Iragarkia
228. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1362/2017 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” 16.2 azpineurrirako laguntzen 2017ko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan. Bestalde, lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoak, landa garapenerako politikaren helburuak finkatzen ditu, testuinguru estrategikoa ezartzen du eta landa garapenerako politika gauzatzeko hartu beharreko neurriak zehazten ditu. Erregelamendu horrek, orobat, indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua. 35. artikuluan, “Lankidetza” izeneko neurria ezartzen du.
Batzordearen azaroaren 18ko 8143/2015 Exekuzio Erabakiaren bidez, Europar Batasunaren erakundeek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programa onetsi zuten. Programa horretan M16 neurria ageri da, “Lankidetza” izenekoa, 16.2 azpineurria duena, “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” izenekoa.
“Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” izeneko laguntzen helburua da baliabideen produkzio eredu iraunkor eta eraginkorra lortzea, kudeaketa, produkzio, fabrikazio eta merkaturatze sistema berritzaileak eta diziplina anitzekoak erabiliz, batez ere nekazaritzako elikagaien sektorean. Landa sektoreko eragile guztien lankidetza, kooperazioa eta koordinazioa hobetzeko ahalegin berezia egin behar da, eta horretarako Zientzia-Teknologia-Enpresa-Gizartea-Administrazioa sistema aplikatu.
Beraz, neurri honen esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:
–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.
–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.
–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, landa garapenerako neurriak kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratuari eta baldintzazkotasunari dagokienez. Uztailaren 10eko Batzordearen 2017/1242 (EB) Betearazteko Erregelamendua, 809/2014 (EB) Erregelamendua aldatu, eta xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.
–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.
Neurri honi, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz, eta urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak baliatuz, izan ere, dekretu horren bidez Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzaturiko gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri baitziren,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” 16.2 azpineurrirako laguntzen oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
2. “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” izeneko laguntzen 2017ko deialdia onestea.
3. Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. 1.394.050,77 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastuen partidaren kargura, zehazki, Nafarroako Gobernuaren 2017ko Gastuen Aurrekontu Orokorraren “Lankidetza proiektu pilotuak. LGP. LGENF 2014-2020” izeneko 720007 71720 7700 412102 partidaren baliokide diren partiden kargura.
5. Oinarri arautzaileak Diru-laguntzen Nafarroako Basean (BNS) erregistratzea.
6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2017ko azaroaren 9an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
1. ERANSKINA
Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” izeneko laguntzen oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
1. Oinarri hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barreneko 16.2 azpineurriko laguntzak arautzea, hots, “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” izenekoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 35. artikuluaren esparruan.
2. “Proiektu pilotuei eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berrien garapenari laguntzea” izeneko laguntzen helburua da baliabideen produkzio eredu iraunkor eta eraginkorra lortzea, kudeaketa, produkzio, fabrikazio eta merkaturatze sistema berritzaileak eta diziplina anitzekoak erabiliz nekazaritzako elikagaien sektorean. Landa sektorean inplikaturik dauden eragile guztien lankidetza, kooperazioa eta koordinazioa sustatuko da, konexioa egon dadin zientzia eta ikerketa arloko eskaintzaren eta sektoreko eskarien artean, baita sektoreko eskarien eta produktuak merkaturatzeko orientazioaren artean ere.
2. oinarria.–Definizioak.
Deialdi honen ondorioetarako, honela ulertuko dira:
1. Proiektu pilotua: izaera esperimentala eta/edo frogagarria duen hedadura txikiko ekintza multzoa, denbora mugatuko ahalegina behar duena, ideia bat gauzatzeko benetako arazoak konpontzeko asmoz. Lortutako emaitzak espero zirenak izan daitezke edo ez.
a) Produktu berria; aurretik ez zegoen onura bat lortzea.
b) Jardunbide berria; aurretik ez zegoen zerbitzu bat lortzea.
c) Prozesu berria; aurretik bazegoen lehengai batentzat eraldatutako erabilera berria lortzea.
d) Teknologia berria; produkzio prozesu baten eraginkortasuna hobetzea.
2. Berrikuntza: arrakastaz gauzatu nahi den ideia berria, bere frogapenerako proiektu pilotua garatzea behar duena.
Ideia berria ezagutza berri batean edo ezagutza tradizional batean oinarritzen ahal da, produktu, zerbitzu, prozesu, merkaturatzeko metodo edo antolatzeko metodo berriak edo nabarmen hobetuak sartzeko.
Era berean, berrikuntzatzat joko da ideia bat, berria ez bada ere, testuinguru berri batean garatzea, betiere balio bereizgarria ekartzen badu. Berrikuntza adierarik zabalenean hartzen da, hala nola sektore publikoaren berrikuntza, berrikuntza soziala, zerbitzuen berrikuntza, prozesuena eta lurraldearena.
3. Partzuergoa: aldi baterako elkartutako entitate multzoa, proiektu piloto bat egiteko sektoreko edo lurraldeko arazo zehatz bat konpontzeko helburuz, edo aukera zehatz bat baliatzeko irtenbide berritzaile baten bidez eta metodo kolaboratibo eta asoziatiboak erabiliz, eta lortutako emaitzen transferentzia eta hedapena bultzatuz. Gutxienez elkarrentzat independente diren bi entitatek osatuko dute, eta gehienez bost entitatek.
3. oinarria.–Lurralde eremua.
Nafarroan egiten diren jarduketak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.
4. oinarria.–Aurreikusitako ekintza motak.
Diru-laguntzak helburu hauetakoren bat lortzen laguntzen duten proiektu pilotuentzat izanen dira:
e) Ustiategien emaitza ekonomikoak hobetzea eta ustiategien berregituraketa eta modernizazioa erraztea, merkatura begirako orientazioa eta partaidetza hobetzeko asmoz, baita nekazaritzaren dibertsifikazioa ere.
f) Lehen mailako produktoreen lehiakortasuna hobetzea produktoreak nekazaritzako elikagaien katean txertatuz kalitate araubideen bitartez, nekazaritzako produktuei balio erantsia ematea, produktu horiek sustatzea tokiko merkatuetan eta banaketa zirkuitu txikietan, eta produktoreen talde eta erakundeak eta lanbidearteko erakundeak eratzea.
g) Nekazaritzari eta basogintzari lotutako ekosistemak lehengoratu, zaindu eta hobetzea, arlo hauetan lagunduz:
- I. Biodibertsitatea lehengoratu, zaindu eta hobetzea, baita natur balio handiko nekazaritza sistemak eta Europako paisaien egoera ere.
- II. Ongarrien eta pestiziden kudeaketa hobetzea.
- III. Lurzoruen higadurari aurrea hartzea eta horien kudeaketa hobetzea.
h) Nekazaritza arloan uraren erabilera efizienteagoa izan dadila lortzea.
i) Nekazaritzan eta elikagaien eraldaketan erabiltzen den energia eraginkorragoa izan dadila lortzea.
j) Honako hauen hornidura eta erabilera erraztea, bioekonomiaren tamaina sustatzeko: energia-iturri berriztagarriak, azpiproduktuak, hondarrak eta hondakinak eta elikatzeko ez diren gainerako lehengaiak.
k) Berotegi-efektuko gasen eta amoniakoaren emisioak murriztea nekazaritzaren sektorean.
l) Karbonoaren kontserbazioa eta harrapaketa sustatzea nekazaritza eta basogintza sektoreetan.
m) Enpresa txikiak dibertsifikatu, sortu eta garatzeko eta enplegua sortzeko erraztasunak ematea.
5. oinarria.–Laguntzen xede diren entitateak.
1. Onuradun izan daitezke ondorengo entitateak, baldin eta partzuergo bat osatzen badute:
a) Nekazaritzako eta basogintzako produktoreak.
b) Nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako enpresa edo industriak.
c) Lehen mailako produkzioarekin eta/edo nekazaritzako elikagaien industriekin zerikusia duten elkarteak eta erakundeak.
d) Ikerketa eta esperimentazio zentroak.
e) Zentro teknologikoak.
f) Unibertsitateak.
g) Bestelako entitateak, bere helburu sozialen artean nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, nekazaritzako industriaren arloan edo nekazaritzako elikagaien kalitatearen arloan ikertu eta esperimentatzea duten bestelako entitateak.
h) Jatorria nekazaritzan eta basogintzan duten energia berriztagarrien sektoreko enpresa edo industriak.
i) Entitate publikoak: landa eremuetako udalak, mankomunitateak edo kontzejuak.
j) Kontsumitzaileen elkarteak, turismo elkarteak eta beste.
k) Landa garapenerako politiken helburuak eta lehentasunak lortzen laguntzen duten beste eragile batzuk.
2. Partzuergoko entitate guztiek lortuko dute diru-laguntzaren onuradun izaera, 8. oinarrian ezarritakoa betez gero, eta, betiere, proiektuak 13. oinarrian eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen badu.
6. oinarria.–Lankidetza hitzarmena.
Edozein proiektu pilotu garatzeko, lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko dute partzuergoan parte hartzen duten entitate guztiek. Parte hartzen duten entitate guztiek sinatu beharko dute hitzarmena, eta, gutxienez, honako zehaztapen hauek jasoko ditu, neurri honen gaineko tramiteen katalogoan dagoen dokumentu ereduaren arabera:
a) Entitate parte-hartzaile guztien idatzizko konpromisoa, bakoitzaren arduradunaren izena eta helbidea adierazita, proiektuaren entitate koordinatzailea identifikatuta.
b) Gauzatu beharreko proiektu pilotuaren helburuak.
c) Helburu horiek lortzeko eginen diren ekintzak.
d) Proiektuaren garapenean parte-hartzaile bakoitzak dituen eginkizunak, baita bakoitzaren ekarpen ekonomikoa ere.
e) Entitate parte-hartzaileen eskubide eta betebeharrak.
f) Kronograma, ekintzen eta gastu motaren arabera.
g) Balizko onuradunak.
h) Espero diren emaitzak.
i) Proiektu pilotuak Nafarroan izanen duen eragina.
j) Emaitzen zabalkundea egiteko konpromisoa.
k) Hitzarmenaren iraupena, indarraldia, aldaketa eta bukaera.
l) Gatazkak konpontzeko bideak.
7. oinarria.–Proiektuaren entitate koordinatzailea.
1. Partzuergoko entitate guztiek koordinatzaile bat aukeratuko dute, adostasunez, eta hori lankidetza hitzarmenean adierazi beharko da.
2. Entitate koordinatzailea administrazioarekiko harremanetarako bitarteko bakarra izanen da, eta diru-laguntza haren bitartez bideratuko da: laguntza-eskaera partzuergoko entitate guztien izenean aurkeztuko du, proiektua gauzatzearen azken erantzulea izanen da, hari ordainduko zaio diru-laguntza eta, gero, hark banatuko du gainerako parte-hartzaileen artean, bakoitzak proiektuan izan duen partaidetzaren arabera. Era berean, Administrazioak eskatzen ahal dituen itzulketak gainerako parte-hartzaileei eskatzeko ardura izanen du.
3. Entitate koordinatzailearen eginkizunak:
a) Partzuergoko entitateen ordezkaria izatea, proiektuan gauzatu beharreko jarduerei dagokienez.
b) Laguntza eskatzeko eta ordaintzeko eskabideak sinatzea eta bidaltzea, partzuergoko entitate guztien izenean.
c) Landa Aniztasunerako Atalari baimena ematea, bidezkoa bada, bil ditzan Nafarroako Gobernuko edo beste Administrazio Publiko batzuetako (eskabide-orrian adieraziak) organoen bitartez eskatutako laguntza tramitatu eta ebazteko beharrezkoak diren partzuergoko entitateen gaineko datuak.
d) Proiektuaren diseinua zuzendu eta koordinatzea, baita lankidetza hitzarmena prestatzea eta proiektua aurkezteko datuak prestatzea ere.
e) Partzuergoko entitateen arteko komunikazio bideak eratzea, baita Administrazioarekikoak ere; horretarako, proiektuaren inguruan jasotzen den informazio guztia bi aldeei bidaliko die.
f) Proiektuaren finantza kontuak koordinatzea.
g) Parte-hartzaile bakoitzaren finantza-beharrak biltzea eta informazioa Landa Aniztasunerako Atalean aurkeztea.
h) Diruz lagunduriko jarduerak finantzatzeko parte-hartzaile bakoitzak jasotzen dituen bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
i) Parte-hartzaile bakoitzaren ardurapean dauden proiektuko lan guztiak zuzendu eta kontrolatzea, multzo osoa egoki gauzatzen dela bermatzearren, onetsitako proiektuaren arabera.
j) Proiektuaren alderdi guztiak sustatu eta kontrolatzea (alderdi teknikoak, finantza arloa betearaztea, parte-hartzea, etab.).
k) Gastuaren betearazpenaren bilakaera kontrolatzea, egiten diren gastuak justifikatzeko behar diren agiriak prestatzea, eta bermatzea egindako gastuak proiektua gauzatzeari loturik daudela eta partzuergoko entitate guztiek adostutako jarduerekin bat datozela.
l) Parte-hartzaile bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak betetzen dituela gainbegiratzea, proiektua egoki gauzatu arte.
m) Proiektuaren finantza arloko informazio guztia eta egiaztagiri guztiak zentralizatzea eta Landa Aniztasunerako Atalean aurkeztea proiektua onartzeko ebazpenean zehazten diren epeetan.
4. Proiektua koordinatzeaz partzuergoko entitate bat arduratuko da zuzenean.
5. Proiektuaren koordinaziorako diru kopurua ezin da izan diruz laguntzen ahal den guztirako zenbatekoaren %5etik gorakoa.
8. oinarria.–Laguntza jasotzeko baldintzak.
1. Entitate onuraduna izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Proiektu pilotua gauzatzean, 5. oinarrian aipatutako beste entitate independente batekin edo gehiagorekin aritzea elkarlanean.
b) Gutxienez entitate bat izatea nekazaritzaren, abeltzaintzaren, basozaintzaren edo nekazaritzako elikagaiak edo basogintzako produktuak eraldatu edo merkaturatzearen arlokoa, eta Nafarroako Gobernuaren behar den erregistroan inskribaturik egotea.
c) Proiektu pilotua gauzatzeko lankide dituen entitateekin lankidetza kontratu, hitzarmen edo akordio bat edo asmoen gutun bat adostea, entitate bakoitzaren legezko ordezkariek sinatua.
d) Laguntzaren xedeko jarduera Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan gauzatzea.
e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.
g) Laguntzaren xede izanen diren jarduketak hasi gabe egotea eskaera aurkezten denean. Aurkeztutako proiektuaren hasiera data ez da hartu behar soilik handik aurrera gastuak egotzi ahal izateko data gisa, baizik eta benetan proiektuko jarduerak hasteko data gisa. Horrenbestez, laguntzak eskatu aurretik hasitako proiektuek ez dute diru-laguntzarik izanen.
h) 250 langile baino gehiagoko plantilla duten entitateen kasuan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.
2. Gainera, gauzatu beharreko proiektu pilotuari dagokionez, honako betebehar hauek bete beharko dira:
a) Berritzailea izatea, eta erantzuna ematea 4. oinarrian zehaztutako helburuetako bati gutxienez.
b) Nekazaritzari buruzkoa, nekazaritzako elikagaiei buruzkoa edo basogintzari buruzkoa izatea.
c) Proiektu pilotuaren deskripzio memoriak honako alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:
- I. Proiektuaren deskripzioa.
- II. Lankidetza taldearen osaketa.
- III. Proiektuaren ezaugarriak:
- Proiektuaren helburua.
- Egin beharreko ekintzak eta egutegia.
- Enpresa plana eta/edo aurrekontua.
- Proiektuaren eta emaitzen jarraipenerako dokumentazioaren azalpena.
- Dibulgazio plana.
- Proiektuaren eraginaren emaitzak. Jarraipenaren adierazleak.
d) Laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea, baina inoiz ez 2019ko abenduaren 31 baino beranduago.
e) Nafarroako Gobernuaren eskumenekin lotutako jardueraren bat garatzen duten proiektuek kasuan kasuko arloan eskumena duen erakundearen aldeko txostena beharko dute.
9. oinarria.–Konpromisoak eta betebeharrak.
Entitate onuradunek konpromiso hauek izanen dituzte:
a) Gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztea diru-laguntza eman zaiola jakinarazi eta hilabeteko epean, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
b) Proiektua gauzatzea aplikatzen ahal zaizkion Europar Batasuneko, Espainiako eta tokiko arauekin bat, batez ere, honako arlo hauen gaineko arauei jarraikiz: gastuetarako diru-laguntzak emateko baldintzak, bateraezintasuna, estatuko laguntzak, kontratazio publikoa, publizitatea, ingurumenaren babesa eta aukera-berdintasuna.
c) Proiektua gauzatzea diru-laguntza emateko ebazpenean adierazten den epean, deusetan galarazi gabe bidezko arrazoiak daudenean onartzen ahal diren luzapenak.
d) Laguntzak jasotzeko ordainketak eta gastuak justifikatzea laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren epeetan, eta behar diren agiriak gutxienez bost urtez gordetzea, baita agiri elektronikoak ere.
e) Proiektuaren emaitzen berri ematea enpresei eta ustiategiei.
f) Kostuen moderazioaren gainean ezarritakoa betetzea, 17. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.
g) Kontabilitate sistema berezitu bat edo kontabilitate kode egoki bat edukitzea diruz laguntzen den proiektuari lotutako eragiketa guztietarako.
h) Bidezkoa denean, diru-laguntzaren kobrantza erregistratzea kontabilitatean edo erregistro liburuan, Europar Batasunaren (LGENF) eta Nafarroako Gobernuaren partaidetza adierazita, testu hau aipatuz: 2014-2020 LGP (LGENF-NG).
i) Xede berarekin eskatu edo jasotzen dituen bestelako diru-laguntzen berri ematea.
j) Laguntza-eskaera aurkezten den unean, azken hiru zergaldietan jasotako diru-laguntzen berri ematea, de minimis araubidea bete den egiaztatzeko.
k) Inbertsioen kasuan, bost urtez mantentzea laguntza dela-eta ezartzen diren baldintzak eta betebeharrak, diru-laguntzaren azken ordainketaren ebazpenaren egunetik hasita, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
l) Jendeari eragiketaren helburuaren berri eta LGENFek emandako laguntzaren berri ematea, 26. oinarrian ezarritako errekerimenduak betez.
m) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinaraztea azpineurriaren ebaluaziorako eta jarraipenerako adierazleak prestatzeko behar diren datuak.
n) Laguntza ongi eman dela eta gerora konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak eta egiaztapenak onartzea. Egiaztapen lan horiek Europako Batzordeak, FEAGA-LGENF laguntzen erakunde ordaintzaileak, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Plana kudeatzeko agintaritzak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartze Orokorrak, Kontuen Auzitegiak, Nafarroako Kontuen Ganberak eta Nafarroako Gobernuaren organo fiskalizatzaileek egin ditzakete.
o) Bidezkoa denean, ingurumen eraginaren balorazioa egitea berariazko legediari jarraikiz, batez ere Ingurumen Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, eta ingurumen arloko agintaritzak ezartzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea, hala badagokio.
10. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.
1. Honako hauei loturiko kostuak dira diruz laguntzen ahal direnak:
a) Kasuan kasuko eremuari buruzko azterlanak, bideragarritasun azterlanak eta, 1303/2013 EB Erregelamenduaren 33. artikuluan ezarritakoaz aparte, toki garapenerako estrategia edo enpresa plan bat prestatzekoak.
b) Xedeko eremuan proiektu kolektibo bat bideragarri egiteko antolatzen diren animazio jarduerak.
c) Proiektuko emaitzen zabalkundea egiteko ekintzak.
d) Proiektua gauzatzearen kostuak. Zuzeneko kostuak.
2. Gastuen tipologia:
a) Zentroa Nafarroan kokatua duen entitatearen langile tekniko propioen gastuak: lan harreman bat dela bide, entitate onuradunari lotutako langileak; alegia, harreman horren ondorioz Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean kotizatzen dutenak. langileen kontratazio berrietarako diru-laguntzak jasotzen ahal dira, betiere lan-harreman hori frogatzen bada.
Hautatzeko irizpideen arabera punturik jasotzen ez duten entitateek ezin izanen dituzte euren langile gastuak egotzi.
Diruz laguntzen ahal den gehieneko kostua 39,14 eurokoa izanen da ordu bakoitzeko. Langile tekniko propioen gastua ez da sekula izanen diruz laguntzen ahal den zenbateko osoaren %25etik gorakoa.
Proiektuari benetan emandako orduen kopurua langileen arduradunak ziurtatu beharko ditu.
b) Ekipamendu ondasunen zuzkidura: ekipamendu eta makineria berria erostea edo alokatzea, proiektu piloturako beharrezkoak direla behar bezala justifikatuta, besteak beste: ekipamendu elektronikoak, makineriarako instalazioak eta proiektua gauzatzeko, garraiorako egokitzeko edo banatzeko behar den ekipamendua, betiere behar bezala justifikatuta.
c) Egiturak edo ekipamendua egokitzea edo hobetzea, proiektuarentzat beharrezkoa dela behar bezala justifikatuta.
d) Aurreko gastu horiei lotutako kostu orokorrak (ekipamendu ondasunen zuzkidurari eta azpiegiturak edo ekipamendua egokitzeari edo hobetzeari dagokionez): proiektuaren erredakzioa, obra zuzendaritzak, analisiak, saiakuntzak, muntaketako eta eragiketako ingeniaritza, prestakuntza eta/edo informazio jarduerak, bideragarritasunari eta merkatuari buruzko azterlan eta planak, lege eta finantza arloko aholkularitza, peritu lanak, ingurumen arloko aholkularitza eta ekonomiaren eta ingurumenaren arloko iraunkortasunari buruzko aholkularitza. Dena dela, gastu hori diruz laguntzen ahal den zenbateko osoaren %12ra mugatuko da.
e) Inbertsio ukiezinak, konparazio batera, programa informatikoak eta lizentziak erosi eta garatzekoak.
f) Material suntsigarria: proiektua gauzatzeko behar diren material suntsigarriak edo osagaiak.
g) Laguntza teknikoak: proiektuan parte hartzen duten entitateei beste batzuek emandako laguntza teknikoaren gastuak. Ezin du zehaztutako proiektuaren gastu osoaren %50 gainditu.
3. Honako hauek ekarritakoak ez dira diruz lagungarriak:
a) Oinarrizko edo funtsezko ikerketak.
b) Amortizazioa edo erabilera.
c) Lurren erosketa eta eskurapen horiekin lotutako gastuak.
d) Higiezinen erosketa.
e) Ordezpen huts diren inbertsioak, salbu eta erosten diren makinak edo ekipamendua aurrekoak ez bezalakoak badira, erabiltzen duten teknologiagatik, haien errendimenduagatik edo 10 urtetik gorako antzinatasuna izateagatik.
f) Makinak eta ekipamenduak erosteko finantza errentamendua.
g) Bigarren eskuko ekipamendua erostea.
h) BEZa eta/edo entitate onuradunak berreskura ditzakeen beste zerga batzuk ordaintzearen gastuak, ez eta zorren interesak eta eskualdaketenak ere.
i) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.
j) Enpresa baten ohiko funtzionamendua, hornidurak, interesak eta horien birfinantzaketa, aseguruak eta beste gastu orokor batzuk.
k) Gastu orokorrak eta industria mozkina.
l) ibilgailuak, salbu eta proiektuaren helburua lortzeko egokitzapenen bat egina dutenak, dauzkaten ezaugarriengatik helburu horretarako bakarrik erabil badaitezke.
m) Eskura egindako ordainketak.
n) Laguntza-eskaera agintaritza eskudunaren aurrean aurkeztu aurretik egindako gastuak.
o) Diruz lagunduriko jarduerarekin bat ez datozenak.
11. oinarria.–Kanpoko laguntza eta entitateen arteko loturak.
1. Ez da onartuko partzuergoko entitateen enpresa talde berekoak diren edo horrekin elkartuak dauden enpresa edo sozietateek emandako kanpoko laguntza. Ondorio horietarako ez dira onartuko partzuergoko entitateek elkarri egindako fakturak.
2. Enpresak “elkartutako enpresa” izanen dira baldin Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritako erlazioetako bat bada. Mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruzkoa da 2003/361/EE Gomendioa.
3. Kanpoko kolaborazioaren gastuak inolaz ere ezin du zehaztutako proiektuaren gastu osoaren %50 gainditu.
12. oinarria.–Laguntza/diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko sistema.
1. Laguntza hauek kapitaleko diru-laguntza zuzenak dira eta haien zenbatekoa kalkulatuko da diruz laguntzen ahal diren kostuei %90eko laguntza-intentsitatea edo portzentajea aplikatuta.
2. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa izanen da proiektu bakoitzeko.
3. Parte-hartzaile bakoitzaren jardueren aurrekontua ezin da izan lankidetza-proposamenaren guztirako aurrekontuaren %10etik beherakoa.
4. LGENFen parte-hartzea guztirako laguntzaren %65ekoa izanen da.
13. oinarria.–Diru-laguntzak emateko modua eta hautatzeko irizpideak.
1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen da laguntza hau, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.
2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):
HAUTATZEKO IRIZPIDEA | BAREMAZIOA | ||
Izenburua | Azalpena | Gehieneko puntuazioa | Kalkulua edo graduazioa |
PARTE HARTZEN DUTEN ENTITATE MOTAK: | 55 | ||
Zentro teknologikoak, ikerketarako agenteak eta instituzioak | Ikerketa, esperimentazio, ezagutza eta/edo teknologia zentroak | 20 | Parte hartzeagatik: 20 puntu |
Lehen mailako produkzioarekin zerikusia duten elkarteak | Eraldaketarako nekazaritza sozietateak edo nekazaritza kooperatibak | 8 | Parte-hartzaile bakoitzeko: 4 puntu |
Fruta- eta barazki-ekoizleen erakundeak | |||
Nafarroako abeltzaintza edo nekazaritza elkarteak | |||
Ureztatzaileen elkarteak | |||
Nekazaritzako elikagaien enpresen elkarteak | |||
Bazkideen %25 kalitate ziurtapen bati atxikita (produkzio ekologikoa salbu) gutxienez horietako batean | 3 | Parte hartzeagatik: 3 puntu | |
Bazkideen %10 operadore ekologikoak gutxienez horietako batean | 3 | Parte hartzeagatik: 3 puntu | |
Bazkideen %25 nekazari profesionalak gutxienez horietako batean | 2 | Parte hartzeagatik: 2 puntu | |
Kontseilu Arauemaileak | Kontseilu Arauemaileak | 10 | Parte hartzeagatik: 10 puntu |
Beste batzuk | Nekazaritzako eta basogintzako produktore indibidualak, nekazari profesional gisa katalogatuak daudenak | 9 | Parte-hartzaile bakoitzeko: 3 puntu |
Nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako ETEak | |||
Jatorria nekazaritzan eta basogintzan duten energia berriztagarrien sektoreko enpresa txiki eta ertainak | |||
PROIEKTUAREN ERAGINA | 25 | - | |
Proiektuak nagusiki eragina duen 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren lehentasunezko eremua (focus area) (1) | FA 2A: Ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea, merkatura begirako orientazioa eta partaidetza hobetzea, baita nekazaritzaren dibertsifikaziora begirakoa ere | 12 | - |
FA 3A: Lehen mailako produktoreen lehiakortasuna hobetzea kalitate araubideen bitartez, nekazaritzako produktuei balio erantsia ematea, produktu horiek sustatzea tokiko merkatuetan eta banaketa zirkuitu txikietan | 14 | - | |
P4: Nekazaritzari lotutako ekosistemak lehengoratu, zaindu eta hobetzea | 25 | - | |
FA 5A: Nekazaritza arloan uraren erabilera efizienteagoa izan dadila lortzea | 22 | - | |
FA 5B: Nekazaritzan eta elikagaien eraldaketan erabiltzen den energia eraginkorragoa izan dadila lortzea | 22 | - | |
FA 5C: Honako hauen hornidura eta erabilera erraztea: energia-iturri berriztagarriak, azpiproduktuak, hondarrak eta hondakinak eta elikatzeko ez diren gainerako lehengaiak | 22 | - | |
FA 5D: Berotegi-efektuko gasen eta amoniakoaren emisioak murriztea nekazaritzaren sektorean | 20 | - | |
FA 5E: Karbonoaren kontserbazioa eta harrapaketa sustatzea nekazaritza eta basogintza sektoreetan | 18 | - | |
FA 6A: Enpresa txikiak dibertsifikatu, sortu eta garatzeko eta enplegua sortzeko erraztasunak ematea | 16 | - | |
PROIEKTUAREN EMAITZAK ZABALTZEA | 20 | - | |
Erabilitako baliabideen eta zabalkunde planaren estalduraren ebaluazioa | Proeiktuaren sare sozialak eta web-orria | 3 | - |
Dibulgaziozko jardunaldiak | 5 | - | |
Prestakuntza eta/edo erakuspen ekintzak (2) | 12 | - | |
(1) Baremazioaren ondorioetarako, laguntza eskabidean adierazitako focus area nagusia besterik ez da hartuko kontuan. (2) Prestakuntza eta/edo erakuspen ekintzatzat hartzen da lanbide gaitasun teoriko eta/edo praktiko eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogikoetan egituratua egon beharko du, eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu. Iraupena ezin da 10 ordu baino gutxiagokoa izan, eta gutxienez 10 lagunek hartu behar dute parte, Landa Aniztasunerako Atalaren iritziz behar bezala justifikatuak dauden aparteko kasuetan izan ezik. Ez dira prestakuntza eta/edo erakuspen ekintzatzat hartuko informazio edo zabalkundeko jarduerak, beren helburua prestakuntza prozesu bat garatzea ez bada, hala nola, jardunaldiak, azokak, sinposioak eta kongresuak. | |||
3. Laguntza hartu ahal izateko, gutxienez ere 40 puntu lortu beharko dira. Hortik beherako puntuazioa lortzen duten eskaerak ezetsi eginen dira.
4. Berdintasunik izanez gero, hautaketa irizpide hurrenkera honen arabera puntuazio handiena lortu duenak izanen du lehentasuna: entitate parte-hartzaileen tipologia, proeiktuaren eragina, proiektuaren emaitzen zabalpena. Bukatzeko, azken puntuazioan berdinketa izan duten eskaeren kasuan, diru-laguntza jaso dezakeen inbertsio bolumen handiena duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.
5. Norgehiagokako prozedura aplikatuta eskaeren hurrenkera lortu ondoren, deialdiaren aurrekontu kreditua ez bada nahikoa laguntza eskaera guztiei erantzuteko, aipatutako hurrenkerako azken eskatzaileak, aurrekontuko zuzkidura badu eta eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa badagokio, emandako laguntza berretsi beharko du, edo horri uko egin, jakinarazi eta 10 egun naturaleko epean gehienez ere. Berretsiz gero, entitate onuradunak hartu gabe duen laguntzaren zatia jaso dezake, betiere laguntza jaso duten beste proiektu batzuek gastu txikiagoak izan badituzte, organo emaileak emandako laguntza aurretik aldatuta.
6. Ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren gainerako eskaerak.
14. oinarria.–Laguntza-eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da. Baldin mugaegunaren hilabetean ez badago zenbaketaren hasierako egunari dagokion egunik, ulertuko da epea amaitzen dela hilabeteko azken egunean. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.
2. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira nahitaez laguntza eskabideak eta dokumentazioa. Programa hori entitate eskatzaileen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren, izapideen katalogoan (www.navarra.es). Tramitea egiteko, entitate eskatzailea egiaz bera dela egiaztatu behar da, bere ziurtagiri digitalaren bidez edo IFZ+PINa erabilita.
Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren entitate laguntzaileen bidez egin daiteke tramitazioa. Behar bezala iragarriko dira izapideen katalogoaren fitxan.
Eskabideak Administrazioan aurkeztutzat joko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan erregistratzen direnean, eta sarrera-idazpenetan datu hauek jasota daudenean: sarrera-erregistroko zenbakia eta aurkezpeneko data eta ordua.
3. Eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira): Jatorrizkoen kopia zehatzak izanen dira.
a) Eskatzaile bakoitzari dagokionez:
- I. IFZ.
- II. Estatutuak eta eraketaren eskriturak.
- III. Enpresa Txiki edo Ertaina izatearen deklarazioa.
- IV. De minimis adierazpena.
- V. Ekonomia-jardueren gaineko zergaren ordainketan egunean egotearen ziurtagiria.
- VI. Bazkideen portzentajeari buruzko egiaztagiria:
- 1. Nekazari profesionalak.
- 2. Nafarroako kalitate ziurtapenei atxikiak.
b) Entitate koordinatzaileari dagokionez:
- I. Entitate koordinatzaileari transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.
c) Proiektuari dagokionez:
- I. Lankide diren entitateen arteko kontratua, hitzarmena, lankidetza hitzarmena edo intentzio gutuna, bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua.
- II. Laguntza eskatzeko akordioa.
- III. Deskripzio memoria, izapideen katalogoan eskura dagoen eredu normalizatuaren arabera.
- IV. Proiektu teknikoa edo memoria baloratua.
- V. Lizentziak eta baimenak, edo horiek eskatu izanaren agiriak.
- VI. Proiektuak ukituko dituen esparruetako erakunde eskudunen txostena.
- VII. Exekutatu beharreko kostuen proformako fakturak.
- VIII. Transferentzia eta zabalkunde plana (proiektuarena, oro har, eta entitate parte-hartzaileetako bazkideei).
Entitate eskatzaileren batek Landa Aniztasunerako Atalari baimenik ematen ez badio eskabide-orrian adierazitako datuen artetik laguntza tramitatu eta ebazteko beharrezkoak direnak egiaztatzeko Nafarroako Gobernuko edo beste Administrazio Publiko batzuetako organoen bitartez, behar den dokumentazioa erantsi beharko du partzuergoko entitate guztiei buruz.
4. Inola ere ezin izanen da zuzendu honako hauen gabezia: deskripzio memoria, lankide diren entitateen arteko lankidetza hitzarmena edo intentzio gutuna, edo proiektuaren aurrekontua, laguntza eskabidean exijitzen baitira. Halakoetan, laguntza eskabidea ez da onartuko.
15. oinarria.–Instrukzio organoa.
Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Landa Aniztasunerako Atalari dagokio (Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari atxikia).
16. oinarria.–Laguntza-eskaerak egiaztatu eta balidatzea.
1. Landa Aniztasunerako Atalak laguntza-eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Akatsen bat baldin badago, proiektuaren entitate koordinatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
2. Dokumentazioa oso-osorik dagoenean, behar diren kontrolak eginen dira deialdiko oinarriak betetzen diren egiaztatzearren. Landa Aniztasunerako Atalak espedientea tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein argibide edo dokumentazio eskatzen ahalko du.
17. oinarria.–Kostuen moderazioa.
1. Diru-laguntzak onartzerakoan gastu publikoaren efizientzia bilatzen duen printzipio ekonomikoarekin bat, Batzordearen 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute proposatutako kostuak moderatuak direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten. Ondorio horietarako, kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, Landa Aniztasunerako Atalak sistema hauek erabiliko ditu, kasuan-kasuan:
a) Pertsona/Entitate eskatzaileak gutxienez hiru aurrekontu edo proformako faktura aurkeztu beharko ditu honako kopuru hauek gainditzen direnean:
–30.000 euro, obrak gauzatzeko kostuen kasuan, edo
–12.000 euro, ekipo ondasunen horniduren kasuan, edo
–12.000 euro, aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituzten zerbitzuen kasuan.
Diruz laguntzen ahal den zenbatekoa finkatzeko, ikuspuntu ekonomikotik onuragarriena den proposamenean agertzen den zenbatekoa hartuko da oinarri. Eskaintzak hornitzaile independenteek eginak izan beharko dira, eta proiektu baten gainean prestatuko aurrekontuekin edo proformako fakturekin justifikatuko dira.
Inbertsioen ezaugarri bereziak direla-eta ezinezkoa baldin bada xedeko lana edo hornidura egiten duten enpresak aurkitzea, entitate eskatzaileak memoria bat aurkeztu beharko du eskaintza bakarra dagoela justifikatzeko, eta ebaluazio batzordeak txosten bat eginen du azaltzeko ebaluazioa nola egin den eta zein aurrekontu onartu duen: aurkeztutakoa edo beste aurrekontu alternatibo bat. Batzorde hori Landa Aniztasunerako Ataleko lantalde teknikoko hiru pertsonak osatuko dute.
b) Eskatzailea administrazio publiko bat baldin bada, edo enpresaren administrazio organoetan Administrazioaren kontrolpean dagoen merkataritza sozietate bat, kostuen moderazioa bermatuko da Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea betez. Gastua justifikatzeko orduan, erantzule juridikoaren txosten bat aurkeztuko da, kontratazio publikoaren araudia bete dela adierazteko, honako hauek aipatuta: aplikatutako araudia, erabilitako prozedura, prozeduraren justifikazioa, argitalpenaren inguruko datuak eta, halakorik bada, kontratua formalizatzeko agiria eta behin betiko esleipena egiteko aintzat hartutako proposamenak.
2. Kostuen moderazioari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta azken ordainketa egin aurretik, entitate koordinatzaileak aurkeztutako ordainketa-eskaeran oinarrituta. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, entitate koordinatzaileak aldaketak egitea eskatzen duenean.
3. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, entitate koordinatzaileak behar diren agiriak erantsiko ditu (proformako fakturak, aurrekontuak, etab.), legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria luzatu beharra duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar zehatz-mehatz azalduta. Onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.
18. oinarria.–Laguntza emateko ebazpena.
1. Eskaerak balidatu eta ebaluatu ondoren, haien lehentasun ordena ezarriko da 13. oinarrian ezarritako hautaketa irizpideen arabera.
Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, non jasoko baita entitate onuradunek diru-laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
2. Ordainketa bakar batean emanen dira diru-laguntzak, 2020ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura.
3. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzen gaineko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
4. Ebazpenean, gutxienez, datu hauek agertuko dira: laguntza eman zaien entitate eskatzaileen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa, proiektuak gauzatzeko eta justifikatzeko epeak eta laguntza finantzatzeko funtsen jatorria. Hala behar denean, gainerako eskaeren ezespena ere espresuki adieraziko da, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak.
19. oinarria.–Diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketak.
1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira proiektuak, betiere laguntza eskabidea egin ondoren. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio Landa Aniztasunerako Atalari.
2. Laguntza eskabidean izandako xehetasun maila bera izanen dute proiektuaren aldaketek, eta, betiere, justifikatu egin beharko dira aldaketaren arrazoiak eta laguntzarekin onartutako baldintzak betetzeko ezintasuna. Honako hauetako aldaketak onar daitezke:
a) Proiektua exekutatzeko aldia, salbuespenez, eta, betiere, hasieran onartutako exekuzioaldia bukatu eta bi hilabetera gehienez ere, salbu ezinbesteko arrazoiak tartean daudenean.
b) Ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Ez da beharrezkoa izanen aldaketa eskatzea baldin eta gastua %10 baino gehiago igotzen ez bada diru-laguntza jaso dezakeen gastu tipologia bakoitzean, betiere beste gastu batzuk jaitsiz konpentsatzen bada, laguntzaren zenbateko osoa gainditzen ez bada eta 7., 10., 11. eta 12. oinarrietan ezarritako mugak errespetatzen badira. Dena dela, entitate onuradunak behar bezala arrazoitu beharko ditu aldaketa horiek justifikazio agiriak aurkezten dituenean.
c) Partzuergoa osatzen duten alderdiak, baldin parte-hartzaile batek proiektua uzten badu eta beste batek ordezten badu.
3. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, eta, betiere, laguntza zein ekitaldiren kargura ematen den, hura bukatu baino lau hilabete lehenago gutxienez.
4. Ez da inola ere baimenduko laguntzak lortzeko proiektuari emandako puntuazioa kentzea ekartzen duen aldaketarik.
5. Espediente bakoitzeko, ez dira bi aldaketa eskaera baino gehiago onartuko.
20. oinarria.–Ordainketa-eskaera.
1. Laguntza jasotzeko, entitate koordinatzaileak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du behar den dokumentazioarekin batera.
2. Laguntzak onartzeko ebazpenean ezarritakoa izanen da proiektu pilotua exekutatzeko propostatutako epea, eta, betiere, 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen, kontuan izanik 19.2.a) oinarrian ezarritakoa.
3. 2020ko martxoaren 15ean bukatuko da epea ordainketa eskaera aurkezteko, baita diruz lagundu beharreko ekintzen justifikazioa aurkezteko ere.
4. Ordainketa-eskaera aurkezten ez bada laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean, ondorioztatuko da berariaz uko egiten diola emandako laguntzari, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz bidezko diren erantzukizunak.
5. Entitate onuradunek laguntza jaso ahal izateko, partzuergoan parte hartzen duten entitate guztiek eutsi beharko diete sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako konpromiso guztiei, eta proiektuan aktiboki parte hartu, harik eta proiektu pilotua bukatu eta Landa Aniztasunerako Atalean aurkeztu arte gutxienez, kontuan izanik 19.2.c) oinarrian ezarritakoa.
6. Ordainketa-eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):
a) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria, tramiteen katalogoan eskura dagoen eredu normalizatuaren arabera.
b) Egindako ekintzen fakturak edo frogatarako balio bera duten agiriak, eta ordaindu izanaren egiaztagiriak, hots, bankuko laburpenak.
c) Proiektuari egotzitako langile tekniko propioen kontratuak eta nominak, ordaindu izanaren frogagiriekin batera.
d) Tc1 eta Tc2 agiriak, ordainketa agiriak gehituta.
e) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ordainketa.
f) Langileriaren arduradunaren ziurtagiria, proiektuari atxikitako langileen zerrenda eta proiektuari emandako orduak adierazten dituena.
g) Proiektuari egotzitako langile teknikoen lan agiriak, langileak eta arduradunak sinatuak.
h) Proiektuaren emaitzen transferentzia eta zabalkundea.
i) Proiektu pilotuan parte hartzen duten entitate guztiek sinatutako adierazpena, itzulketa bidezkotzat jotzen duen ebazpen baten bidez zordunak ez direla adierazteko.
Entitate eskatzaileren batek Landa Aniztasunerako Atalari baimenik ematen ez badio ordainketa-eskaeran adierazitako datuen artetik laguntza tramitatu eta ebazteko beharrezkoak direnak egiaztatzeko Nafarroako Gobernuko edo beste Administrazio Publiko batzuetako organoen bitartez, behar den dokumentazioa erantsi beharko du.
7. Faktura guztiak eta ordainketa egiaztatzeko banku-agiri guztiak gastu hautagarriak sor ditzaketen entitate onuradunen izenean agertuko dira, eta bertan diru-laguntzaren xede diren kontzeptuak baizik ez da jasoko.
8. Landa Aniztasunerako Atalak espedientea behar bezala tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein argibide edo dokumentazio eskatzen ahalko du.
21. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira 1305/2013 EB Erregelamenduaren 59.8 artikuluaren arabera Europako funtsekin finantzatuta helburu bererako ematen den beste edozeinekin.
2. Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira gainerako diru-laguntzekin, salbu haien araudiak kontrakoa ezartzen badu. “De minimis” araubidearen babespeko beste laguntza batzuen konkurrentziari buruz ezarrita dagoena aplikatzekoa izanen da.
3. Hartutako laguntzen zenbatekoa, bakarka edo beste batzuekin batera, ezin da inola ere izan egin beharreko ekintzaren kostua baino handiagoa.
22. oinarria.–Murrizketak eta zehapenak ordainketetan.
1. Pertsona/Entitate koordinatzaileak eskatutako zenbatekoa eta, onargarritasun azterketa egin ondoren, ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoa desberdinak izateagatik egin beharreko murrizketa.
Administrazio kontrolak eta tokian bertan egin beharreko kontrolak egin ondoren, ordainketa-eskaeran azaltzen den zenbatekoa %10 handiagoa bada onargarritasun azterketa egin ondoren ordaindu beharreko zenbatekoa baino, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste murriztuko da.
Murrizketa hori aplikatzearen ondorioetarako, espedientean aurkeztutako ordainketa-eskaera guztien balioen batura hartuko da kontuan, eta, ordainketa-eskaeran adierazten den zenbatekoa ematen den laguntzarena baino handiagoa bada, ematen den zenbatekoa hartuko da aurkeztutakotzat.
Edonola ere, ez da murrizketarik eta zehapenik aplikatuko baldin pertsona/entitate onuradunak frogatzen badu, agintari eskudunak onartzeko moduan, bera ez dela onargarri ez den zenbatekoa sartzearen erantzulea, edo agintari eskuduna beste nonbaitetik jabetzen bada pertsona/entitate onuraduna ez dela horren erantzulea.
Ez da murrizketarik eta zehapenik aplikatuko baldin eta pertsona/entitate onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, oinarri arautzaile hauen arabera, edo gerora sortutako eta pertsona/entitate onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.
2. Inbertsioa/onartutako gastua eta justifikatutako zenbatekoa desberdinak izateagatik egin beharreko murrizketa:
a) Justifikatzen den gastua/inbertsioa, espedientean aurkeztutako ordainketa-eskaera guztien balioen batura eginda, emandako laguntzaren zenbatekoaren %30etik %60ra bitartekoa bada, ordaindu beharreko diru-laguntza doituko da benetan gauzatu den proiektu zatiaren zenbatekoaren arabera, %25eko murrizketa aplikatuta, betiere proiektuaren helburua eta hedadura aldatzen ez badira.
b) Justifikatzen den inbertsioa/gastua emandako zenbatekoaren %30etik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
23. oinarria.–Ordaintzeko ebazpena.
1. Landa Aniztasunerako Atalak behar diren kontrolak eginen ditu onuradunak hartutako konpromisoak bete diren egiaztatzeko, bai, orobat, gauzatzen den proiektua onartutakoaren araberakoa den. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntza ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.
2. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori arrazoitua izanen da, eta oinarriak egiaztatuak egonen dira. Laguntza hartuko duten entitate guztiak jasoko dira bertan. Administrazio egintza hori proiektuaren entitate koordinatzaileari igorriko zaio, eta, bidezkoa bada, laguntzaren ordainketa haren banku-kontuan eginen da.
3. Pertsona edo entitate koordinatzaileak proiektuko gainerako parte-hartzaileei igorriko die ordainketaren gaineko ebazpena.
4. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren funtsak jaso eta bost eguneko epean, gehienez, proiektuaren entitate koordinatzaileak behar den ordainketa egin beharko die gainerako parte-hartzaileei, banku-transferentzia bidez, gauzatu den proiektuan bakoitzak izan duen parte-hartzearen arabera.
24. oinarria.–Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.
1. Ezarritako konpromiso eta betebeharrak betetzen ez badira, laguntza egokitu edo itzuli beharko da. Ez-betetzea nolakoa den, laguntza honenbeste murriztu edo itzuli beharko da:
a) Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkezten ez bada diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean: %100.
b) Proiektua gauzatzen ez bada Europar Batasuneko, Espainiako eta tokiko araudiaren arabera: %100.
c) Proiektua gauzatzen ez bada laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean edo onartzen diren luzapenen barrenean: %100.
d) Kostuen moderazioaren baldintza ez betetzea, edo kontratazio publikoari buruzko araudia ez betetzea: horrek eragindako kostuei dagokien laguntzaren %100.
e) Kudeaketa agintaritzak egiten dituen kontrolak onartzen ez badira: %100.
f) Segimendu eta ebaluazioari buruzko datuak jakinarazten ez bazaizkio kudeaketa agintaritzari: %25.
g) Publizitatearen gainean ezarritakoa betetzen ez bada: %25, eta ez-betetze hori errepikatzen bada, %50.
h) Hautatzeko irizpideekin lotutako konpromisoak ez betetzea: %25.
i) Gainerako betebeharrak betetzen ez badira: %10.
2. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauetako bat gertatzen denean, ez da ondorioztatuko konpromisoak ez direla bete:
a) Onuraduna hiltzea.
b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.
c) Hondamendi natural larria.
d) Jardueraren eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.
e) Enpresa osoa edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean ezin bazen desjabetzea aurreikusi.
3. Proiektuaren entitate koordinatzaileak edo haren kausadunak ezinbesteko kasuen edo salbuespenezko inguruabarren idatzizko jakinarazpena egin beharko du, behar diren frogagiriak erantsita.
4. Egiaztatzen bada pertsona/entitate onuradunak nahita egin duela gezurrezko adierazpen bat, emandako laguntza bertan behera utziko da, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo adierazpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean dagoen arauditik datozenak.
5. Artikulu honen 1. eta 2. zenbakietako xedapenak aplikatuko dira deusetan galarazi gabe NBEFren zirkularretan ezarrita dagoena landa garapenerako laguntzen murrizketak eta bazterketak aplikatzeko irizpideei buruz.
25. oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
1. Europar Batasuneko araudian xedatutakoa galarazi gabe, itzulketak, arau-hausteak eta administrazio zehapenak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriko dira.
2. Arau-hausteak finkatzeko eta zehapenak ezartzeko prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren araberakoa izanen da.
26. oinarria.–Publizitatea.
1. Oinarri arautzaile hauen esparruan ematen diren laguntzen publizitateari dagokionez, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapenerako Programan eta Europar Batasuneko, Espainiako eta eskualdeetako arauetan ezarritakoari jarraikiko zaio. Horretarako, pertsona/entitate onuradunek Batasunaren laguntza finantzarioaren berri eman beharko dute:
–Informazio eta komunikazio jarduera guztietan.
–Entitate onuradunaren erabilera profesionalerako webgunean, baldin eta loturaren bat ezarri baldin badaiteke webgunearen xedearen eta eragiketari emandako laguntzaren artean.
–50.000 eurotik gorako laguntza publikoa duten inbertsioak izanez gero, gutxienez A3 neurriko informazio panel bat jarri beharko da jendeak ongi ikusteko moduko toki batean.
Informazio hau agerraraziko da: proiektuaren azalpen laburra; Batasunaren ikurra, web-orri honetan dauden arau grafikoekin bat: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Ikurraren ondoan, Batasunaren eginkizunaren azalpena agertuko da, adierazpen honen bidez: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa.
Oinarri arautzaile honen babesean ematen diren diru-laguntzak jendaurrean jarriko dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta 1306/2013 EB Erregelamenduaren 111. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Iragarkiaren kodea: F1713006
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
