228. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

46/2017 FORU AGINDUA, azaroaren 14koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, lehiaketa publikoa onesten duena Nafarroako Foru Komunitatean lurreko telebista digital lokalen bidez ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko lizentziak banatzeko.

Lurreko telebista digitalerako (LTD) irrati-maiztasunen espektruaren lurralde plangintza nazionalaren arabera (martxoaren 12ko 439/2004 Errege Dekretua), Nafarroako Foru Komunitateak esleitu gabe dauden zazpi kanal ditu gaur egun (hau da, haien bidez ikus-entzunezko zerbitzua emateko moduko titularrik ez dute), Nafarroari esleitutako bost multiplex lokaletatik lautan banatuak: Lizarrako multiplexean (24. kanalaren bidez emititzeko bi lizentzia), Zangozakoan (bi lizentzia 45. kanalaren bidez) eta Tuterakoan (bi lizentzia 39. kanalaren bidez).

Aplikaziorako oinarrizko araudian, zehazki, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 27. artikuluan, ezarrita dago zein epe dituen administrazio eskudunak, kasu honetan Nafarroako Gobernuak, ikus-entzunezko zerbitzuen lizentziak banatzeko lehiaketen deialdia egiteko. Gainera, badago arlo hori garatzen duen foru arau bat ere, urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzkoa.

Horregatik guztiagatik, Komunikazioko Zuzendaritza Nagusiak baldintza-agiri batzuk prestatu ditu lurreko telebista digital lokalen bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak lehiaketara ateratzeko. Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko 5/2012 Foru Dekretuan ezarritakoa betez, baldintza-agirietan jasotzen dira haren 12. artikuluan baloraziorako ezarritako gutxieneko betebehar guztiak, hiru multzo nagusitan banatuta: telebista-eskaintza; ekonomiaren eta enpleguaren sorrera; eta telebistako seinalea sortu, garraiatu eta hedatzeko eskaintza teknikoa.

Lehiaketan sartutako lizentzietarako eskaintza onenak aukeratzeko ezarri diren irizpideak objektiboak, gardenak, ez-baztertzaileak eta neurrizkoak dira. Irizpide horien helburua da ezaugarri hauek dituzten telebista-eskaintzak aukeratzea: euskarri teknikoa dutenak, ekonomikoki bideragarriak, enplegua sortzen duten eta iraunkorrak diren enpresa-proiektuak aurkezten dituztenak, eta telebista-eskaintza errealista dakartenak, kalitatean oinarritua, lizentziari dagokion barrutiko edukiekin batera lizitatzaileek libreki proposatzen dituzten Nafarroari lotutako beste programa batzuk konbinatuz, horrela, oro har, herritarrek ikus-entzunezko komunikazio aberats eta askotarikoa jasotzeko duten eskubideari erantzun ahal izateko.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak egindako proposamen-txostena ikusirik, Nafarroako Foru Komunitatean ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateari buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Lehiaketa publiko baterako deialdia egitea lurreko telebista digital lokalen bidez ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko lizentziak banatzeko. Lizentzia horiek estaldura lokaleko zazpi kanaletan emititzeko dira, zenbaki eta eskualde hauetan erreserbatuta baitaude: Lizarra (24), Zangoza (45), Tafalla (31) eta Tutera (39).

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Deialdi hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eta Telekomunikazioen Ikuskapenerako Nafarroako Burutzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko azaroaren 14an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

LTD LOKALERAKO OINARRIAK

Nafarroako Foru Komunitatean lurreko telebista digital lokalaren zerbitzua emateko lizentziak banatzeko lehiaketa publikoa
arautzen duten oinarriak

1. oinarria.–Xedea.

Baldintza-agiri honen xedea da lurreko telebista digitaleko (hemendik aurrera LTD) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko lizentziak banatzeko lehiaketa publikoa arautuko duten baldintzak ezartzea. Lizentzia horiek leku librea duten estaldura lokaleko Nafarroako lau kanal anizkoitzei dagozkie, zeinek, guztira, lizentzia esleitu gabe dauden zazpi kanal hartzen baitituzte.

Tokiko Telebista Digitalaren Plan Tekniko Nazionala onesten duen martxoaren 12ko 439/2004 Errege Dekretuak Nafarroarentzat xedatutakoari jarraikiz, honako eskualde hauetan dauden multiplex lokalak dira:

–Lizarrako multiplex lokala (24. kanala): bi kanal eskuragarri.

–Zangozako multiplex lokala (45. kanala): bi kanal eskuragarri.

–Tafallako multiplex lokala (31. kanala): kanal bat eskuragarri.

–Tuterako multiplex lokala (39. kanala): kanal bat eskuragarri.

2. oinarria.–Lizentziaren titularra izateko baldintzak.

Lizentziak lortu ahal izateko, beharrezkoa da Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Ezin izanen dira lehiaketa honetara aurkeztu Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26.1 artikuluak lizentzia baten titular izateko ezarritako eragozpenetakoren bat dutenek (ikus-entzunezkoaren arloko ordena publikoko arrazoiak).

Nafarroako telebista-eskaintzan aniztasuna bermatu eta sustatzeko asmoz, Nafarroan lurreko telebista digitaleko zerbitzua emateko lizentziaren titularrek ezin izanen dute lehiaketa honetan parte hartu. Gainera, lehiaketa honen bidez LTD lokaleko komunikazio zerbitzuen lizentzia bat lortu nahi duten pertsona fisiko eta juridikoek eskaera bakar bat aurkezten ahalko dute eskualde bakoitzeko. Lizitatzaileek eskaintza bakarra aurkezten ahalko dute lehiaketa honetan sartutako lau eskualdeetako bakoitzean; hortaz, gehienez ere, lau proposamen aurkezten ahalko dituzte. Eskatzaile batek eskualderen baterako eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, lehenbizi erregistratzen dena baizik ez zaio onartuko, eta aurkezten dituen gainerakoak baztertuko dira.

Horren ondorioetarako, enpresa talde bereko pertsona juridikoek lehiaketa honetarako eskaera bat baino gehiago aurkezten badituzte, ulertuko da, Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen kasuen arabera, eskaera guztiak eskatzaile bakar batenak direla.

Eskaera bat elkarrekin aurkezten duten pertsona fisiko edo juridikoek ezin izanen dute beste eskaintzarik aurkeztu udalerri bererako, banaka nahiz beste edozein pertsona fisiko edo juridikorekin batera. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekarriko du eskatzaile horrek udalerri horretarako aurkeztutako eskaera guztiak ez onartzea.

3. oinarria.–Irekian emititzeko programazioa eta Nafarroako hizkuntza ofizialetan egindako programazioa.

Lehiaketaren xede diren zazpi lizentzietako bakoitzak programazio irekiaren bidez eman beharko du lurreko telebista digitalaren zerbitzua, eta komunikazio hizkuntza Nafarroako Foru Komunitatean koofizialak diren hizkuntzetatik edozein izanen da.

4. oinarria.–Iraupena.

Oinarri hauetan aipatzen diren lizentziak hamabost urterako emanen dira, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 21. artikuluan eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 28.artikuluan aipatzen diren berritzeak.

Lehiaketaren xede diren lizentziei aplikatu beharreko araubide juridikoa honako hau da: Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra.

5. oinarria.–Organo eskuduna.

Eskaerak tramitatzea eta lehiaketaren espedientea kudeatzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuari dagokio.

Lizentziak adjudikatzea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari dagokio.

6. oinarria.–Zerbitzua emateko baldintzak.

Lizentzien adjudikazio-hartzaileak ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen eta telekomunikazioen arloan indarra duen araudia betetzera behartuta daude. Edonola ere, eskaeretan beren gain hartzen dituzten konpromisoak bete beharko dituzte, baita betebehar eta baldintza hauek ere:

a) Lizentziaren xede den zerbitzua zuzenean ematea, horren gaineko negozio juridikoak egiteko aukera galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikuluan eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Katean emititzeko edukiak mugatzea, eta, horretarako, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 22.3 artikuluan ezarritakoa betetzea: telebista lokalerako lizentzia bat emanda ere, ez da zilegi izanen beste entitate baimendu batzuekin katean emititzea asteko emisio-denbora osoaren %25 baino gehiago, ordutegi ezberdinean bada ere. Portzentaje hori ezin da inolaz ere metatu 21:00etatik 24:00ak arteko ordutegian. Ez dira katean egindako emanalditzat jotzen tokiko telebista komunikazioaren zerbitzu-emaileek modu sindikatuan edo elkarrekin ekoitzitako programen emanaldiak. Egoera hori aplikatzeko, gutxieneko sindikazioaren portzentajea proiektu osoaren %12 izanen da.

c) Lizentziaren ezaugarri teknikoak errespetatzea eta telebistako produkzio-estudioen kokapen fisikoa lizentziari dagokion eskualdeko udalerri batean mantentzea lizentziaren indarraldia bitartean.

d) Organo eskudunek lizentzia adjudikatu ondoren maiztasun eta potentzia aldaketei buruz ematen dituzten ebazpenak ontzat hartu eta betetzea.

e) Bere programazioaren araberako telebista-emanaldiak sei hilabeteko epean abiaraztea, lehiaketa hau ebatzi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Horrela egiten ez badu, betiere lizentziaren titularrari egotzi ezin zaizkion arrazoi objektiboak izanik, sei hilabeteko epe horren barnean sei hilabetetik gorakoa izanen ez den luzapen bakarra eskatzen ahalko dio Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari emanaldiak abiarazteko.

f) Zerbitzua etengabe emanen dela ziurtatzea, lizitatzaileak eskaintzan bere gain hartzen dituen eta lizentzia emateko oinarritzat hartzen diren konpromiso eta baldintzekin bat. Zerbitzua ezin izanen da eten, ezinbesteko kasuetan izan ezik, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen organoak baimena eman gabe.

g) Nafarroako Gobernuak edo ezartzen diren beste agintari batzuek, interes publikoko arrazoiengatik, edozein unetan eta larrialdietan bidalitako adierazpen, ohar edo abisu ofizialak doan zabaltzea, jatorria aipatuta.

h) Egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko erraztasunak ematea, lizentziaren baldintzak betetzen direla egiaztatzearren, eta informazioa emateko eta emititutako programak artxibatzeko betebeharrak betetzea, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 34.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

i) Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen organoari jakinaraztea telebistako zuzendariaren izendapena, baita haren ordez arituko den pertsonarena ere hura kanpoan edo eri denean edo postua hutsik geratzen denean.

j) Legez ezartzen diren kanonak eta tasak behar den epean eta moduan ordaintzea.

k) Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematen dituztenen Erregistroari dagokionez ezarrita dauden betebeharrak betetzea. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 29. artikuluan ezarrita daude.

l) Eskualde bakoitzari esleitutako kanal anizkoitzetik emititzeko lizentzia duten gainerako titularrekin elkartzea eta multiplex hori elkarrekin kudeatzearen ondoriozko betebehar ekonomiko eta teknikoak betetzea.

Zerbitzua emateko funtsezko baldintza gisa hartzen dira oinarri honen a, b, c, d, e, g eta k letretan ageri direnak.

Lizentziaren titular bakoitzari aplika dakizkiokeen funtsezko baldintzak eta, bereziki, lizitatzaileak eskaeran bere gain hartzen dituen eta lizentzia emateko oinarri hartzen diren konpromisoak betetzen ez badira, lizentzia baliogabetu eginen da, deusetan galarazi gabe aplikatu beharreko oinarrizko araudia oinarri hartuta ezar daitezkeen administrazio zehapenak.

7. oinarria.–Adjudikatzeko modua.

Baldintza-agiri honetan aipatzen diren lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuarekin bat etorriz.

8. oinarria.–Behin-behineko bermea.

Lehiaketa publiko honetan parte hartzeko ezinbesteko baldintza izanen da 600 euroko bermea eratzea aurkeztutako eskaera bakoitzeko. Berme horrek balio du aseguratzeko ezen egindako eskaerari eutsiko zaiola lizentziak banatzeko prozedura amaitu arte.

Eratutako bermeak bertan behera geratuko dira, eta itzuli eginen dira behin lehiaketa ebazteko erabakia argitaratuta. Adjudikazio-hartzaileei dagozkienak, berriz, lizentzia formalizatu arte gordeko dira.

Lehiaketa ebatzi aurretik eskaera arrazoirik gabe erretiratzen duten lehiatzaileei bermea konfiskatuko zaie.

Bermeak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 53.2 artikuluan ezarritako edozein modutan eratzen ahalko dira, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Diruzaintza Atalean erregistratu beharko dira. Bermea eskudirutan jarri nahi dutenek ordainketa-agiri bat eskatu beharko diote Komunikazio Zerbitzuari (comunicacion@navarra.es).

9. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Eskaerak eta dokumentazio osagarria hurrengo ataletan adierazitako moduan, lekuan eta epean aurkeztu beharko dira. Eskaera aurkezteak berekin dakar adjudikazio-hartzaileak baldintza-agiri honetako klausulak baldintzarik gabe onartzea.

–Modua:

Eskaerak I. eranskinean ageri den ereduarekin bat etorriko dira, eta interesdunak berak edo behar bezala baimendutako legezko ordezkariak sinatu beharko ditu. Horiekin batera, bi fitxategi erantsiko dira:

1. Lehenengoak “Dokumentazio administratiboa” izena hartuko du, eta 10. oinarrian zerrendatutako agiri guztiak bilduko ditu.

2. Bigarrenak “Dokumentazio teknikoa: telebista-proiektua” izena hartuko du, eta 11. oinarrian zerrendatutako agiri guztiak bilduko ditu.

–Aurkezteko epea eta tokia:

Eskaerak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 29an bukatuko da (egun hori barne).

Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, eta bertan eskatzailearen gaitutako helbide elektronikoa adieraziko da, horixe izanen baita lehiaketari buruzko jakinarazpen guztiak egiteko bide bakarra.

10. oinarria.–Aurkeztu beharreko dokumentazio administratiboa.

Lizitatzaileek fitxategi bakar bat aurkeztu beharko dute, eta horren barrenean beste bi. Lehenengo fitxategian, “Dokumentazio administratiboa” izenekoan, aurkibideaz gainera, agiri hauek sartu beharko dira:

1) Lizitatzailearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak eta, hala badagokio, ordezkaritza frogatzen dutenak:

a) Pertsona fisikoak badira, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, edo, atzerritarrak badira, pasaportea edo haien nortasuna egiaztatzen duen beste edozein dokumentu ofizial.

b) Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren estatuetako nazionalitatea duten pertsona fisikoek Espainiak dagokion estatuan duen Misio Diplomatiko Iraunkorraren txosten bat aurkeztu beharko dute, frogatzen duena jatorrizko estatuak, aldi berean, Espainiako herritarrei onartzen diela ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematea.

c) Pertsona juridikoek beren eraketa-eskritura aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, aldaketarena, Merkataritza Erregistroan inskribatua, aplikatu beharreko merkataritza arloko legediaren arabera baldintza hori eskatu beharra dagoenean. Eskatu beharrik ez badago, eraketaren edo sortzearen agiria edo estatutuak aurkeztu beharko dituzte, non sozietatearen helbidea eta jardueraren gaineko arauak azalduko baitira, betiere nahitaezkoa den erregistro ofizialean inskribaturik.

d) Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako pertsona juridiko ez-espainiarrek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, behar den erregistroan inskribatuta daudela frogatzeko, ezarrita dauden estatuko legediaren arabera, edo, bestela, inskripzio hori nahitaezkoa ez bada, jarduteko duten gaitasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat.

e) Aurreko atalean sartzen ez diren estatuetako pertsona juridiko atzerritarrek jarduteko gaitasuna frogatzen duen txosten bat aurkeztu beharko dute, dagokion estatuan Espainiak duen ordezkaritza diplomatikoak emana. Halaber, jatorrizko estatuak Espainiako herritarrei ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematea onartzen diela frogatzen duen txostena aurkeztu beharko dute, Espainiako kasuan kasuko ordezkaritza diplomatikoak emana.

f) Eskatzaileak ordezkari baten bitartez jarduten badu, ordezkaritza egiaztatzen duen notario-ahalordea eta ordezkariaren nortasuna frogatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dira.

g) Bi pertsona fisiko edo juridikok edo gehiagok baterako eskaera aurkezten badute, bakoitzak bere nortasuna eta gaitasuna frogatu beharko ditu, eta sinatzen duten pertsonen edo enpresen izena eta inguruabarrak eta bakoitzaren partaidetza adierazi beharko dituzte, baita Administrazioaren aurrean horien guztien ordezkaritza osoa izanen duen pertsonaren edo entitatearen izendapena ere.

2) Kasuan kasuko gobernu organoak kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruz egindako ziurtagiria, II. eranskineko ereduaren arabera. Kapital sozialean Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisiko edo juridikoen partaidetza badago, Espainiak dagokion estatuan duen Misio Diplomatiko Iraunkorraren txosten bat aurkeztu beharko da, frogatzen duena jatorrizko estatuak, aldi berean, onartzen duela herritar espainiarrek partaidetza izatea ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko xedea duten pertsona juridikoetan.

3) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26. artikuluan ikus-entzunezkoen arloko ordena publikoko arrazoiengatik ezarrita dauden mugapenen barnean ez dagoela adierazteko, espresuki aipatuta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela indarra duten xedapenek ezarri bezala. Adierazpen hori III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

4) Erantzukizunpeko adierazpen bat, ikus-entzunezkoen merkatuaren aniztasunari begira, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 36. artikuluak ezartzen dituen debekuen barnean ez dagoela adierazteko. Adierazpena IV. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

5) Bermeak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Diruzaintza Atalean eratu izanaren frogagiria, lehiaketa honen 8. oinarrian xedatutakoari jarraikiz, edo, bestela, kontzeptu horrengatiko ordainketa-gutuna ordaindu izanaren egiaztagiria.

11. oinarria.–Dokumentazio teknikoa: telebista-proiektua.

Bigarren fitxategiak, “Telebista-proiektua” izenekoak, aurkibide bat izanen du, agiriaren egitura eta edukiak jasoko dituena, baita hasierako aurkezpen bat ere, mila hitz baino gehiago ez dituena. Dokumentazio teknikoak testu-fitxategi bakarra izanen du, 100.000 hitz baino gehiago izanen ez dituena, baita fitxategi osagarri bat ere; azken hori pdf formatuan egonen da, inprimatzeko moduko 20 orrialde izanen ditu gehienez, A-4 tamainakoak, eta erantsitako dokumentazioa bilduko du.

Telebista-proiektuak honako datu eta informazio hauek jaso beharko ditu gutxienez:

11.1. Programazioaren eskaintza.

Lizitatzaileak proposatzen duen programazio eskaintzaren printzipioak eta helburuak orokorrean azalduko ditu, eta programazioan zein komunikazio hizkuntza erabiliko den edo diren adieraziko du.

Parrilla-eredu bat erantsiko da, asteko zazpi egunetako hogeita lau orduetan emanen diren programak adierazita (ordu tarteren batean ezer emateko asmorik ez bada, “emanaldirik gabe” jarriko da taulan). Programa bakoitzaren izaera, landuko dituen edukiak, esleitzen ahal zaion genero mota, ordu-iraupena eta komunikazio hizkuntza deskribatuko dira. Behin baino gehiagotan emanen direnak ere adieraziko dira.

Aurreko paragrafoetan eskatzen den ikuspegi orokorraz gain, lizitatzaileak jarraian adierazten diren alderdiak zehaztu beharko ditu (programazioaren kuantifikazioetan ez dira sartuko behin baino gehiagotan ematen diren edukiak edo telebista-edukia ekoizteko eta sortzeko lanik ez dakarten musika emanaldi hutsak edo beste mota batekoak):

–Ekoizpen propioko programak: ekoizpen propioko programek, hots, aurkezten den proiektuan aurreikusitako giza baliabide eta baliabide material propioekin prestatutakoek, astean zenbat emanaldi-ordu izanen dituzten zehaztuko da.

  • Tokiko programazioa: tokiko estaldura duten programa informatiboek edo bestelakoek astean hartuko duten ordu kopurua zehaztuko da, hau da, telebista-instalazioa dagoen udalerriari eta lortu nahi den lizentziaren ondoriozko emanaldien estaldura-eremuari dagozkien edukiak dituzten programek beteko duten denbora.
  • Bestelako programazio propioa: aurreko epigrafean azaldutako tokiko izaerarik gabeko programazio propioari dagokion asteko ordu kopurua zehaztuko da.

–Beste batzuek ekoitzitako programak: beste batzuek ekoitzitako programak emateko asteko ordu kopurua zehaztuko da, haien egileak zehaztuta.

  • Nafarroako programazioa: Nafarroari buruz beste batzuek ekoitzitako programa informatiboek eta bestelakoek astean hartuko duten ordu kopurua zehaztuko da.
  • Beste batzuek ekoitzitako bestelako programazioa: telebista-instalazioa dagoen udalerriarekin eta haren estaldura-eremuarekin edo Nafarroa osoarekin zuzeneko loturarik ez duten programa informatiboek edo bestelakoek astean hartuko duten ordu kopurua zehaztuko da.

–Euskarazko emanaldiak: euskarazko saioak ematea proposatzen duten eskatzaileen kasuan, euskarazko saioek astean hartuko duten ordu kopurua adieraziko da, eta, orobat, euskarazko saioek, emititzen diren saio guztiek astean hartzen duten ordu kopuruaren aldean, egiten duten ehunekoa.

11.2. Ekonomia eta enplegua sortzeko eskaintza.

Lizitatzaileak orokorrean deskribatu beharko du telebista-etxean ezarriko duen kudeaketa-eredua, lortu nahi duen telebista abiarazteagatik aurreikusten duen ekonomiaren sorrera, eta, orobat, bere proiektuak telebista-etxea kokatzen den eskualdean sorraraziko duen zuzeneko enplegua.

Ikuspegi orokorraz gain, lizitatzaileak jarraian aipatzen diren alderdi hauek zehaztu beharko ditu:

–Negozio plana eta proiektuaren bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa: lizitatzailearen deskribapena aurkeztuko da, eta bere baliabide ekonomikoak (funts propioak, finantzaketarako ahalmena,...) eta zerbitzua ustiatzeko esleitutako bitartekoak ere bai. Halaber, bere telebista-eskaintzarekin bat datorren negozio plana erantsi beharko da, arrazoitua, proiektua abian jartzeko eta iraun dezan zentzuz behar diren kudeaketako eta finantzaketako tresnak zehaztuz. Horrez gain, aurrekontuak aurkeztuko dira, diru-sarrerak eta gastuak (hasierako inbertsioak barne) eta telebistaren lehenengo bi funtzionamendu urteetarako diruzaintza-fluxuak zehaztuta.

Dokumentazioa Kontabilitateko Plan Orokorraren eredu ofizialaren arabera aurkeztuko da, edo ETEen Kontabilitateko Plan Orokorraren ereduaren arabera, lizentzia kudeatzen duen enpresaren edo erakundearen tamainaren arabera.

–Antolaketa eredua eta giza baliabideak: zerbitzua emateko giza baliabideen eta antolaketa baliabideen plana, eskumen arloak, eredu operatiboa eta kudeaketan eraginkortasuna bideratzeko funtsezko oinarriak deskribatuko dira. Berariaz aurkeztu beharko dira telebista-etxeko langileen lanbide-profilak, zuzeneko enplegua sortzeko konpromiso zehatza eta, enpresaren konpromisoaren arabera, desgaitasuna duten langileekin betetzeko erreserbatzen diren enpleguen ehunekoak. Halaber, aurreikusitako zeregin batzuk modu iraunkorrean kanpora ateratzeko asmoa badago gizarte-enplegu babestuko enpresei emanez, hori ere zehatz azalduko da.

11.3. Eskaintza teknikoa.

Lizitatzaileak honako hauek deskribatuko ditu orokorrean: edukiak ekoizteko jarriko dituen estudioak; zer azpiegitura erabili behar duen bere estudioak bere eskualdeari dagokion LTD kanala emititzeko instalazioarekin lotzeko (garraioa); eta nola hedatuko duen LTD kanalaren seinalea.

Lizitatzaileak honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu:

–Ekoizpen estudioak.

–Ekoizpen estudioa dagokion MUX lokalaren instalazio nagusiarekin lotzeko aukeratutako konponbide teknikoaren deskribapena.

–Lizentziaren xedeko kanalaren seinalea zentro igorletik emititzeko konponbide teknikoaren deskribapena, eta horren barnean honako hauek sartuko dira: erabiliko den teknologiaren deskribapena eta horretarako jarriko diren edo erabiliko diren azpiegiturak kudeatu, ustitatu eta mantentzeko aplikatuko duen araubidearen deskribapena, zeinaren bidez aukera egonen baita multiplexaren kudeaketa lizentziaren gainerako titularrekin partekatzeko.

12. oinarria.–Balorazio mahaia.

Balorazio mahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua:

Juan José Balerdi Usabiaga jauna, Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zerbitzuko zuzendaria, eta horren ordezkoa den Félix Carmona Salinas jauna, Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Mahaikideak:

M.ª Antonia Uriz Ayestarán andrea, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Prentsa Bulegoaren Ataleko burua, eta horren ordezkoa, M.ª Asunción Ruesta Ozcoidi andrea, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Navarra.es Atariaren Ataleko burua.

Unai Garbisu de Goñi jauna, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko telekomunikazioetako ingeniaria, eta horren ordezkoa, Edurne Izkue Mendi andrea, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko telekomunikazioetako ingeniaria.

José Miguel Herrán Azanza jauna, Ekonomia Aferetarako Bulegoko burua, eta horren ordezkoa, Cristina Arcaya Sánchez andrea, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Ataleko burua.

Fernando Hipólito Ojeda jauna, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatua, eta horren ordezkoa, Beatriz Barber Zubeldía andrea, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatua.

–Idazkaria:

Pilar Zapico Revuelta andrea, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa), eta horren ordezkoa, José Ignacio Sola Jiménez jauna, departamentu bereko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

13. oinarria.–Eskaintza teknikoen balorazioa.

Lizarrako, Tafallako eta Zangozako lehiaketa honetan, eskualde mistoan dauden eskualdeetarako proposamenak, Euskarari buruzko ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legeak ezarritako zonifikazioaren arabera, hiru puntuazio-multzo aintzat harturik baloratuko dira:

–Programazioaren eskaintza: 70 puntu.

–Ekonomia eta enplegua sortzea: 20 puntu, gehienez.

–Eskaintza teknikoa: 10 puntu, gehienez.

Programazioaren eskaintzan 45 puntura iristen ez diren Lizarrako, Tafallako eta Zangozako eskualdeetarako proposamenak ez dira hurrengo multzoetan baloratuko (hau da, “Ekonomia eta enplegua sortzea” eta “Eskaintza teknikoa” izenekoetan), eta haien gainean ezin izanen da esleipen proposamenik egin.

Tuterako eskualderako proposamena, eremu ez-euskaldunean baitago, hiru puntuazio-multzo aintzat harturik baloratuko da:

–Programazioaren eskaintza: 60 puntu.

–Ekonomia eta enplegua sortzea: 20 puntu, gehienez.

–Eskaintza teknikoa: 10 puntu, gehienez.

Programazioaren eskaintzan 35 puntura iristen ez diren Tuterako eskualderako proposamenak ez dira hurrengo multzoetan baloratuko (hau da, “Ekonomia eta enplegua sortzea” eta “Eskaintza teknikoa” izenekoetan), eta haien gainean ezin izanen da esleipen proposamenik egin.

13.1. Programazioaren eskaintza. 70 puntu arte eremu mistoan kokatutako eskualdeetarako, eta 60 puntu arte eremu ez-euskaldunean kokatutako eskualderako.

–Ekoizpen propioa (gehienez 40 puntu):

Gehienez 20 puntu emanen dira eskaintzan ageri bada telebista-proiektuan aurreikusitako giza baliabide eta baliabide material propioekin prestatutako programazioak astean 10 ordu edo gehiago beteko dituela. Ekoizpen propio txikiagoa duten proposamenak hirukotearen erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazio orduen kopuruaren arabera jasotako puntuazioaz gain, 20 puntu osagarri emanen zaizkie, gehienez, eskaintzei, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak ikusleentzat duen interesa; asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak; eta eduki horiek ekoizteko erabilitako baliabideak.

–Nafarroari buruz beste batzuek ekoitzitako programazioa (gehienez 10 puntu):

Gehienez 5 puntu emanen zaizkie Nafarroari buruzko programazioa astean 10 ordukoa edo handiagoa duten eskaintzei. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hirukoaren erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazio orduen kopuruaren arabera jasotako puntuazioaz gain, 5 puntu osagarri emanen zaizkie, gehienez, eskaintzei, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak ikusleentzat duen interesa; asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak; eta eduki horiek ekoizteko erabilitako baliabideak.

–Euskarazko emanaldiak Lizarrako, Tafalllako eta Zangozako eskualdeetan (20 puntu arte).

Lizarrako, Tafallako eta Zangozako eskualdeen kasuan (eremu mistoa), 20 puntu emanen zaizkie euskarazko emanaldiek asteko programazio osoaren %25 betetzea aurreikusten duten proposamenak aurkezten dituzten eskatzaileei. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hirukoaren erregelaren bidez barematuko dira.

–Euskarazko emisioak Tuterako eskualdean (10 puntu arte).

Tuterako eskualdean, 10 puntu emanen zaizkie euskarazko emanaldiek programazio osoaren %10 betetzea aurreikusten duten proposamenak aurkezten dituzten eskatzaileei. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hirukoaren erregelaren bidez barematuko dira.

13.2. Ekonomia eta enplegua sortzea. Gehienez ere 20 puntu.

–Negozio plana eta bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa (gehienez 10 puntu):

Honako arlo hauek 10 puntuz baloratuko dira gehienez: aurkeztutako informazioaren zehaztasuna; negozio planen eta aurkeztutako bideragarritasun zifren koherentzia; eta dokumentazio horrek aurkezten den programazio eskaintzarekin eta telebista-seinalea ekoitzi, garraiatu eta hedatzeko proposamen teknikoarekin duen lotura.

–Antolaketa eredua eta giza baliabideak (gehienez 10 puntu):

Antolaketa ereduari 5 puntu emanen zaizkio gehienez, honako hauek aintzat hartuz: aurkeztutako informazioaren zehaztasuna eta koherentzia, eta antolaketa ereduak aurkezten den programazio eskaintzarekin eta telebista-seinalea ekoitzi, garraiatu eta hedatzeko proposamen teknikoarekin duen lotura.

Enplegua sortzeagatik, puntu bat emanen da proposamengileak sortu behar duen lanaldi osoko lanpostu bakoitzeko, konpromisoa hartuz gero lizentziaren indarraldian mantenduko dituela. %33tik gorako desgaitasuna duten langileentzat erreserbatutako lanpostuei 1,50 puntu emanen zaizkie. Desgaitasuna duten langileentzat erreserbatuta dauden eta urteko lanaldi laburragoa duten lanpostuak sortzeko proposamenak hirukoaren erregelaren bidez barematuko dira. Eta bere ekoizpeneko eta zerbitzu orokorretako zeregin batzuk gizarte-enplegu babestuko enpresetara ateratzea aurreikusten duten eskatzaileek puntu bat jasoko dute. Enplegua sortzeagatik eta lana gizarte-enplegu babestuko enpresetara ateratzeagatik eman daitekeen gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izanen da.

13.3. Eskaintza teknikoa. Gehienez 10 puntu.

–Ekoizpen estudioak (gehienez 8 puntu):

  • Gune kopurua eta gune horien kalitatea (gehienez 3 puntu):
  • Ekoizpenerako gune berezituak eta horien ezaugarriak baloratuko dira, baita haien kopurua, neurriak, kokapena, antolaketa eta irisgarritasuna ere.
  • Baliabide mugikorrak (gehienez 1,5 puntu):
  • Ibilgailuen kopurua eta nola dauden egokituak eta hornituak baloratuko da, baita aipatutako estudioetatik kanpora edukiak ekoizteko behar den material guztia edukitzea ere.
  • Egokitasun teknologikoa (gehienez 1,5 puntu):
  • Atal honetan, aipatutako elementu guztien kalitate teknikoa baloratuko da, baita proiektu osoarena ere, oro har.
  • Zehaztasuna (gehienez 1,5 puntu):
  • Lizitatzaileek aurkezten duten eskaintza teknikoaren zehaztasuna eta zorroztasuna baloratuko dira.

–Garraiatzeko eta hedatzeko sarea (gehienez 2 puntu):

Telebistako seinalea garraiatu eta hedatzeko egindako proposamenaren kalitatea, zehaztasuna eta egokitasun teknologikoa baloratuko dira.

14. oinarria.–Proposamenak aztertzea.

–Dokumentazio administratiboa irekitzea:

Proposamenak aurkezteko ezarritako epea bukatu eta hurrengo 15 egun balioduneko epearen barnean, balorazio mahaia eratuko da, eta, lehenik eta behin, 1 zenbakiko fitxategian (“Dokumentazio administratiboa”) bildutako dokumentazioa aztertuko du, ateak itxita.

Mahaiak zuzendu daitekeen akatsik edo hutsunerik ikusten badu aurkeztutako dokumentuetan, edo lizitatzaileak zerbait argitzea edo dokumentazio gehigarria aurkeztea beharrezkoa dela iruditzen bazaio, interesdunei jakinaraziko die, eta gehienez ere bost egun balioduneko epea emanen die akatsa zuzentzeko; hori egiten ez badute baztertu eginen direla ohartaraziko zaie berariaz.

Ezarritako epea bukatzen denean, balorazio mahaia berriro bilduko da, jasotako zuzenketak ikusita lizitatzaileen behin betiko onarpenari buruzko erabakia hartzeko.

–Dokumentazio teknikoa irekitzea:

Dokumentazio administratiboa aztertuta eta onartutako proposamenen zerrenda erabaki ondoren, balorazio mahaiak ezarriko duen tokian, egunean eta orduan, jendaurreko ekitaldia eginen da. Bertan, lizitatzaileak onartzeari eta baztertzeari buruzko emaitza adierazi, eta baztertu diren proposamenak eta horiek baztertzeko arrazoia aipatuko dira. Jarraian, onartutako eskatzaileek beren eskaerarekin batera 11. oinarrian eskatutako dokumentazioa biltzen duen 2 zenbakiko fitxategia erantsi dutela egiaztatuko da, eskaintzak egin direla egiaztatzeko ondorioetarako baino ez.

Jendaurreko ekitaldi hori 72 ordu lehenago iragarriko da beranduenez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (navarra.es) argitaratzen den lehiaketaren izapide fitxaren bidez eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki-oholaren bidez.

15. oinarria.–Eskaintzak baloratzeko prozedura eta adjudikazio proposamena.

Ekitaldi publikoa bukatu ondoren, balorazio mahaiak aurkeztu diren proposamen teknikoak ebaluatuko ditu, ateak itxita. Balorazio mahaiak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edukiari buruz egoki iruditzen zaizkion azalpenak eman ditzatela, eta eskatzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute azalpen horiek emateko.

Balorazio irizpide jakin bati buruz proposamen edo informaziorik batere ez duten eskaerei 0 puntu emanen zaie irizpide-multzo horretan.

Eskaintzek irizpide bakoitzaren arabera lortzen duten puntuazioa kalkulatu ondoren, eskaintza bakoitzak guztira lortu duen puntuazio osoa zehaztuko da, lehian dagoen eskualde bakoitzerako eskaerak puntuazio-ordenaren arabera multzokatuko dira, eta proposatuko da eskaintza onenari edo onenei ematea lizentzia, eskualde bakoitzean dagoen lizentzia kopuruaren arabera.

Lizentzia horietatik edozeinetara aurkeztutako proposamen onenen artean berdinketa badago, programazioaren eskaintzaren multzoan puntuazio onena lortzen duenaren alde eginen da adjudikazio proposamena. Berdinketa horrela hausten ez bada, ekonomia eta enplegua sortzearen multzoan puntuazio handiena lortzen duenaren alde eginen da, eta, azken buruan, telebista-estudioen atala hartuko da kontuan. Azkenik, irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da jendaurreko ekitaldi batean.

Balorazio mahaiaren proposamenak ez du inolako eskubiderik sortuko proposatutako adjudikazio-hartzaileen alde.

Eskualde batean edo gehiagotan eskaerarik aurkezten ez bada edo eskaerek oinarri hauetan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, lizentzia hori edo horiek hutsik gelditu direla deklaratzea proposatuko du balorazio mahaiak.

16. oinarria.–Agiriak aurkeztea.

Balorazio mahaiak hamabost egun balioduneko epean honako dokumentazio hau aurkezteko eskatuko die lizentziak emateko proposamen horretan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoei eskatuko die:

1. Kasuan kasuko Ogasunek (Nafarroako Foru Ogasuna eta/edo Estatuko Ogasuna eta/edo Foru Ogasunak) eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiriak, lizitatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, hurrenez hurren.

Lizitatzailea ez bada ageri subjektu pasibo gisa inolako zerga-kontzepturengatik Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Ogasuneko ziurtagiri baten bidez frogatuko da egoera hori.

Ziurtagiriak proposamenak aurkezteko epea bete baino gehienez ere sei hilabete lehenago emanak izanen dira, Nafarroako Foru Ogasunarena izan ezik, kasu horretan gehienez ere hiru hilabete lehenagokoa izanen baita.

Helbide fiskala Espainian ez duten lizitatzaile atzerritarrek, Europar Batasuneko estatu kideetakoak izan ala ez, jatorriko herrialdeko agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zerga betebeharrak eta aurreikuspen sozialeko sistematik ondorioztatzen direnak egunean dituztela frogatzeko.

2. Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, lehiaketa honen xedeari dagokion kategorian, alta emanda dagoela frogatzen duen agiria; edo zerga horretatik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, oinarri honetan emandako epea bukatutakoan interesdunek aurkeztu ez badute eskatutako dokumentazioa, edo, dokumentazio hori aztertuta, ikusten bada proposatutako eskatzaileak ez dituela betetzen lizentziaren titularra izateko baldintzak, edo proposatutako lizitatzaileak uko egiten badio proposatutako adjudikazioari, beste proposamen bat egiten ahalko da hurrengo eskatzailearen alde, eskaerak sailkatu diren hurrenkerari jarraikiz, betiere hori posible bada eta hautatzen dena ados badago. Kasu horretan, hautatuari hamabost eguneko epea emanen zaio oinarri honetako 1. eta 2. ataletan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

3. Proposatutako instalazioak ekoizpen-estudio gisa erabiltzeko eskubidea duela frogatzen duen dokumentazioa (jabea delako, alokairuan dagoelako, erabilera laga diotelako,...). Instalazio horiek eskaeraren xedeko eskualdearen estaldura-eremuaren barrenean sartutako edozein udalerritan egon beharko dira, lehiaketa honetarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean indarra duen LTD lokalaren plangintza nazionalaren arabera.

17. oinarria.–Lizentziak ematea.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak tramitatuko du lizentziak adjudikatzeko espedientea; espedientea bat etorriko da balorazio mahaiak egiten duen proposamenarekin, eta proposamenean aipatzen diren pertsona fisikoek edo juridikoek aurkeztutako dokumentazioa jasoko du. Zuzendari nagusiak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari igorriko dio, eta horrek lehiaketa ebaztea erabakiko du proposamen horretan oinarrituta.

Lehiaketa bukatutzat ematen duen ebazpenean, berariaz azalduko da zein eskatzaileri eman zaien lizentzia, eta, horrekin batera, jakinaraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Gainera, lizentzien adjudikazio-hartzaileei dagokienez, emanaldien lurralde mailako estaldura-eremua eta funtsezkoak diren baldintzak zehaztuko dira.

Lehiaketa ebazteko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta lizitatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie.

Lehiaketa gehienez sei hilabeteko epean ebatziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatu eta berariazko ebazpena eman eta argitaratu ez bada, eskaera ukatu zaiela ondorioztatu beharko dute interesdunek.

18. oinarria.–Administrazio dokumentu batean formalizatzea.

Lizentzia eman ondoren, administrazio dokumentu batean formalizatuko da. Dokumentu horretan lizitatzaileak eskaeran bere gain hartutako konpromisoak bilduko dira, eta nahitaez bete beharko ditu.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Eskabide eredua, Nafarroako Foru Komunitatean lurreko telebista digital lokalaren lizentzia eskatzeko.

II. eranskina.–Gobernu organoak kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruz eman beharreko ziurtagiriaren eredua.

III. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26. artikuluan ikus-entzunezkoen arloko ordena publikoko arrazoiengatik ezarrita dauden mugapenen barnean ez dagoela adierazteko.

IV. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, telebistaren ikus-entzunezko merkatuaren aniztasunari begira, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarrita dauden debekuen barnean ez dagoela adierazteko.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1713278