210. ALDIZKARIA - 2017ko urriaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

FUNES

Deialdia, Funesko Udalaren zerbitzuko albiente lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio bidez betetzeko

Alkatetzaren 2017ko urriaren 4ko Ebazpenaren bidez onetsi ziren Funesko albiente lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarriak, jarraian jaso direnak.

Argitara ematen da behar diren ondorioak izan ditzan.

Funesen, 2017ko urriaren 4an.–Alkatea, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

DEIALDIA, ALBIENTE IZATEKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Oinarriak

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Funesko Udaleko albiente lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio bidez betetzea.

1.2. Deialdiaren xede diren lanpostuen kopurua hautapen-prozesuan handitu ahalko da, betiere izangaia deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan sartu baino lehen. Lanpostu kopuruaren handitzean aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

1.3. Izendatzen den izangaiak Udalak bere gain utzitako eginkizunak, berez albienteari dagozkionak, izanen ditu; besteak beste honako hauek: Udalaren agiriak, ebazpenak eta jakinarazpenak banatu eta ematea; txostenak eta jakinarazpen-parteak prestatzea; Udalaren jabari eta erabilera publikoko ondasunen eta instalazioen kontrola; udal bulegorako laguntza eta, oro har, albiente lanpostuari dagozkionak. Halaber, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean udal agenteei esleitu zaizkienak, eta Udalak lege-esparruaren baitan agintzen dizkion funtzioak. C mailaren barnean geldituko dira sailkatuta.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, betiere urtero onesten den egutegia errespetatuz, nahiz eta biak aldatzen ahal dituzten noiznahi organo administratibo eskudunek.

1.5. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dauden oinarrizko lansarietatik C mailari dagozkionak izanen ditu, eta, halakorik bada, Funesko Udaleko plantilla organikoan albiente lanposturako finkatzen diren osagarriak ere bai.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Hautapen prozesua arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondotik aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta erretiroko adina ez gainditzea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Deialdiaren xede den lanpostua betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdi honen IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikorik ez izatea.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) B, eta A2 edo A motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen adierazpenaren bidez adieraziko da.

h) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, f) oinarrikoa izan ezik, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiaren 7.4 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko baita, eta 3.b) oinarrian adierazitakoa izan ezik, aski izanen baita eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Funesko Udalaren erregistro orokorrean (Foruen plaza, 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdiaren I. eranskinean dagoen ereduari lotu beharko zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabidearen eredua Funesko Udalaren erregistro orokorrean eskura daiteke.

Eskabidearen eredua (ez dokumentazio erantsia) behar bezala beteta aurkeztu beharko da, eta betiere bi ale.

4.2. Izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

Bat.–Osasun ziurtagiri ofiziala, III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

Bi.–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ez dagoela erregistro horretan izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

Hiru.–Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

Lau.–Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 10 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa hori eskudirutan ordaintzen ahal da, eskabidea bulegoan bertan aurkezten denean, edo Udalaren ES 43 3008 0037 01070165528 kontuan transferentzia eginez; azkeneko kasu horretan, datu hauek jarri beharko dira nahitaez ordainagirian:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa/IFZ.

–Kontzeptua: Funesko albiente oposiziorako tasa.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrendak, erreklamazioak eta behin betiko zerrendak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, organo deitzailearen aurrean erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

Ezarritako epean deialdian parte hartzeko eskaerarik aurkezten ez bada, alkateak deialdiko lanpostua bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Deialdia argitaratzen denetik eta oposizioaren hasierara arte, bi hilabete utzi beharko dira gutxienez.

Era berean, izangai onartu eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira Funesko Udalaren ediktuen oholean.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Ignacio Felipe Domínguez Martínez, Funesko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Miguel Ángel Los Arcos Díaz, Funesko Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Marcos García Martínez, Azkoiengo Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Luis Fernando Pérez Pérez, Azkoiengo Udaltzaingoko kaboa.

Mahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

–Ordezkoa: Ángel Labiano Mangado, Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko Segurtasun Pribatuaren eta Sistemen Bulegoko burua.

Mahaikidea: Alberto Cirauqui Guendulain, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatutako ordezkaria.

–Ordezkoa: Juan Manuel Garcés Laplaza, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatutako ordezkaria.

Idazkaria: María Pilar Artajo Ayesa, Funesko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Joaquín de Carlos Pérez, Faltzesko Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, oposizioko ariketak hasteko tokia, data eta ordua zehaztuko dira.

Oposizioan, lehenengo fasean, proba batzuk egin beharko dira, baztertzaileak izanen direnak, honako hauen gainean: ezagutzak, egoera fisikoa, psikoteknikoa eta medikoa; eta, bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditu beharko da.

7.2. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa eginda, epaimahaiak kalifikazioak jarriko ditu jendaurrean eta bost eguneko epea emanen du izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten. Behin horiek ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

Lehenbizikoa: proba teorikoa. Test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa (100 puntu gehienez). Bazterturik geldituko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarrena: gaitasun fisikoa neurtzeko probak. Lehenengo proban deialdiaren III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba horretako ariketak.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz egin daiteke, edo ausaz aukeratzen direnei bakarrik. Horretarako, deialdia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren neurritan ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Kasuan kasuko organo espezializatuak eginen ditu debekatutako jardunbideak atzeman edo egiaztatzeko analisiak. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen-prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko trabak jartzea, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, baita, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea eragozten, nahasten, galarazten edo saihesten duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita ekiditen duenean, egitez edo ez-egitez, bildu beharreko laginak biltzea.

Horren ondorioetarako, debekatuta egonen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2016ko abenduaren 30eko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2017ko 6. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 7an).

Hirugarrena: proba psikoteknikoa. Proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen ditu eta haien balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat (50 puntu gehienez); bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Arestian aipatu hautapenaldietako proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udalaren ediktuen oholean izangaien zerrenda, dagokien kalifikazioarekin batera, gainditu dutenak eta baztertuak izan direnak adieraziz.

Laugarrena: proba medikoak. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak eginen dituzte, deialdi honen 3. ataleko d) letran ezarritako moduan.

Proba medikoetan, izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez duen izangaia bazterturik geldituko da.

Proba hori Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak eginen du edo, hala behar bada, behar bezala egiaztatutako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

7.3. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

7.3.1. Epaimahaiak emaitzak baloratu ondotik, oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda onetsiko du, betiere lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran. Izangai bakoitzak oposizioko ariketetan lortutako kalifikazio guztiak batuta, hautapen-prozesuan puntuaziorik altuena lortu duena izanen da prestakuntza-ikastarorako behin-behinekoz onartuko den izangaia.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Funesko Udaleko ediktuen oholean jendaurrean jarri eta handik hamar egun naturalean, izangaiak frogatu beharko du deialdiaren 3. oinarriko f) eta g) baldintzak betetzen dituela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du Funesko Udalaren erregistro orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena, legeak hala baimenduz gero eta Udalak hala eskatuz gero.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua, hori badu.

–Nomina zer bankutan edo aurrezki kutxatan jaso nahi den, hango libretaren fotokopia konpultsatua.

Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautapen-prozesutik baztertuko da, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta proba medikoen emaitzak, hautapen-prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, baldin eta proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntza-ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren ediktuen oholean eta web-orrian.

7.3.2. Prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduak eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.

Martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago emanak direnean, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta badaude, horrexetan segituko baitute.

Nafarroako polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia Funesko Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako administrazio publiko bateko funtzionarioa bada.

Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak berarekin ekarriko du oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1.d) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, eta hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaio, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

7.4. Lanpostu kopurua handitzea.

Funesko Udalak deialdiaren xedeko lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, deialdia onetsi ondoren plantilla organikoko aldaketen ondorioz sortzen diren premiengatik eta aurrekontuan diru aski bada, 7.3 oinarrian aurreikusitako oinarrizko ikastaroa egin aurretik.

Lanpostu kopuruaren handitzean aplikatzekoa izanen da abuztuaren 20ko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15-3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

Lanpostuen kopurua handitzen bada, kopurua handitzen duen ebazpena Funesko Udalaren iragarki-oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, ukitutako izangaiei jakinaraziko zaie.

8.–Proben eta prestakuntza-ikastaroaren balorazioa.

8.1. Lehenengo probak 100 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Probak test motako ariketa bat izanen du II. eranskineko gaiei buruz; bertan, hiru erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izanen du. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak 0,50eko balorazio negatiboa izanen du. Bazterturik geldituko dira lehen ariketa honetan 50 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

8.2. Gaitasun fisikoaren probetako ariketetan, emaitzaren arabera, “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira izangaiak.

8.3. Proba psikoteknikoa 0tik 50 puntura bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko da ariketa honetan 25 puntu lortzen ez dituen izangaia.

8.4. Proba medikoetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkion izangaien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

8.6. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira.

9.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko organo eskudunak oposizioa gainditzen duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Jabetza hartzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Albiente lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiari Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal du edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Funesen, 2017ko urriaren 4an.–Alkatea, Ignacio Domínguez Martínez.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua. IX. titulua, I. kapitulua, II. atala: erabakiak eta ebazpenak. III. atala: erregelamenduak, ordenantzak eta bandoak.

4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio-prozedurako interesdunak; administrazio-egintzak; prozedura hastea, antolatzea, instruitzea eta amaitzea, eta administrazio-errekurtsoak.

5.–15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Babesari buruzkoa: II. titulua: datu babesaren printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak. IV. titulua, I. kapitulua: Titulartasun publikoko fitxategiak.

6.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

7.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen Orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

8.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

9.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.

10.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.

11.–Funesko Udaleko udal ordenantza ez fiskalak:

–Ordenantza, etxeko animaliak edukitzea arautzen duena.

–Ordenantza, festetako piperoak arautzen dituena.

–Ordenantza, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Ordenantza, Udalaren lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzea arautzen duena. Ordenantza, Funesko udal-mugartean trafikoa eta eremu publikoen erabilera arautzen dituena (fiskala).

–Ordenantza, Funesko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena.

12.–Funesko Udala: funtzionamendua; osaera; Funesko geografiari buruzko ezagutza orokorra, herri-parajeak, historia eta kale-izendegia.

13.–Ortografiako proba: hainbat hitz ipiniko dira, zuzena zein den aukeratzeko.

III. ERANSKINA

Proba fisikoari dagozkion ariketak

1.–Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 40 kg gizonentzat eta 22 kg emakumeentzat.

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 40 edo 22 kiloko pisua goratu behar du, 60 segundoan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Gizonezkoak, 25 jasoaldi baino gutxiago, ez gai.

Emakumezkoak, 25 jasoaldi baino gutxiago, ez gai.

2.–Ur inguruneko trebetasun probak (50 metro estilo librean).

Deskribapena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 50 metroko igeri-ontzi batean.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 50 segundo gizonentzat eta 52 segundo emakumeentzat.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Gizonezkoak, 50” baino gehiago, ez gai.

Emakumezkoak, 52” baino gehiago, ez gai.

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzetik.

L1712041_0.pdf

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bertzera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean, eta gai edo ez gai kalifikatuko dira (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

Gizonezkoak, 25.8” baino gehiago, ez gai.

Emakumezkoak, 27.8” baino gehiago, ez gai.

4.–Erresistentzia-proba (Cooperren testa).

Abiatzeko jarrera: zutik, irteera marraren gibelean.

Gauzatzeko modua: lasterka, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.

–Gizonezkoak, 2.500 metro baino gutxiago (hamar aldiz zirkuitua), ez gai; 2.500 metro edo gehiago (hamar aldiz zirkuitua), gai.

–Emakumezkoak, 2.250 metro baino gutxiago (bederatzi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.250 metro edo gehiago (bederatzi aldiz zirkuitua), gai.

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-ko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, albiente lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako hernia, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, BGBK, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berrituak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Buruko nahasmendu organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bertzelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresioaldi larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Bulkaden kontrolaren eta nortasunaren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinen bestelako alterazioak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitus.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, albiente lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Baztertzeko moduko patologiak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu funtzioetan duten ondorioen arabera eta albiente lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio mahaiaren iritziz, albiente lanetan aritzea eragozten baldin badiote.

Iragarkiaren kodea: L1712041