Iragarkia
230. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
CORTES
Deialdia, zerbitzu osagarrien lanpostuan aldi baterako kontratazio bidez aritzeko zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, Cortesko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren
Cortesko Udaleko alkateak 2017ko azaroaren 14ko ebazpenaren bitartez onetsitako deialdia.
OINARRIAK
1. oinarria.–Baldintza orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da zerrenda bat hautaproben bidez osatzea, zerbitzu osagarrien lanpostuan aldi baterako kontratazio administratiboaren bidez aritzeko, Cortesko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.
Hautapenaren ondorioz sortzen den zerrenda geroko aldi baterako kontratazio administratiboetarako erabili ahalko da beharrik baldin badago eta lehentasuna izanen du lehendik dagoen beste edozein zerrendarekiko.
1.2. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko D mailari dagokiona izanen da urteko ordainsari gordina. Horretaz gain, Udalaren plantilla organikoan ezarritako osagarriak dagozkio.
1.3. Lan araubidea lanaldi osokoa izanen da eta zerbitzuko beharrei egokituko zaie. Araubide hori edozein unetan alda dezake Udalaren organo eskudunak.
1.4. Eginkizunak eta lana deialdiko maila eta kategoriari dagozkionak izanen dira: lorezaintzako edo nekazaritzako eginkizunak Cortesko udal parkean eta berdeguneetan, bai eta udal organoek agintzen dizkiotenak ere, betiere lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute.
Zehazki, Udalaren eraikin, azpiegitura eta berdeguneen garbiketa eta mantentze-lanak eginen dituzte izendatuek, baita beste arlo batzuetan laguntza emanen ere, hala eskatzen zaienean.
Bere lan alorrak eta eginkizunak honako hauek izanen dira:
–Lorezaintzako alorra:
- Lorategietako eta zuhaiztietako mantentze-lanak, belarra moztea, loreak landatzea, inausketak, ongarritzea, jorratzea, fumigatzea, ereintza, ureztatzeko instalazioen mantentze-lanak, baso-lanak, ingurumena zaindu eta babesteko lanak eta abar.
- Lorategietan, parke publikoetan eta berdeguneetan ureztaketa automatikoarekin erabilitako makinen mantentze eta garbiketa lanak egitea.
–Garbiketa alorra:
- Cortesko bide publikoen garbiketari dagozkion lan hauek egitea, ezarritako garbiketa programarekin bat.
- Udalaren berdeguneak garbitzea.
- Udazkenean, hostoen garbiketa.
- Leku batean ekitaldiak edo jaialdiak egin behar badira, hura garbitu eta egokitzea.
- Koordinatzailearekin lankidetzan aritzea lana planifikatu eta antolatzeko.
- Garbiketa lanetan erabiltzen den makineriaren mantentze-lana.
–Mantentze-lanetako alorra:
- Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konponketa lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza.
- Herrian igeltserotzako lan txikiak egitea, beharrezkoa denean.
- Lanean erabiltzen diren ibilgailuetako artatze eta mantentze-lan oinarrizkoa egitea.
- Mantentze-lanak egitea edateko uraren araztegian eta hornidura eta saneamendu sareetan.
- Uren ofiziala ordeztea, Udalak eskatzen duenean.
- Kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.
–Lan orokorrak:
- Segurtasun eta higiene arauak betetzea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak behar bezala baliatuta.
- Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak aldian-aldian koordinatzaileari jakinaraztea.
- Zerbitzuak hobetu daitezen sustatu eta laguntzea, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatuz.
- Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutu eta aplikatzea.
- Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.
–Erantzukizunak administrazioko lanetan:
- Zerbitzuetan tramitatutako jakinarazpen guztiak entregatzea, bai eta horiek erregistratu, ordenatu eta dagozkien hartu-agiriak entregatzea.
- Udalaren oholean argitaratutako ediktuen, oharren eta iragarkien datak kontrolatzea.
- Posta alorretik, mezularitza enpresetatik korrespondentzia jaso eta eramatea, egoki banatzeko ardura bere gain hartuta.
- Administrazio arloan laguntzeko agintzen zaizkion lanak egitea; hala nola, dokumentuen fotokopiak, koadernatze lanak eta abar.
- Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatu eta begiratzea, eta hirigintza eta ingurumen gaietan ikuskatzea, lizentzia eta obrei, eremu publikoaren okupazioari, isurketei eta abarri buruzko araudia jaso eta betetzen ote den begiratuta.
- Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.
- Garbiketako gai suntsigarrien erosketak nola iristen diren kontrolatzea, baita paper gaiak, altzariak eta abar direnean ere.
- Udal zerbitzuei laguntzeko lanak eta mandatuak egitea: iragarkiak, bandoak eta Udalaren publizitatea banatu eta jartzea, bankuekikoak, agiriak eramatea, bulegoko materiala banatzea, gauzak garraiatzea eta pertsonak leku batetik bestera eramatea.
- Koordinatzailea ordeztea, hura ez dagoenean.
- Udalerriaren zaintza, trafikoaren antolamenduari, aparkatzeari, obra lizentziei, eremu publikoaren okupazioari eta abarri dagokienez.
- Laguntza administratiboko oinarrizko lanak, agiriak banatzea, udal ondasunak zaindu, gorde eta mantentzea, udal-mugartean egiten diren obrak kontrolatzea, eta Udalak agintzen dizkion gainerako guztiak, betiere bere lanpostuari badagozkio.
- Eta, oro har, bere lanpostuari dagozkion aurrekoen antzeko lan guztiak, zerbitzua dela eta bere gain utzitakoak.
2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Eskola Graduatuaren titulua edo baliokideren bat izatea, edo hura jasotzeko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen gordekina. Betebehar hori agiri bidez frogatu beharko dute izangaiek, eskabideak aurkezteko unean.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) B motako gidabaimena izatea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean ere beharko dira bete.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren Estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cortesko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa ere erabili ahalko da (http://cortes.sedelectronica.es/info.1). Orobat, eskabideak aurkezteko, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak ere erabili ahalko dira.
Deialdian parte hartzeko eskabidea oinarri hauetako I. eranskinari jarraituz aurkeztuko da, eta harekin batera, indarrean den legediarekin bat behar bezala konpultsatu eta kautotutako agiri hauek aurkeztuko dira:
–Eskola-graduatuaren titulua edo haren baliokidea.
–NANa edo nortasuna eta nazionalitatea eta, hala bada, deialdiko 2 a) oinarrian nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betebeharrak frogatzen dituen agiria.
–B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia.
–Cortesko Udalak Caixa Bank entitatean duen kontuan (ES65 2100 4958 922200029718) azterketa eskubideetarako 10 euroko tasa ordaindu izana frogatzen duen gordekinaren fotokopia. Tasa hori arautua dago Cortesko Udalaren Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak edo prezio publikoak arautzen dituen ordenantzan (2017ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 23koa).
Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenek ezin izanen dute deialdian parte hartu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.
Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein desgaitasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.
3.2. Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.
Deialdiaren testua eta I. eranskina eskura izanen da Cortesko Udalaren http://cortes.sedelectronica.es/info.8 egoitza elektronikoan (Portal de Transparencia/ Carpeta 1 Institucional/ 1.7 Personal/ 1.7.2 Oferta de empleo público/ 2017).
4. oinarria.–Epaimahaia.
4.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: María Concepción Ausejo Gómez, Cortesko Udaleko alkatea.
Ordezko epaimahaiburua: Fernando Sierra Estoduto, Cortesko Udaleko alkateordea.
Mahaikidea: José Ignacio Puertolas Ruiz, Cortesko Udaleko zerbitzu osagarrietako funtzionarioa.
Ordezko mahaikidea: Javier Catalán Ibañez, Corteko Udaleko Uren ofiziala, funtzionarioa.
Mahaikidea: Lucio Uriel Castro, Cortesko Udaleko langileeen ordezkaria.
Ordezko mahaikidea: Julio José Alcega Catarecha, Cortesko Udaleko zerbitzu osagarrietako funtzionarioa.
Mahaikidea: Alfonso López-Vivié Nonell, biologo botanikaria.
Ordezko mahaikidea: Pablo Huerta Lasheras, Cortesko Udaleko zerbitzu osagarrietako funtzionarioa.
Mahaikide-idazkaria: Jesús Litago Zardoya, Cortesko Udaleko idazkaria.
Ordezko mahaikide-idazkaria: Andrea Lafuente Bozal, Ribaforadako Udaleko idazkaria.
4.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe.
4.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko du.
4.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.
4.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
4.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta Cortesko Udaleko alkateari jakinaraziko diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan parte ez hartzeko aipatzen diren egoeratako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
5. oinarria.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.
Eskabideak aurkezteko epea iraganda, Cortesko Udaleko alkateak izangai onartueta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Cortesko Udalaren http://cortes.sedelectronica.es/info.8 egoitza elektronikoan argitaratuko du (Portal de Transparencia/ Carpeta 1 Institucional/ 1.7 Personal/ 1.7.2 Oferta de empleo público/ 2017), bai eta Udalaren iragarki oholean ere. Zerrenda horretan izangaien izen-deiturak sartuko ditu.
Egun horretatik aurrera eta hurrengo bost egun balioduneko epean, baztertuak izan diren izangaiek erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, horretarako instantzia bat aurkeztuz Cortesko Udaleko Erregistro Orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1).
Orobat, eskabideak aurkezteko Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak ere erabili ahalko dira.
Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Cortesko Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du (izen-abizenak jasoko ditu eta, baztertutako izangaien kasuan, baztertzearen arrazoia ere) eta Cortesko Udalaren http://cortes.sedelectronica.es/info.8 egoitza elektronikoan (Portal de Transparencia/ Carpeta 1 Institucional/ 1.7 Personal/ 1.7.2 Oferta de empleo público/ 2017) eta Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du, deialdi honetan aipatutako lehenengo hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.
Izangai bazterturik ez balego, zuzenean behin betiko onetsiko da zerrenda (izen-abizenak jasoko ditu) eta Cortesko Udalaren http://cortes.sedelectronica.es/info.8 egoitza elektronikoan (Portal de Transparencia/ Carpeta 1 Institucional/ 1.7 Personal/ 1.7.2 Oferta de empleo público/ 2017) eta Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
6. oinarria.–Proben nondik norakoa.
6.1. Oposizioaldiak ariketa teoriko-praktikoak izanen ditu:
6.1.1. Ariketa teoriko-praktikoak. Idatziz erantzun beharko da test motako galdetegi bat, erantzuteko lau aukera izanen dituena baina bat bakarra zuzena, epaimahaiak ariketa hasi baino lehen ezarriko duen gehieneko denboran. Galderak zerbitzu osagarrien lanpostuak berezkoak dituen eginkizunei buruzkoak izanen dira, deialdiaren 1.4 oinarrian zehazten baitira, bai eta ondoko araudiari buruzkoak ere:
–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
–487/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, zamak eskuz jasotzeari buruzkoa eta hura garatzen duen gida teknikoa.
–Cortesko udalerriaren ezagutza orokorra, kultur ondarea, geografia eta historia.
–Uren zerbitzua arautzen duen ordenantza, 2016ko 9. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 15ean.
Proba honetan, gehienez ere, 100 puntu erdiesten ahalko dira. Proba hasi baino lehen zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta aukerako erantzunak dituzten galderetan egindako akatsen penalizazioa. Epaimahaiak proba zuzentzen hasi baino lehen onetsiko ditu zuzentzat jotzen dituen erantzunak. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (50 puntu).
6.1.2. “Plika itxien” sistema erabiliko da ariketa honetan.
6.1.3. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala, AIZa edo pasaportea aldean dutela azalduko dira. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.
6.1.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
6.1.5. Proba egin ondotik, Cortesko Udalaren http://cortes.sedelectronica.es/info.8 egoitza elektronikoan (Portal de Transparencia/ Carpeta 1 Institucional/ 1.7 Personal/ 1.7.2 Oferta de empleo público/ 2017) eta Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira izangai bakoitzak lortutako emaitzak (izen-abizenak eta puntuazioa jasoko dira). Proba honen emaitzen kontra erreklamazioa jar daiteke 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren erregistroan eskabidea aurkeztuz.
7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.
7.1. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak deialdiko probak gainditu dituztenen zerrenda ikusgai jarriko du Udalaren iragarki oholean eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoan, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Zerrenda horrek lehentasuna izanen du lehenagotik egindako edozein zerrendaren aurretik.
Halaber, epaimahaiak Cortesko Udaleko alkateari igorriko dio gainditu duten izangaien zerrenda, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
7.2. Emaitzetan puntu berdinketarik izanez gero, zozketa publikoaren bidez erabakiko da. Epaimahaiak zozketa publikoa egiteko eguna, ordua eta tokia argitara emanen ditu Cortesko Udalaren http://cortes.sedelectronica.es/info.8 egoitza elektronikoan (Portal de Transparencia/ Carpeta 1 Institucional/ 1.7 Personal/ 1.7.2 Oferta de empleo público/ 2017).
Izangaien behin betiko zerrenda onartu aurretik, desgaitasuna dutela frogatu dutenei osasun azterketa eginen zaie, deitzen zaien hurrenkeran, lanpostu horretarako egokiak diren zehazteko.
8. oinarria.–Izangaien zerrenda eta lanean hasteko deia.
Hautapen prozesuko espediente osoa jasota, izangaien zerrenda onetsiko da, Cortesko Udaleko alkatearen ebazpen bidez, izangaiei deituko zaien hurrenkeran (izena, abizenak eta puntuazioa jasoko ditu), eta jendaurrean jarriko da Udalaren iragarki oholean eta Cortesko Udalaren http://cortes.sedelectronica.es/info.8 egoitza elektronikoan (Portal de Transparencia/ Carpeta 1 Institucional/ 1.7 Personal/ 1.7.2 Oferta de empleo público/ 2017).
Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa; horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten izangaiek frogatu beharko dute egoera hori, organo eskudunak luzatutako jatorrizko agiriaren bidez edo, indarrean den legediari jarraituz, behar bezala konpultsatutako edo kautotutako kopiaren bidez.
Kontratazioaren lehenengo egunetan, kontratatutako pertsonei dei egin ahalko zaie hasierako osasun azterketa egiteko. Horretarako, FREMAP prebentzio zerbitzuko osasun zainketarako medikuek lanpostuko arriskuen ebaluazioarekin zerikusia duten osasun agiriak, egoki juzgatzen dituztenak, eskatu ahalko dizkiete izangaiei. Osasun azterketa eginda ondorioztatzen bada lanpostuan aritzeko ez dela gai edo muga nabarmenak dituela, probaldia ez gainditutzat joko da eta, hortaz, kontratua amaituko da.
Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.
9. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Cortesen, 2017ko azaroaren 14an.–Alkatea, María Concepción Ausejo Gómez.
I. ERANSKINA.
Deialdian parte hartzeko eskabidea (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1713152
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
