213. ALDIZKARIA - 2017ko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1253/2017 EBAZPENA, urriaren 11koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazio gisa ordaintzen ahal diren gehieneko diru kopuruak xedatzen dituena.

Aurreko urteetan bezala, erakunde sindikalen funtzionamendu gastuak konpentsatzeari ekin behar zaio, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan daukaten ordezkaritzaren arabera. Horretarako, ordezkaritzaren araberako irizpide objektibo bati jarraikiko zaio, eta erakunde autonomo horretan egindako azkeneko hauteskunde sindikalei begiratuko zaie, gehieneko konpentsazio bat ezarrita onuradun bakoitzarentzat.

Konpentsazio hori justifikatuta dago erakunde horiek egiten duten lanagatik, Konstituzioaren 7. artikuluan aitortua baitago, eta Administrazioa horretara behartua dagoelako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 82.8.d) artikuluaren arabera. Arau horrek xedatzen du langileria batzordeek behar den materiala eduki beharko dutela beren eginkizunak gauzatzeko.

Horregatik, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan bada berariazko zuzkidura bat Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erakunde sindikalek langileen eskubideak defendatu eta sustatzeko egiten dituzten jardueren gastuak konpentsatzeko. Partida hori 43.500 euroz hornitua dago, eta gastua hari egotziko zaio, hots, 2017ko Gastuen Aurrekontuko “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izena duen 540000-52000-4819-311100 partidari.

Aurreko deialdian 2016ko azarora arte egindako gastuak konpentsatu ziren. Horregatik, aurten, 2016ko abendutik 2017ko azarora arte egindako gastuak konpentsatuko dira, bi hilabete horietakoak barne.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 43.500 euroko gastua baimentzea eta xedatzea, 2017ko Gastuen Aurrekontuan “Erakunde sindikalen funtzionamendu gastuen konpentsazioa” izena duen 540000-52000-4819-311100 partidaren kargura finantzatuko dena.

2. Behean zehazten diren gehieneko diru kopuruak xedatzea sindikatu bakoitzarentzat, izandako funtzionamendu gastuen konpentsazio gisa. Diru hori sindikatu bakoitzak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan egindako azkeneko hauteskunde sindikaletan lortutako botoen arabera kalkulatu da.

SINDIKATUA

IFK

BOTOAK

GUZTIRA

AFAPNA

G31171937

260

2.623,52

CCOO

G78433919

317

3.198,68

ELA

G48090096

489

4.934,24

LAB

G31137482

978

9.868,48

SATSE

G28584035

813

8.203,55

SMN

G31132384

644

6.498,26

SPA

G31850001

218

2.199,72

UGT

G78085149

281

2.835,42

USAE

G49105620

311

3.138,13

GUZTIRA

4.311

43.500,00

3. Erakunde sindikalek konpentsatu gogo dituzten funtzionamendu gastu guztiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defendatu eta sustatzeko jarduera sindikalaren ondorioz eginak izan beharko dira.

Gastu konpentsagarriak epe honetan eginak izan beharko dira: 2016ko abenduaren 1etik 2017ko azaroaren 30era bitarte. Egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena.

Besteak beste, honako gastu hauek konpentsatzen ahalko dira:

a) Erakunde sindikalek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileentzat sortutako informazioari dagozkion gastuak (propaganda, publizitatea, argitalpenak, etab.).

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak ordezkatzeko lanak eragindako joan-etorrien gastuak.

c) Langile horiei zuzendutako jardunaldi, mintegi, topaketa, hitzaldi eta antzeko jarduerei dagozkien gastuak.

d) Prestakuntza sindikalak sortutako gastuak, barne direla joan-etorriak, monitoreak, askotariko materialak, lokalen alokairua eta antzeko gastuak.

e) Komunikazioen (telefonoak, fotokopiagailuak, posta, etab.), ekipamenduen, zerbitzuen eta askotariko hornigaien arloko gastuak.

f) Langile horiei aholkularitza juridikoa emateko gastuak.

g) Beste gasto batzuk, jarduera sindikalarekin zuzen-zuzenean lotuta badaude.

4. Aipatutako gastuen konpentsazioa ordaindu ahal izateko, erakunde sindikalek izandako gastuen fakturen eta haiek ordaindu izanaren egiaztagirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzan 2017ko abenduaren 4a baino lehen, ebazpen honen eranskin gisa agertzen den aitorpenarekin batera. Faktura bakoitzarekin dagokion ordainketa egin dela frogatzeko agiria aurkeztu beharko da.

Fakturak fakturazio betebeharren gaineko araudian ezarritakoaren arabera eginen dira. Ez da erreziborik edo tiketik onartuko. Fakturarik behar ez duten gastuen kasuan, egindako gastua frogatzeko eta ordainketa egin dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta horren berri eman berariaz.

Ebazpen honen babesean konpentsatzen diren gastuak ezin izango zaizkie inola ere egotzi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza, konpentsazio edo diru-laguntza batzuei. Erakunde sindikalek horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute, ebazpen honen eranskin gisa agertzen den ereduaren araberakoa.

Erakunde sindikalek, Administrazioak eskatuta, behar den informazioa emateko prest egon beharko dute, hala aurkeztutako dokumentazioaren gainean sortzen diren zalantzak argitzeko, nola gastua ebazpen honen 3. puntuan bildutako kontzepturen baten araberakoa dela justifikatzeko.

Dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkez dezake sindikatuak, hartzailearen eremuan Osasun Departamentua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua aukeratuta, eta destinoko unitate gisa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritza.

Dokumentazioa aurkezteak berarekin dakar baimena ematea Osasun Departamentuari Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan jakiteko ea eskatzaileak bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituen. Sindikatuak uko egiten ahal dio, berariaz, Administrazioak datu horiek biltzeari, eta, kasu horretan, bere zerga betebeharretan eta Gizarte Seguruntzarekiko ordainketetan egunean dagoela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu gainerako dokumentazioarekin batera. Salbuespen gisa, konpentsazioaren kudeaketa organoak ezinezkoa badu agiri horiek biltzea, kasuan kasuko sindikatuari aurkeztea eskatzen ahalko dio.

5. Behar den bezala justifikatzen diren gastuen konpentsazioak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen zuzendari nagusiaren bidez ordainduko dira, 2017ko abenduan, ezarritako gehieneko diru muga gainditu gabe. Nolanahi ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen interes ekonomiko eta sozialak defendatu eta sustatzeko egindako jarduera sindikalari lotutako gastuak baizik ez dira ordainduko, betiere ebazpen honen 2. apartatuan erakunde sindikal bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga gainditu gabe.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzari eta Aurrekontu eta Kontabilitate Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta interesdunei jakinaraztea, adierazita ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.c) artikuluarekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduaren bidez egindako eskuordetza erabiliz.

Iruñean, 2017ko urriaren 11n.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

ERANSKINA

Aitorpena, adierazteko ezen prozedura honetan aurkezten diren gastuak ez direla konpentsatu beste laguntza, konpentsazio edo diru-laguntza batzuen bidez (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1711803