1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
693E/2017 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Lehiakortasuna hobetzeko 2017ko laguntzen deialdia aldatzen duena.
2017ko ekainaren 2an, 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 11ko 197E/2017 Ebazpena argitaratu zen, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Ebazpen hartan, “Lehiakortasuna hobetzeko 2017ko laguntzak” izeneko diru-laguntzen deialdia onesten zen.
Aipatu ebazpenean onetsitako oinarrietan, datu bat falta zen: diru-laguntzen deialdia erdi bana kofinantzatuko dela EGEF funtsekin.
Horrenbestez, beharrezkoa da oinarri bat eranstea, eta 14. oinarria aldatzea, behar bezala betetzearren bai Europar Batasuneko egiturazko eta inbertsioko funtsen destinoa hedatu eta komunikatu beharra, bai Europar Batasuneko erregelamenduetan ezarritako betebeharrak ere.
Bestetik, gastua egiteko baimena eman behar da, deialdiaren konpromisoei heldu ahal izatearren kofinantzatutako aurrekontu-partidarekin. Bestalde, baimen hori 900.000 eurora igo beharra dago, maiatzaren 11ko 197E/2017 Ebazpenaren hirugarren puntuan ezarritakoari jarraikiz.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Lehiakortasuna hobetzeko 2017ko diru-laguntzen 16. oinarria eranstea:
“16. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.
1. Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren erdi banako kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez.
Hauek dira EGEFek kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:
a) Proiektua Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.
b) Proiektua bukatua ez izatea eskaerak aurkezteko data baino lehen.
2. Enpresa onuradunak, betiere laguntza onesten duen ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen dira, eta horregatik ondokoa aplikatuko zaie:
a) Diru-laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.
b) Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak epearen bukaera jakinaraziko du.
c) EGEFaren ekarpena jendaurrean paratu beharko du onuradunak, web-orrian ondokoa ikusgai jarriz, gutxienez ere diru-laguntza jaso duen jarduerak irauten duen bitartean:
“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak erdi bana kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, logotipo hau erantsita:

Enpresak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du argi ikusteko moduko toki batean, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.
d) Diru-laguntza jasotzeak berarekin ekarriko du enpresa onuradunak inplizituki onartzea Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian argitaratuko den zerrenda batean sartuko dela (www.dgfc.sgpg.minhafp.gob.es), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua gardentasunez jokatzea da EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.”
2. Aipatu deialdiaren “Emandako diru-laguntzen publizitatea” izeneko 14. oinarriari hirugarren paragrafo bat eranstea, hauxe:
“Orobat, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (www.dgfc.sgpg.minhafp.gob.es).”
3. 900.000 euroko gastua baimentzea, ‘’Enplegu Plana. ETE-en lehiakortasuna sustatzea. Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea’’ izeneko 810008 81200 7709 458102 partidaren kargura.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2017ko azaroaren 2an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
Iragarkiaren kodea: F1712752