222. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

359/2017 FORU AGINDUA, urriaren 10ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, herritarren parte-hartze prozesu bat abiatzen duena, Nafarroan, 2018rako, etxebizitza babestuak eta haien eranskinak saltzeko eta alokatzeko gehieneko prezioak finkatu aitzin.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatuak, abenduaren 24ko 27/2014 Foru Legeak eta abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legeak emandako azken idazketaren ondoren, ezartzen du etxebizitzaren arloan eskumena duen kontseilariari dagokiola babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak saltzeko ateratzeko gehieneko prezioa finkatzea, foru lege horretan aurreikusitakoarekin bat. Horretarako, adierazten du, halaber, 10. artikuluan bertan jasotzen den formulako aldagaien balioak kasuan kasuko foru aginduan justifikatu behar direla.

Zehazki, horri dagokionez, 1.d) apartatuak xedatzen du moduluak urtero eguneratuko direla, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera ondorioak izateko, babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) salmentarako gehieneko balioa kalkulatuz formula honen bidez:

VMu = ((1.27 + H/100) x PEMu) / (0.755 - (F + Co + B) / 100)

–Azalpena:

VMu = gehieneko salmenta-balioa, babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

H = Proiektuaren eta obra zuzendaritzaren ordainsari teknikoen kostua, exekuzio materialaren aurrekontuaren ehunekotan adierazia. Kostu horren balio normala % 7koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

PEMu = Exekuzio materialaren aurrekontua, eurotan, metro koadro erabilgarri bakoitzeko. Hori kalkulatzeko, sustapen baten guztizko azalera erabilgarritzat joko da etxebizitzetarako eta garajeetarako den guztizko azalera erabilgarria gehi trasteleku eta lokaletarakoen %40.

F = Sustatzailearen finantza kostuak, salmentarako gehieneko prezioaren (VM) gaineko ehunekotan adieraziak. Kostu horren balio normala %4koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

Co = Merkaturatzearen kostuak, salmentarako gehieneko prezioaren (VM) gaineko ehunekotan adieraziak. Kostu horren balio normala %2koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

B = Sustatzailearen etekina, salmentarako gehieneko prezioaren (VM) ehunekotan adierazia. Kostu horren balio normala %11koa izanen da. Ehuneko bat gehitu edo kentzen ahalko zaio justifikazio tekniko baten bitartez.

Aldagai horiek zehazteko, lehentasunez, babes ofizialeko etxebizitzen sustapen publikoak hartuko dira kontuan. Era berean, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuan kalifikazioa jasotzeko aurkezten diren babes ofizialeko etxebizitzen sustapenei buruzko datuak ere erabil daitezke. Horretarako, departamentu horrek sustatzaileei eskatzen ahalko die aurkez dezatela obra amaierako ziurtagiria, edo formulan aurreikusitako aldagaiak kalkulatzeko interesekoak izan daitezkeen beste datu batzuk.

5.1. Modulu ponderatua.

Babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko balioa zehaztu ondoren, modulu ponderatua kalkulatuko da balio hori zatituz babes ofizialeko etxebizitzen eta haien eranskinen metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko salmenta-prezioak zehazteko ezarritako koefizientearekin.

5.2. Ponderatu gabeko modulua.

Modulu ponderatugabearen balioa modulu ponderatuaren balioaren ehuneko 96koa izanen da.

Bestalde, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatu horrek ezartzen du parte-hartze sozialaren prozesu bat garatu behar dela onetsi aurretik, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean aurreikusi bezala.

Horretarako, foru agindu honen bidez herritarren parte-hartzearen prozesua abiatzen da, 11/2012 Foru Legearen IV. tituluan aurreikusitakoaren arabera. Hori helburu, ondotik ematen dira babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak Nafarroan 2018an saltzeko gehieneko prezioak finkatzeko proposamenerako kontuan hartutako elementuak, maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluko 1.d) apartatuarekin bat.

Alde horretatik, adierazi behar da urte natural batean salmentarako diren babes ofizialeko etxebizitzen espedienteak hartu direla, betiere behin-behineko kalifikazio eskaera ukatua edo deuseztatua ez dutenenak, eta zehazki, 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31ra bitartekoak (kontuan izanik moduluaren aldaketak urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera dituela ondorioak, eta, onetsi aurretik, parte-hartze sozialaren prozedura bat ireki behar dela).

Epe horretan, behin-behineko kalifikazioa eskatzen duen espediente bakar bat aurkeztu da, NASUVINSA-Nafarroa Lurzoruak eta Etxebizitzak SAk sutatua. Hortaz, aipatutako testuari jarraikiz, non sustapen publikoei lehentasuna ematea gomendatzen baita, horixe da hautatuko den espedientea. Sustapen horrek 66 etxebizitza aurreikusten ditu Iruñean, eta, espedientean jasotako datuen arabera, exekuzio materialaren aurrekontua, metro koadro erabilgarri bakoitzeko, 653,01 eurokoa da.

Bestalde, ez da arrazoi teknikorik ikusten foru legean koefiziente aldakorretarako aurreikusten den balioa aldatzeko (puntu bat handitu edo murrizten ahal da balio hori, justifikazio teknikorik badago). Hona hemen balio horiek:

H: Obra-proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren lansari teknikoen kostua, exekuzio materialaren aurrekontuaren gaineko ehunekotan adierazia. Balioa = %7.

F: Sustatzailearen finantza kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak. Balioa = %4.

Co: merkaturatze-kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak. Balioa = %2.

B: Sustatzailearen etekina, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adierazia. Balioa = %11.

Aurreko guztiaren ondorioz ateratzen den exekuzio materialaren aurrekontua 653,01 eurokoa da metro koadro erabilgarri bakoitzeko, eta horri legean zehaztutako formula aplikatuko zaio:

–Aplikatu beharreko balioak:

  • H = %7.
  • F = %4.
  • Co = %2.
  • B = %11.
  • PEMu = 653,01 euro m² bakoitzeko.

–Formula:

VMu=((1.27+H/100) x PEMu)/(0.755-(F+Co+B)/100) = 1.495,78 euro

–Modulu ponderatua:

M* = VMu/1.3 = 1.495,78/1.3 = 1.150,60 euro

Beraz, ondoriozko moduluaren balioa 1.150,60 euro da 2018rako; horrek dakar balioa %1,28 beheititzea, 2017ko moduluaren aldean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Herritarrek parte hartzeko prozesua abiatzea, Nafarroan, 2018rako, etxebizitza babestuak eta haien eranskinak saltzeko gehieneko prezioak finkatu aitzin. Prozesu hori hilabeteko epean bukatuko da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Foru agindu honen azalpen zatian egindako proposamenari dagozkion ekarpenak eta iradokizunak igortzeko, participacion@navarra.es helbide elektronikoa gaitzea baliabide osagarri gisa.

3. Foru agindu hau igortzea Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, NASUVINSAri, Hipotekak Kalteturikoen Plataformei, SOFIDECOri (Sociedad Cooperativa Fiterana de Consumo), “Santa María la Real” Etxekoandreen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteari, “Irache” Kontsumitzaileen Elkarteari eta ACPri (Asociación de Constructores y Promotores) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, etxebizitzaren arloko webgune informatiboan (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/) eta Gobernu Irekiaren atarian (https://gobiernoabierto.navarra.es/eu) argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko urriaren 10ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

Iragarkiaren kodea: F1712603