217. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1984/2017 EBAZPENA, urriaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira bi izangai-zerrenda egiteko, hautaketa-proben bidez, Ekonomian/EAZn lizentziadunen edo graduatuen bi zerrenda osatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzeko, bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, xedatzen du ezen, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak egingo baitira aldi baterako kontratazioak egiteko hautagai-zerrenda osatzeko hautaketa-probekin batera.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du langileen aldi baterako aukeraketa deialdi baten bidez egingo dela, eta deialdi horretan bermatuko direla berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren langile-beharrak kontuan harturik, eta sortzen diren langile-beharrak estaltzeko xedearekin, bidezkoa da hautaketa-probetarako deialdiak onestea, bi izangai-zerrenda egiteko, Ekonomian/EAZn lizentziadunen edo graduatuen bi zerrenda osatzeko, bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

Ikusirik Langileen Kudeaketa Ataleko buruak egin duen txosten-proposamena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2015eko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 Ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaketa-proben bidez, Ekonomian/EAZn lizentziadunen edo graduatuen bi izangai-zerrenda osatzeko deialdia onestea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzeko, bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

Bigarrena.–Deialdiak arautuko dituzten oinarriak, ebazpen honekin batera doazenak, I. Eranskin moduan, onestea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Unibertsitateko web-orrialdean argitara dadin agintzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, administrazio bidea agortzen du, eta bere aurka, zilegi da aukerako berraztertze errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako arlo bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere, ebazpen hau jakinarazi, eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2017ko urriaren 24an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Honako hauek zuzenduko dituzte deialdiak: 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), eta 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak (2014ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), deialdi honetako oinarriek eta aplikagarriak diren gainerako araudi guztiek.

I.–HAUTAPROBAK EGITEKO DEIALDIA, EKONOMIAN/EAZn LIZENTZIADUNEN EDO GRADUATUEN IZANGAI-ZERRENDA
BAT OSATZEKO, BEHIN-BEHINEKO KONTRATAZIOAK EGITEKO

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangai-zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, Ekonomian/EAZn lizentziadunen edo graduatuena, behin-behineko kontratazioak egiteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan gertatzen diren beharrei aurre egin ahal izateko.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hau subsidiarioa izango da 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, ezartzen duenaren babesean egiten den beste edozein funtzionario-zerrendaren aurrean.

Bigarrena.–Izangaien betekizunak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Ekonomian edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziadun titulua edo Gradu titulua izatea, edo Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen jakintza arloko ekonomia, enpresa, kontabilitate edo finantza eremuko titulu baliokide izatea, edo berori eskuratzeko eskubideak ordaindu direlako ordainagiria izatea, eskaerak aurkezteko epean amaitzen den egunean.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan kualifikazio profesionalaren aitorpena daukaten izangaiei, Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi dutenei.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar izateaz gain, hautapen prozedurak edota kontratazio-epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarrena.–Hautaketarako prozesuaren garapena eta balioespena.

Hautaketarako prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera burutuko da.

Laugarrena.–Behin-behineko kontrataziorako izaangaiei dei egitea.

Izangaien deia, eta hala badagokio, kontratazioa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluak eta ondorengoek ezartzen dutenarekin eta deialdi honetako oinarriek ezartzen dutenarekin bat etorriz, 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileak administrazio araubidearen araberako kontratatzea arautzen duenak, ezartzen duenarekin bat etorriz, eta aplikagarriak diren gainerako araudiek ezartzen dutenarekin bat etorriz egingo da.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonen enplegurako sarrera Nafarroako Administrazio Publikoetan. Horretarako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.

II.–HAUTAPROBAK EGITEKO DEIALDIA, EKONOMIAN/EAZn LIZENTZIADUNEN EDO GRADUATUEN IZANGAI-ZERRENDA
BAT OSATZEKO, PRESTAKUNTZARAKO, ZERBITZU
BEREZIETAKO EGOERAN

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangai-zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, Ekonomian/EAZn lizentziadunen edo graduatuena, prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran, Nafarroako Unibertsitate Publikoan gertatzen diren beharrei aurre egin ahal izateko.

Bigarrena.–Izangaien betekizunak.

2.1. Lehiaketan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioa izatea, eta B, C, D edo E maila edo multzokoa izatea.

b) Lanpostuan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea, gutxienez.

c) Ez egotea eszedentzian, ez bada eszedentziak lanpostua erreserbatzeko eskubidea ezartzen duela.

d) Ekonomian edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziadun titulua edo Gradu titulua izatea, edo Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen jakintza arloko ekonomia, enpresa, kontabilitate edo finantza eremuko titulu baliokide izatea, edo berori eskuratzeko eskubideak ordaindu direlako ordainagiria izatea, eskaerak aurkezteko epean amaitzen den egunean.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, hala badagokio.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira, eta hautapen prozedurak edota prestakuntza-epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

2.3. Aurretik aipatu baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian eta, halaber, zerbitzu berezietako egoeran aritzeko prestakuntzarako izangaien zerrenda osatzeko deialdian.

Hirugarrena.–Hautaketarako prozesuaren garapena eta balioespena.

Hautaketarako prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera burutuko da.

Laugarrena.–Prestakuntzako izangaien deia.

Izangaien deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran daudelako aitorpena egingo da 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, ezartzen duenarekin bat etorriz, deialdi honetako oinarriek ezartzen dutenarekin bat etorriz eta aplikagarriak diren gainerako araudiek ezartzen dutenarekin bat etorriz.

III.–BI DEIALDIETAKO ARAU KOMUNAK.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 45.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, deialdietako 1. oinarri komunak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeari dagokiona izan ezik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean egingo dira (www.unavarra.es/servicioRRHH/enplegu-publikoa/azl?languageId=100001), eta ez dira baliozkoak izango bestelako tokietan egindakoak.

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazona etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, Autonomia Erkidegoetako Administrazioetako eta Toki Administrazioa osatzen duten Erakundeetako erregistroetan, posta bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsulatuetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea).

2.2. Eskabide-ereduak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko helbide hauetan agertzen direnak izango dira:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran).

Eskabidean, parte-hartzaileak adierazi beharko du eskaerak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

Aldi baterako kontrataziorako deialdian parte hartzen dutenek Iruñeko campusean, Tuterakoan edo bietan kontratuak onartzeko daukaten prestasuna agerrarazi beharko dute.

2.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek aurkeztu beharko dute Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuarena, eta hala badagokio, behin-behineko deialdiko 2.1.a) oinarriak eskatzen dituen naziotasun eta ahaidetasun baldintzak egiaztatzen dituenarena, baita deialdian ezarritako titulazio baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa ere.

2.4. Desgaitasun aitortua daukaten izangaiek, eskabidearekin batera, desgaitasuna egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emandakoa. Halaber, modua izango dute ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, eta hala adierazi beharko dute eskabidean. Adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten, horretarako diseinatutako orri bereizi batean:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak.

Hirugarrena.–Izangaiak onartzea.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko dena, eta onetsi diren deialdi hauetako onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onetsiko ditu.

Baztertutako edo azaldu gabeko izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioa egin eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea. Aipatutako epean zerrendetan agertzen ez direla aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuko dituzte probetatik.

Baztertutako izangairik ez badago, onartutako izangaien zerrendak behin betikotzat hartuko eta onetsiko dira.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emango du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko dena. Horretan onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda ontzat emango da. Ebazpen horretan, lehen proba egiteko lekua eta eguna adieraziko dira.

Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat, deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko dira.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela joko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honek onetsi dituen deialdietako hautaketa-prozesua bi probaren bidez egingo da:

–Lehen proba, egun berean eta elkarren segidan egingo diren bi parte edukiko dituena:

a) Lehen partea: erantzuteko hainbat aukera dituzten galderen zerrenda bat izango da, eta galdera bakoitzarentzat erantzun bakarra izango da balioduna. Galderak ebazpen honen II. Eranskinean ezarririko gaitegiari buruzkoak izango dira. Huts egindako erantzunak modu negatiboan balioetsiko dira.

b) Bigarren partea: ebazpen honetako II. Eranskineko gaitegiari buruzko kasu teoriko-praktiko batzuk idatziz garatuko dira.

–Bigarren proba: ebazpen honetako II. Eranskineko gaiekin loturiko kasu praktiko bat edo batzuk Microsoft Excel 2013 programan garatzea izango da.

Bi probak baztertzaileak izango dira, eta proba bakoitzaren % 40 lortzen ez duten izangaiak bazterturik geratuko dira. Halaber, lehen probako bi parteetako batean 0 puntu ateratzen dutenak ere baztertuta geratuko dira.

Lehen proba gainditu duten izangaiak baizik ez dituzte deituko bigarrena egiteko. Epaimahaiak iragarriko du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean bidez, bigarren proba zer egunetan eta ordutan egingo den.

4.2. Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du proben gehienezko iraupena, eta hasi baino lehen jakinaraziko du. Halaber, parte bakoitza nola balioetsiko den eta lehen probako lehen parteko erantzun okerren penalizazioa ere jakinaraziko du.

Zerrendetan egoteko, izangaiek probaren bi parteak gainditu behar dituzte.

4.3. Hautaprobarako deialdia deitze bakar baten bidez egingo da, eta izangaiek bertaratu beharko dute epaimahai kalifikatzaileak adierazi duen tokian eta egunean, jardunak hasteko ezarri duen orduan. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, IFZ, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Probetatik kanpo geldituko dira beren nortasuna esandako dokumentuen bidez egiaztatzen ez dutenak, edo agertzen ez direnak.

4.4. Desgaitasun aitortua izanik, eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak garatzeko.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

5.1. Honako hauek izango dira Epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: María Sauleda Munárriz andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kontuhartzailetza eta Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Blas Ignacio Los Arcos León jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Gaietarako eta Programaziorako kudeatzaileordea.

–Epaimahaikidea: Mónica Irizar Ortega andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kontabilitate Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Eduardo Pérez Urdánoz jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Gaietarako Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Marta Pérez Urdánoz andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Aurrekontuen eta Ekonomia Plangintzaren Ataleko O.L. teknikaria (Ekonomia arloa.

Ordezko epaimahaikidea: Juana Hernández Muro andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Analisia eta Programazioa Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: Antonio Ureta Aizcorbe jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko idazkari teknikoa.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Pedro Ardaiz Labairu jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

Baldin eta legeak ezartzen dituen abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiak izaten badira, eta epaimahaiaren osaera aldatzen bada, hau jendaurrean jakinaraziko da, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

5.4. Deialdi honetako arauak interpretatzeak eta aplikatzeak sorrarazitako zalantzak Epaimahaiaren gehiengoak ebatziko ditu, eta hautaprobak aurrera egin ahala deialdian aurreikusten ez diren eta sor litezkeen auziak ebazteko neurriak hartuko.

5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izango du aholkulari adituak sartzeko hautaprobarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoen esparrura mugatuko dute beren lankidetza.

5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.

Seigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Hautaproba bukatzen denean, Giza Baliabideen Zerbitzuak argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko web-orrialdean, honako zerrenda hauek, bereizirik:

A) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren hurrenkeran. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko langilean administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, bere 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio. Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, zozketa egingo da berdinduta dauden izangaien artean. Zozketan atera den pertsonaren izena eta deituretatik abiatuz, gainerako berdinketa guztiak deituren alfabeto hurrenkeraren arabera ebatziko dira. Zozketaren emaitzak jendaurrean jakinaraziko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdeko deialdian.

B) Prestakuntza zerbitzu berezietako egoeran egiteko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, erdietsi duten puntuazio osoaren hurrenkeran.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak irauten badu, deialdiak ezartzen duen eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, antzinatasun handiena daukan izangaiaren alde ebatziko da.

6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautatze-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautatze-prozesuaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez onartuko dira zerrendak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko dira.

7.2. Deia.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia ebazpen honek onartzen dituen deialdietako oinarriek ezartzen dutenarekin bat etorriz egingo da, eta kasu guztietan bermatuko da zerbitzu berezietako egoeran aritzeko prestakuntzarako daudenek lehentasuna edukiko dutela aldi baterako kontrataziorako izangaiak direnen aurretik.

Baldintza hauek betetzen ez dituztenak baztertu egingo dira hautatze-prozesutik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, eta dagokien deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko zaizkie.

Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.

8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horrengatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako, hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izango da, gehienez ere sei urte bete arte. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzeko, aldi jakin baterako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emango du.

8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izango dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen librearen edo behin-behineko izendapenaren bidez izendatutako lanpostu batetik badatoz, egoera hau amaitutzat joko da.

8.3. Hainbat prestakuntza zerrendatan daudenak gehienez ere eta guztira sei urte egongo dira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.

8.4. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, aldi horren amaieran, zerrendan dagokion lekua izango du berriz ere izangaiak.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko ekintzen aurka, Epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatzen den egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–6/2001 Lege Organikoa, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateei buruzkoa.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzkoa.

3.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak (maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretua).

4.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2017ko aurrekontua betearazteko oinarriak.

5.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Barne Kontrolerako Arautegia.

6.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

7.–6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

8.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

9.–Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra (apirilaren 13ko 1037/2010 Ekonomia eta Ogasuneko Ministerioaren Agindua).

10.–Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren Sektore Publikoko Kontu-ikuskaritzako Arauak (Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzaile Nagusiaren ebazpena, 1998ko irailaren 1ekoa, Sektore Publikoko Kontu-ikuskaritzako Arauak onesten dituen ebazpena argitaratzea agintzen duena).

Oharra: Deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duten arauei jarraituz eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: F1712573