222. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

519/2017 EBAZPENA, urriaren 17koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Tokian Tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien X. Sariaren oinarriak onesten dituena 2017-2018ko aldirako.

Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak hiri ingurunean garapen jasangarria bultzatzeko behar diren jarduerak gauzatzen ditu. Horien artean, Tokian Tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokiak. Horri begira, Nafarroan arlo horretan izandako esperientzia bikainak aprobetxatzeko eta egindako ahaleginak garapen jasangarri handiago baten alde bideratzearren, esperientzien trukea bultzatzeko helburuen artean honako hau aurreikusi da: Nafarroako Foru Komunitateko Tokian Tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien Sariaren hamargarren deialdiaren oinarriak zabaltzea 2017-2018ko aldirako eta diplomen banaketa eguna ospatzea 2018ko azaroan.

Jardunbide Egokien sariak, oso zabalduak nazioartean, baliagarriak direla aitortzen da; izan ere, kalitatea etengabe handitzeko estrategiaren barnean dago hoberenak saritzea eta hautatuak argitaratzea, jardueren akreditazioa, eraginkortasuna, lehiakortasuna eta aberastasuna sortzeko bidean, ohiko zehapen metodoak baino ondorio hobeak baititu.

Horrelako jarduketak herritarrendako, agente sozialendako eta agintariendako pizgarriak dira, Tokian Tokiko Garapen Jasangarrian jadanik lortutakoaz Nafarroako gizarteak duen kontzientzia handitu eta hobetzen baitute honako hauetan ezarritako irizpideen arabera: Europako Hirien Garapen Jasangarriaren aldeko Aalborgeko Gutunean, Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Erakundearen Bigarren Konferentzian (Habitat II), Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Erakundearen Quitoko Hirugarren Konferentzian (Habitat III) eta Europar Batasunaren Integrazioko Ingurumen Printzipioetan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Sari honentzat izen hau ezartzea: Nafarroako Foru Komunitateko Tokian Tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien José Ignacio Sanz Arbizu Saria.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Tokian Tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien X. José Ignacio Sanz Arbizu Sariaren oinarriak onestea 2017-2018ko aldirako (eranskina).

3. 3.000 euroko gastua onestea hiru jardunbide onenen sarietarako, “Jasangarritasuneko eta ingurumen hezkuntzako sariak” izeneko 740007 74700 2268 456200 gastu partidaren kargura edo 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako antzeko partidaren kargura, betiere ere kreditu nahikoa eta egokia izanez gero.

4. Deialdi hau eta haren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta ohiko komunikabideetan argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

Halaber, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko urriaren 17an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko Tokian Tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien X. José Ignacio Sanz Arbizu Sariaren oinarriak 2017-2018ko aldirako

Helburua.

Tokian Tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien X. Sariak Nafarroako gizartearen kontzientzia bultzatu eta hobetu nahi du bizi baldintzen hobekuntzari lotuta garapen jasangarriaren arloan izan diren lorpenen inguruan, Europako Hirien Jasangarritasunaren aldeko Aalborgeko Gutunean (1994-2004), Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Bigarren Konferentzian (Habitat II), Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Quitoko Hirugarren Konferentzian (Habitat III) eta Europar Batasunaren Integrazioko Ingurumen Printzipioetan ezarritako irizpide eta konpromisoen arabera, bai eta Hannover-eko Deklarazioan, Europako liderrek XXI. mendearen atarian egindakoan, ezarritako irizpideen arabera ere; horiek guztiak Garapen Jasangarriaren ikuspegitik.

Saria eta aldizkakotasuna.

Saria bi urtean behingoa izanen da, eta honelakoa:

1. 1.000 euro (mila euro) hiru jardunbide hoberenetako bakoitzarentzat.

2. Hiru jardunbide hoberenetako bakoitzarentzako eta aipamen berezientzako, halakorik balego, diploma bat eta garaikur bat.

3. “Nafarroako Foru Komunitateko 2017-2018ko Tokian Tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien Hamargarren Katalogoa”.

4. Katalogoa Nafarroan, Espainian eta nazioartean zabaltzea.

Zein izan daitekeen parte-hartzaile.

Nafarroan garapen jasangarriko jardunbide egokiak egin dituzten entitate eta pertsonei irekita dago saria, hala nola:

1. Hiriak, herriak, toki agintariak, eskualde mailako agintariak edo horien elkarteak.

2. Gobernuz kanpoko erakundeak (GKE).

3. Oinarrizko komunitate erakundeak (OKE).

4. Eragile ekonomikoak eta sozialak.

5. Erakunde akademikoak eta ikerketakoak.

6. Hedabideak.

7. Elkarte profesionalak.

8. Fundazio publikoak eta pribatuak.

9. Jardunbide egokien irizpideak betetzen dituen ekimen espezifiko bat edo proiektu bat norberaren izenean aurkezten duten herritarrak.

10. Beste batzuk.

Jardunbide egokiak saritzeko irizpideak.

Ondoko hauek dira jardunbide egokia saritzeko kontuan hartuko diren irizpideak. Horiek aldi berean betetzea izanen da ezinbesteko baldintza: 1. Eragina, 2. Asoziazionismoa eta 3. Jasangarritasuna; gainerakoak irizpide gehigarriak dira:

1. Eragina.

Amaitutako edo martxan jarritako ekimenak izanen dira, azken emaitza eskaintzen dutenak edo emaitza partzialak eskain ditzaketenak, eta haien eragina baloratuko da. Jardunbide egokiak eragin onuragarria izan behar du jendearen bizimoduan, haiek suma dezaketena.

a) Etxebizitza jasangarria eta garapen komunitarioa:

I) Edateko uraren hornidura eta saneamendua.

II) Eskuratzeko moduko etxebizitza, zerbitzuak eta azpiegitura komunitarioak.

III) Lurra eskuratzea, edukitzea eta finantzaketa.

IV) Planifikazio eta parte-hartze komunitarioa erabakiak hartzean eta baliabideak esleitzean.

V) Hiriguneen, auzoen eta kokalekuen barrenaldea berritu eta zaharberritzea.

VI) Teknologia eta eraikuntzako material seguru eta osasungarriak.

b) Hiriaren eta eskualdearen garapen jasangarria:

I) Enplegua sortzea eta pobrezia desagerraraztea.

II) Kutsadura murriztea eta ingurumenaren osasuna hobetzea.

III) Garraio publikorako eta komunikazioetarako sarbide hobea.

IV) Zaborraren bilketa, birziklapena eta berrerabilpen hobea.

V) Hiria lorategiz hornitzea eta eremu publikoaren benetako erabilpena.

VI) Produkzioaren eta kontsumoaren ziklo hobeak, berriztagarriak ez diren baliabideen ordezpena eta murrizpena barne.

VII) Natur baliabideak eta ingurumena babestea eta zaintzea.

VIII) Energia eraginkorrago erabili eta sortzea.

IX) Toki historiko eta kultural garrantzitsuenak zaintzea.

X) Hiri garapenerako estrategia integratu eta orokorrak zehaztea eta praktikan jartzea.

c) Kokalekuen kudeaketa jasangarria, eraginkorra, arduratsua eta gardena:

I) Kudeaketa, administrazio eta informazio sistema eraginkorragoak eta efikazagoak.

II) Genero berdintasuna eta zuzentasuna erabakiak hartzean, baliabideak banatzean eta programak diseinatu eta praktikan jartzean.

III) Delituak murriztu eta prebenitzea.

IV) Hondamendien kontrako prestakuntza hobea, haiek arintzea eta berreraikuntza.

V) Gizarteratzea eta bazterketa apaltzea.

VI) Ekintza eta aldaketak ekarriko dituen lidergoa, baita politika publikoan ere.

VII) Erantzukizuna eta gardentasuna sustatzea.

VIII) Berdintasuna eta zuzentasun soziala sustatzea.

IX) Agentzien arteko koordinazioa hobetzea.

2. Asoziazionismoa.

Asoziazionismo maila (partnership) hartuko da kontuan. Jardunbide Egokiak adibide gisa ondotik ematen diren eragileetako gutxienez birekin elkartzean oinarrituko dira:

a) Hiriak, bertako agintariak edo elkarteak.

b) Gobernuz kanpoko erakundeak (GKE).

c) Oinarrizko komunitate erakundeak (OKE).

d) Sektore pribatua.

e) Erakunde akademikoak eta ikerketakoak.

f) Komunikabideak.

g) Fundazio publikoak eta pribatuak.

3. Jasangarritasuna.

Jardunbide egokiek beren ondorioa, integratua eta suma daitekeena, behar dute frogatu. Balio gehiago dute diru aldetik bideragarriak izanik (beren burua finantzatzen dutenak), inor baztertu gabe eta ingurumena errespetatuz, ondoko arlo hauetako batean, bederen, aldaketa iraunkorrak sortzen dituzten jardunbidek:

a) Lege eta erregelamendu esparruak, arau subsidiarioak edo estandarrak, beren xedeko gai eta arazoen ezagutza formala ematen dutenak.

b) Politika sozialak eta/edo eta sektoreko estrategiak, eskualdean edo herrian, nonahi errepikatzeko aukera dutenak.

c) Instituzioen esparrua eta erabakiak hartzeko prozesuak, maila eta partaide bakoitzari bere zeregina eta erantzukizuna ematen dietenak, hala nola gobernuko erakunde zentral eta lokalei eta oinarrizko komunitate erakundeei.

d) Kudeaketa sistema eraginkor, garden eta arduratsuak, baliabide teknikoak, finantzarioak, naturarenak zein giza baliabideak eraginkorrago bihurtzen dituztenak.

4. Lidergoa eta komunitatearen indartzea.

a) Ekintza eta aldaketak ekarriko dituen lidergoa, baita politika publikoan ere.

b) Jendea, bizilagunak eta komunitateak bizkortu eta haien laguntza lortuko duena.

c) Dibertsifikazio soziala eta kulturala onartu eta bereganatzea.

d) Hedatu, egokitu eta errepikatzeko aukerak.

e) Tokian tokiko baldintzei eta garapen mailei egokitutako neurriak.

5. Genero berdintasuna eta gizarteratzea.

Aniztasun soziala eta kulturala onartu eta haiei erantzuten dieten ekimenak, berdintasuna eta zuzentasun soziala sustatzen dituztenak, diru-sarrerak, sexua, adina, egoera mentala eta fisikoa oinarri izanik, esate baterako; eta trebetasun desberdinak aitortu eta baloratzen dituztenak.

6. Berrikuntza tokian tokiko testuinguruan eta transferibilitatea.

Berritzaile izateagatik besteentzat eredu diren praktikek balio gehiago izanen dute, beste esperientzia batzuek imitatu eta egokitu baditzakete.

Alde nabaria izan behar dute sektorean ohikoa den jardunbidearekin konparatuta (adib.: industria jarduerak, nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak, arkitektura bioklimatikoa, biodibertsitatea mantendu edo berreskuratzea, uraren zikloa, hiritik kanpoko garapena, hirietako enplegua eta ingurumena, energia, herritarren parte-hartzea, hondakinak, etab.).

Jardunbideak norbere ekimenez eginak izan behar dute. Ezin dira izan indarreko legeriak eskatutako jarduerak soilik; hartutako konpromisoaren ondorio izan behar dute, legeak ezarritakotik harago.

7. Transferentziak:

a) Eragin nabaria, ondoko baten edo gehiagoren transferentziaren ondoriozkoa: ideiak, abileziak, prozesuak, ezagutzak edo trebetasunak eta teknologia.

b) Aldaketak politiketan edo praktiketan.

c) Transferentziaren jasangarritasuna, ikaskuntzaren eta aldaketaren prozesu etengabe baten parte den aldetik.

Eskaeren aurkezpena.

Deialdi honetarako eskaerak horretarako ezarritako edozein bide erabiliz eginen dira, datuak biltzeko fitxa erantsita, eta Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalera igorriko dira:

González Tablas kalea, 9-beheko solairua, 31005 Iruña.

Telefonoa: 848 42 75 82 / 848 42 49 10.

Helbide elektronikoa:

sostenibilidad@navarra.es / jasangarritasuna@navarra.es

Datuak biltzeko fitxa euskarri digitalean aurkeztu beharko da.

Aukeran, ondotik ematen diren babes material hauek sar daitezke:

a) Egunkari, aldizkari edo bestelako argitalpenetan publikatutako artikuluak.

b) Euskarri digital estandarreko bideoak, gehienez ere 10 minutukoak.

c) Argazkiak edo bestelako material grafikoa.

d) Liburuxkak edo publizitaterako materiala.

Deialdi hau argitaratu eta biharamunetik 2018ko ekainaren 30era bitarte aurkeztuko dira eskaerak, bi egun horiek barne.

Hautapen prozesua.

2018ko ekainaren 30era bitarte (osteguna) aurkezten diren eskaerei prozesu hau aplikatuko zaie:

1. Jardunbide egokien oinarrizko irizpideak betetzen dituzten ekimen guztiak adituen batzorde batera bidaliko dira, behar bezala azter ditzaten; honako pertsona hauek osatuko dute aipatu batzordea, edo haiek aukeratzen dituzten ordezkariek:

–José Luis Nicolás Rodrigo, Sustapen Ministerioko Arkitektura, Etxebizitza eta Lurzoru Zuzendaritza Nagusia.

–Juan Jesús Echaide, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko teknikaria.

–Andoni Iso Tinoco, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Saileko kidea.

–Inazio Irigoien Iriarte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ekoizpenaren Saileko kidea.

–Juan José Pons Izquierdo, Nafarroako Unibertsitateko Geografia Saileko kidea.

–Susana Cuesta Márquez, Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Ataleko burua.

–Joaquín del Valle de Lersundi Manso de Zúniga, Nafarroako Gobernuaren Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuko burua.

–Mikel Xabier Ortigosa Lekunberri, Nafarroako Gobernuaren Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Toki Agenden eta Jasangarritasunaren Bulegoko burua.

2. Adituen batzordeak aztertu eta, komenigarritzat jotzen bada, argibide osagarriak eskatuko ditu eta katalogoan argitaratzeko merezimenduak dituzten ekimenak hautatuko ditu. Horietarik, gehienez ere hiru jardunbide hoberenak nabarmenduko ditu sarirako. Gainera, kalitatearen arabera, Aipamen Berezi edo Gomendio batzuk hartzen ahalko dira aintzakotzat.

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak igorle bakoitzari bere egoeraren berri emanen dio, Sarirako hautapen prozesua amaitutakoan.

Sarirako egutegia.

2018ko ekainera bitarte.

–X. Sariaren aurkezpen publikoa egiteko, deialdia banatzeko eta zabaltzeko aldia.

2018ko ekaina.

–Mugaeguna 2017-2018ko sarirako aurkezpenak jasotzeko eta jardunbide egokien datu-basean sartzeko: 2018ko ekainaren 30a.

2018ko iraila.

–Baloratu diren jardunbide egokiak aurkeztuko ditu Adituen Batzordeak Nafarroako 10. lehiaketa honen katalogoa prestatu eta editatzeko eta, haietatik, saritzea merezi duten hiru jardunbide hoberenak. Bestetik, bidezko bada, aipamen berezia duten jardunbide egokiak.

2018ko azaroa.

–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak sariak entregatuko dizkie hautatutako pertsona edo erakunde parte-hartzaile guztiei “Nafarroako Foru Komunitateko 2017-2018ko Tokian Tokiko Garapen Jasangarriko Jardunbide Egokien Hamargarren Katalogoa” aurkezteko eginen den ekitaldi publikoan.

ERANSKINA

Datuak biltzeko fitxa (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1712210