222. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

479/2017 EBAZPENA, urriaren 19koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Plana onesten duena 2017-2018 ikasturterako.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuaren I. kapituluko 2. artikuluan ezartzen denez, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua legeak betearazten dituen administrazio organoa da. Gainera, hezkuntza administrazioa eta ikastetxeak gainbegiratzen eta ebaluatzen ditu, bai eta aholku ematen ere, eta haientzat txostenak egiten ditu, hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzeko asmoz. Foru dekretuaren 3. artikuluan, hezkuntzako ikuskapenaren eginkizunak aipatzen dira, helburu horiek betetzeko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Plana plangintza instituzionalerako oinarrizko tresna da, eta urtero agintzen du hezkuntzako ikuskatzailetzak Nafarroako Foru Komunitatean garatu beharreko jarduketen multzoa, araudiak esleitzen dizkion eginkizunen eta eskudantzien zehaztapen gisa.

Orobat, 80/2008 Foru Dekretuak honako hau xedatzen du 18. artikuluan: “Hezkuntzako Ikuskapenaren epe ertaineko gidalerroak islatzen dituen agiri instituzionala da plan estrategikoa” eta plan honek “helburuak, estrategiak eta barne ekintzako ildoak ezarriko ditu, eta Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko da”. Eta 19.1 artikuluak hauxe ezartzen du: “Plan Estrategikoa urteko jarduketa planen bidez garatu eta zehaztuko da. Urteko plan horiek Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira” (gaur egun “Hezkuntzako zuzendari nagusiaren” ebazpen bidez).

Urriaren 5eko 454/2017 Ebazpenaren bidez Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren 2017-2021 aldirako Plan Estrategikoa onetsi denez, orain Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Plana ezarri behar da 2017-2018 ikasturterako.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2017-2018 ikasturterako jarduketa argi eta zehatz ezartzea ahalbidetzen duten helburuak, ekintzak, baliabideak eta denborak aurreikusten ditu plan horrek.

Planaren bidez modu koherentean antolatu eta sistematizatu nahi da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eguneroko lana, horrela zerbitzuko kideen lana erraztu, testuinguru batean kokatu eta koordinatzeko.

Bestetik, urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuak, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, 9. artikuluan, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren egituraren barrenean txertatzen du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua.

Horregatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Plana onestea 2016-2017 ikasturterako. Hona hemen

OINARRIAK

1. Urteko Jarduketa Plana.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jarduerak urtero plangintza eta berrikuspena egitea eskatzen du, hezkuntza sistemaren errealitate konplexu eta aldakorraren aurrean erantzun eraginkorra eman ahal izateko. Urteko jarduketa plan hau 2016-2017 ikasturtean ikuskatze lana bideratuko duen lan esparrua da.

Indarra duen araudiak Hezkuntzako Ikuskatzailetzari esleitzen dizkion eginkizunen garapenean txertatzen dira Urteko Jarduketa Planean ageri diren zerbitzu edo jarduketa guztiak.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza sistema osatzen duten ikastetxe, programa, zerbitzu eta jarduera guztiak sartzen dira planaren aplikazio eremuan. Testuinguru horretan, planak ikastetxean berean egiten diren ikuskapenak lehenesten ditu, hezkuntza prozesua garatzen duen oinarrizko hezkuntza erakundea den aldetik.

Plana prestatzerakoan kontuan hartu dira Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen 80/2008 Foru Dekretuan xedatutakoa, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren 2013-2017 aldirako Plan Estrategikoan ezarritakoa, Ikuskapen Zerbitzuaren antolaketaren eta funtzionamenduaren berrikuspenaren emaitzak, 2015-2016ko Urteko Planaren ebaluazioa eta Hezkuntza Administrazioak 2016-2017 ikasturterako dituen eskaera berriak.

2. Urteko Jarduketa Planaren helburuak.

Honako hauek dira Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Planak 2017-2018 ikasturterako dituen helburuak:

a) Ikuskatzailetzak ikastetxeei, Hezkuntza Departamentuari eta hezkuntza komunitate osoari ematen dizkien zerbitzuen plangintza ziurtatzea.

b) Ikuskatzailetzaren jarduketak zehaztea kontrolaren eta gainbegiratzearen arloan.

c) Ikuskatzaileek ikastetxe, irakasle eta programak ebaluatzeko egin behar dituzten jarduketak ezartzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistema ebaluatzeko Ikuskatzailetzak egin beharreko jarduketak zehaztea eta Ebaluazio Institutuari laguntzea Nafarroako ikastetxeetan egiten diren nazioko edo nazioarteko ebaluazioak egiten.

e) Ikastetxeentzako aholkularitza jarduketak identifikatzea.

f) Hezkuntza administrazioari informazioa emateko eta Hezkuntza Departamentuko bestelako zerbitzuekin elkarlanean aritzeko jarduketak ezartzea.

g) Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren eginkizunen esparruan, ikastetxeetan bizikidetza hobetzeko jarduketak identifikatzea.

h) Ikuskatzailetzaren jarduketak zehaztea ikasleak eskolatzeko arloan.

i) Ikuskatzaileen jarduketak ezartzea, ikastetxeetako irakasleen plantillak zehazteko.

j) Planaren jarduketen definizioaren, ezarpenaren eta hobekuntzaren gaineko erantzukizunak zehaztea.

k) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren kalitatea kudeatzeko sistemak mantentzea, planaren helburuak lortzeko.

l) Kalitatea kudeatzeko sistemen ezarpena ebaluatzea ikastetxeetan.

m) Zerbitzuko langileen ezagutza berritu eta handitzeko jarduerak zehaztea, planean aurreikusitako zerbitzuak ematean kalitatea eta bikaintasuna lortzearren.

n) Ondorioak atera eta proposamenak egitea, egindako jarduketei buruzko txosten eta azterlanak eginez.

o) Kasuan kasuko ikasturtearen ekintza estrategikoaren plana diseinatu eta gauzatzea, helmuga estrategikoak lortzeko aurrera egiteko moduan.

3. Urteko Jarduketa Planaren edukia.

2017-2018 Urteko Jarduketa Planean sartutako jarduera eta zerbitzuak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak zerbitzu horien hartzaileen premiei eta espektatibei erantzuna emateko egin behar dituenak dira. Zerbitzu horietako bakoitza ematen da kasu bakoitzari lotutako prozesu bat gauzatuz.

Ebazpen honen I. eranskinean –Prozesuen matrizea–, 2016-2017 ikasturtean garatu asmo diren gako prozesu eragileak, bezeroei zerbitzu ematekoak, agertzen dira.

II. eranskinean –Urteko Jarduketa Plana–, Zerbitzuko kideek egin beharreko zerbitzu eta jarduerak zehaztu dira, honako hauek adierazita: epeak, emaitzak, arduradunak eta ebaluatzeko adierazleak.

III. eranskinean –Ekintza Estrategikoaren Plana– ikasturte honetarako ezarritako helmuga estrategikoak lortzea ahalbidetuko duten prozesu eta proiektuen diseinua eta garapena ezarri dira.

IV. eranskinean –Jarraipena eta ebaluazioa–, jarraipen sistema bat aurreikusi da, II. eranskinean –Urteko Plana– aipatutako zerbitzu eta jardueren lorpen maila neurtzeko, aldaketa beharrak atzemateko eta, hala badagokio, behar diren doikuntzak egiteko.

4. Erantzukizunak.

Planean zehaztuta daude planaren zerbitzu eta jarduerak diseinatu, txertatu, jarraipena egin eta hobetzeko erantzukizunak. Gainera, plana egoki gauzatzeko, zerbitzuko zuzendariak beste eginkizun eta zeregin batzuk esleitzen ahalko dizkie atalburuei, koordinatzaileei eta ikuskatzaileei.

Ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuak Hezkuntzako Ikuskatzailetzari esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, ikuskatzaileak, orobat, argibideak, aholkuak eta orientabideak emanen dizkie ikastetxeei etengabe, bitarteko lana eginen du eta, hezkuntza komunitateak eskatuz gero, behar duten laguntza emanen die, deusetan galarazi gabe irakaslana, ikastetxeak eta, oro har, hezkuntza sistema etengabe hobetzera bideratutako kontrol, gainbegiratze eta ebaluazio lanak.

5. Kalitatea kudeatzeko sistema.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko hasitako prozesuarekin bat, 2016-2017 ikasturtean, finkatu diren azpiprozesuak ezartzen jarraituko da, baita beste berri batzuen prozedurak ezartzen ere, uste baita sistema horrek zerbitzuaren funtzionamendua arindu eta koherenteagoa eta homogeneoagoa egiten duela, eta, aldi berean, ikuskatzaileen praktika hobetzen laguntzen duela.

6. Ikuskatzaileen prestakuntza.

Prestakuntza plan bat ere gauzatzea aurreikusten da, beharrezkoa izanen duten planaren eremuetan ezagutza garatzeko tresna egoki gisa. 2017-2018 Prestakuntza Planean zehaztuko da prestakuntza ekintza horien garapena.

Prestakuntza instituzionaleko ekintzak nahitaezkoak izanen dira, eta lan ordutegian eginen dira.

7. Jarraipena eta ebaluazioa.

Planaren jarraipena eta ebaluazioa eskualdeko lantaldeen bilera arruntetan eta koordinatzaileek zerbitzuko zuzendariarekin egin beharrekoetan gauzatuko dira. Egindako lanak ebaluatzeaz gain, Urteko Jarduketa Plana gauzatzeko behar diren neurri zuzentzaileak hartuko dira bilera horietan.

Ikasturtea bukatutakoan, arduradunek planaren betetze mailaren azken ebaluazioa eginen dute. Ondorio nagusiak zerbitzuaren Urteko Memorian jaso, eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari helaraziko zaizkio.

Horretarako Ebazpen honen IV. eranskinean (Jarraipena eta ebaluazioa) heldu den eredua erabiliko da.

8. Aurreikusitako aldaketak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Plana, berez, eginkizunak jada finkatuak dituen lan tresna bat da.

Dena dela, planaren dinamikak eta hezkuntza-errealitatean sortzen diren beharrak ikusita, aldaketak sartzen ahalko dira gauzatu ahala.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak egiten ahalko ditu aldaketa horiek, noiznahi; eta zerbitzuko zuzendariak ere egin ditzake, presako jarduketaren bat egin beharra dagoela uste duenean, baina, betiere, zuzendari nagusiari horren berri emanda.

Hezkuntza Departamentuko gainerako zerbitzuetako zuzendariek egindako proposamenek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariaren onespena beharko dute, ezarritako Urteko Planaren barrenean daukaten bideragarritasuna baloratuko baitu.

2. Ebazpen honen eta dagozkion oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau eta dagozkion oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta dagozkion oinarriak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko urriaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren Urteko Jarduketa Plana 2017-2028 ikasturterako (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1712239