213. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Aldaketa, Prestakuntza jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2017ko uztailaren 27an egin osoko bilkuran, aldaketa onetsi zuen, hasiera batean, Prestakuntza jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzan. Iragarkia 2017ko 159. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Muetzen, 2017ko urriaren 23an.–Alkatea, María Vicenta Goñi Azanza.

PRESTAKUNTZA JARDUERAK EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Helburua

Ordenantza honen helburua da prestakuntza jarduerak sustatzea eskola ofizialetan eta/edo udalaren eskola artistikoetan (dantza, antzerkia, musika, etab.) eta hizkuntzetan (euskara ez den hizkuntzetan).

Onuradunak

Eskaera egunean Gesalazko udalerrian erroldatuta dauden 25 urtetik beherakoak izango dira laguntza hauen onuradun, baldin eta laguntzak eskatzen diren urtearen urtarrilaren 1a baino lehenagoko hiru urteetan erroldatuta egon badira etenik gabe.

Laguntza zein urtetan eskatzen den, aurreko ekitaldiko urtean 25.000 euro gordinetik beherako errenta izan duten familia unitateendako dira laguntza hauek.

Baldintzak

Dagokion ekitaldirako Udaleko aurrekontuetan onesten den zenbatekoa emango da. Zenbateko hori izango da diru-laguntzetarako gehieneko muga.

Klase ordu guztietatik gutxienez ere %75era joan izana frogatzeko eskatuko da.

Diru-laguntzaren portzentajeak

Gehieneko portzentajea ikastaroaren edo ikastaroen kostuaren %40 izango da, eta gehienez ere 200 euro. Kostu horretan ez dira beste kontzeptuak sartzen, hala nola ostatua, bidaiak eta abar.

Dokumentazioa

a) Eskabidea, Gesalazko Udalari zuzendua.

b) Gesalatzen erroldatuta izatearen gaineko ziurtagiria.

c) Ikastaroa egin izanaren ziurtagiria (egunak, eskola-orduak, maila eta eskatzailearen errendimendua), eta matrikula ordaintzeko banku transferentzia.

d) Bankuaren egiaztagiria, eskatzailearen kontu korrontearen zenbakiarena.

e) Familia unitatearen errenta aitorpenaren kopia, eskabidearen aurre-aurreko ekitaldikoa.

Aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea izanen da urte bakoitzeko urriaren 31 arte, data hori baino lehenago matrikulaturiko kurtsoetarako. Epe hori luzaezina izanen da. Eskaerak Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dira edo, bestela, 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideetako edozein erabilirik.

Laguntzen zenbatekoak aurrekontuan esleiturik dagoen kreditua izanen du muga. Eskatutako diru-laguntzen zenbatekoa deialdian gehienez ere ezarritako kopurua baino handiago bada, onuradunei ordaindu beharreko diru-laguntza proportzionalki gutxituko da, harik eta diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa agortu arte.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Familia unitateak honako hauek dira:

a) Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, izanez gero, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

b) Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

c) Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Aurreko a), b) eta c) letretan aurreikusitakoaren ondorioetarako, seme-alaben pareko izango dira aplikatzekoa den legedi zibilean ezarritako terminoetan egindako tutoretza, umeordetze edo harrera kasuengatik subjektu pasiboarekin lotura duten pertsonak.

2. Inor ere ezingo da aldi berean bi familia unitatetako kide izan.

3. Familia unitateko kide kopurua zehaztuko da urte bakoitzean abenduaren 31n den egoeraren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1712268