22. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketak, Trafikoaren gaineko ordenantza orokorrean. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2016ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen aldaketak, Tuterako Udalaren Trafikoaren gaineko ordenantza orokorrean, II. eranskinari dagokionez: “Bizilagunei agiriak emateko arauak. Baimena ematen dute alde berdean aparkatzeko erregulazio hori dagoen kaleetan, indarra duten egun eta orduetan”. Zehazki aldaketak, alde berdean edo erreserbatuan aparkatzeko baimena erdiesteko baldintzei buruzkoak dira.

Aldaketa horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2016ko 116. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 16an.

Jendaurrean egoteko epean alegazio bat aurkeztu zen eta, aztertu ondotik, baiestea egokia zela erabaki. Beraz, II. eranskineko 1 puntuko a) letra honela gelditu da:

“1. Agiria eskuratzeko baldintzak, alde berdean edo alde erreserbatuan aparkatzeko.

Bizilagunendako soilik modalitate honetan aparkatzea arautua duten kaleetan. Seinale bertikalak daude galtzadan, baita lurreko marka berdeak ere, eremua mugatzeko.

Bizilagun gisa aparkatzeko agiria eskuratu nahi duenak eremu horietako batean sartutako kale batean bizi beharko du eta ondoko baldintzak bete; bestetik, baldintza horiek betetzen dituela Herritarren Laguntza Zerbitzuan frogatu:

a) Pertsona fisikoak:

–Agiria behar duen ibilgailuaren titularrak hamar eremu urdinetako batean sartutako kaleren batean bizi dela frogatu beharko du, gutxienez hiru hilabeteko antzinatasuna duela. Azken puntu hori ofizioz egiaztatuko da HLZren bulegoan.

–Zirkulazio baimena, non adieraziko baita zein etxetan bizi den ibilgailuaren titularra. Zein eremutarako eskatzen den agiria, hartan sartutako kalean egon beharko du.

–Dokumentuak eman eta tramitatzeko tasak arautzen dituen 24. ordenantza fiskalak uneoro dioen tasa ordaintzea.

–Halaber, agiria eskuratu ahalko dute errentamendu finantzarioko araubidean (leasing edo renting) ibilgailu bat dutela frogatzen dutenek, betiere zein eremutarako eskatzen duten agiria, eremu horretan bizi badira, gutxienez ere hiru hilabete lehenagotik. Azken puntu hori ofizioz egiaztatuko da HLZren bulegoan.

–Pertsona fisikoa aipatutako antzinatasunarekin erroldatua baldin badago eskatu duen agiriaren xedeko eremu berean, eta bere enpresak lagatako ibilgailu bat baldin badu, enpresaren jabetzakoa edo errentamendu finantzarioko kontratu baten bidez eskuratua (leasing edo renting), bizilagun txartela lortu ahalko du, betiere agiri bidez frogatzen badu ibilgailu horren erabiltzaile bakarra eskatzailea bera dela eta lanorduetatik kanpo erabiltzeko baimena duela.”

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.

Tuteran, 2016ko abenduaren 21ean.–Alkatea, Eneko Larrarte Huguet.

Iragarkiaren kodea: L1614666