230. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2873/2017 EBAZPENA, azaroaren 13koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdia onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko turismoko jardueretako ofizialen lanpostu hutsak betetzeko, lekualdatze lehiaketa bidez.

Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onetsi zuen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuak ezartzen duenez, lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez beteko dira.

Aipatutako araudiari jarraituz, bidezkoa da onestea turismoko jardueretako ofizial (C maila) izateko lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez bete daitezela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko turismoko jardueretako ofizial (C maila) izateko lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez bete daitezela.

2. Deialdiaren oinarriak onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau eta deialdia jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko azaroaren 13an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

TURISMOKO JARDUERETAKO OFIZIALEN LANPOSTUAK LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA.
OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da turismoko jardueretako ofizial (C maila) izateko lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko.

1.2. Lekualdatze lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa.

–Ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua. Haren bidez arautu zen euskaraz jakitearen trataera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoan.

–Gainerako arau aplikagarriak, eta oinarri hauek.

2.–Lanpostu hutsak.

2.1. Lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdi honetan, hasiera batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko turismoko jardueretako ofizialen 2 lanpostu huts sartzen dira, ebazpen honen II. eranskinean zehazten direnak.

2.2. Deialdi honetan hasiera batean egindako lanpostu eskaintza aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2.3. Halaber, aipatutako lanpostu horiek deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokatze prozesuei loturik egoteagatik, burutza utzi duten funtzionarioei edo jardunera itzuli direnei esleituak izateagatik edo antolamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen duten izangaiek hutsik utzitako lanpostuak ere sartuko dira.

2.5. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdatze lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko baldin eta “iraungitzeko” lanpostuak direlako bete behar ez badira edo antolatzeko arrazoiak direla-eta bete behar ez badira.

2.6. Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldian, deitutako lanpostuen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartzen dituzten aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.

3.–Betebeharrak.

3.1. Lekualdatze honetan parte hartu ahal izateko, betebehar hauek bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) C mailan egotea.

c) Turismoko jardueretako ofizialen lanpostu baterako izendatu izana.

3.2. B motako gidabaimena eduki beharra ezarrita duen lanposturen bat eskuratu nahi izanez gero:

–B motako ibilgailuak gidatzeko baimena esleiturik duen lanpostu baten titularra izatea edo horretan aritzea 3.1 puntuan ezarritako epean, edo

–B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

3.3. Behar diren hautapen probak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoan euskara edo Europar Batasuneko beste hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartu direnek, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, hutsik dauden eta hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak bakarrik aukera ditzakete.

Nolanahi ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ez zuen lanpostu bat eskuratzeko.

3.4. Zerbitzu, atal, bulego edo unitate parekaturen bateko burutzaren bat betetzen ari direnek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.5. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

3.6. Lanpostu huts bati atxikita behin-behinekoz itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitu dakion.

3.7. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketan.

4.–Eskabidea, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

4.1. Inskribatzea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute inskripzio-eskaera, Internet bidez, helbide hau erabiliz: www.navarra.es, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean.

Halaber, eskabideari erantsi beharreko merezimenduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez eta deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz.

Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarri, baremazioa egin dezan:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen frogagiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. Baldintzak frogatzea.

B motako ibilgailuak gidatzeko baimena esleiturik duten lanpostuak eskuratu nahi dituztenek telematikoki aurkeztuko dute, izena emateko eskabidearekin batera, baldintza horiek betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa. Baldintza horiek dituzten plaza baten titularra den edo plaza bat betetzen ari den lehiatzailea salbuetsirik egonen da.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu eta telematika bidez igorri beharko dira, lekualdatze lehiaketa honetan izena emateko eskabidea aurkezteko epean.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

5.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

6.–Epaimahaiko kideak.

6.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:

–Mahaiburua: Margarita Cueli Erice, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

–Ordezkoa: Iñaki Xabier Martínez de Virgala Lusarreta, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Turismoko Marketinaren eta Produktuen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria.

–Mahaikidea: Isabel Artieda Urreztarazu, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezkoa: Manu Esteban Asurmendi, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Mahaikide idazkaria: Estefanía Munarriz Nuin, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Turismoko Produktuen Garapenerako Ataleko burua.

–Ordezkoa: Amaya Alcelay Llano, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Turismoa Sustatzeko Euskarrien Bulegoko burua.

6.2. Epaimahai kalifikatzaileak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

6.3. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Merezimenduak.

7.1. Aurreko 4.1 oinarrian ezartzen den bezala, merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu behar dira, eskabideak aurkezteko epean. Dena dela, Administrazio Publikoan emandako zerbitzuei eta Nafarroako Administrazio Publikoak emandako ikastaroei buruzko frogagiriak, salbu hizkuntzak jakitearen gainekoak, ez dira aurkeztu beharko, organo deitzaileak zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari.

7.2. Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

7.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

7.4. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

7.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Interneteko helbide honetan: www.navarra.es, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. Era berean, bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

7.7. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak parte hartzen duten pertsona guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta helbide honetan: www.navarra.es, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. Era berean, lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera.

8.–Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lekualdatze lehiaketan azkenean sartzen diren lanpostu hutsak zehazteko, deialdi honen bigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

8.2. Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eginen da; Nafarroako Gobernuko iragarki oholean argitaratuko da, bai eta Interneten bidez ere, helbide honetan: www.navarra.es, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean.

Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematika bidez aurkezteko, lehen aipatutako helbideko esteka erabiliz, eta nahi lituzketen lanpostu hutsak aukeratzeko.

Lehiaketan lotutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira lanpostu hutsak, eta esleipen horri ezin izanen zaio uko egin. Birkokatutako lehiatzaileen kasuan, ezintasunagatik birkokatzeko prozedura arautzen duen ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuaren 11. artikulua aplikatuko da.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

8.3. Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, lehiatzaileek ezin dute orain atxikita dauden zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko lanpostu hutsik hautatu (zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen maila beheragoko unitate organiko bati atxikita badaude, debeku bera izanen dute), salbu eta lanpostu aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

9.–Esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie izangaiei eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9.2. Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non ez duen organo dei-egileak, ebazpen horretan, beste data bat ezartzen jabetza hartzeko.

9.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Aurreikuspen hau ez da aplikatzekoa izanen lanaldi partzialean diharduten langile finkoen kasuan; horiek, lanaldi osoko lanpostu bat eskuratzen dutenean, funtzionario bihurtuko dira. Funtzionarioen araubideko edo estatutupeko langileek, merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko lanpostu bat eskuratzeko. Kasu horretan borondatezko eszedentziara igaroko dira, funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

10.–Ordainsariak.

Lekuz aldatzen direnek gaur egungo xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, salbu kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori dena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 2.c artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2017ko azaroaren 13an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean aitortua duen antzinatasun urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) letra honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norberak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: puntu bat gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak lanpostuarekin zerikusia dutenean baizik ez dira baloratuko.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez.

c) Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza haiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan, 2 puntu gehienez haietako bakoitzagatik.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera, lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 4,6 puntu bitarte destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean, eta 2,76 puntu bitarte destinoa eremu mistoko lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak c) atal osorako:

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazi den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulu hori eduki ezik, hizkuntza eskola ofizial batean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zenbat dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak espresuki antolatutako azterketen emaitzak ere erabiltzen ahalko dira; azterketa horiek bost zailtasun maila dituzte, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bostena emanen zaio maila bakoitzari.

II. ERANSKINA

Turismoko jardueretako ofizialen lanpostu hutsak

LANPOSTUA

DEPARTAMENTUA

EREMUA (LEKUALDAKETARAKO)

HERRIA

GIDABAIMENA

ARAUBIDE JURIDIKOA

0009385

GARAPEN EKONOMIKORAKO DEPARTAMENTUA

TURISMO ETA MERKATARITZA ZUZENDARITZA NAGUSIA

IRUÑA

B

FUNTZIONARIO IZAERA

0002671

GARAPEN EKONOMIKORAKO DEPARTAMENTUA

TURISMO ETA MERKATARITZA ZUZENDARITZA NAGUSIA

IRUÑA

B

FUNTZIONARIO IZAERA

F1713468

Iragarkiaren kodea: F1713468