213. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GIRGILLAO

Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Girgillaoko Kontzejuak, 2017ko irailaren 22an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Girgillaoko herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi da ordenantza hori, eta haren testu osoa argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Girgillaon, 2017ko urriaren 23an.–Kontzejuko burua, Gonzalo Parreño Oroz.

ORDENANTZA, GIRGILLAOKO KONTZEJUKO HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.

II. TITULUA.–Administrazioa eta erabilerak.

III. TITULUA.–Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea.

IV. TITULUA.–Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua.

I. kapitulua.–Xedapen orokorrak.

II. kapitulua.–Herri-larreen aprobetxamendua.

III. kapitulua.–Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan.

V. TITULUA.–Arau-hausteak eta zehapenak.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Girgillaoko Kontzejuaren herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilerak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurretako ondasunen ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta erabilerak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Girgillaoko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Girgillaoko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Girgillaoko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izango baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Girgillaoko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Girgillaoko Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra egingo die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Girgillaoko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Girgillaoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Girgillaoko Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Girgillaoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.

12. artikulua. Girgillaoko Kontzejuak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu egingo ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Girgillaoko Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da, zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Girgillaoko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

15. artikulua. Girgillaoko Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri egingo du.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Girgillaoko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 6 urteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izango dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Girgillaoko Kontzejuak osoko bilkuran batzarturik, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

17. artikulua. Girgillaoko Kontzejuko herri-larreek beste finka partikular batzuekin batera, antzinako usadioari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, baterako ustiapen unitate hau osatzen dute:

Girgillaoko bazkalekua, 330,10 hektareako azalera duena, bi lotetan bereizia.

1. lotea: 45 hektarea, Muguluzea, Epela, Aparra eta San Adrián alderdietan. Hesien bidez mugaturiko azalera gehi Girgillaoko barrutiko 3. poligonoko 282, 277 eta 276. lurzatiak.

2. lotea: 285,10 hektarea. Girgillaoko barrutia ken 1. lotea.

18. artikulua. Girgillaoko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetan egingo da, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

19. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izango dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

20. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

21. artikulua. Adjudikazio epea 4 urtekoa izango da, 8 urtera luzagarria, eta Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta bazkalekuen hobekuntzak egin diren kasuetan, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak indarra hartu zuen egunetik aurrera, adjudikazio epea 15 urtekoa izango da.

22. artikulua. Girgillaoko Kontzejuak honela kalkulatu du bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua:

Girgillaoko bazkalekuan, ardi aziendako 400 buru.

Honi dagokionez, Girgillaoko Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

Zaldi aziendako buru 1 behi aziendako buru bat eta erdiren baliokidea da.

Behi aziendako buru 1 ardi aziendako 8 bururen baliokidea da.

Ahuntz aziendako buru 1 ardi aziendako buru bat eta erdiren baliokidea da.

22. artikulua. 1. Adjudikazio-hartzaileak Girgillaoko Kontzejuari eskaera arrazoitua aurkeztu ondoan, besteren azienda sartzeko baimena ematen zaio, larre guztiak aprobetxatzeko, urte sasoia dela-eta belar produkzioa ohi baino handiagoa denean.

Besteren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izango urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, beste mota batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak toki entitatearendako izango dira, eta diru-sarrera gehigarri horien %50 kentzen ahalko zaio adjudikazio-hartzaileari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izango da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek badakar adjudikazio-hartzailearen abelburu kopurua gutxitzea.

23. artikulua. 1. Girgillaoko Kontzejuak, kontuan hartuz azienda-karga, larreen kalitatea eta ixtegirik dagoen ala ez,

bazkaleku komunerako finkatu du honako kanon hau:

Girgillaoko bazkalekua:

1. lotea: 1000 euro.

2. lotea: 2820 euro.

2. Ordenantza honen 16. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen adjudikazioaren zenbatekoa ordenantzan agertzen denaren %80koa izango da.

24. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da KPIaren igoerari egokitzearren, betiere erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onesten dituen indizeen arabera, herri-larre hauek probesten dituzten azienda motendako.

25. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da:

–Lehenbiziko epea: urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, adjudikazioaren lehen hilabetean.

–Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta sei hilabeteren buruan.

1. Onuradunak, adjudikazioaren unean, urteko kopuru osoaren %10 utzi beharko du fidantzatako.

2. Onuradunak aprobetxamendua utzi nahiko balu, aldez aurretik abisatu beharko luke, 6 hilabeteko epean.

3. Kontzejuak, jarduteko asmoa badu, 6 hilabete lehenago abisatuko du, errentatzailea modu larrian aritu denean salbu.

26. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

27. artikulua. Aprobetxamendu eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

Zinpeko aitorpena:

–16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

–Ardi aziendako abelburuen kopurua eta, larreak baliatzea eskatuz gero, osasun ziurtagiria erantsiko da.

Kontzejuak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

28. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa eman gabe gelditzen bada, larreak enkante publikoan adjudikatuko dira, egungo araudiari eta ordenantza honetan azaldutakoari lotuz.

29. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 8 eguneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

III. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

30. artikulua. 1. Girgillaoko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake lurretako aprobetxamenduen adjudikazioak honako xedea duenean:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izango dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

31. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egongo dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu. Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen ahal dituen herri-lurrak hobetzeko proiektuen kasuan, aprobetxamenduaren onuradunari urteko kuotatik kenduko zaio, diru-laguntzaren zenbatekoa osatu arte, beharrezkoak diren kuotetan.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

32. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herri-larreetan Bazkatzen duen Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

j) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

33. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izango dituzte:

–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

–g) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L1712284