Iragarkia
217. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
305/2017 EBAZPENA, urriaren 17koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, berrehun eta hiru mila euroko (203.000,00 euro) diru-laguntza baimentzen duena Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoarentzat eta diru-laguntza hori antolatzeko hitzarmena onesten duena.
Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.
Bestalde, Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoa, izaera bereziko elkartea den aldetik, eta juridikoki hala aitortua sortu zenetik, lan handia egiten ari da hainbat arlotan: boluntariotzaren garapena eta elkartasunaren sustapena, larrialdi medikoko egoerak, gizarte laguntza, garraio egokitu berezia, prebentzio zerbitzuak, osasun prestakuntza eta gaikuntza larrialdi kasuetarako, laguntza psikologikoa eta geriatrikoa.
Nafarroako Gobernua, bere departamentuen bidez laguntza eta gizarte arloko programa eta politikak aurrera eramateko orduan, boluntarioen eta profesionalen arteko hartu-emanak sustatzen ari da, eta bide ematen ari da antolaturik dauden boluntarioek interes orokorrekoak izan daitezkeen arloetan esku hartzeko, haien lana osagarria delakoan.
Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoak, 2017ko irailaren 19ko 2017/564983 eskabidearen bitartez, laguntza ekonomikoa eskatu zuen bere baliabideak babes zibilaren sisteman egiazki sartzeak sortzen dizkion gastuei aurre egiteko, bai funtzionamendu gastuetarako (elkartekideen prestakuntza barne) bai larrialdietan esku hartzeko behar diren bitartekoak eskuratzeko, Nafarroako Gobernuarekin 2012ko apirilaren 12an sinatutako lankidetzarako esparru-hitzarmenaren laugarren klasularekin bat, indarrean baita.
2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean bi partida izendun daude erakunde hori sostengatzeko:
- 054001 02500 4819 134102, “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin gastu arruntetarako”, 188.000,00 eurokoa.
- 054001 02500 7819 134102, “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin inbertsioetarako”, 15.000,00 eurokoa.
Diru-laguntza hori Espainiako Gurutze Gorriarekin sinatuko den hitzarmen batean arautuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren babesean.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuaren aldeko txostena dagoenez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Gastua baimentzea eta Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoari (IFZ: Q-2866001G) berrehun eta hiru mila euroko (203.000,00 euro) diru-laguntza ematea, elkarte horren antolaketa-egitura eta Espainiako Gurutze Gorriaren Nafarroako zerbitzuak biltzen dituen egoitza soziala finantzatzeko eta, bestetik, boluntariotza sustatzeko, Nafarroako babes zibilaren sistemaren partaide baita.
2. Gastu hori finantzatzea, honela: 188.000 euro “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin gastu arruntetarako” izeneko 054001 02500 4819 134102 partidaren kargura; eta 15.000,00 euro “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin inbertsioetarako” izeneko 054001 02500 7819 134102 partidaren kargura, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
3. Diru-laguntza hori arautzeko Espainiako Gurutze Gorriarekin izenpetu beharreko hitzarmena onestea. Ebazpen honi erantsi zaio, eranskin gisa.
4. Diru-laguntza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpena igortzea Babes Zibilerako Zerbitzuari, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari eta Boluntarioen Bulegoari. Halaber, ebazpena jakinaraztea Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoari, eta ohartaraztea ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatuari jarraikiz.
Iruñean, 2017ko urriaren 17an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.
BARNE ZUZENDARITZA NAGUSIAREN ETA ESPAINIAKO GURUTZE GORRIKO NAFARROAKO BATZORDE AUTONOMIKOAREN ARTEKO HITZARMENA 2017. URTERAKO
Iruñean, 2017ko urrian.
BILDURIK:
Batetik, Agustín Gastaminza Oiz, Barneko zuzendari nagusia, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiaren izenean eta hura ordezkatuz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan aurreikusitako eskudantziak erabiliz.
Bestetik, Pedro Herrero Vilas jauna, Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoaren izenean eta hura ordezkatuz.
Biak aritzen dira beren karguak betez, eta duten ordezkaritzaren izenean, eta elkarri aitortzen diote hitzarmen hau sinatzeko behar adina lege gaitasun, eta, hori dela eta,
ADIERAZTEN DUTE:
Boluntarioen lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen xedea da, batetik, herritarrak bultzatzea edonolako lan boluntarioetan parte hartzera, aktiboki, askatasunez, elkartasunez eta erantzukizunez parte hartu ere, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan horrelako egitarau edo jarduera etengabeak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateen bitartez, eta bestetik, pertsona boluntarioen, boluntariotza entitateen eta Nafarroako Administrazio Publikoen arteko harremanak ezartzea. Legearen 12. artikuluan ezartzen da administrazio publikoek jarduerak eginen dituztela boluntarioen lana eta elkartasuna sustatzeko gizarte zibilaren baitan, eta azkenik, 5. artikuluan boluntariotza entitateen definizio bat agertzen da: legez osaturik dauden pertsona juridikoak dira, irabazteko asmorik gabeko gizarte programa edo jarduerak egiten dituztenak pertsonen edo gizarte taldeen onerako, batez ere gizarte, osasun edo babes zibileko zerbitzuen arloan, eta, horretarako, boluntarioez baliatzen dira bereziki.
2/1998 Foru Legearen 14. artikuluak xedatzen du Nafarroako Foru Komunitateak boluntarioen egitarau eta jarduerei diruz lagunduko diela, eta, horretarako behar diren partidak izendatuko direla aurrekontuetan, diru-laguntzak emanen direla eta boluntariotza entitateekin hitzarmenak edo itunak sinatuko direla, eragindako gastuak estaltzeko asmoz.
Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legean aurreikusita dago babes zibilerako sistema publiko bat eratuko dela Nafarroan. Antolamendu egituratu eta koordinatu bat izanen da, larrialdi egoeretan arreta eta laguntzarako materiala eskaintzeko orduan ahalegin publikoak eta pribatuak bateratuko dituena. Arau horren 39.2.g) artikuluak ezartzen du babes zibileko boluntariotza entitateak larrialdiak kudeatzeko sistema publikoaren zati direla.
Espainiako Gurutze Gorria erakunde humanitario bat da, borondatezko izaera eta interes publikoa duena. Administrazio publikoen laguntzaile eta lankide gisa jarduten du haiek sustatzen dituzten jarduera humanitario eta sozialetan, eta, erakundearen antolaketa arauak onesten dituen martxoaren 1eko 415/1996 Errege Dekretuaren arabera, gizatasuna, inpartzialtasuna, neutraltasuna, borondatezkotasuna, batasuna eta unibertsaltasuna dira bere jarduketaren printzipio nagusiak.
Espainiako Gurutze Gorria sortu zenetik sustapen eta parte-hartze lan nabarmena egin du gizarte ongizatea lortzeko bidean, boluntariotza garatzen eta elkartasuna bultzatzen. Nafarroako Gurutze Gorriaren oinarrian boluntario asko daude, ekintza sozialetan eta asistentzialetan nola larrrialdietan laguntzeko prestatuta eta horretan espezializatuta, eta horrez gain ekintza horiek betetzeko baliabide materialak ditu.
Gainera, 2012ko apirilaren 12an, Nafarroako Larrialdietako Agentziak, gaur egun desagertutakoak, eta Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoak lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu zuten Nafarroako babes zibilaren sisteman sartzeko, eta, horren bidez, boluntariotza sustatzeko, ekintza humanitarioetan, giza eta gizarte laguntzarako ekintzetan edo larrialdi, hondamendi eta katastrofeetan parte hartzen duten boluntarioen etengabeko prestakuntza eta laguntzaren kalitatea begiratzeko eta jarduketa mota bakoitzerako prestatuak eta espezializatuak dauden boluntarioen mobilizazioa errazteko; horretarako, eskura dauden baliabideak koordinatuko dira, eta jarduketa printzipioak aginte bakar baten printzipioaren arabera artikulatuko dira.
Nafarroako Gurutze Gorriaren baliabideak larrialdien arretarako sistema publikoan benetan sartzea posible izan dadin, esparru hitzarmen horretan jasota dago Nafarroako Gobernuaren konpromisoa laguntza ekonomikoa emateko, bai funtzionamendu gastuetarako, kideen prestakuntza barne, bai larrialdietan esku hartzeko behar diren bitartekoak eskuratzeko.
Geroago, irailaren 9ko 197/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentzia iraungi zen, Barne Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoan unitate organiko gisa integratzeko, zerbitzuaren kategoriarekin. Iraungitzearen ondoriozko ondasun eta eskubideen multzoa xede eta eginkizun berei lotuta jarraitzen du, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari atxikita, zeina Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoaren eskubide eta betebeharretan subrogatu baita, aipatu foru dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materialean sartuta dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuen kudeaketa babes zibilari eta larrialdien arretari dagozkien gaietan.
Espainiako Gurutze Gorriak Nafarroako Babes Zibilaren eskeman duen garrantzia dela-eta, partida izendun bat sortu zen duela urte batzuk Nafarroako Aurrekontu Orokorretan hark ematen dituen prestazioei aurre egiteko, hurrengo urteetako aurrekontu orokorretan mantendu dena. 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legean bi partida izendun daude:
- 054001 02500 4819 134102, “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin gastu arruntetarako”, 188.000 eurokoa.
- 054001 02500 7819 134102, “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin inbertsioetarako”, 15.000 eurokoa.
Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoak eskaera aurkeztu du Barne Zuzendaritza Nagusian diru-laguntza arautzeko hitzarmena formalizatzeko, hitzarmen honen esparruan bete beharreko helburuak eta jarduerak deskribatzen dituen agiria erantsita. Agiriaren eranskin batean zehazten da 2017. urtean jarduteko behar dituen gastuen aurrekontu orokorra; guztira, 6.036.648,33 euroko zenbatekoa du (horietatik, 5.442.193,79 euro gastu orokorretarako dira, eta 594.454,54 euro inbertsioetarako), eta aurreikusitako diru-sarreren zenbatekoa, berriz, 6.470.293,02 eurokoa da (Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza barne).
Aurkeztutako proposamenean Nafarroako Gobernuaren laguntzaren destinoa zehazten da, zenbatekoa bete beharreko ardatz edo helburuen artean banatuta; horien kostuak aurkeztutako aurrekontu orokorrean ageri diren gastu partidei egozten zaizkie.
Horregatik guztiagatik, alderdiek honako hau erabaki dute:
KLAUSULAK
Lehena.–Xedea eta helburua.
Hitzarmen honen xedea da 2017rako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako diru-laguntza izendun hori entitate onuradunari, Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoari zuzenean emateko aplikatu beharreko baldintzak eta konpromisoak ezartzea; diru-laguntzaren helburua da, batetik, Espainiako Gurutze Gorriak Nadarroan duen antolaketa-egiturari eta egoitzari eustea, bere baitan hartzen baititu larrialdietako osasun garraioan eta larrialdien prebentzioan eta erantzun-ekintzetan parte hartzen duten zerbitzuak, eta bestetik, boluntariotza sustatzea, Gurutze Gorria Nafarroako babes zibilaren sistemaren partaide baita, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Gurutze Gorriak 2012ko apirilaren 12an sinatutako Lankidetzarako Esparru-hitzarmen indardunean erabakitakoari jarraikiz.
Hitzarmen honen bidez diruz laguntzen den jarduerak onura publiko eta soziala du, izan ere, babes zibilarekin loturiko zerbitzu emate guztiak zerbitzu publiko gisa hartu behar dira, zalantzarik gabe, eta administrazio publikoekin batera jarduteko libreki eta beren borondatez elkartzen diren boluntarioen sustapena ere gisa horretara hartu behar da.
Bigarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Hitzarmen hau sinatzearen bidez, Barne Zuzendaritza Nagusiak 203.000 euroko zuzeneko diru-laguntza ematen dio Nafarroako Gurutze Gorriari, hau da, 2017rako Gastuen Aurrrekontuko 054001 02500 4819 134102 eta 054001 02500 7819 134102 partida izendunen zenbatekoen batura.
11/2005 Foru Legearen 17.2 a) artikuluan aurreikusitako zuzeneko diru-laguntza izendun horietako bi dira, eta honela banatuko dira:
a) 188.000 euro, 2017ko gastuen aurrekontuko “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin, gastu arruntetarako” izeneko 054001 02500 4819 134102 partidaren kargura, honela banatuta:
1. Proiektuaren koordinazioan, administrazioan eta zerbitzu orokorretan aritzen diren eta antolakunde osoarentzat lanean ari diren langileen kostuen zati bat finantzatzea. Zehazki, Espainiako Gurutze Gorriak Nafarroan duen egoitza instituzionaleko langileen nominen, gizarte segurantzaren eta PFEZaren ordainketa: gehienez ere 67.100,00 euro. Langile horien zerrenda hitzarmenaren eranskinean dago.
2. Berehalako Erantzunerako Sarea eta Larrialdietako Erantzun eta Esku-hartze Taldeen finantzaketa. Agiri honen eranskinean jaso diren ibilgailuen eta beste bitarteko batzuen aseguruak eta mantentze-lanak (erregaia, olioa, konponketak, ordezko piezak, azterketak, IAT, ibilgailuen errotulazioa, autobideetako ordainsariak) sartuta daude, bai eta beharrezkoak diren uniformeak eta ekipamendu teknikoa, boluntarioen mantenu eta joan-etorrien gastuak eta haien aseguruak ere: gehienez ere 45.000,00 euro. Ibilgailuen erabilgarritasunean gertatzen den edozein aldaketaren berri emanen zaio berehala SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentroari.
3. Sorospen eta Larrialdi programan boluntario lanaren kudeaketari laguntzeko langileen kostuen finantzaketa. Atal honetan sartuta dago atxikitako langileen nominak, gizarte segurantza eta PFEZa ordaintzea, bai eta langileen uniformeak eta ekipamendua: gehienez ere 63.900,00 euro.
4. Larrialdietako boluntarioen prestakuntza eta trebakuntza, eta boluntario lanerako euskarria. Kontzeptu horretan honakoak finantzatuko dira: prestakuntza jarduerak antolatu eta egitea edo horietan parte hartzea (ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak, agiriak lortu eta/edo berritzea, edo Gurutze Gorrian bertan nahiz kanpoan egindako beste prestakuntza batzuk) osasun arloan eta larrialdietako esku-hartzean, espazioen alokairua, material didaktikoak eta beharrezkoa den ekipamendu teknikoa, ostatua, mantenuko eta joan-etorrietako gastuak: 12.000,00 euro.
5. 15.000 euro, 2017rako Gastuen Aurrekontuko “Hitzarmena Gurutze Gorriarekin inbertsioetarako” izeneko 054001 02500 7819 134102 partidaren kargura, osasun aktiboak berritzeko erabiliko direnak: gurdiak, atoiak eta beste ibilgailu batzuk; immobilizazio, oxigenoterapia eta/edo elektromedikuntzako materiala; irrati-komunikaziorako instalazioak; kontrol eta kudeaketako gailu telematikoak; ERIE unitateetako (larrialdietako berehalako erantzuneko taldeak) ekipamendu berariazkoa.
Hirugarrena.–Finantzatutako kontzeptuei buruzko oharrak.
I.–Erakundearen Nafarroa osoko antolakundeko administrazio, koordinazio, segimendu eta kontrol lanetan aritzen diren langileak (aurreko klausulako a.1 multzoa) 4 teknikari dira. Horien guztien eguneroko lanen artean hitzarmen honen xedearekin lotutako zereginak daude, eta, entitatearen kalkuluen arabera, haien dedikazioa % 40koa da hiruren kasuan, eta laugarrenarena, berriz, %100ekoa, agiriaren eta hitzarmen honen eranskinean jaso den moduan. Aurreko portzentaietan adierazitako pertsonen ordezkoak ere sar litezke, betiere ordezkapenak aldi baterako ezgaitasun egoerengatik edo antzeko kausengatik egiten badira, edo langile horiek baja hartzen dutelako enpresan proiektua gauzatzen den bitartean, bai eta ohiko oporraldietan eta baimen ordainduetan egindako ordezkapenen kasuan ere. Sartzea edo ordeztea kudeaketa unitateari jakinaraziko zaio.
II.–Eranskinean ageri diren ibilgailuen kostuak dira finantzatu beharrekoak (aurreko klausularen a.2 multzoa); ibilgailu horiek SOS Nafarroa Larrialdietako Koordinazio Zentroko fitxategietan sartuta daude, erabateko disponibilitatearekin eta lehentasunez aktibatzeko. Kontuan hartuta hitzarmenaren xedea ez dela ibilgailuen erabilera bera, beharrezkoa denean erabilgarri izatea baizik, egokiagoa da ibilgailuen kostua neurtzea erabilgarri dauden denboraren arabera eta ez mugitu diren aldien arabera. Horrenbestez, ibilgailuen eta eranskineko gainerako bitartekoen gastuak, uniformeei eta beharrezkoa den ekipamendu teknikoari dagozkienak, eta boluntarioen mantenu eta joan-etorrien gastuak eta aseguruenak, ohar hauei erreparatuz diruz lagunduko dira:
–Aktibatzeko erabat prest daudela bermatzeko beharrezkoak diren kostu finkoak (aseguruak, uniformeak eta ekipamendua, ibilgailuen ohiko berrikuspenak, IAT, errotulazioa, Leasing-a, kasua bada, etab.): Nafarroako Gobernuak osorik ordainduko ditu aurkeztutako zenbatekoak.
–Kostu aldakorrak (erregaia, konponketak, bidesariak, boluntarioen mantenu eta joan-etorrien gastuak, etab.): Nafarroako Gobernuak aurkezten direnen %60 ordainduko du, entitateak eskaeran zehazten duenez, erakundeak udalekin edo beste entitate batzuekin hitzartutako beste zerbitzu batzuetan erabiltzen direlako, urte osoko denboraren % 40tik behera.
Aurreko kontzeptuengatik ordaindutako zenbatekoen batura (kostu finkoak eta bigarren klausulako a.2 multzoari dagozkion aldagaiak) ez da izanen bertan zehaztutako gehienekoa baino handiagoa.
III.–Sorospen eta Larrialdi programan boluntarioen kudeaketari laguntzeko langileen kostuen atalean (aurreko klausulako a.3 multzoa), pertsonen ordezkoen kostua ere sar liteke, betiere ordezkapenak aldi baterako ezgaitasun egoerengatik edo antzeko kausengatik egiten badira, edo langile horiek baja hartzen dutelako enpresan proiektua gauzatzen den bitartean, bai eta ohiko oporraldietan eta baimen ordainduetan egindako ordezkapenen kasuan ere. Lagile horien zerrenda eranskinean dago (programan %100eko dedikazioa duten bi teknikariak aipatzen dira). Sartzea edo ordeztea kudeaketa unitateari jakinaraziko zaio, eta ordainketa espedienteetan behar bezala dokumentatuko da.
IV.–Boluntarioen prestakuntza eta trebatze gastuak (aurreko klausularen a.4 multzoa) jarduerarako beharrezko eta ezinbestekotzat jotzen dira, eta horregatik diru-laguntzak osorik hartuko ditu, bigarren klausulan adierazitako gehieneko zenbatekoarekin.
V.–Finantzatutako inbertsioak (aurreko klausulako b multzoa) finantzatzearen xede zehatzetarako erabili beharko dira, haien bizi erabilgarrian, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako sozietateen gaineko zergaren erregelamenduaren 2. artikuluan amortizaziorako gehieneko epeaz jasotako taula ofizialen arabera definituta. Bizi erabilgarri hori laburtzen duen ohiz kanpoko andeatzeen berri eman beharko zaio kudeaketa unitateari, eta hark zehaztuko du ondasunaren erabilera edo hondar-balioa. Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira. Ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, diru-laguntza itzuli beharko da, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan ezarritako moduan.
Laugarrena.–Organo eskuduna.
Barneko zuzendari nagusia da diru-laguntza eman eta hura arautzen duen hitzarmena izenpetzeko organo eskuduna; Babes Zibilerako Zerbitzua, berriz, kudeaketarako organo eskuduna da.
Bosgarrena.–Espainiako Gurutze Gorriaren betebeharrak.
I.–Nafarroako Gurutze Gorria beharturik dago dokumentazio hau Babes Zibilerako Zerbitzuari aurkeztera, jakinarazpena egin eta hilabeteko epean edo, kasua bada, diru-laguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik:
a) Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria, BEZaren ordainketei dagokienez zerga betebeharrak egunean dituela dioena (araubide orokorra), edo, hala badagokio, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, entitateari izaera soziala aitortzen diona, BEZetik salbuesteko.
b) Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria, PFEZaren ordainketa egunean duela dioena, bai eta hirugarrenekiko eragiketen urteko zerrenda ere.
c) Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, epemuga iraganik duten zorrak erreklamatuta ez izatearena.
d) Diru-laguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretakoren batean ez dagoela adierazten duen aitorpena (13. artikuluan ezarrita daude egoera horiek).
e) Legez eratua dagoela eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatua dagoela egiaztatzen duen agiria.
II.–Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoaz baliatuz, entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hain justu, betiere Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta honako bi inguruabar hauek gertatzen badira:
–Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.
–Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa denean.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.
Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, entitateko idazkariak sinatuta eta lehendakariaren ikus-onetsiarekin, Babes Zibilerako Zerbitzuari zuzendua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu.
–Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
–Urteko azken kontuen kopia bat.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, deskribatutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta diru kopururik jaso bada, itzuli beharko da, 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan xedatutakoarekin bat.
III.–Era berean, hitzarmenaren xedeari dagokionez, Nafarroako Gurutze Gorriak hitz ematen du Foru Komunitatearen esparruan gertatzen diren larrialdietan eta gizarte eta laguntza ekintzetan parte hartuko duela eta egoera horietan Barne Zuzendaritza Nagusiari lagunduko diola, arrisku kolektibo handiko egoeretan, katastrofeetan edo hondamendi publikoetan esleitzen zaion eginkizuna bere gain hartuz, bereziki Nafarroako Babes Zibilerako Lurralde Planean edo Babes Zibilerako Plan Berezietan, kasuan kasuko katalogoan sartutako arriskuetarako, adierazten diren misioetan.
IV.–Era berean, Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoak konpromiso hau hartzen du:
–Hitzarmen honetan sartutako ibilgailuak identifikatu eta errotulatzea Babes Zibileko Zerbitzuak adierazten dion moduan, eta 112 telefono zenbakia baizik ez du errotulatuko, larrialdiko deietarako Europako zenbaki bakarra.
–Bere langileak aseguratuak izatea, langile boluntarioak barne.
–Hitzarmen honen xede diren ibilgailu guztien aseguru indarduna izatea.
–Anbulantzien Ziurtagiri Tekniko-sanitarioa egunean izatea.
Hitzarmen honetan propio jasotako betebeharrez gainera, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako guztiak ere izanen ditu entitateak.
Seigarrena.–Jarduketarako eremu geografikoa eta denborakoa.
Hitzarmen honi dagokionez, Nafarroako Gurutze Gorriaren jarduketa eremu geografikoa Nafarroako Foru Komunitatea da, baina egoerak hala eskatzen badu eta bi alderdiei egokia iruditzen bazaie, kanpoan ere aritzeko lankidetza eskatzen ahalko zaio.
Konpromiso eta zerbitzuak 2017. urte osoan emanen dira.
Zazpigarrena.–Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
Diru-laguntza ordaindu ahal izateko, Nafarroako Gurutze Gorriak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, aurkeztutako aldi bakoitzari dagokionez:
a) Ordaintzeko eskatzen den aldian egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Egin diren jarduerak, diruz lagundutako kontzeptuekin lotura zuzena dutenak, azaldu beharko dira, hala nola prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita prebentzio ekintzak eta esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontrataturiko hornidurak eta zerbitzuak.
b) Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta diru-laguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo deklarazioa, idazkariak sinatua eta entitateko lehendakariaren ikus-onetsia duela, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako formatuan, lagungarria izanen baita ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko. Laguntzaren atal guztietako nomina, faktura eta ordainketen zerrenda guztiak aurkeztuko dira, hornitzailearen datuak, faktura, ordainketa datak, zenbatekoak etab. barne. Kontzeptu eta aldi desberdinak, ordezkapenak etab. alderatzeko azalpen taulak ere erantsiko dira.
c) Langileari eta Gizarte Segurantzari egindako ordainketen zerrenda izenduna, hilabetez hilabetekoa, eta pertsona bakoitzari PFEZa dela-eta egindako atxikipenak, bai eta ordainketaren kasuko kasuko ziurtagiriak ere.
d) Nominak eta jatorrizko fakturak. Haien kopia soilak ere aurkeztuko dira. Jatorrizkoei zigilua jarriko zaie, diruz lagundu direla dioena eta entitateari itzuliko zaizkio. Kopiak espedientean geldituko dira.
e) Egindako ordainketa bakoitzaren frogagiriak (edo kopia soilak, elkarteak jatorrizkoa gorde nahi badu).
f) Berariazko deklarazioa, elkarteko idazkariak sinatua, lehendakariaren ikus-onetsia duela, adierazten duena aurkezten diren jatorrizko agiriak direla hornitzaileengandik jasotakoak, hartuak edo haien faktura elektronikoetatik abiatuta inprimatu direla, eta kopiak fidagarriak direla. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsutasunik atzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.
g) Diruz lagundutako jarduerak betetzeko jaso diren bestelako diru-sarrerak, helburu zehatzekoak, jasotzen dituen deklarazioa.
Lehen hiru ataletako dokumentazioa formatu elektronikoan ere aurkeztuko da, Worden eta Excelen.
Egiaztapena eta horren ondoriozko ordainketa zatika eginen dira,ordainketa espediente batzuetan, ukitutako aldiei dagozkien justifikazio partzialak eginez nominen, fakturen eta ordainagirien bidez, zerrendek eta deskribapen laukiek lagunduta. Aldiak hauek dira:
–Urtarrila-iraila. Hitzarmen hau izenpetu eta bosgarren klausulan zehaztutako aldez aurreko eta nahitaezko agiriak aurkeztu ondoren aurkeztuko da.
–Urria. Azaroaren 11 baino lehen aurkeztuko da.
–Azken espedientea abenduaren 23a baino lehen aurkeztuko da, eta langileria kostuei dagokienez (bigarren klausulako a.1 eta a.3 multzoak) azarokoak, abendukoak eta aparteko paga baizik ez dira sartuko.
Nominak, fakturak eta ordainketa ziurtagiriak ordenatuta aurkeztuko dira, klausula honen b) eta c) ataletan zehaztutako zerrenden eta taulen ordenarekin bat; zerrenda eta taula horiek hitzarmen honen bigarren klausulako zehaztapenari jarraituz multzokatuko dira.
Fakturak legearen arabera egin beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Ez dira inola ere onartuko aurreko ekitaldi ekonomikoei dagozkien fakturak.
Elkartearen beraren eta haren zerbitzuen beste gastu batzuk jasotzen dituzten fakturen kasuan, diruz lagundutako zati bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da.
Hitzarmen honen eranskinean jasotako ibilgailuen gastua eta beste baliabideena (erregaia, konponketak, mantentze-lanak, aseguruak, IAT, azterketak edo ziurtagiriak) ibilgailu bakoitzaren matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira.
11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, entitateak frogatu beharko du proiektua eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen.
Nafarroako Gurutze Gorria behartua dago jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzera, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
Kontzeptu diruz lagungarriak zehaztu beharko dira, eskaeraren arabera. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko, hasiera batean. Eskaeran aldaketa ez funtsezkoak gertatzen badira urtean zehar, entitate onuradunak kontzeptu horiek aldatzeko edo gehiago sartzeko eskatu beharko du aurretik, eta kudeaketa-unitatearen esku izanen da kontzeptu diruz lagungarri berri hori edo eskatutako aldaketa onartzea edo ez.
Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzea helburu, Barne Zuzendaritza Nagusiak hitzarmen honen ondoriozko gastuak justifikatzen dituzten kontabilitate-liburuak eta jatorrizko fakturak eskatzen ahalko ditu, berrikusteko.
Zortzigarrena.–Laguntzen bateragarritasuna.
Hitzarmen honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen ahal diren beste batzuekin. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, diru-laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa, 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan zehaztu bezala.
11/2005 Foru Legearen 9.d) artikuluaz baliatuz, onuradunak lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emanen dio diru-laguntza eman duen organoari, haiek jaso direla jakin eta berehala. Zehazki, eranskinean jasotako ibilgailuek hitzarmen honen xede ez diren jardueretan emandako zerbitzuak direla-eta lortutako diru-sarrera guztiak aitortu beharko dira.
Horrez gain, onuradunak urte osoan jasotako diru-sarerren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du ordainketaren bigarren espedientean (azaroa), behar diren egiaztapenak egin daitezen; diru-sarreren zenbatekoa jardueraren kostua baino txikiagoa dela egiaztatzeko, kontuan hartu beharko da urte osoko diru-sarrerak data hori baino lehenago jasotzen direla, baina gastuei dagokienez, urteko lehen 10 hilabeteetan egiaz egindakoak baizik ez direla zehazten ahal. Era berean, Nafarroako Gurutze Gorriak ordainketa espediente horretan berean aurkeztuko du diru-sarreren eta gastuen balantzearen kontabilitateko frogagiria edo zenbatespena, 2017ko urriaren 31koa.
Bederatzigarrena.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.
Hamargarrena.–Araubide juridikoa eta errekurtsoak.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta haren gainean sor daitekeen edozein desadostasun Barneko zuzendari nagusiak ebatziko du lehenik; haren ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren erabakien kontrako errekurtsoak aurkezten ahalko dira administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunean.
Hitzarmen honetan berariaz adierazita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.
Hamaikagarrena.–Indarraldia.
Hitzarmen honek 2017. urtea bitartean izanen du indarra.
Eta adostasunaren adierazgarri, aldeek hitzarmen honen hiru ale sinatu dituzte goian aipatzen diren egun-tokietan.
Barne Zuzendaritza Nagusia ordeztuz. Zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.
Espainiako Gurutze Gorriko Nafarroako Batzorde Autonomikoa. Lehendakaria, Pedro Herrero Vilas.
I. ERANSKINA
Nafarroako Gurutze Gorriaren egitura instituzionalean aritzen diren langileak; haien kostuak hitzarmen honek arautzen duen
laguntzaren xede dira
Proiektuaren koordinazioan, administrazioan eta zerbitzu orokorretan aritzen diren langileak.
IZENA | LANPOSTUA | DEDIKAZIOA |
Max Ibarrola Guillén | Proiektuen koordinazioa | %100 |
Eduardo de la Gracia Fernández | Proiektuetako teknikaria | %40 |
Cristina Uzqueda de Esteban | Administrazioa eta zerbitzu orokorrak | %40 |
Edurne Echeverría Anocibar | Administrazioa eta zerbitzu orokorrak | %40 |
Boluntarioen kudeaketan aritzen diren langileak.
IZENA | LANPOSTUA | DEDIKAZIOA |
José M. Doxandabaratz López | Teknikaria (laguntzako langilea) | %100 |
Francisco Javier Pardal Carmona | Teknikaria (laguntzako langilea) | %100 |
Aurreko puntuetan aipatutako pertsonen ordezkoak ere sar litezke, betiere ordezkapenak aldi baterako ezgaitasun egoerengatik edo antzeko kausengatik egiten badira, edo langile horiek baja hartzen dutelako enpresan proiektua gauzatzen den bitartean, bai eta ohiko oporraldietan eta baimen ordainduetan egindako ordezkapenen kasuan ere. Sartzea edo ordeztea kudeaketa unitateari jakinaraziko zaio.
II. ERANSKINA
2017an Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskura izanen diren baliabideen eta bitartekoen zerrenda
Berehalako erantzuna emateko eta larrialdietako ibilgailuak.
IBILGAILUAK | KOKALEKUA | MATRIKULA |
SAMU anbulantzia | Iruña | 4546 GXN |
SVB anbulantzia | Iruña | 5446 JVJ |
SVB anbulantzia | Iruña | 5447 JVJ |
SAMU anbulantzia (*) | Zangoza | 6882FTR |
SAMU anbulantzia (**) | Zangoza | 8924KCP |
SAMU anbulantzia | Mendabia | 8682GGM |
SAMU anbulantzia | Lizarra | 6609GJJ |
SAMU anbulantzia | Lodosa | 3112HDC |
SAMU anbulantzia | Cintruénigo | 3119HDC |
SAMU anbulantzia | Melida-Zarrakaztelu | 3127HDC |
SAMU anbulantzia (*) | Melida-Zarrakaztelu | 7247FTR |
SAMU anbulantzia (**) | Melida-Zarrakaztelu | 9725KCM |
SAMU anbulantzia | Tafalla | 9540GPC |
SAMU anbulantzia | Burlata | 4527GXN |
SAMU anbulantzia | Burlata | 6612GJJ |
SAMU anbulantzia | Tutera | 6617GJJ |
Esku-hartze Azkarrerako Ibilgailua | Iruña | 8233JVH |
Esku-hartze Sozio-sanitariorako taldearen ibilgailua | Iruña | 5104 DRP |
EISS-ERIE laguntzako ordezkatze ibilgailua | Nafarroa | NA8848BB |
ERIE lurreko bilaketa (motorra) | Nafarroa | 2549JDC |
ERIE lurreko bilaketa (motorra) | Nafarroa | 0655JFK |
ERIE lurreko bilaketa (quad-a) | Nafarroa | 1409GJP |
ERIE uretako bilaketa | Nafarroa | 3398DBZ |
ERIE Sanitarioa-bilaketak (Lur orotako ibilgailua) | Nafarroa | 1751DPD |
ERIE Sanitarioa (garraiorako kamioia) | Nafarroa | 4739HJX |
ERIE Psikosoziala + garraiorako gurdia | Nafarroa | 8336FXG |
ERIE Esku-hartze psikosozial.+ komunikazioa | Nafarroa | 6947CGL |
ERIE Psikosoziala + garraiorako gurdia | Zangoza | 3937HFM |
ERIE Aterpea + garraiorako gurdia | Lodosa | 1315CMG |
ERIE lurreko bilaketa | Nafarroa | 4898CJN |
Salbamendurako itsasontzia | Nafarroa | CHE-23206-M |
Salbamendurako itsasontzia | Nafarroa | CHE-23207-M |
Salbamendurako itsasontzia | Nafarroa | CHE-23208-M |
2017ko abuztuaren 2an, baja eman zitzaien (*) ikurra daramaten baliabideei (7247FTR eta 6882FTR), (**) ikurra daramatenek ordeztuta (9725KCM eta 8924KCP, hurrenez hurren). Aurten aurrekontuko zuzkidura ezarri da lur orotako ibilgailu bat erosteko, 4211 BTX matrikula duen baliabidea ordezteko, matxura baten ondorioz baja eman zitzaiolako 2016an. Ibilgailu berriaren matrikula baliabideei gehitzean jakinaraziko da. | ||
Behar izanez gero erabil daitezkeen garraiorako beste ibilgailu batzuk.
Ibilgailuen eta oinez joaten diren taldeen ekipamendutarako material ugari dago, sanitarioa, erreskatekoa, komunikazioetako eta logistikakoa, larrialdiaren zerbitzuan jartzen dena.
Nafarroako Gurutze Gorrriak beste 34 ibilgailu ditu, instituzioaren beste departamentu batzuetan erabiltzen direnak (Prestakuntza, Esku-hartze Soziala, garraio egokitua, Tokian tokiko Batzordeak, etab.), mota desberdinetakoak (pertsonen garraioa, garraio egokitua edo zamarako, eta ibilgailu utilitarioak, furgonetak edo autobusak dira; beharren eta tokien kokapenaren arabera (erabili beharreko aulki gurpildunen kopurua, edo zama banatzeko beharrak) 300 lagunentzako tokia izan dezakete.
Iragarkiaren kodea: F1712152
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
