22. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

81/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 16koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, E mailako lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, E mailako lanposturako aldi baterako kontrataziorako zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasun Departamentuan izan ezik, sortzen diren beharrei erantzuteko.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 42.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraituz onesten da deialdi hau; orobat, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan xedatzen denarekin bat.

Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia onestea, E mailako lanpostuetan aritzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasun Departamentuan izan ezik, sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaiko kideei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 16an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIAK

E mailako lanposturako aldi baterako kontrataziorako
izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.

Deialdia egiten da E mailako lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasun Departamentuan izan ezik, sortzen diren beharrak aldi baterako bete ahal izateko.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskola-ziurtagiria, DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokidea izatea, edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten E mailako lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea baliatu beharko dute eskaera egiteko. Eskabide hori Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, eskatzen zaizkien baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi beharko dute interesdunek.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera ondoko dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari haien identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak baitira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 68.1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe ez daudela.

b) Eskualdeak eta aldi baterako kontratuak hautatzea.

Izangaiek III. eranskinean jasotzen den dokumentua, betea eta sinatua, aurkeztu beharko dute, hautatzeko zer eskualdetan aritu nahi duten eta adierazteko prest daudela lanaldi partzialeko kontratuak onartzeko. Eskabidearekin batera aurkezten ez badute, ulertuko da eskualde guztiak hautatzen dituztela eta prest daudela lanaldi partzialeko kontratuak onartzeko.

Nahi adina eskualde aukera daitezke, ez baitira bateraezinak.

Zer hautatzen den, horrek ondorioak izanen ditu zerrendak indarra duen denbora guztian.

c) Euskarazko 2. edo 3. jakite mailaren betebeharra duten kontratazioak hautatu nahi dituztenek, parte hartzeko eskabideaz gain, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailari dagokion tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, edo hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako Euskararen Gaitasun Agiriarena edo ofizialki baliokidea den beste titulu batena.

Aipatu titulurik ez bada, proba bat egiteko aukera izanen da, eta horrela zehaztuko da izangaiak nahikoa mailarik baduen hizkuntza horretan. Gaitasun proba hori egin nahi dutenek prozesuan parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horretarako ezarritako tokian.

d) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute eta , gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangai horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara eramanen dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriaren 2.1.c) atalean eskatzen den titulazio betebeharra, bai eta 2.1.f) atalean eskatutakoa ere, hala egin behar denean, dokumentu bidez frogatu beharko dira dei egiten zaienean, deialdiaren hamargarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua izan; dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian ageri da: www.navarra.es), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/1992 Legearen 16.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

Bosgarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak onetsi den deialdian onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es).

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, hura argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

6.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu, deialdian ezarritako hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Eskabidean adierazten dutenek deialdiaren hirugarren oinarriko 3.2 c) atalean ezarritako euskara tituluetako bat dutela, zuzenketak egiteko epea iraganda ez badute frogatu, euskararen mailaketa proba egiteko deia jasoko dute.

Euskarazko berariazko probarako deia jaso eta atal honetan aipatzen diren behin betiko zerrendak argitaratu ondoren eta euskara probak hasi baino lehen, deialdiaren hirugarren oinarriko 3.2 c) atalean ezarritako tituluetako bat dutela frogatzen duten izangaiak euskara proba egitetik salbu geldituko dira. Tituluak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari igorri beharko zaizkio, eta deialdiaren laugarren oinarrian aipatu bitartekoaren baten bidez aurkeztu beharko dira. Ohartuz gero aurkezten den titulua ez dela deialdiaren hirugarren oinarriko 3.2 c) atalean jasotakoetako bat, berariazko euskara proba egin beharraren berri emanen zaio interesdunari.

6.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Beatriz Ayerra Gamboa andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Barne-Igoerako eta Aldi Baterako Kontratuetarako Ataleko burua.

Ordezko mahaiburua: Virginia Marín Fernández andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Hautapenaren, Hornikuntzaren eta Administrazio Egoeren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Alberto Viana Górriz jauna, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Estatistiken eta Informazio Kudeaketaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Natalia Martínez de Lizarrondo Jiménez andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko administraria.

Epaimahaikidea: Íñigo Artázcoz Guereñu jauna, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Barne Kudeaketaren, Logistikaren eta Langileriaren Bulegoko burua.

Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Ana Etxeberria Vega andrea, langileen ordezkari, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatuta.

Ordezko batzordekidea: Manuel Esteban Asurmendi jauna, langileen ordezkari, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatuta.

Batzordekide-idazkaria: María Lourdes Beguiristáin Urchipía andrea, Eskubide Sozialetako Idazkaritza Tekniko Nagusiko Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Ataleko Administrazio Publikoko Arlo Juridikoko teknikaria.

Ordezko mahaikide-idazkaria: Juan de Pablo Fernández jauna, Eskubide Sozialetako Idazkaritza Tekniko Nagusiko Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

7.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, argitara emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Zortzigarrena.–Proba.

8.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Proba horretan 80 galdera erantzun beharko dira ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, erantzun zuzenaren balioaren herena hain zuzen.

Kalifikazio Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, ariketa hasi aurretik.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

8.2. Hautapen prozesuan 80 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, eta bazterturik geldituko dira proban gehienez puntuazioaren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

8.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute parte-hartzaileek. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

8.4. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8.5. Euskara proba: Probaren kalifikazioak argitaraturik, hura gainditzen duten izangaien artean euskararen ezagutzari buruzko probak egitea eskatu duen izangairik bada, epaimahaiak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren laguntza eskatuko du. Organo horrek mailaren gaineko berariazko ariketa eginen du, eta izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen die, euskarazko 2. eta 3. jakite mailetarako.

Horretarako, epaimahaiak, Euskarabidearekin bat, probak egiteko tokia, eguna eta ordua iragarriko ditu. Izangai horientzako deialdia Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.navarra.es web-orrian ere.

Euskararen ezagutzari buruzko proben kalifikazioa bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web-orrian ere.

Bederatzigarrena.–Emaitzak.

9.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

9.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen puntuazioetan berdinketarik izanez gero, epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura hausteko. Berdindutako guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, zozketan hautatutakoaren abizenak eta izena abiapuntu harturik. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean.

9.3. Aurkezten diren alegazioak eta berdinketak ebatzirik, epaimahaiak, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web-orrian argitaratuko du proba gainditzen duten pertsonen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren ordenan.

Halaber, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio zerrenda, onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Hamargarrena.–E mailako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda.

10.1. Zerrenda onestea.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa), bai eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere (www.navarra.es).

10.2. Deia.

Izangaiei dei egin eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honen oinarriak; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa) eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. atalean, ezarritakoa. Horren bidez Nafarroako administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira.

10.3. Baldintzak frogatzea.

10.3.1. Deia jasotzen dutenek eskatzen zaizkien titulazio betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako hauen fotokopiak alegia: eskola ziurtagiria, DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa, lehen mailako Lanbide Heziketa; bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinaren fotokopia; betiere, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuraturik.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

10.3.2. E mailako lanpostuetan aritzeko deia jasotzen dutenek ohiko harremana izan behar badute adingabeekin epai irmo baten bidez frogatu beharko dute ez direla kondenatuak izan sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboaren bidez, edo baimena propio emanez administrazio honi ziurtagiri negatiboa eska diezaion Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari.

Estatuz kanpoko izangaiek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboaz gain (aurreko lerroaldean ezarritakoa), zigor penalik ezaren ziurtagiria aurkeztuko beharko dute, haien jatorrizko herrialdeko edo estatuko agintariek luzatua, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusia arautzen duen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 1. idatz-zatiko zerrendaren delituei dagokienez.

10.3.3. E mailako lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, bere oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 16an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Elektrizitateko, igeltserotzako eta pinturako oinarrizko hastapenak.

2. gaia.–Zur eta metal arotzeriako oinarrizko hastapenak. Lorezaintzako oinarrizko hastapenak.

3. gaia.–Iturgintzako, berokuntzako eta saneamenduko eta oinarrizko mekanikako oinarrizko hastapenak.

4. gaia.–Higiene arloko jardunbide egokien gida. Garbiketari buruzko kontzeptu orokorrak. Garbiketa sistemak. Gelen garbiketa. Arropa garbitu eta zaintzea.

5. gaia.–Jantoki zerbitzua, kontuan hartu beharreko alderdiak.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea (PDFa).

III. ERANSKINA

Eskualdeen hautapena, kontratazioetan parte hartzeko eta aldi baterako kontratuak hautatzeko (lanpostua: E maila) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1700786