Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuari eta Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2017ko azaroaren 10ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.
Iragarkiaren kodea: F1713053