222. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

448/2017 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana; horren bidez onesten da 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, argiteria publikoaren atalean, sar daitezkeen inbertsioen behin betiko zerrenda.

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana osatzen dute arau horretan aurreikusitako jarduketek, Toki Programazioaren atalean jasotakoek, besteak beste. Zehazki, 11. artikuluko D) atalak ezartzen duenez, atal horretan sartuko dira, beste inbertsio batzuekin batera, argiteria publikoari dagozkionak.

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen 15. artikuluak, II. kapituluko Toki Programazioa izeneko bigarren atalaren barnekoak, prozedura ezartzen du Toki Programazioaren atalari dagozkion inbertsioak onartzeko eta horietarako gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatzeko.

Lehen atalean xedatzen duenez, Toki Inbertsioen Planeko Toki Programazioaren atalean sartzeko eskaerak bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira foru lege honek indarra hartzen duen egunetik. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, inbertsioak hautatu eta lehenetsi ondoren, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren abuztuaren 10eko 317/2017 Ebazpenaren bidez (2017ko 163. NAO, abuztuaren 24koa) onetsi zen Toki Programazioaren atalean sartuta dauden eta aurrekontuan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzen ahal diren inbertsioen behin-behineko zerrenda, argietria publikoari dagokiona; halaber, ebazpen horren bidez, erreserbako inbertsio eskaeren behin-behineko zerrenda eta foru lege honen beharkizunak ez betetzeagatik onartu ezin diren eskaeren behin-behineko zerrenda onetsi, eta alegazioetarako hamabost egun balioduneko epea ireki zen, argitalpenaren egunetik hasita, 2017ko irailaren 14an amaitu zena.

Guztira 34 alegazio aurkeztu dira epe barruan (horietako bat bikoiztua) eta espedientean jasota dago Toki Azpiegituren Zerbitzuaren txostena, 2017ko urriaren 17koa; hartan, toki entitateek ebazpen honen 1. eranskinari jarraituz aurkeztutako alegazioak aztertu egiten dira.

Txosten horretan proposatzen da 801.310,30 euroko behin betiko erreserba egitea aurrekontuan, argiteria publikoaren atalean. Hala bada, behin-behineko erreserba 6.064.335,28 eurokoa da, behin betiko bideratu ondoren Osasun edo hezkuntza erabilerarako lursailen urbanizazioari dagozkion inbertsioak, Bizitoki iraunkorretara doazen eta biziguneen arteko bideei dagozkienak, Sarerik gabeko zolatze lanei dagozkienak eta Udal ekipamenduak eraikuntzako araudi teknikora egokitzea eta argiteria publikoari dagozkionak. Hortaz, erreserba hori erregularizatu egin behar da 6.000.000 euroko zenbatekoraino, gainerako inbertsio motak behin betiko bideratu ahala; diru horrekin larrialdietako eskaerei eta haien inbertsio osagarriei erantzunen zaie, Inbertsio Programetako eta Toki Programazioko inbertsioen salbuespeneko araubidea finantzatuko da, eta Toki Programazioko inbertsioetarako gehieneko diru ekarpena ezartzeko unean izan dezakeen igoera ordainduko da, ehuneko 10ekoa gehienez ere; hori guztia 18/2016 Foru Legearen 4.2 eta 4.3 artikuluetan Toki Programazioaren atalean aurreikusitakoarekin bat.

18/2016 Foru Legearen V. eranskineko D atalean jasotako baldintzei egokitzen zaie proposamena. Hartan, arautzen da zer oinarri erabili zenbateko lagungarria kalkulatzeko, argiteria publikoaren kontzeptuan. Foru lege horren 12. D artikuluan araututako jarduketak hartuko dira lagungarritzat, eta proposamenean zehazten da gehieneko ekarpen ekonomikoa 150.000 eurokoa izanen dela toki entitate bakoitzeko.

18/2016 Foru Legearen 14. artikuluan ezartzen denez, argiteria publikoari dagozkion jarduketetan, zenbateko lagungarrirako gehieneko ekarpen ekonomikoaren ehunekoa, BEZa kanpo, %60 izanen da BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen ez duten inbertsioetan, eta %50, berriz, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten inbertsioetan.

Espedientean Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren eta Toki Antolamendurako Zerbitzuaren txostenak daude, 2017ko urriaren 27koak, Toki Azpiegituren Zerbitzuak egindako proposamena berresten dutenak.

Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritakoarekin bat, bidezkoa da 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren barrenean, argiteria publikoaren atalean, sar daitezkeen inbertsioen behin-betiko zerrenda eta urtez urteko banaketa onestea.

Horrenbestez, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legeak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean, Toki Programazioaren atalean, argiteria publikoari dagokionez sartuta dauden eta aurrekontuko kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren 114 inbertsioren behin betiko zerrenda, eta, horrekin batera, urtez urteko banaketa. Inbertsioa, guztira, 7.244.695,66 eurokoa da (BEZa kanpo). Zerrenda eta urtez urteko banaketa 2. eranskinean jaso dira.

2. Erreserbako 136 inbertsio eskaeraren behin betiko zerrenda onartzea. Puntuazioaren arabera ordenatu dira 3. eranskinean.

3. Onartu ezin diren 43 inbertsio eskaeraren behin betiko zerrenda onestea, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean ezarritako baldintzak ez betetzeagatik. 4. eranskinean jasotzen da.

4. Behin betiko 801.310,30 euro erreserbatzea, argiteria publikoaren atalean, 4.3 artikuluan Inbertsioen Planetako jarduketetarako eta Toki Programaziorako adierazitako erreserbei eta 4.2 artikuluan Toki Programaziorako adierazitakoei erantzuteko helburuarekin.

5. 2017rako eta 2018rako aurreikuspenen arabera aurrekontuko kreditu erabilgarriaren kargura finantzatzekoak diren inbertsioen zerrendako toki entitateek, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean, abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen IV. eranskineko 4. atalean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute. 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen du foru lege horrek. 2019an egin beharreko inbertsioen kasuan, dokumentazio hori 2018ko lehen hiruhilekoan aurkeztu beharko da.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Halaber, ebazpen honen aurka toki entitate interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko azaroaren 6an.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1712811