Iragarkia
210. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 31
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR NAGUSIA
Udal ordenantza, espazio publikoak erabiltzeko lagapena arautzen duena. Behin betiko onespena
Zizur Nagusiko Udalak, 2017ko ekainaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen espazio publikoak erabiltzeko lagapena arautzen duen ordenantza, baita horren arauzko tramitazioa ere.
Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2017ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 26an, eta Udaletxeko iragarki oholean. Jendaurreko epean inork ez dio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.
Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.
Zizur Nagusian, 2017ko irailaren 26an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.
ESPAZIO PUBLIKOAK ERABILTZEKO LAGAPENA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Zioen azalpena
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak arautzen du, 4. Tituluko 5. Atalean, udal titulartasuneko ondasunak erabiltzeko eta aprobetxatzeko araubidea. Legeria hau garatua dago Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren I. tituluko V. kapituluan.
Aurreko arau esparruarekin bat, Zizur Nagusiko Udalak, erregelamenduak egiteko ahala erabiliz, arautzen du ordenantza honen bidez, espazio publikoak erabiltzeko lagapenaren baimenen araubide juridikoa. Lagapen hori izanen da unean uneko jarduerak egiteko, iraunkorrak ez izanik, hitzarmen berezietan jaso ez direnak alegia. Gisa horretan Udal honek bere egiten du esparru juridiko bat, zeinaren bidez, alde batetik, bermatzen baita udalaren espazio publikoak toki egokiak izatea aniztasunerako, herritarrek parte hartzeko, herritarren sustapenerako eta gizarte integraziorako eta elkarreraginerako. Bestetik, begiratzen dira espazioen segurtasun baldintzak, behar bezala mantentzea, garbitasuna eta egoki erabiltzea.
I. TITULUA
Arau orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen helburua da arautzea Udalaren espazio publikoak erabiltzeko lagapenaren baimenen baldintza juridikoak, interes publikoko edo sozialeko arrazoiak direla, eta laga daitezkeenak unean uneko jarduerak eta iraupen aldakorrekoak egiteko, egonkor izateko asmorik gabeak, pertsona naturalek edo juridikoek, publiko zein pribatuek eginak. Orobat, arautzea lagapen-hartzaileek egin dezaketen espazio publikoen erabilera.
Ordenantza honetan aurreikusitako lagatzeko baimenak prekarioan emanen dira.
Ordenantza honetatik at gelditzen dira araudi edo hitzarmen berariazkoen eraginpeko ondasunak, baita elkarte eta kolektiboei eginiko erabilera lagapen iraunkorrak ere.
Ondoko hauetarako bakarrik gordeko da eskola eremua: Zizur Nagusiko Udalak, kirol elkarteek, ikastetxeek, guraso elkarteek antolatutako ekitaldiak; eta auzokideek kirolean eta jarduera gastro-kulturaletan erabiltzeko egiten dituzten eskaerak. Horretarako, Udalaren eta eskatzailearen arteko adostasuna beharko da eta babes neurriak espazio publikorako eta altzarietarako.
Halaber, ordenantza honetatik at gelditzen dira erabiltzeko lagapenak, baldin ematen bazaizkie ferietako saltzaileei, koletiboei, herritarrek antolatutako ekitaldiei eta herriko bestetan jarri ohi diren txoznei.
2. artikulua. Definizioa.
Espazio publikoak dira garapen komunitarioa eta pertsonala, elkartegintza eta herritarren partaidetzaren sustapena xede duten udal ondasunak, laga daitezkeenak Zizur Nagusiko Udalaren aukeren barrenean.
3. artikulua. Lagapenaren xedeak.
Udalak bermatuko du espazio publikoak toki egokiak izatea aniztasunerako, parte-hartze komunitariorako, herritarren sustapenerako eta gizarte integraziorako eta elkarreraginerako.
Zeregina izanen du zerbitzu publikoak ematea: prestakuntza jarduerak, kulturakoak, kirolekoak, ludikoak, aisiarakoak eta sozialak; Udalaren eta herritarren behar, eskaera eta interesei erantzutea; herritar, elkarte eta udalerriko bizitzako elementuen artean toki komunitarioen eta biltokien erabilera partekatua bultzatzea.
4. artikulua. Onuradunak.
Lagapenaren onuradun izan daitezke pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak zein pribatuak. Adingabeek garatutako jardueren kasuan, beti, heldu batek hartuko du jardueraren ardura. Bere izenean eskatuko du espazio publikoa erabiltzeko baimena.
II. TITULUA
Baldintza orokorrak espazio publikoak erabiltzeko
5. artikulua. Udalak kudeatuko du espazio publikoen eremuen, baliabideen eta zerbitzuen erabilera, betiere kontuan izanik integrazioa eta parte-hartzea, herritar guztiak sartu ahal izateko, edozein gizabanako eta/edo talde delarik ere.
6. artikulua. Espazio publikoen espazio, baliabide eta zerbitzuen erabilerak bat egin behar du haien izaera eta eginkizunekin, egindako eskaerarekin eta bertan dagoen ekipamenduarekin.
7. artikulua. Espazioek legezko xedapenak beteko dituzte hirigintza, ingurumen, segurtasun, osasun eta higiene aldetik, bertan egiten diren zerbitzu eta jarduerekin bat.
III. KAPITULUA
Espazio eta baliabideen kudeaketa
8. artikulua. Laga daitezkeen espazio publikoak.
Ondoan ematen diren espazio publikoak laga daitezke:
–Ardoiko Parke Nagusiko pista estalia.
–Ardoiko hirugarren sektoreko espazio publikoak, Arrobia kalean daudenak.
–Katastroko 2. poligonoko 2146. lurzatia.
–Emakumearen plaza.
–Pista estaliak eta eskoletako patioak. Ondoko hauetarako gordeko dira: Zizur Nagusiko Udalak, kirol elkarteek, ikastetxeek, guraso elkarteek antolatutako ekitaldiak; eta auzokideek kirolean erabiltzeko egiten dituzten eskaerak.
–Katastroko 2. poligonoko 1846. Lurzatia (garai bateko skate parka).
–Erreniega parkea (Kultur etxe aurreko plaza).
–Zugardi parkea.
–Alde Zaharreko pilotalekua.
–Pilotaleku Ertaina eta, batez ere, kirolean erabiltzen diren beste espazioak, Udalak beste erabilerak izan ditzaketela erabakitzen duenean.
–Plaza Gorria.–Beste edozein espazio publiko, ordenantza honek ezartzen duen definizioa beterik, laga badaiteke.
Udalak alda dezake espazio publikoen zerrenda hau Udalaren aukerek eta interesek halaxe eskatzen dutenean.
9. artikulua. Eskaera.
Pertsona fisiko edo juridikoek, kolektiboek eta elkarteek, jarduera bat garatzeko espazio publikoen lagapenean interesa badute, eskaera aurkeztu beharko dute Udalaren erregistro orokorrean.
Espazio publikoa erabiltzeko lagapenaren hasiera noizko eskatzen den, hamabost egun lehenago gutxienez, aurkeztu beharko da eskaera.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan aipatzen diren ohiko xehetasunez gainera, ondoko datuak edo dokumentuak eduki beharko ditu:
–Pertsona edo entitate eskatzaileen eta jardueraz eta lagapenaz arduratzen den pertsonaren datuak, helbidea eta telefonoa barne. Adingabeek garatutako jardueren kasuan, heldu batek hartuko du jardueraren ardura beti. Bere izenean eskatuko du espazio publikoa erabiltzeko baimena.
–Eskatzen den espazio publikoa.
–Egin nahi den jarduera, helburua eta norentzat den, eta ea edari alkoholdunik eman behar den edo ez.
–Datak eta ordutegiak xeheki emanak.
–Zenbat pertsona izanen diren, gutxi gorabehera.
–Irabazizko jarduera den edo irabazi-asmorik gabea.
–Behar badira, sartu behar diren gainerako segurtasun eta higiene neurriak, eta abar proposatutako jarduera egiteko.
–Adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duten jarduerak edo programak egin behar badira, erabilera eskatzen duen jardueraren legezko ordezkariak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du, non adieraziko baita jarduera edo programa horiek egin behar dituzten pertsonek zein boluntarioek 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta 45/2015 Legearen 8.4 artikuluan ezarritakoa betetzen dutela.
10. artikulua. Lagapenaren baimena.
Udalak eskabideak ebaluatu eta aztertuko ditu proposatutako jarduera ordenantza honetan aurreikusitakoari nolatan egokitzen zaion, segurtasun bermeak edo ezar litezkeen beste batzuk eta eskatutako espazioak eta zerbitzuak bere esku dituen edo ez.
Horretarako, aurkeztutako eskaerak ukitzen dituen udal zerbitzuei galdetuko zaie.
Behar bada, lehentasuna emanen zaie eskaera batzuei, irizpide hauen arabera:
1.–Udalak edo haren menpeko entitateek sustatutako jarduerak.
2.–Zizur Nagusiko Udalaren Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroan inskribatutako elkarte edo taldeen jarduerak. Erregistro hau sortu arte, atal honetan sartuko dira Zizur Nagusian egoitza soziala duten elkarte edo taldeen jarduerak.
3.–Udalerrian proiekzio soziala, kirolekoa edo kulturala duten jarduerak.
4.–Gainerako jarduerak.
Herrikoak ez diren kolektiboei edo klubei ez zaie lagako, baldin Zizur Nagusiko antzeko entitateek edo kolektiboek kudeatzen ez badituzte edo haien helburua interesgarria ez bada herritarrentzat.
Aurreko irizpideen arabera ezin bada eman, zozketa eginen da.
Aurrekoa ikusirik, organo eskudunak erabakia hartuko du eta eskatutako lagapenaren baimena baietsi edo ezetsiko du.
Baimenak prekarioan emanen dira, aurreikusitako jarduera egiteko; pertsonalak izanen dira eta hirugarrenei ezin izanen zaizkie laga.
11. artikulua. Lagapenaren formalizazioa.
Espazio publikoa erabiltzeko lagapena pertsonari edo entitateari jakinarazita, formalizatu eginen da agiri batean, non bilduko diren erabiltzeko baldintzak, hark sinatuak eta onartuak.
Agiri horretan, honako hauek jaso beharko dira gutxienez:
–Lagatako espazioaren identifikazioa.
–Alderdien identifikazioa.
–Lagapenaren xedea.
–Lagapenaren iraupena.
–Erabiltzeko baldintzak.
–Jarduera egiteko hartu behar diren segurtasuneko, higieneko eta abarreko neurri bereziak.
–Fidantza, behar bada.
–Erantzukizun zibileko aseguru poliza, behar bada.
–Tasak, behar bada.
–Ordenantza honetan ezarritako baldintzei men egiteko konpromisoa.
12. artikulua. Lagapenaren hartzaileen betebeharrak.
Pertsona eta entitate erabiltzaile guztiek ondoko betebeharrak dituzte lagatako espazioak, baliabideak eta zerbitzuak zuzen erabiltzeari dagokionez:
–Behar bezala jokatzea, hala egintzen nola hitzen aldetik, eta gizartean elkarrekin bizitzeak ezartzen dituen mugen barrenean jokatuz beti.
–Oinarrizko eskubideen edo askatasun publikoen aurkako jarduerak ez egitea edo genero, arraza, ideologia, erlijioa, sexu-joera edo edozein inguruabar pertsonal edo sozial dela-eta bazterkeria ekar dezaketenak. Ezin izanen zaio ukatu inori garatzen diren jardueretan parte-hartzea aipatu arrazoi horiengatik.
–Espazio publikoak egoki erabiltzea: haiek zaintzea eta zainaraztea. Nolanahi ere, entitate antolatzailea (bakarkakoa izan, taldea izan) erantzulea izanen da lagatze garaian eta hori dela kausa egiten diren kalte eta/edo hondamenengatik, bai gaizki erabiltzeagatik bai ustekabez gertatzen direnengatik.
–Espazioak eta baliabideak garbi eta txukun edukitzea jarduerak bukatutakoan.
–Espazio publiko bakoitzaren berariazko arauak errespetatzea, baldin badaude.
–Lagatzeko erabakiaren xedeak zein diren, hartan erabiltzea lagatako espazioa.
–Irabazi-asmorik gabeko jardueren kasuan, lagatako espazio publikoan ez egitea irabazizko merkataritza jarduerarik.
–Lagatzeko erabakian ezarritako ordutegia beti errespetatzea.
–Oinezkoen sarbideak eta segurtasun guneak errespetatzea.
–Gertatzen diren kontrabide, intzidente edo arazoen berri ematea Zizur Nagusiko Udalari, eta larrialdiak berehala jakinaraztea.
–Une oro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen uztea, begiratu ahal izateko ea betetzen diren ordenantza hau, indarra duten arauak eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Leku guztietara sartzen uztea eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak ematea.
–Erantzukizun asegurua eta/edo fidantza izenpetzea Zizur Nagusiko Udalaren alde, jarduerak horrela behar badu eta espresuki jasotzen bada lagatzeko baimenean.
–Garatzen diren jarduerei buruzko publizitaterik egiten bada, Udalaren lankidetza adieraziko da.
–Aplikagarri diren indarreko lege eta erregelamenduak beteko ditu pertsona edo entitate erabiltzaileak. Agintari eta/edo organismo eskudunei behar diren baimenak eskatuko dizkie egin behar den jarduerarako.
–Lagapena baimentzen den erabakian edo aplikagarri diren indarreko legeetan ezartzen den beste edozein.
13. artikulua. Lagapen-hartzaileen betebeharrak irabazi-asmozko jarduerak garatzen badituzte.
Lagapenak irabazi-asmo berariazkorik badakar, aurreko artikuluan ezarritako betebeharrez gain, pertsona edo entitate erabiltzaileek ondokoak izanen dituzte:
–Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ezarritako tasak aldez aurretik ordaintzea.
–Beren langileei eta hirugarrenei eragindako kalteak eta lagapenaren edukiari eragindako kalte materialak estaliko dituen erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute. Lagapena formalizatzeko agirian, aseguru-polizaren gutxieneko balioa ezarriko da, aurreikusitako erabileraren, parte-hartzaileen gutxi gorabeherako kopuruaren eta beste faktore objektiboen arabera.
–Fidantza bat jartzea. Haren zenbatekoa udal zerbitzuek zehaztuko dute, kontuan hartuz ekitaldiaren tamaina (gerta litezkeen kalteak, ondoko garbiketa, zehapenak, eta abar).
–Jende asko biltzen bada ordubete baino gehiagoan, komun kimikoak jarri beharko dira jende kopuruaren arabera, baita indarreko araudiak ezarritako segurtasunezko elementuak ere, eta erabili behar den eremua mugatzeko hesia, udal zerbitzuek ezartzen dituzten irizpideen arabera.
Eskatzaileek ordaindu beharko dute betebehar hauek betetzeagatik sortzen den kostua.
14. artikulua. Kontzertuak edo antzekoak egiteko baimenen kasuen berezitasunak.
Kontzertuak edo antzekoak egiteko espazioak lagatuz gero, aurreko puntuetan ezarritako betekizunez gain, aplikagarri denean, ondoko hauek eskatuko dira:
a) Komun kimikoak jartzea.
b) Indarreko araudiak ezarritako segurtasun elementuak.
c) Beren langileei eta hirugarrenei eragindako kalteak eta lagapenaren edukiari eragindako kalte materialak estaliko dituen erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute. Lagapena formalizatzeko agirian, aseguru-polizaren gutxieneko balioa ezarriko da, aurreikusitako erabileraren, parte-hartzaileen gutxi gorabeherako kopuruaren eta beste faktore objektiboen arabera.
d) Fidantza bat jartzea. Haren zenbatekoa udal zerbitzuek zehaztuko dute, kontuan hartuz ekitaldiaren tamaina (gerta litezkeen kalteak, ondoko garbiketa, eta abar).
Eskatzaileek ordaindu beharko dute betebehar hauek betetzeagatik sortzen den kostua, Udalarekin hitzarmen espresu bat egiten bada izan ezik.
15. artikulua. Pertsona edo entitate lagapen-hartzailearen konturako gastuak.
Gastu hauek pertsona edo entitate lagapen-hartzailearen kontura izanen dira:
–Lagatako espazioa erabiltzetik datozen eskubide, zerga eta kargak (Egile eta Editoreen Elkartea eta abar).
–Jarduera gauzatzeko behar diren elementuen muntaia eta desmuntaia, antolatzailea Udala ez bada, Udalarekin hitzarmen bat egiten bada izan ezik.
–Garatzen den jarduerak egiten duen beste edozein gastu.
16. artikulua. Debekuak.
Debeku da lagatako espazio publikoak espresuki baimendu ez diren jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.
Orobat, debeku da lagatako espazioan obrarik egitea Zizur Nagusiko Udalaren aldez aurreko baimenik gabe. Horiek baimentzen badira ondasun higiezinaren mesedetan geldituko dira eta haiengatik ez da inolako kalte-ordain edo diru ordainik bilduko.
Aurreko apartatuan xedatua urratzen bada, Udalak espazio publikoaren erabilera lagatzeko erabakia ezeztatu ahal izanen du, eta ondasuna lehengoratzeko agindu, eta ez da inolako kalte-ordain edo diru ordainik bilduko. Erabiltzaileak egin ezean, haren ordez Udalak egin ahal izanen ditu lehengoratze obrak, eta entitateak ordaindu beharko du kostua. Ondasuna lehengoratzerik ez badago, hondatuko litzatekeelako, kalteen eragileak kalte-ordaina eman beharko du.
17. artikulua. Erantzukizun zibila.
Oro har, entitate antolatzailea (bakarkakoa izan, taldea izan) da egiten den jardueraren erantzule bakarra. Berariaz aitortzen du ez duela mendekotasun harremanik Udalarekin, eta horrek ez duela egiten den jarduera zuzentzen, ez zeharka ematen edo beste batzuen esku uzten. Ekitaldi edo jarduerak gauzatzen diren espazioen erabilera laga besterik ez du egiten. Horregatik entitate lagatzaileari ezin zaio inongo erantzukizunik inputatu, ez zuzenean ez subsidiarioki, ekintzaz edo omisioz pertsonei edo ondasunei eragiten zaizkien kalteengatik.
Horrela, entitate antolatzaile bakoitzak, bakarkakoa izan, taldea izan, zuzenean erantzun beharko du berari lagatako tokietan bere kide eta erabiltzaileek ekintzaz edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da. Aurreikuspen hau ez da aplikatuko erabiliaren erabiliaz edo ustekabekoen ondorioz espazio publikoa hondatzen denean, entitate onuradunak errurik izan gabe.
Entitate antolatzaileak (bakarkakoa izan, taldea izan) da arduraduna lagatzen den xedeari buruz pertsona fisikoek eta/edo juridikoek egin dezaketen edozein erreklamazioren gainean.
Baimena eman baino lehen, Udalak eska dezake fidantza bat paratzea legez onartutako edozein modutan. Fidantzak erantzunen du Udalaren espazio publikoen erabilera eta mantentze egokiaren betebeharraren gainean, garbitasuna barne, baita aurreko puntuan aurreikusitakoaren ondorioz entitate antolatzaileek aurre egin behar dieten kalte galeren gainean ere. Ordenantza hau aplikatuz zehapenik paratu behar baldin bada, horien ordainketari erantzuteko ere izanen da fidantza hau.
Fidantza 200 eurokoa izanen da gutxienez, eta 600 eurokoa gehienez. Udal zerbitzuek zehaztuko dute, ekitaldiaren tamaina eta txosten teknikoa kontuan hartuta. Koletiboa Zizur Nagusiko kolektiboen erregistroan erregistratua badago, ez da fidantza ezarriko baldin ekitaldiak egiteko baimenaren baldintzak aldez aurretik bete badira.
Orobat, Udalak baimena baldintzapean eman dezake: jarduera hasi baino lehen, zehazten den balioko erantzukizun zibileko aseguru poliza kontratatu dela egiaztatzea, eta horri loturik gelditzea erabilera.
Baimendutako erabileraren ondorioz pertsona edo gauzei kalte galerarik ez zaiela egin Udalak ikusten duenean, fidantza itzuliko du, hori eskatu eta jarri bada.
18. artikulua. Lagapen-hartzailearen gauzak.
Udalak ez du ardurarik hartzen pertsona edo entitate erabiltzaileak lagatako espazioan uzten dituen gauzen gainean. Udalak ez du inoiz gordailuzain izaerarik.
19. artikulua. Ibilgailuen sarrera.
Beharrezkoa bada ibilgailuak sartzea lagatako espaziora, Udal agintaritzaren baimen espresua beharko da, eta zama-lanetarako soilik izanen da. Ezin izanen da egon lekuan behar den denboran baino gehiagoan. Ibilgailuek larrialdiko argi keinukariak piztuta eramanen dituzte eta 20 km/orduko baino abiadura txikiagoan ibiliko dira. Men eginen diete Udaltzainek emandako jarraibideei.
20. artikulua. Udalaren ahalmenak.
Lagatako espazio publikoak noiznahi ikuskatzeko ahalmena du Udalak. Ikuskapenaren ondorioz, entitate onuradunaren ez-betetzeren bat agerian gelditzen bada, Udalak zilegi izanen du arauak betetzeko eskatzea edo espazioak erabiltzeko lagapena edo baimena ezeztatzea.
21. artikulua. Erantzukizunaren azkentzea.
Udalak prekarioko araubidean lagako ditu espazio publikoak.
Emandako baimena azkendu daiteke arrazoi hauengatik:
a) Erabiltzeko epe baimendua bukatzea.
b) Alderdiak ados jarri direlako.
c) Pertsona edo entitate eskatzaileak uko egiten diolako.
d) Lagatako espazioak ez direlako erabili.
e) Lagatze baimenean agertzen ez diren jarduerak egiteagatik edo ordenantza honek agintzen duenaren aurkakoak.
f) Espazio publikoa gaizki erabiltzea.
g) Entitate eskatzailea desegin delako.
h) Lagatako espazio publikoaren beharra dagoelako, behar adina arrazoitua, beste zerbitzu publiko batzuk egiteko. Horrelakoetan, Udala, eragindako pertsonarekin edo entitatearekin adostuta, beste udal espazio bat lagatzen saiatuko da, baimendutako jarduerak eta/edo zerbitzuak garatzeko.
i) Ordenantza honetan arautzen diren betebeharretako edozein ez betetzea.
Arrazoi horietako batengatik erabileraren baimena iraungitzen denean, eragindako pertsonak edo entitateak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko.
IV. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
22. artikulua. Zehapen araubidea.
Ordenantza honetan ezarritako arauak ez betetzea arau-hauste administratiboa da eta zehapena jartzea ekar dezake.
Zehapen-prozedura legeria orokorrean ezarritakoaren arabera tramitatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.
23. artikulua. Organo eskuduna.
Alkatetza izanen da organo eskuduna zehapen-prozedurak hasteko eta dagozkion zehapenak ezartzeko. Prozeduraren instrukzioa espedientea kudeatzen duen unitateari dagokio.
24. artikulua. Aldatutako errealitate fisikoa berrezartzeko eta egindako kalteen ordaina emateko eginbeharra.
Zehapenak jartzea bateragarria da gauzak bere onera ekartzeko betebeharrarekin.
Horretarako, Udalak eska dezake egindako kalte galerak konpontzeko gastua ordaintzea, behar bezala arrazoitutako balorazioaren arabera, non ez duen berak zuzenean hartzen egin behar diren konponketen ardura, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.
Orobat, arau-haustearen gaineko erantzukizuna adierazteak eta zehapena ezartzeak ez dute saihestuko, inolaz ere, egindako beste kalte eta galerak ordaindu beharra.
25. artikulua. Erantzukizunak.
Entitate antolatzaile guztiek (bakarkakoak izan, taldeak izan) beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal eta administratiboak, eta berdin lan nahiz zerga arlokoak, edo edozein moldetakoak, eta beren esku geldituko dira oso-osorik beren erantzukizun horien ondoriozko kalte eta galeren ordainak, Udala horietatik arrunt salbu geldituko baita.
Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jardueran diharduen jendeak egiten dituen gauzengatik, pertsona edo entitate antolatzailearena baita, oso-osorik, erantzukizun hori.
26. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen sailkapena.
Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
1. Arau-hauste arinak izanen dira borondatezko ekintzak edo ez-egiteak, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatu ez direnak, baldin eta erregelamendu honetan ezarritako arauak ez betetzea ekartzen badute eta, bereziki:
a) Lagatako espazioak egoki ez erabiltzea.
b) Jarduerak bukatuta garbiketa ez egitea.
c) Oinezkoen sarbideak eta segurtasun guneak ez errespetatzea.
d) Hondatze arinak edo txikiak egitea lagatako espazioetan, betiere konpontzearen edo ordeztearen kostua 200 eurotik beherakoa bada (BEZa barne).
e) Ordenantza honetako edozein betebehar ez betetzea, larriak edo oso larriak direnak izan ezik.
2. Hona hemen arau-hauste larriak:
a) Ekitaldiak, jarduerak edo ikuskizunak egiteko baimenean adierazitako baldintzak ez betetzea.
b) Lagatako espazioetan egitekoak diren ekitaldietara joanen direnen edo horietan parte hartuko dutenen nortasunari edo adinari buruzko datuak nahita faltsutzea.
c) Pintaketak egitea.
d) Arriskuei aurrea hartzeko neurriak eta osasun edo segurtasun neurriak ez betetzea, horiek nahitaez eskatzen direnean lagatako espazioan egitekoak diren ikuskizun, ekitaldi edo jardueretan parte hartzen dutenen edo horietara joaten direnen osotasun fisikorako.
e) Baimenean ezarritako ordutegia ez betetzea.
f) Urte natural batean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
g) Edozein jarduera behar den baimenik gabe egitea.
h) Ibilgailuak lagatako espazioan sartzea, ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako jarraibideak kontuan hartu gabe.
i) Hondatzeak egitea lagatako espazioetan, betiere konpontzearen edo ordeztearen kostua 200 eurotik 1.200 eurora bitartekoa bada (BEZa barne).
3. Hona hemen arau-hauste oso larriak:
a) Hondatzeak egitea lagatako espazioetan, betiere konpontzearen edo ordeztearen kostua 1.200 euro baino handiagoa bada (BEZa barne).
b) Urte natural batean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.
c) Oinarrizko eskubideen edo askatasun publikoen aurkako jarduerak egitea edo genero, arraza, ideologia, erlijioa edo sexu-joera dela-eta bazterkeria ekar dezaketenak.
27. artikulua. Ohartarazpena.
Ohartarazpena bide administratibo bat da, horren bidez pertsona bati adierazteko ez dela arau bat betetzen ari, eta zer ondorio eta zehapen izan ditzaketen jarrera edo jarduketa batzuek, are gehiago gizarte kohesioa ukitzen denean, esate baterako elkarbizitza eta gizabidea, horiek baitira ordenantza honen xedeak.
Lehen mailako prebentziozko balio soziala duen neurri alternatiboa da ohartarazpena.
28. artikulua. Bitartekotza.
Hain liskartsua ez den eta kohesionatuagoa den gizartea lortzearren, bitartekaritza oinarrizko tresna bat da ordenantza hau betetzeari begira, eta bereziki elkarbizitzaren eta eskubideak askatasunez erabiltzearen inguruko gatazken konponketa alternatiboari begira.
Bitartekaritza garrantzi bereziko tresna da, arau-hausteak adingabeek egiten dituztenean, eta haurren goi interesak babesteko helburuz. Prozedura hau ezartzeko, arazoan parte diren aldeek borondatez onartu behar dute, eta helburua izanen da arau-haustea egin duen adingabea komunitateari egin dion kalteaz konturatzea; aldeen arteko akordioa bilatuko da, kasu bakoitzean hartu beharko diren konponketa neurriei buruz.
Zizur Nagusiko Udalak bitartekaritza eginen duten pertsonak izenda ditzake, hirugarren pertsona neutral gisa herritarren arteko elkarbizitza arazoak konpon ditzaten.
Bitartekaritza sistema hau berariazko beste talde eta jokabide batzuei ere aplikatzen ahalko zaie, borondatez. Zehapen espedientea ebazteko organo eskudunak zilegi izanen du, arrazoitutako akordio bidez, eta aldez aurretik arau-hausleak edo gizarte zerbitzu eskudunek eskaera eginik, zehapen prozedura bitartekaritza sistemara bideratzea, baldin eta arau-haustetzat jotako jokabidearen ordainketa eraginkorragoa bada bide honetaz baliatuz.
29. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste arinek ohartarazpena edo 60 eurotik 300 eurora bitarteko isuna izanen dute zehapen.
2. Arau-hauste larriek 301 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna izanen dute zehapen.
3. Arau-hauste oso larriek 1.500 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna izanen dute zehapen, eta ordenantza honen xede den espazio publikoak lagapenaren onuradun izateko desgaikuntza, hiru urtetik behin betikoa izan daitekeena.
Ezarriko den zehapenaren graduazioa erabakitzeko inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Arau-haustea behin baino gehiagotan egitea edo hartan berrerortzea.
b) Asmo txarra izatea.
c) Gertaerek gizartean duten oihartzuna.
d) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.
e) Arau-hauslearen inguruabar sozialak.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ordenantza honetako 1. artikuluaren 4. paragrafoko aurreikuspena 2018ko urtarrilaren 1etik aplituko da. Horrek dio ondoko hauetarako bakarrik gordeko dela eskola eremua: Zizur Nagusiko Udalak, kirol elkarteek, ikastetxeek, guraso elkarteek antolatutako ekitaldiak; eta auzokideek kirolean eta jarduera gastro-kulturaletan erabiltzeko egiten dituzten eskaerak. Horretarako, Udalaren eta eskatzailearen arteko adostasuna beharko da eta babes neurriak espazio publikorako eta altzarietarako.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1711127
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
