Iragarkia
22. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 1a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
79E/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez “Enpresa establezimenduen konektagarritasun digitala 2017an” izeneko diru-laguntzaren deialdia onesten da.
Europarako Agenda Digitalaren jarduketa lerro bat da Interneten azkar sartzeko sareak zabaltzea. Ezagutzaren ekonomia garatzeko, beharrezkoa da belaunaldi berriko sareetarako sarbide orokorra izatea.
Banda zabaleko zerbitzuen estalduraren arloan Europan 2020. urterako ezarritako helburuek horren garrantzia azpimarratzen dute: herritarren %100 30 Mb/s-ko estaldurarekin eta etxeen %50 100Mb/s-tik gorako abiadurekin.
Nafarroako enpresen handitzea, lehiatzea eta nazioartekotzea bultzatzeko helburuarekin ekonomia digitala garatzeak berarekin dakar, goian aipatutako Europako helburuen ildotik, Interneterako sarbide egokia izatea.
Banda Zabaleko 2016-2021 Plan Zuzentzailea ari da prestatzen Nafarroako Gobernua, sarbide unibertsala izan dadin kalitatezko banda zabaleko komunikazio zerbitzuetara, Nafarroako herritarrentzat eta enpresentzat. Epe luzeko plana da, lau zutabe estrategikorekin: lurraldea egituratzea eta eten digitala murriztea, Europako Agenda Digitala betetzea, jarduera ekonomikoko eremuen konektagarritasuna hobetzea eta Nafarroako Gobernuko egoitzen konektagarritasuna hobetzea.
Hala ere, ikusi da badirela enpresak, batez ere industrialak, Internet zerbitzua berehalakoan hobetu behar dutenak, konektagarritasun digital azkarra edo ultrazkarra funtsezkoa izateagatik oraingo lehiarako eta etorkizuneko hazkuntzarako. Enpresa horiei laguntzera dago bideratua Nafarroako enpresa establezimenduen konkektagarritasun digitala hobetzeko laguntzen deialdi hau.
Horregatik, egokitzat jotzen da laguntza lerro bat ezartzea NGA sareetarako konektagarritasuna hobetzeko, hiri-bilbetik kanpo dauden jarduera ekonomikoko eremuetan dauden enpresa establezimenduetarako, aipatutako sare horien estaldurarik oraindik ez dagoen kasuetarako.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. “Enpresa establezimenduen konektagarritasun digitala 2017an” izeneko diru-laguntzen deialdia onestea.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:
AURREKONTUKO KONTU-SAILA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
810011-81220-7709-467902: Banda zabala ezartzeko diru-laguntzak | 2017 | 150.000,00 |
4. Nahikoa ez bada egiten diren eskaerentzat, kreditu horri 350.000 euro gehitzen ahalko zaio gehienez. Kopuru gehigarria diru-laguntzei aplikatzeko ez da beharrezkoa izanen beste deialdi bat egitea. Kopuru gehigarria eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta justifikatu behar da.
Kreditu gehigarriaren onespena eta argitalpena deialdia eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatu baino lehen eginen dira, eta onespenak ez du ekarriko eskaerak aurkezteko epe berri bat irekitzea, ez eta ebazpenak emateko eta jakinarazteko epe berri bat hastea ere.
5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela ondoriorik sortuko bere laburpena aldizkari horretan argitaratu arte.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2017ko urtarrilaren 16an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da enpresen konektagarritasun digitala hobetzea, belaunaldi berriko Interneteko sarbiderako (hemendik aurrera, NGA) sareetara konektatuz, informazioaren teknologien erabilera intentsiboagoa eta eraginkorragoa bultzatzeko, produktibitatea eta lehia handitzeko.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Laguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
a) Establezimendu bat Nafarroan izatea, eta alta emanda egotea Ekonomia Jardueren gaineko Zergan.
b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
2. Halaber, onuradun izan daitezke enpresa elkarketak, nortasun juridikorik ez izan arren, baldin baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Aurreko ataleko beharkizunak betetzen dituzten 3 enpresak gutxienez osatzen badituzte.
b) Elkartutako enpresa guztiek establezimenduak badituzte jarduera ekonomikoko industrialde berean.
c) Halako proiektuak garatzen badituzte non elkarrekin ebatziko duten NGA sareekiko konektagarritasuna zenbait enpresa establezimenduk, industrialde berean egonik.
d) Ordezkari edo ahalordedun bakarra izendatzen badute, nahikoa ahal duena onuradun den enpresa elkarketa bati dagozkion betebeharrak betetzeko.
Kasu horietan, berariaz adieraziko dira diru-laguntzaren eskaeran zer konpromiso hartzen dituen bere gain elkarteko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean enpresa bakoitzak aplikatu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Enpresok ere onuraduntzat joko dira.
3. 1. ataleko b) eta c) letretako beharkizunak betetzen direla egiaztatzeko, enpresek erantzukizuneko aitorpena erabiliko dute, eskaerari erantsi beharrekoa.
Diru-laguntza eskatzearekin baimena ematen zaio Garapen Ekonomikorako Departamentuari honako datu hauek kontsultatzeko, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, eskatzen diren beharkizunak betetzen direla egiaztatze aldera:
a) Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren altako data eta epigrafea.
b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.
4. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan:
a) Arrantza, akuikultura eta nekazaritza produktuen produkzio primarioko enpresak, izan ere sektore horiek bazterturik daude Batzordearen 1407/2013 EE Erregelamenduaren aplikaziotik. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, “de minimis” laguntzei buruz.
b) Sozietate publikoak.
3. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen ahal duten jarduketak eta gauzatzeko epea.
1. Enpresa establezimenduak NGA sareetara konektatzeko proiektuek jaso ditzakete diru-laguntzak, baldin baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Proiektuaren inbertsioak eta gastuak bideraturik daude konektagarritasunari hasiera ematera edo hura hobetzera, Nafarroako jarduera industrialdeetan dauden establezimenduetarako, baldin hiri bilbetik kanpo badaude eta NGA sareetarako estaldurarik ez badute.
b) NGA sareetarako konexioen konponbide teknologikoak aski egokiak izanen dira 30 Mb/s-ko konexio abiadura edo handiagoa emateko.
c) Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Komunikazio Elektronikoko Operadoreen Erregistroan inskribatutako operadoreak izanen dira proiektuak egin eta zerbitzua ematen dutenak.
2. Proiektuak gauzatu eta diru-laguntza jaso dezaketen gastuak egiteko epea 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko urriaren 31ra bitartekoa izanen da.
Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.
4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Honako inbertsio eta gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza:
a) Telekomunikazioetako operadoreak fakturatutako zenbatekoak, behar den azpiegitura jartzeagatik, enpresak banda zabal azkarrerako (≥30 Mb/s) konektagarritasuna izan dezan.
b) Alta hartzeko gastuak, diru-laguntzaren xede den Internetera sartzeko linea kontratatzearekin loturik.
c) Hileko kuotak, 2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartera ordainduak, diru-laguntzaren xede den Internetera sartzeko linea kontratatzearekin loturik. Aurreko a) eta b) letrei dagozkien gastuak aurkezten direnean, diruz lagun daitekeen aurrekontu osoaren %40 izanen da gehienez hileko kuotetarako diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa.
2. Aurreko ataleko a) letrako zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du telekomunikazioetako operadorea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza eta “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia beterik aurkeztuko ditu.
Onuradunak ez dira behartuta egonen hiru eskaintzak aurkeztera honako kasu hauetan, baina kasu horiek aipatutako inprimakian justifikatu beharko dira:
a) Enpresa establezimenduaren jarduera industrialdearen kokapenarengatik, ez dagoenean telekomunikazioetako operadore nahikorik NGA sareetarako sarbide-gune hurbil samar batekin.
b) Gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.
3. Behar den azpiegituraren instalazioa zenbait enpresaren artean partekatzen denean, industrialde berean dauden enpresak izateagatik, ulertuko da enpresa bakoitzak jaso dezakeela diru-laguntza, hain zuzen ere irizpide objektibo eta egiaztagarri baten arabera enpresa bakoitzari egozten ahal zaizkion zenbatekoek jaso dezaketela diru-laguntza.
4. Ez dira diruz lagunduko enpresa eskatzailearen honako gastu hauek:
a) Diru-laguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.
b) Langileria gastuak, gastu arruntak, altzarietako gastuak, kontsumigarrietako gastuak, obretako gastuak, software lizentzietako gastuak, hardwareko gastuak eta, oro har, diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuetan espres sartuta ez daudenak.
5. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Diruz lagun daitezkeen gastuen gaineko laguntza-portzentajea eta establezimendu bakoitzarentzako gehieneko laguntza honako hauek izanen dira:
PROIEKTU MOTA | LAGUNTZA | GEHIENEKO LAGUNTZA ENPRESA BAKOITZEKO |
Banakako enpresen konektagarritasun proiektuak, 2.1 oinarriaren arabera | %50 | 8.000 euro |
Enpresa elkarketen konektagarritasun proiektuak, 2.2 oinarriaren arabera | %60 | 8.000 euro |
2. Aurreko taulan adierazitakoaz gain, %5eko laguntza gehigarria emanen zaie, hartan ezarritako gehieneko laguntza-zenbatekoekin, hurrengo neurrietakoren bat hartzen duten enpresei, emakumeen eta gizonen arteko lan arloko edozein bereizkeria saihesteko.
a) Berdintasun plan bat egin izana, edo bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.
Ez dute laguntza gehigarri hori jasoko 250 langile baino gehiago dituzten enpresek, berdintasun plan bat egitera beharturik baitaude martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluaren arabera (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa).
b) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik enpresei egiten zaien aitortza edo ematen zaien bereizgarriren bat lortzea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien (Neeze) “Reconcilia zigilua”, eta abar). Laguntzen eskaerari gehituko zaio.
6. oinarria.–Laguntzak eskatzeko epea eta modua.
1. Deialdi honen laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta 2017ko apirilaren 28an bukatuko da, egun hori barne.
Deialdi honetarako baimendutako aurrekontuko kreditua egun hori baino lehen bukatzen bada, eskaerak aurkezteko epea itxi dela azalduko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren bidez (www.navarra.es), tramiteen katalogoko fitxa egokiaren bitartez (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
Eskaera bulego batean aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, aurkezpen elektronikoa eginez. Ondorio horietarako, zuzenketaren eguna izanen da eskaeraren aurkezpen eguna, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.
3. Eskaeran adieraziko da jakinarazpenak telematikoak izanen direla, eta helbide elektroniko gaitua adieraziko da, enpresa eskatzailearena edo hark izendatzen duen ordezkariarena, jakinarazpen horiek egiteko.
Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke helbide elektroniko gaitua. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da. Behin helbide elektroniko gaitua lortuta, Nafarroako Gobernuaren prozeduretan izena eman behar da.
7. oinarria.–Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.
1. Honako hau da eskaerari gehitu behar zaion dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa (dokumentuak bereiz aurkeztuko dira, izenarekin behar bezala identifikatuta daudela):
a) “Enpresa establezimenduen konektagarritasun digitala 2017” izeneko inprimakia, behar bezala betea. Inprimaki horren baitan memoria bat izanen da, eta hartan zehaztuko dira ezarri beharreko konektagarritasun moduaren ezaugarri teknikoak.
b) Erantzukizuneko aitorpena, frogatzen duena 2.1 letretako b) eta c) beharkizunak betetzen direla.
c) “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia eta, zein den kasua, 4.2 oinarrian aipatzen diren hiru eskaintzak.
d) Eskaera ordezkari baten bidez aurkezten bada, ahalordetze-eskritura, edo entitatearen dokumentu pribatuaren kopia, ordezkariari eskaera aurkezteko baimena ematen diona.
e) Zein den kasua, 5.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeagatik laguntza gehigarria eman izana frogatzen duena.
f) Proiektua zuzen baloratzeko interesekotzat jotzen diren dokumentu guztiak.
2. Aurkeztutako dokumentazioak aipatutako beharkizunak betetzen ez baditu, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Aurreko atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin da inondik inora konpondu.
8. oinarria. Banakako ebaluazio araubidea.
Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, 3. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskabideak.
Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
9. oinarria.–Diru-laguntza ematea.
1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoak, eskabideak baloratuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena. Bertan adieraziko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.
2. Laguntza hauek emateko eta ordaintzeko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak 13. oinarrian adierazitako moduan eginen dira.
10. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.
Onuradunek 2017ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne, justifikatu beharko dute diru-laguntza jasotzen duen jarduketa; horretarako, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute hurrengo dokumentazioa:
a) Justifikazioaren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa. Inprimaki horretan, egindako proiektua justifikatzeko memoria bat egonen da, ezarritako eduki-gidoiaren arabera.
b) Instalazioa egin duen telekomunikazioetako operadoreak sinatutako txostena, frogatzen duena zein den ezarritako konponbide teknikoaren Interneterako konexioaren abiadura.
c) Fakturak eta haien ordainagiriak, eskaera aurkezten duen enpresaren izenean egon beharko dutenak (bankuko dokumentuak bakarrik onartuko dira).
Fakturek eta ordainketek 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko urriaren 30era bitarte eginak izan beharko dute.
11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, gardentasun aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoa (dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak).
Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.
b) Diruz lagundutako jarduera egin dela aurreko oinarrian ezarritako moduan frogatzea.
c) Interneteko konexio horri gutxienez bi urtez eustea, laguntza ordaintzeko ebazpena ematen den egunetik.
d) Laguntza eman dela zabaltzea enpresaren web-orriaren bidez, testu hau sartuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du, Nafarroan 2017an enpresa establezimenduen konektagarritasun digitala sustatzeko deialdian”.
e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.
12. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.
1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.
2. Ordainketaren ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.
1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira eskabidean adierazten den helbide elektroniko gaitura.
2. Onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.
14. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
1. Deialdi honen diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduketa beretarako ematen dituen beste edonolako diru-laguntzekin.
Aitzitik, bateragarriak izanen dira beste entitate batzuek helburu bererako ematen dituzten diru-laguntzekin; nolanahi ere, diru-laguntza guztiek batera ezin izanen dute gainditu onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua.
2. Ondorio horietarako, eskatzaileek eskabidean adieraziko dute zer diru-laguntza lortu dituzten helburu bererako, beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
15. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.
1. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emaniko “de minimis” laguntza osoa, gehienez ere, 200.000 eurokoa izanen da, edo 100.000 eurokoa, errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresen kasuan, hiru zerga-ekitaldiko edozein denboralditan. Aipatutako erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
2. Horretarako, kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortuko dituzte interesdunek.
16. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, adierazita deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.
17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F1700740
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
