222. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORELLA

Deialdia, Corellako Udaltzaingoko udaltzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Corellako Udaleko udaltzain lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Izendatuko den izangaiak udaltzainari dagozkion funtzioak beteko ditu, Nafarroako Polizien martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean ezarriak baitaude, baita udalak lege esparruaren baitan agintzen dizkion funtzioak ere, eta C mailan sartuko da.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Hautapen-prozesua arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta erretiroko adina ez gainditzea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Deialdiaren xede den lanpostua betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdi honen IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikorik ez izatea.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) B, eta A2 edo A motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen adierazpenaren bidez adieraziko da.

h) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, f) oinarrikoa izan ezik, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiaren 7.4 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko baita, eta 3.b) oinarrian adierazitakoa izan ezik, aski izanen baita eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Corellako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (España plaza, zk.g.), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdiaren I. eranskinean dagoen ereduari lotu beharko zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabidearen eredua Corellako Udalaren erregistro orokorrean eskura daiteke.

Eskabidearen eredua (ez dokumentazio erantsia) behar bezala beteta aurkeztu beharko da, eta betiere bi ale.

4.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu behar dituzten gainerako agiriak:

Bat.–Osasun ziurtagiri ofiziala, III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

Bi.–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ez dagoela erregistro horretan izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

Hiru.–Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrendak, erreklamazioak eta behin betiko zerrendak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpenean hautaprobak hasiko diren hilabetea eta urtea adierazi beharko dira gutxienez, betiere kontuan harturik deialdiaren argitalpenaren eta hautaproben hasieraren artean bi hilabete iragan behar direla gutxienez.

Era berean, izangai onartu eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira Corellako Udalaren ediktuen oholean.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Gorka García Izal, Corellako alkatea.

–Ordezkoa: Patricia Lázaro Cueva, Corellako Udaleko zinegotzia.

–Mahaikidea: Jose Manuel Mateo Jiménez, Corellako Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Juan Ignacio Gómez Fernández, Corellako udaltzaina.

–Mahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

–Ordezkoa: Ángel Labiano Mangado, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Bulegoko burua.

–Mahaikidea: José Tomás Morales Artigas, langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Milagrosa Pérez Barquín, langileen ordezkaria.

Idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa.

Oposizioa 2018ko urtarrilean hasiko da.

Oposizioan, lehenengo fasean, proba batzuk egin beharko dira, baztertzaileak izanen direnak, honako hauen gainean: ezagutzak, egoera fisikoa, psikoteknikoa eta osasunari dagokiona; eta, bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditu beharko da.

7.2. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa eginda, epaimahaiak kalifikazioak jarriko ditu jendaurrean eta bost eguneko epea emanen du izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten. Behin horiek ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

Lehenbizikoa: proba teorikoa. Test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa (100 puntu gehienez). Bazterturik geldituko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarrena: gaitasun fisikoa neurtzeko proba. Deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira; baztertzaileak izanen dira. Epaimahaiak finkatuko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Ariketa bakoitzean “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen da. Deialdiko III. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie eta, orobat, dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz egin daiteke, edo ausaz aukeratzen direnei bakarrik. Horretarako deialdia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren arauen arabera ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Kasuan kasuko organo espezializatuak eginen ditu debekatutako jardunbideak atzeman edo egiaztatzeko analisiak. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen-prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoia izanen da, orobat, dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko trabak jartzea, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, baita, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea eragozten, nahasten, galarazten edo saihesten duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita ekiditen duenean, egitez edo ez-egitez, bildu beharreko laginak biltzea.

Horren ondorioetarako, debekatuta egonen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2016ko abenduaren 30eko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2017ko 6. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 7an).

Hirugarrena: proba psikoteknikoa. Proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen ditu eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat (50 puntu gehienez); bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Arestian aipatu hautapenaldietako proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udalaren ediktuen oholean izangaien zerrenda, dagokien kalifikazioarekin batera, gainditu dutenak eta baztertuak izan direnak adieraziz.

d) Laugarrena: proba medikoak. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak eginen dituzte, deialdi honen 3. oinarriko d) letran ezarritako moduan.

Proba medikoetan, izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duen izangaia bazterturik geldituko da.

7.3. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

7.3.1. Epaimahaiak emaitzak baloratu ondotik, oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda onetsiko du, betiere lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Corellako Udaleko ediktuen oholean jendaurrean jarri eta handik hamar egun naturalean, izangaiak frogatu beharko du deialdiaren 3. oinarriko f) eta g) baldintzak betetzen dituela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du Corellako Udalaren erregistro orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena, legeak hala baimenduz gero eta Udalak hala eskatuz gero.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Nomina zer bankutan edo aurrezki kutxatan jaso nahi den, hango libretaren fotokopia konpultsatua.

Agiri horiek aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiak hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta proba medikoen emaitzak, hautapen-prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, baldin eta proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntza-ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren ediktuen oholean eta web-orrian.

7.3.2. Prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduak eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.

Martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago emanak direnean, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta badaude, horrexetan segituko baitute.

Nafarroako polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia Corellako Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako administrazio publiko bateko funtzionarioa bada.

Praktiketako funtzionario izateak ez du ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berarekin ekarriko du oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak egin beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, eta hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaio, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

8.–Proben eta prestakuntza-ikastaroaren balorazioa.

8.1. Lehenengo probak 100 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Probak test motako ariketa bat izanen du II. eranskineko gaiei buruz; bertan, hiru erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izanen du. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak 0,50eko balorazio negatiboa izanen du. Bazterturik geldituko dira lehen ariketa honetan 50 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

8.2. Gaitasun fisikoari buruzko probetan, “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da. Bazterturik geldituko dira “Gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

–Pisua jasotzeko proba (banku-presioa).

–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba.

–Erresistentzia-proba (Course Navetteren testa).

–Indar-erresistentziaren eta koordinazioaren proba (alboko jauzien testa).

8.3. Proba psikoteknikoa 0tik 50 puntura bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko da ariketa honetan 25 puntu lortzen ez dituen izangaia.

8.4. Proba medikoetan izangaiei “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkion izangaien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

8.6. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak “Gai” edo “Ez gai” kalifikatuko dira.

9.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko organo eskudunak oposizioa gainditzen duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Jabetza hartzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Udaltzain lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiari Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal du edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Corellan, 2017ko azaroaren 2an.–Alkatea, Gorka García Izal.

I. ERANSKINA

Eskabidearen inprimakia (PDF).

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea. III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

5.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Babesari buruzkoa: II. titulua: datu babesaren printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak. IV. titulua, I. kapitulua: titulartasun publikoko fitxategiak.

4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

6.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: funtzionario publikoak. I. kapitulua: hautaketa. II. kapitulua: funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua: mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua: administrazio karrera. VI. kapitulua: egoera administratiboak.

7.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteari buruzkoa.

8.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. II. kapitulua: liburu eta paperak miatzea. III. kapitulua: idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, Habeas Corpus prozedura arautzen duena.

9.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

10.–8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

11.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

12.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

13.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–10. Gomendioa (2001), Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko Estatuei emandakoa, Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak hartua 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

14.–Corellako Udalaren ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenaren eta espazio publikoen babesaren gainekoa (2007ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 27koa).

15.–Udal ordenantza, kuadrillen gelei buruzkoa (2015eko 12. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 20koa).

16.–1. udal ordenantza, jabari publikoko ondasunak babestearen gainekoa (1996ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 5ekoa).

17.–Udal erregelamendua, Herri-lurretako belardien aprobetxamendua arautzen duena (2008ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 18koa).

18.–Corellako geografia eta historia.

19.–Corellako kale-izendegia.

20.–Corellako udal-mugarteko toponimia eta kartografia.

21.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1.–Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 40 kg gizonentzat eta 22 kg emakumeentzat.

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 40 edo 22 kiloko pisua goratu behar du, 60 segundoan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

GIZONAK

30 baino gutxiago

EMAKUMEAK

25 baino gutxiago

2.–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba. (50 metro estilo librean).

Deskribapena: 25 metroko igerileku batean estilo librean igeri egitea, joan eta etorri.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 41 segundo gizonentzat eta 46 segundo emakumeentzat.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko trajerik, ez urpean igeri egiteko betaurrekorik, ez urpean igeri egiteko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: “Gai” edo “ez gai” kalifikazioa eskala honen arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

GIZONAK

42” edo gehiago

EMAKUMEAK

47” edo gehiago

3.–Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Testaren helburua da markatzen den erritmoari eustea eskatzen diren epeak bete arte. Izangai bakoitzaren proba bukatuta, ordura arte baliatu duen tartea kontatutako da:

–Izangaia gelditzea, salbu eta soilik une batez gelditzen bada 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzean.

–Izangaiak ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra ez zapaltzea.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean.

–Izangaia marjinaren barrenean ez egotea seinalea entzuten denean, behin bakarrik.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen arabera emanen zaio “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK TARTEAK

EZ GAI

GIZONAK

10 baino gutxiago

EMAKUMEAK

8 baino gutxiago

4.–Indar-erresistentziaren eta koordinazioaren proba. (Alboko jauzien testa).

Deskribapena: lurretik 25 zentimetrora dagoen listoi baten gainetik jauzi egin beharko da, 30 segundoz etenik gabe, oinak elkarturik edo parez pare daudela. Zenbat jauzi egiten diren kontatuko da.

Abiatzeko jarrera: izangaia zutik jarriko da, listoiaren ondoan saiheska, bi oinak elkarturik edo pare-parean. Kontrolatzaileak “ya” esatean, jauzika hasiko da, gelditu gabe.

Bi saio egiten ahal dira. Lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada eginen da soilik bigarrena. Gutxienez bi minutuko pausaldia utziko da bigarren saioa egin baino lehen.

Saio baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Listoia botatzen badu.

–Jauzi bat errepikatzen badu listoiaren alde berean.

–Jauzien erritmoa eteten badu 30 segundoak bukatu baino lehen, eta gelditzen bada.

–Jauzi bat bukatuta listoia oinen artean gelditzen bazaio.

–Lurra bi oinekin batera ukitzen ez badu.

Puntuazioa: “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

GIZONAK

50 baino gutxiago

EMAKUMEAK

30 baino gutxiago

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120ºtik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

–Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, udaltzain lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako hernia, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, BGBK, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berrituak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Bulkaden kontrolaren eta nortasunaren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinen bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitus.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako nahasmenduak.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera eta udaltzain lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, udaltzain lanetan aritzea eragozten baldin badiote.

Iragarkiaren kodea: L1712794