227. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1342/2017 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2017ko deialdia eta oinarri arautzaileak, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horien artean dago nekazari gazteak beren gain jar daitezela sustatzea, neurri hori lagungarria baita belaunaldi aldaketa egiteko, biztanleria finkatzeko eta landa eremuetan jarduera sortzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak landa garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 19. artikuluan nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri gisa, berriz, artikulu horren 1, a) puntua, nekazari gazteek enpresak sortzeari buruzkoa.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean nekazari gazte bakoitzeko emanen diren gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro soziekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 aldirako programak neurri hori jasotzen du, eta, zehatzago, nekazari gazteak jardueran hasteko azpineurria ere bai. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Nekazari gazteentzako enpresak sortzeko laguntzaren bidez belaunaldi aldaketa sustatu nahi da, oinarri hartuta behar adinako prestakuntza daukaten gazteak, nekazaritzako enpresen titularrak, hori baita alternatiba nagusia nekazaritzaren sektoreari jarraipena emateko eta etorkizunari arrakastaz ekiteko.

Kontuan harturik nekazaritzan ari den populazio aktiboa zahartzen ari dela, gazteak landa eremuetatik hiri aldera joaten direla, gazteek jarduera ekonomikoaren beste sektore batzuk nahiago dituztela eta landa eremuetan gizonezkoak nagusitzen ari direla, beharrezkoa da gazteak (gizonezkoak zein emakumeak) nekazaritzan aritzera bultzatzeko estrategiak ezartzea, horien bitartez biztanleria finkatzeko, jarduera ekonomikoari eusteko eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen jasangarritasuna eta garapen orekatua bermatzeko.

Nekazari gazteak beren gain hasteari laguntzeak oso helburu garbiak ditu, eta oso lotuta dago Nafarroako nekazaritzaren sektorearen beharrekin. Azken helburua da erraztasunak ematea gazteak nekazaritza lanetan has daitezen ustiategi bideragarrietan, sektorearen egokitzapen estrukturalarekin bat. Neurri hori beste neurri batzuekin estuki lotuta dago, hala nola, nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzekin, garapen okupazionalarekin eta etengabeko aholkularitzaren eta prestakuntzaren bidez gaitasunak hobetzeko neurriekin.

Ildo horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien lehiakortasuna bultzatu nahi da, beste jarduketa ildo batetik, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta aukera berdintasunerako eta bizitzeko baldintza egokiak eskaintzeko.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baten atzetik, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehazki, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.b) artikuluaren arabera, neurri hau Batasunaren landa garapenerako lehentasun honekin bat dator: “erraztasunak ematea nekazaritza sektorean nekazari behar bezala prestatuak sartzeko, eta, bereziki, belaunaldi aldaketa erraztea”.

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazteko Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazteko Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunak, eta sektorean dauden emakumeen tasa txikia dela, aintzat hartu da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat (3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa).

Ebazpen honi, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Nafarroako Gobernuak 2017ko ekainaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari baimena eman zaio 3.503.984 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauen 2017ko ekitaldiko deialdia finantzatzeko, 2019ko eta 2020ko ekitaldien kargura.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

“Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dira, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den bezala.

2. Deialdia onestea.

“Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzen 2017ko deialdia onesten da.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sorrarazten dituen gastuei aurre egiteko, 1.751.992,00 euroko gastua baimendu da, 2019ko ekitaldian, eta 1.751.992,00 eurokoa, 2020ko ekitaldian, 2017ko Aurrekontu Orokorretako 720004 71630 7700 412103 partidaren baliokidearen kargura (“Nekazari gazteak bere gain jartzea. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020”), behar adinako kreditu egokia baldin bada.

Baimendutako gehieneko kreditua handitu egiten ahalko da laguntzak emateko, aurrekontuetan bidezkoa den aldaketa edo mugimendua onetsi ondoren. Nolanahi ere, diru kopuru gehigarria onesteko, ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk izatea.

4. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Mendialdea, goi mendialdea edo, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak.

Mendialdetzat, goi mendialdetzat edo, mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 8ko 159/2017 Foru Aginduaren V. eranskinean jaso direnak. Foru Agindu horren bidez deialdi hau egin zen 2017ko kanpainarako: eskaera bakarra, xede dituena Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenak eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren laguntza batzuk, erreserba nazionalerako eskubide eskaerak, SIGPACen aldaketak egiteko eskaeren aurkezpena eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

6. Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Diru-laguntzei buruzko Datu-base Nazionalean erregistratu beharko dira.

7. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko azaroaren 7an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

2017ko ekitaldiko deialdia, laguntzak emateko, Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako. Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako “Nekazari gazteak beren gain jartzea” neurrirako laguntzak arautzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1. a) artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezkoa (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EB) 1698/2005 Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. 1305/2013 Erregelamenduan ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin bat, nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzeko neurri honen azken helburua da landa eremuetan enpresak sortzea, eta azpineurri honen helburua da, zehazki, nekazari gazteek nekazaritzako enpresak sortzea.

2. Helburu estrategikotzat hartzen dira; izan ere, laguntzen dute, zalantzarik gabe, 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan aipatzen diren lehentasunak lortzen, eta lagungarriak dira, orobat, nekazaritzaren sektorean behar bezalako prestakuntza duten langileak sartzeko eta, bereziki, belaunaldi aldaketa egiteko, emakumeak nekazaritzan sartzeko, eta, gainera, sustatzen dute enpresak sortu, garatu eta dibertsifikatzea, enplegua sortzea, eta, horrekin denarekin loturik, landa eremuen tokiko garapena sustatzea.

3. oinarria.–Onuradunak.

Neurri hau bideratua dago behar bezalako enpresa plan baten bidez bideragarri diren nekazaritzako ustiategietako titular, titularkide edo bazkide gisa lanean jartzen diren pertsona fisikoei. Ustiategi horiek Nafarroan kokatu beharko dira, eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak egon beharko dute, edo inskribatzeko moduan. Eskatzaileek, berriz, hemen ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsi beharko diote.

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan daitezke nekazaritzako ustiategi batean lehenbizikoz beren gain hasten diren pertsona fisikoak, laguntza eskatzen den egunean onartua izateko honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 18tik 40 urte bitarte izatea, biak barne.

b) Uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 3. artikuluko 2. apartatuan jasotzen den definizioaren araberako nekazaritzako ustiategi baten titularra, edo titularkidea edo bazkide ez izatea, laguntza eskaera aurkeztu aurreko urtea baino lehenagotik gutxienez. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko foru legearen testu bategina onetsi zen.

c) Enpresa plan bat aurkeztea, oinarri arautzaile hauen 6. oinarrian xedatutakoaren araberakoa.

d) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza izatea.

Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza duela ondorioztatuko da baldin eskatzaileak honako baldintza hauetako bat betetzen badu:

–Prestakuntza arautua baldin badu, erdi edo goi mailako ziklo baten parekoa, nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza arloetan, aurreikusitako ustiategiaren arabera dagokiona.

–Guztira 250 ordutik gorako prestakuntza egin baldin badu, betiere ikastaro horiek eman badituzte Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek, edo, bestela, ondorio hauetarako Europako beste eskualde batzuetan homologatuak, aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek.

–Nekazaritzako ustiategian sartzeko berariazko ikastaro bat egiten badu, gutxienez 200 ordukoa. Ikastaro hori emanen dute Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategietarako aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak arautzen dituen foru araudiak homologatu, aitortu edo izendatutako prestakuntza entitateek. Ordu kopuru horretatik kentzen ahalko dira gazteak truke programetan eta nekazaritzako ustiategietara egindako bisitetan emandako orduak (1305/2013 EB Erregelamenduaren 14.1 artikulua).

Laguntza eskatzen duen gazteak aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, 2020ko azaroaren 1era arte izanen du prestakuntza hori jaso duela erakusteko, eta hala zehaztuko da bere enpresa planean.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

f) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2. Onuradunek laguntza eskatu aurreko 12 hilabeteko epean hasia izan behar dute ustiategian beren gain hasteko prozesua, eta ez dute amaiturik izan behar.

Prozesu hori hasia dela ulertuko da, eskatzaileak inguruabar hauetako bat betetzen duela frogatzeko modua baldin badu:

–Gizarte Segurantzan afiliatua egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Eskaera bakarra aurkeztu izana (Nekazaritza Politika Erkidea).

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egotea.

–Bazkide gisa sartzea elkarte batean.

–4. oinarriaren 1.d) puntuko hirugarren marran aipatzen den prestakuntza ikastaroan inskribatu izana, behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzeko.

Prozesua amaitutzat hartuko da:

–Ustiategian titular gisa sartzen bada, ustiategiak lehentasunezkotzat katalogatua izateko baldintza guzti-guztiak betetzen baditu.

–Elkarte moduko ustiategian titularkide edo bazkide gisa sartzen bada, laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak ustiategiak “ogibide nagusia nekazari” gisa katalogatua izateko baldintza guzti-guztiak betetzen baditu.

3. Nekazari gaztea ustiategiaren titular bakarra ez bada, haren izaera juridikoa zeinahi delarik ere, ustiategiaren titular bakarrak izanik hasten diren nekazari gazteei eskatzen zaizkien antzeko baldintzak eskatuko zaizkio. Kasu guztietan gazteek ustiategiaren egiazko kontrola egin beharko dute.

5. oinarria.–Beren gain hasteko modalitateak eta ustiategiak onartzeko irizpideak.

1. Onuraduna ustiategiaren titular bakarra bada, ustiategiak honako baldintza hauek bete beharko ditu, enpresa plana aplikatu ondoren:

a) Gutxienez nekazaritzako lan unitate baten okupazioa ahalbidetzea eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezko gisa inskribatuta eta katalogatuta egotea.

b) Egin gogo diren jarduketak, inbertsioak edo neurriak nagusiki Nafarroan egin beharko dira, enpresa planean ezarritako helburuei loturik egon beharko dute, eta hala ondasun higiezinak nola higigarriak Nafarroako Foru Komunitateko kasuan kasuko erregistroetan inskribatu edo erregistratu beharko dira. Ustiategiak Nafarroan izan beharko du kokatuta nekazaritzako azalera handiena, eta, nekazaritzako azalerarik ez badu, Nafarroan erregistratuta izan beharko ditu abere gehienak.

c) Enpresa mikro eta txikien definizioaren araberakoak izatea, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioaren arabera (2003ko maiatzaren 20ko EBAO, L, 124. zk.).

2. Onuraduna lehendik dagoen elkarte bateko bazkide bada, hau da, eskaera aurkeztu baino gutxienez ere urtebete lehenago sortutako elkarte batekoa, ustiategiak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ustiategian hasi aurretik:

  • Enpresa mikro eta txikien definizioaren araberakoak izatea, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioaren arabera (2003ko maiatzaren 20ko EBAO, L, 124. zk.).
  • Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea.
  • Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezko gisa katalogatuta egotea.

b) Enpresa plana aplikatu ondoren:

–Ustiategi horretan, sartutako gazte bakoitzeko, nekazaritzako lan unitate gehigarri bat sortzen dela frogatzea. Baldintza hori ez da eskatuko gazteak beste bazkide bat ordezten duenean, besteak nekazaritzari utzi ondoren erretiroagatik, betiere enpresa planaren aplikazioak erakusten badu bere gain jarduten hasi pertsona bakoitzeko neurri hori lortzen dela.

–Sartutako bazkidearen ogibide nagusia nekazaritza dela frogatzea.

–Ustiategiak lehentasunezko ustiategi izaera mantentzen duela frogatzea.

3. Onuraduna elkarte berri bateko bazkidea bada, ustiategiak honako baldintza hauek bete beharko ditu, enpresa plana aplikatu ondoren:

a) Baldin bazkide diren pertsona fisiko edo juridikoetako bat ere ez bada lehentasunezko ustiategi bateko titularra edo titularkidea:

–Sartutako gazte bakoitzari nekazaritzako lan unitate bat dagokio bere parte-hartzearen portzentajearen arabera.

–Sartutako bazkidearen ogibide nagusia nekazaritza izatea.

–Ustiategiak lehentasunezko ustiategi izaera lortzea.

b) Baldin bazkide diren pertsona fisiko edo juridikoetako bat lehentasunezko ustiategi bateko titularra edo titularkidea bada:

–Frogatzea ustiategi horretan nekazaritzako lan unitate gehigarri bat sortzen dela sartutako gazte bakoitzeko, sozietatea eratzeko unean daudenekin alderatuta.

–Sartutako bazkidearen ogibide nagusia nekazaritza dela frogatzea.

–Ustiategiak lehentasunezko ustiategi izaera mantentzen duela frogatzea.

4. Onuraduna ez bada ustiategiaren titular bakar gisa hasten bere gain jarduten, halako moduan eginen du non epe luzera entitate juridikoaren egiazko kontrola hartuko baitu bere gain, abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren 24. artikuluaren hirugarren apartatuko b) letran jasotakoarekin bat (errege dekretu hori Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketaren araubideko eskubideen esleipenari buruzkoa da, eta abenduaren 29ko 1172/2015 Errege Dekretuak aldatu zuen). Kontrol hori enpresaren jokabide estrategikoari buruzko funtsezko erabakiak hartzearen gainekoa izanen da (negozio plana, aurrekontua, finantzaketa, etab.), onuradunarentzako konpromisoak indarrean dauden denbora osoan.

Elkarteek beren eraketa-agiria eskritura publiko batean jaso beharko dute, eta hartan adierazi beharko da nola banatzen diren partaidetzak eta haiek mantentzeko konpromisoa.

6. oinarria.–Enpresa plana eta tutoretza.

1. Eskaera atzemateko agiriarekin batera, enpresa plana gehituko da, oinarri izanen dena gaztea nekazaritzako ustiategi baten titular, titularkide edo bazkide gisa bere gain hasteko prozesurako.

2. Enpresa planean honako hauek adieraziko dira:

a) Beren gain hasteko prozesuaren egoera eta jardueraren hasieraren justifikazioa, 4. oinarriko 2. puntuan adierazitakoaren arabera.

b) Nekazaritzako ustiategian bere gain hasteko prozesuaren garapenerako faseen eta funtsezko helburuen deskribapena.

c) Nekazaritzako ustiategiaren jarduerak garatzeko behar diren jarduketen xehetasunak, konparazio batera, inbertsioak, errentamenduak, lizentziak etab.

d) Honako arlo hauetan hartu beharreko beste jarduketa batzuen gaineko erreferentziak: prestakuntza, aholkularitza, kalitatezko produkzioak, nekazaritzako eta ingurumeneko neurrietan parte hartzea, eta egokitzat jotzen diren beste batzuk.

e) Bost urteren buruan, ustiategiak lortu nahi dituen helburuak, abiaburuko egoeran azaldutako parametroekin konparatuz.

3. Plan horren osagarri, azterlan ekonomiko bat erantsiko zaio eskaerari. Azterlan horrek deskribatuko du ustiategiaren azkeneko emaitza, halako moduz non bideragarritasuna segurtatuko baitu, oinarri arautzaile hauen 5. oinarrian jasotako beharkizunekin bat eta ezarritako ereduari jarraikiz. Nafarroako Gobernuaren Atarian eskura daiteke eredu hori, laguntza hauen gaineko tramiteen katalogoko web-orrian.

4. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak tutore bat esleituko dio onuradun bakoitzari, eta hark banakako jarraipena eginen du bere gain hasteko bilakaerari buruz, eta txostenak eginen ditu, gutxienez ere sei hiletik behin, ustiategira bisita egin ondoren, eta organo kudeatzaileari igorriko zaizkio. Horietan, enpresa planaren bilakaera jasoko da.

Txostenean, besteak beste, egiaztatuko dira 10. oinarrian ezarritako konpromisoak, enpresa plana gauzatzeari buruz, eta, zehazki, honako alderdi hauek jasoko dira:

Enpresa planaren betearazpena: aurreikusitako ekoizpen unitateak eta egiazko unitateak, sortutako lana, egindako inbertsioak eta ustiategiaren benetako kontrola.

Egiaztatuko da ea gazteak ezagutzen duen enpresa planaren aplikazioa eta ustiategiaren kudeaketa.

7. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.

2. Laguntzaren zenbatekoa 37.276 eurokoa da, guztira.

3. Prima bakarreko laguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira. Azkeneko ordainketa egiteko, enpresa plana zuzen bete izana eskatuko da.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, emandako puntuen batuketa eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

a) Gaitasun profesionala: baldin eskatzaileak frogatzen badu, eskaera egiteko unean, badituela gaitasun eta trebetasun profesional egokiak, 4. oinarriko 1. zenbakiko d) letraren arabera: 10 puntu.

b) Berariazko lanbide prestakuntza arautua: baldin eskatzaileak frogatzen badu, eskaera egiteko unean, baduela lanbide prestakuntza arautua, erdi edo goi mailako ziklo baten parekoa, nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza arloetan, aurreikusitako ustiategiaren arabera dagokiona: 5 puntu.

c) Kokapen geografikoa: beren gain hasteko proiektua kokatzen baldin bada mendialdean, goi mendialdean edo, mendialdean izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan dagoen ustiategi batean: 15 puntu.

d) Ekoizpenaren eraginkortasuna eta balio-katearen merkataritzako marjina hobetzea: baldin enpresa planak bere baitan baditu gazteak bere gain hasteko egin beharreko jarduerak, laguntzak jaso ditzaketenak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako 4.1 neurriarengatik (“Laguntzak, nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko”), 4.2 neurriarengatik (“Laguntzak, nekazaritzako produktuak eraldatzeko/merkaturatzeko eta/edo garatzeko inbertsioak egiteko”), 6.2 neurriarengatik (“Laguntzak, nekazaritzaz bestelako jardueretarako enpresak landa eremuetan sortzeko”), edo 6.4 neurriarengatik (“Laguntzak, nekazaritzako jarduerak sortzeko eta garatzeko inbertsioetarako”): 10 puntu.

e) Prestakuntzako eta aholkularitzako neurrietan parte hartzea: enpresa planean aurreikusitakoaren arabera, onuradunak parte hartu behar duenean aholkularitza eta prestakuntza neurrietan, Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, 1305/2013 Erregelamenduaren 14. edo 15. artikuluen arabera: 15 puntu.

f) Ekoizpen sistema jasangarriak: baldin enpresa planean aurreikusten bada ustiapen eredu bat oinarriturik dagoena nekazaritza ekologikoan, edo abeltzaintza estentsiboan, behi, ardi, ahuntz eta/edo zaldien bertako arrazak erabiliz, betiere bi ekoizpen ereduetako bat baldin bada, banaka, beren gain hasteko ustiategiaren nekazaritzako 0,5 lan unitateko gutxienez: 15 puntu.

Ondorio horietarako, bertako arrazatzat hartuko dira Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2003ko maiatzaren 26an emandako Foru Aginduan ezarritakoak. Foru agindu haren bidez onetsi ziren Nafarroako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala.

g) Elkartegintza: baldin enpresa planak aurreikusten badu eskatzailea elkarte-ustiategi batean hasiko dela bere gain, edo, nekazaritzako zer ustiategitan sartzen den, hark bazkide gisa parte hartuko duela Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65. 1.a) eta c) artikuluan jasotako nekazaritzako kooperatiba batean: 5 puntu.

h) Generoa: laguntzaren eskatzailea emakumezkoa baldin bada: 10 puntu.

i) Balio-katearen hobekuntza: baldin enpresa planak aurreikusten badu Nafarroan ezarritako kalitate araubideetan parte hartzea, 1305/2013 Erregelamenduaren 16. artikuluari jarraikiz, non horiei lotutako ekoizpen unitateak diren gutxienez ere nekazaritzako 0,5 lan unitateko: 5 puntu.

j) Enplegua sortzea: onuradunaren enpresa planean aurreikusita dagoenean ustiategian nekazaritzako 1,5 lan unitate edo gehiago sortzea, 10 puntu. Irizpide hori kasu hauetan betetzen dela ulertuko da:

Titular bakarra baldin bada, ustiategian 1,5 lan unitate edo gehiago lortzea.

Deialdi honetan laguntza eskatzen duten bazkideek bakarrik osatutako sozietate berriak direnean edo lehendik daudenak, parte-hartzearen portzentajearen arabera nekazaritzako 1,5 lan unitate edo gehiago dagokienean.

Lehendik dauden sozietateak edo sozietate berriak, bazkideren batek laguntzarik eskatu ez badu deialdi honetan, ustiategian nekazaritako 1,5 lan unitate edo gehiago sortzea, sartzen den gazte bakoitzeko.

Elkarte batean bi gazte edo gehiago sartzen direnean, baldintza hau bakoitzak bete beharko du bere aldetik.

Irizpide hau aplikatzearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko eraldaketako edo zuzeneko salmentako jarduerek sortutako nekazaritzako lan unitateak.

3. Onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, eta bete beharreko konpromisotzat enpresa planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

4. Onuradunak eskatutako balorazio irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen du aurreko oinarriaren a) letran puntu gehien lortzen duen espedienteak, eta gero, b), c), d) eta ondorengo letrak aintzat hartuko dira banan-banan, zerrenda bukatu arte. Berdinketak bere horretan segitzen badu, eskaera bati lehentasuna emanen zaio baldin haren enpresa planean aurreikusten bada ezen, zer nekazaritzako ustiategitan sartzen den, hark bazkide gisa parte hartuko duela “lehentasunezko elkarte” batean. Hala ere berdinketak irauten badu, eskatzaile zaharrenei emanen zaie lehentasuna.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 30 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzaren azken ordainketa egin aurretik, laguntzen onuradunek betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Hasiera batean edo 16. oinarriko 2. puntuan jasotako oharrak aplikatu ondoren onartutako enpresa plana betetzea, oinarri arautzaile hauetan adierazten den epean. Enpresa plana oso-osorik burutu dela ondorioztatzeko, 8. oinarriko 2. puntuan aipatutako jarduketak bukatu beharko dira, betiere jarduketa horiei esker puntuak lortu baldin badira hautapen irizpideak aplikatuz.

b) Enpresa plana aplikatzen hastea laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteko epearen barnean. Horren ondorioetarako, enpresa plana hasi dela ondorioztatuko da gutxienez inguruabar hauetako bat gertatu bada eskaera aurkeztu ondoren, eta hura ez bada bideratu jardute-hasiera egiaztatzeko:

–Gizarte Segurantzan afiliatua egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.

–Egiaztatzen bada inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak egin direla.

–Eskaera bakarra aurkeztu izana (Nekazaritza Politika Erkidea).

–Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua egotea.

c) 2020ko azaroaren 1erako, jarduneko nekazari gisa aritzea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioaren arabera. Errege dekretu horrek erregulatzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita zuzeneko ordainketen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

d) 2020ko azaroaren 1erako, behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza eskuratzea, 4.d) oinarrian ezarritakoaren arabera, baldi onuradunak ez badu hori justifikatu eskaera egiten duen unean.

e) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan agiri bidez justifikatzea enpresa planean aurreikusitako ekintzak egin dituela, hala lanean sartzearekin zuzeneko zerikusia dutenak, nola baremazio irizpideak aplikatuz puntuak lortzeko balio izan dutenak.

f) Tutoretza teorikoko/praktikoko orientazioak bereganatzea eta gauzatzea, bere gain hasteko prozesua bukatu arte.

g) Laguntza ongi eman dela, enpresa plana ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea, hala agiri bidezkoak, nola bertatik bertara egiten direnak. Kontrol horietan sartzen ahalko da gazteak bere enpresa plana eta ustiategiaren kudeaketa ezagutzen dituela frogatu beharra, galdetegiak eta/edo elkarrizketa pertsonalak betez.

h) Ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoei, lan arlokoei eta sozialei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

i) Diru-laguntza jaso duen jarduketa finantzatzeko beste diru-laguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

j) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

11. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, laguntzaren azken ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita hiru urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.

2. Espediente eta onuradun guztientzat, etorkizunean bete beharreko konpromisoa da gaztea lanean sartzen den ustiategia jardutetik ez gelditzea eta lehentasunezko ustiategiaren izaera mantentzea. Konpromiso horiek ez zaizkie aplikatuko eragiketei ekoizpen jarduera bat bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

Etorkizunean bete beharreko konpromisoa da, orobat, gaztea ustiategian sartu ondoren lortzen den ustiategiaren gutxieneko dimentsioari eustea, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

3. Balorazio irizpideei loturiko konpromisoak ere etorkizunean bete beharreko konpromisoak dira, 8. oinarriaren 2. puntuaren arabera:

4. Aurreko 2. puntuko konpromisoak, beti, pertsona onuradunak hartzen dituela ulertu behar da. 3. puntuko konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da, baldin eta balio izan badute eskaeren hurrenkera finkatzeko balorazio irizpide gisa.

12. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Hartarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Programa hori onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren izapideen katalogoan (www.navarra.es).

2. Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren edo NANaren/PINaren bidez. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 56/2016 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren entitate laguntzaileak aukeratzeko deialdiaren oinarriak, hain zuzen ere aukeratzeko zer entitate laguntzailek parte hartuko duten laguntzetarako eskabide bakarra betetzen eta erregistratzen, baita “nekazaritza ustiategietako inbertsioen” laguntzetarako eta “nekazari gazteak bere gain hasteko” laguntzetarako eskabideak betetzen eta erregistratzen ere, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean; orobat, onetsi zen entitate horiek eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak horretarako sinatu beharreko lankidetza hitzarmenaren eredua.

3. Eskaerak enpresa planean sartutako ekintzak hasi aurretik aurkeztu beharko dira, 10. oinarriaren 1.b) puntuan ezarritakoari jarraikiz, salbu lanean bere gain hasi dela justifikatzeko erabiltzen direnak.

4. Eskatutako betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Ustiategiaren bideragarritasun azterlana, oinarri arautzaile hauen 6. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

c) Behar bezalako lanbide gaitasuna eta prestakuntza justifikatzeko, aski izanen da hiru aukera hauetako batean adierazten diren agiriak aurkeztea:

I) Nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza arloetako ikasketa titulu bat, erdi mailakoaren edo goi mailakoaren baliokidea, eta/edo eskatu izanaren gordekina.

II) Guztira 250 ordutik gorako prestakuntza egin izanaren frogagiriak, betiere ikastaro horiek eman badituzte Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek, edo, bestela, ondorio hauetarako Europako beste eskualde batzuetan homologatuak, aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek.

III) Gutxienez 200 ikastorduko ikastaro bat, nekazaritzako enpresan sartzeari buruzkoa, egin izana frogatzen duen ziurtagiria. Ikastaro hori eman behar dute Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako ustiategiei prestakuntza eta aholku emateko zerbitzuak erregulatzen dituzten foru arauen arabera baliozkotuak, aitortuak edo izendatuak izan diren entitateek.

5. Onuraduna lanean jartzen bada pertsona juridiko baten izenean dagoen nekazaritzako ustiategi batean, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lanean jartzen deneko entitatearen IFKren fotokopia.

b) Lanean jartzen deneko entitatearen eraketa eskritura aldatuak, nekazari gaztearen ekarpena eta hori bazkide edo partaide gisa sartzeko baldintzak adieraziko dituena, eta horrekin batera entitatearen estatutu edo arauen kopia fede-emailea eta bertan zuzendaritza teknikoan eta kudeaketan ari diren pertsonen zerrenda.

6. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

7. Aurkeztutako eskaerak hamar egun naturaleko epean alda daitezke, atzemateko programan aurkezten den egunetik, deialdiaren irekiera aldiaren barnean, halako moduz non epe hori iraganda eskaera hori behin betikotzat hartuko baita.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari dagokio; atal hori Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari atxikia dago.

14. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea eska dezake unitate erantzuleak. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

5. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren babespeko diru-laguntza izan duela, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, “Nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzea” eta “Nekazari gazteak beren gain jartzea” izeneko neurrietan.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, ebazpena espresa izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

16. oinarria.–Enpresa planaren aurrerapenen ebaluazioa eta aldaketak.

1. Enpresa plana ebaluatzeko, onetsitako enpresa planaren oinarrizko alderdiak nola garatu diren egiaztatuko da, hala agiri bidez, nola ustiategian bertan. Kontrolak epe hauek bukatu baino lehen eginen dira, betiere laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita.

–9 hilabetera:

  • Hasierako kontrola, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19. artikuluaren 4. puntuan ezarritakoa bete ote den egiaztatzeko. Horretarako, behar diren agiriak eskatuko dira, honako jarduketa hauek edo hauetako bat betetzen direla justifikatzeko, betiere ez badira erabili eskaera aurkeztearekin batera bere gain hasi izana frogatzeko:
  • Gizarte Segurantzan afiliatua egotea Langile Autonomoen Araubide Berezian; zehazki, ustiategiaren titular, titularkide edo bazkide gisa egin behar duen nekazaritza jarduerari dagokion sailean.
  • Egiaztatzen bada inbertsioak hasi direla edo eskurapen edo errentamendu berriak egin direla.
  • Eskaera bakarra aurkeztu izana (Nekazaritza Politika Erkidea).
  • Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egotearen agiria, onuradunaren bazkide izaera barne, elkarte diren entitateen kasuan.

–15 hilabetera:

  • Tarteko kontrola, jarduketa hauetako bat justifikatzeko agiriak eskatuko dira:
  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketa eta ingurunearekin duen harremana (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.).

–27 hilabetera:

  • Kontrol honetan jarduketa hauek justifikatzeko agiriak eskatuko dira:
  • Ustiategirako sarrera.
  • Ustiategiaren input eta output direlakoak.
  • Ustiategiaren kudeaketari eta ingurunearekin duen harremanari (aholkularitza, elkartegintza, kalitate araubideak, inbertsioak etab.) buruzko agiriak.
  • Ustiategia bisitatzea, azken ordainketa egin aurretik, ustiategiaren elementuak egiaztatzeko.

Horren ondorioetarako, onuradunak ebaluazio horren unitate arduradunarekin kolaboratu beharko du, eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurreikusitako epeetan emanez eta ustiategira egiten diren bisitetan lagunduz.

2. Enpresa planaren aldaketak prozedura honen arabera egin beharko dira:

a) Justifikatutako arrazoiak tarteko, onuradunak uste badu beharrezkoa dela hasiera batean onetsitako enpresa planean aldaketaren bat egitea, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko du proposatutako jarduketa hasi baino lehen, eta, betiere, 2020ko maiatzaren 1a baino lehen.

b) Proposatutako aldaketa behar adina arrazoitu eta justifikatu beharko da, eta honako hauek bermatu beharko dira:

–Enpresa plan berriaren bideragarritasuna.

–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.

c) Kasu hauek aldaketa nabarmentzat hartuko dira:

–Ekoizpenaren orientazioa aldatzea, sektore, labore mota edo abere espeziearen arabera.

–Ekoizpenerako baliabideak, laborantzarako hektareak edo abelburuak %30 baino gehiago gehitzea edo kentzea, enpresa planean aurreikusitakoekin alderatuta.

3. Enpresa planaren aldaketa nabarmen bakarra onartuko da.

4. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea:

Aldaketa nabarmenak izanez gero, enpresa plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planerako erabilitako irizpide tekniko-ekonomiko berberei jarraituz. Aldaketa onesten ez bada, hasierako enpresa plana bete beharko da.

Aldaketak ez badira nabarmenak, enpresa planean behar bezalako doikuntzak eginen dira, eta espedientean horren berri jaso beharko da, txosten tekniko bat erantsita.

5. Honela definitzen da “nekazari gazteak beren gain hastea”, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 13. artikuluko 1. puntuko a) letra betetzearen ondorioetarako (haren bidez onetsi zen Nafarroako Nekazaritza Ustitategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina): onuradunak ekoizpen-elementuak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik dituen unea, baldin nekazaritzako 0,1 lan unitateen kopurua gainditzen badute eta Gizarte Segurantzan alta emanik badago Langile Autonomoen Araubide Berezian.

17. oinarria.–Enpresa plana gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Egutegi hau ezarri da:

a) Enpresa planaren hasiera: laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita bederatzi hilabeteetan.

b) Enpresa planaren gauzatzea bukatzea: 2020ko azaroaren 1a.

c) Behar den lanbide gaitasuna eta prestakuntza lortzea: 2020ko azaroaren 1a.

d) Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluaren arabera, “jarduneko nekazaria” dela frogatzea eta enpresa plana eta gainerako konpromisoak bete direla egiaztatzea: 2020ko azaroaren 1a.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako laguntzak –ekitaldi bakoitzari dagozkionak– jasotzeko, beharrezkoa izanen da onuradunak ordainketa eskaera bat aurkeztea, deialdian ezarritako epea baino lehen, horretarako ezarritako inprimakia erabiliz, edo gaitzen den atzemate programa erabiliz. Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan daude eskura (www.navarra.es). Ordainketa eskaera aurkezten ez bada, urteko kuota galdu eginen da.

3. Fase edo tarte bakoitzeko jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko frogagiriak erantsi beharko dira.

18. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezteko modua eta epeak.

1. Laguntzak bi zati berdinetan ordainduko dira 2019ko eta 2020ko ekitaldietan.

2. Laguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa da onuradunek ordainketa eskaerak aurkeztea epe hauetan:

–Laguntzaren lehenbiziko tartea ordaintzeko eskaera, 2019an: laguntza ematen denetik hurrengo bederatzi hilabeteetan.

–Laguntzaren bigarren tartea ordaintzeko eskaera, 2020an: azaroaren 1a baino lehen, enpresa plana gauzatu ondoren eta egun horretarako eskatzen diren konpromisoak bete ondoren. Ordainketa hau egiteko, azken ordainketa egiteko bete behar diren konpromisoak eta enpresa plana bera bete direla egiaztatuko da, “jarduneko nekazari” gisa aritzearena barne.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela eta enpresa plana egoki gauzatzen ari dela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, in situ bisitak egin daitezke ustiategietara, enpresa plana bukatu eta zuzen gauzatu dela egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko ere.

19. oinarria.–Murrizketak eta salbuespenak ordainketetan.

1. Laguntza emateko ebazpenaren egunetik bederatzi hilabetera onuradunak aurkeztu ez baditu ordainketa eskaera eta enpresa plana aplikatzen hasi dela justifikatzeko agiriak, edo instrukzio organoak egiaztatzen badu hasiera hori ez dela eraginkorra, espedientea deuseztatuko da.

2. Baldin izendatutako tutorearen txostenak erakusten badute onuradunak ez dituela konpromisoak bete, enpresa plana gauzatzeari dagokionez, 6. oinarrian jaso baitira, espedientea baliogabetu eginen da, eta ordaindutakoa itzuliko, bidezkoa bada.

3. Enpresa plana gauzatzeko epea bukaturik egiaztatzen bada plana ez dela bete edo onuradunak hartutako konpromisoak ez direla bete, azkeneko ordainketa deuseztatuko da.

Honako kasuetan, enpresa plana ez dela bete ondorioztatuko da:

–Enpresa plana aplikatu ondoren, ustiategiaren onargarritasun irizpideak betetzen ez badira, oinarri arautzaile hauen 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Oinarri arautzaile hauen 10. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen ez badira.

4. Azken ordainketa egin aurretik, egiaztatzen bada aldatu egin direla eskaeren hurrenkera finkatzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak, eta puntuazio baxuagoa zegokiola frogatzen bada, eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du, eta jasotako diru guztia itzuli beharko du, legez ezarritako interesak barne. Ondorio horietarako, baremazio irizpideak, onuradunak Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako beste neurri batzuetan parte hartzeari dagozkionak, bete direla ulertuko da onuradunak frogatzen ahal baldin badu kasuko laguntzetatik kanpo gelditu dela deialdirako aurrekontu nahikorik ez egoteagatik edo eskatzaileari egotzi ezin zaizkion beste egoera batzuengatik.

5. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

6. Behar den espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak gezurrezko adierazpen bat egin duela nahita, onarturiko laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

7. Frogatzen bada, espediente baten bidez, onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jaso ahal izateko, 1306/2013 Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz laguntzetatik kanpo geldituko da, eta, bidezkoa bada, laguntzengatik jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu.

20. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauen 11. oinarrian ezarritakoaren arabera, aurrerago bete behar diren konpromisoak bete ezik, azken ordainketan jasotako laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharra ezartzen ahalko da.

2. Konpromiso horiek noraino ez diren bete mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, azken ordainketan jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere:

a) 11.2 oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada, bertan ezarritako salbuespenak salbuespen, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

Honi dagokionez, pertsona fisikoa den onuradun batek, azken ordainketaren ondoren, erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo horrelako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, ez da ulertuko bertan behera utzi duela konpromisoa betiere onuraduna bere baitan hartu duen entitateak baldin badu lehentasunezko nekazaritza ustiategiaren izaera, eta ustiategiko nekazaritzako lan unitateak –hots, onuradunari dagozkionak kontuan izanik entitate berriaren kapital sozialean daukan partaidetza– balio berekoak edo handiagokoak baldin badira, alderatuta benetan ekarri dituen ekoizpen unitateekin.

b) 11.3 oinarrian ezarritako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, balorazio irizpideei lotuak daudenak eta onuraduna baztertzea ekarriko zutenak, jasotako laguntzaren %50 galduko da azkeneko ordainketaren ondoko lehenengo urtean gertatzen bada, eta hurrengo urteetako batean gertatuz gero, %25.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak bete gabe gelditu direla:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean ezin bazen desjabetzea aurreikusi.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, onuradunaren azienda edo labore guztiak edo zati bat kaltetu dituena.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

5. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatzekoak izanen aldaketak onuradunari egotzi izan zaizkion eta gerora sortu diren arrazoiek eragindakoak direnean eta behar bezala justifikatzen ahal direnean.

21. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

22. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei jarraituko die, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

Iragarkiaren kodea: F1712950